New York Times (1875) euskaldunen abegikortasunaz: “Etxean bezala sentitzeko esanda, dena egin dutela uste dute”

New York Times (1875) euskaldunen abegikortasunaz: “Etxean bezala sentitzeko esanda, dena egin dutela uste dute”

Ozeanoz bestaldeko New York Times egunkariaren hemerotekako euskal erreferentzia zaharrenetakoa da. Espainiako monarken arteko gatazka militarrarekin du zerikusia, alegia, gerra karlistekin. 1875eko otsailaren 20an argitaratutako kronikak gerra karlisten albiste eguneratuan jarri zuen azpimarra. Karlos erregearen aldeko euskal gerrillei buruz idatzi zuen, haien aldarrikapen foruzale eta gerra egunerokoari buruz. Baina, lubakietatik ez ezik, euskal baserrietatik ere idatzi zuen. “Euskaldunen Abegikortasuna” atal erkargarria gehitu zion armada buru eta zio politikoei buruzko testuari.

New York Times (1875) euskaldunen abegikortasunaz: "Etxean bezala sentitzeko esanda, dena egin dutela uste dute"

Euskaldunen Abegikortasuna

Auzo-lotsa pitin bat sentitzeko moduko berrogei lerro dira. Izan ere, 1875tik hona akaso ez da euskaldunon abegikortasuna hainbeste ere aldatu. New York Timeseko kazetaria euskaldunen etxe batean pasatako egun batzuei buruz ari da, tokia zehaztu gabe. Idazle ezezagunak alde ona agertzen du lehenbizi: “Euskal lurraldeetan harrera ona egiten zaie bidaiariei. Kanpotarrarekin etxeko janaria elkarbanatzeko prest daude, baita behar izanez gero gaua pasatzeko lekua uzteko ere”. Hortik aurrera, euskaldunen manerei egurra. Ziur asko bidaiariak abegikortasun britainiar dotorea izango zuen ohikoen, eta euskaldunena bitxia eta hankamotza egin zitzaion.

Horrela segitzen ditu hasierako hitz onak: “Halere, abegirkotasunaren inguruan duten ideia nolabait arraroa da”. Azaltzen duenez, etxe atarian ongi etorria eman eta gero familiako bat gehiago izateko gonbitea luzatzen dute euskaldunek, “baina arrotz lotsatiak bazkalorduan parte hartzeko etxekoen bultzada nahi badu, baliteke etxean sartu baino gose handiagoarekin irtetea”. Ondo laburbiltzen du atzerritarrak euskaldunen artean bizitako giro hotza: “Etxean bezala sentitzeko esanda dena egin dutela uste dute, eta gonbidatuaren errua da sutondoan leku onena hartzen ez badu edo mahaian aulki aproposena”. Ez duzu uste gaur egun ere euskaldunek arrotzak direnekin horrela jokatzeko joera dutela?

Kazetariak estimatu zituen euskaldunak, baina bertakoen jokabideek ez zuten pozik utzi. Euskara ez zen ulermenerako tresna onena izan, harek aitortu moduan. Edo esaldia ez zuen behar bezala osatu edo bestela euskarari herra hartu zion: “Seguruenik euskal lurraldeetako biztanleen alde txarrena haien hizkuntza da”. Hiru hilabetean ez zuen bertakoa izan gabe hizkuntza menperatzen zuen inor ezagutu; “ulertzeko zailtasuna ahoskera arraroarekin bakarrik parekatu daiteke”.

Artikulua amaitzeko dio: “Zeruan haien hizkuntza hitz egiten dela uste dute (…) Deabrua ere ez zen zazpi urtean ikasteko gai izan”. Esaldi mitiko hauek ia hitzez hitz errepikatu ziren urte batzuk beranduago, 1899ko irailaren 3an NYTen.

New York Times (1875) euskaldunen abegikortasunaz: “Etxean bezala sentitzeko esanda, dena egin dutela uste dute”

New York Times (1911): “Euskaldunak, urteetan portutik igaro diren atzerritar arraroenak”

https://zuzeu.eus/euskal-herria/new-york-times-1899-euskaldunei-buruz-askatasunaren-maitasun-kartsuagatik-dira-ezagunak/

euskal abegikortasuna, euskara, new york times
Iñaki Larrañaga

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude