Martutene: A personal reading journal (1)

Martutene-1

(50. orr.) Ez dakit zer ari naizen hemen. Apenas ulertzen dudan nola den etxe honetan nagoela. Jende honekin. Hain kontu berria ez balitz, susmoa nuke ez ote den denboran barnako bidai baten ondorio. Tarteka iruditzen zait mende erdi edo bete bat atzera egin dudala. Baina, halako batean, xehetasun, izen edo tresna garaikideago bat agertzen da: mikrouhinak, bitrozeramika, El bucle melancólico, Azúa…

Xehetasun demasia, uste dut hor dagoela koska. Begiratzeko bi modu nagusi dago, eta hemen xehetasunen hartzailea (>) da nagusia. Apenas erabiltzen den perspektibaren zabaltzailea (<). Jakina, medikuak prostata operatu beharko balit, eskertuko nioke (>) begiratzea, operazioa hasi eta bukatu arte. Ordea ez dakit zergatik idazleak bazter uzten duen (<) begirada. Idazle horrek badu zertxobait. Konplexuak jota dirudi, lotuta, idazle kaxkarra dela. Konfiantza galduta, bere buruarengan, edota nire begiratzeko moduan.

Nolanahi dela, ezeroso sentiarazten nau. Ez da normala, egunero elkarren ondoan dagoen eta ohituta egon behar zuen jende horrek une oro lupa jartzea, lupaz begiratzea, elkarri bezala inguruko guztiari. Bitik bat. Edo elkarrekin ostiaka –hitzez eta ekintzez- hasteko zorian daude… Edo nire presentziak bultzatzen ditu horrela jokatzera. Behartuta sentituko balira bezala lekuko arrotz honen espektatiba posibleak asetzera.

Errealitatea xehetasunak baino ez direla? Jainkoak maitatzen dituela?… Tira, jende xehea gutxiagorekin ere konformatzen gara. Erosoago sentitzen gara dekoratu ez hain kargatuetan. Areago geuk ere izan behar badugu eszenaren parte.

Edo aparte mantendu beharko genuke? Ikusi ikusiak izan gabe.

Nik behintzat, nekez. Lekuz kanpo sentitzen naiz. Komunera erretiratu behar izan dut, arnas bila. Eta hemen ere larri –gainera, ateak ez du kisketarik-. Beharrik ez nagoen pixagile, ez bainintzen gauza izango hustera, deskuiduan tanta bat ontzi ertzean uzteko beldurrez. Seguru jende horrek pasillotik ikusiko zuela, edo usaindu. Eta kapazak dira ADNaren froga ere egiteko, seguru jakin arren iturria zein den.

Kontuak kontu, ezin gehiago atzeratu salara itzultzeko momentua. Teari uko egin. Eta ezin bada –prestatu, intsistituko dute-, besterik gabe irentsi, ez esne ez azukrearekin konplikatu gabe.

Bitartean ea zerbait bururatzen zaidan, lo egitera joateko ordurako. Gainera –orain konturatzen naiz-, ez dut hortzetako eskuilarik ekarri.

 

(52. orr.) Panorama ez da hobetu. Norbait komuneko atean sumatu eta, atera beharrean, ez naiz ba dutxan ezkutatu! Gaitzerdi, jada ez dit hainbeste axola zer ari naizen hemen, manparako zirrikitutik kirikatzen. Nola iritsi naizen ataka honetaraino… Orain atakatik nola atera dut lehen erronka.

martutene, Saizarbitoria

2 pentsamendu “Martutene: A personal reading journal (1)”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude