Neronek Antzokian egina

Neronek Antzokian egina –

Suteak, Ukraina, Fukushima, Rubiales eta abar albiste izan dira 2023ko uda honetan, eta ia oharteman gabe iragan da Neron enperadorearen Antzokia, Theatrum Neronis delakoa, agertu egin dela lur azpiko aparkaleku bat egiteko lanak egiten ari zirelarik, Vatikanoaren ondo-ondoan agertu ere.

Neronek Antzokian eginaNeronen Antzokiaren gaineko aipuak agertuak ziren lehendik testu klasiko zenbaitetan, baina non zegoen zehazki ez da orain arte jakin, hiru urteko indusketa-lanen ondorioz eta ondoren kausitu baitira zeramika-puskak, beirazko kopak, pegarrak eta… Neronen Antzokiaren aurriak.

Izan ere, Neron izenak bere baitan darama ero hitza, n bat aurrean eta beste n bat atzean daramalarik. Neroni ere ohartu naiz. Neroni, Neron enperadoreari alegia, ero egotea egozten zaio, eta zorotzat ez ezik ankertzat ere hartu ohi da, Erromako suteari beha egoteagatik lira jotzen, orain aurkitu duten antzoki horretan bertan.

Tazito historiagileak Erromako suteari buruz utzi zuen idatzia Erromako jendea ez zegoela ase eta, herri xeheak libertimendua behar zuelakoan, Neronek antzinateko festarik handiena antolatzea deliberatu zuela; orduko panem et circenses, oraingo fast food eta futbola.

Tazitoren arabera beti ere, Neronek Erromako jauregiaren lorategiak eskaini zituen makro-jai hori egiteko, eta Erromako pertsona garrantzitsu orori bertaratzeko gonbit egin zien. Erroman baldin eta nor bazen, han egon behar zen: olerkariak, artistak, legelariak, sendagileak, jakintsuak, tratulariak, enbaxadoreak… denak ala denak, munta handiko hiritar eta pertsonaia guztiak, bertan bildu ziren. Halarik ere, Neron ez zegoen pozik, arazo bat baitzegoen: nola argiztatu ikaragarri eder eta jendez betetako lorategia. Orduan, ero izateko ospea duenari dagokion gisara, ideia zoro bat bururatu omen zitzaion: Erromako leotzetatik gatibuak ekarrarazi eta jaia argiztatzeko bizirik erretzeko agindua eman zuen, gaueko argiztapena sortzeko, presoak sugarren elikagai bihurtuta, Neronen atsegingarri.

Historiagile batzuek pasadizo hau zalantzatan jartzen duten arren, enetzat garrantzitsuena ez da sekula izan Neron ero zegoen ala ez agindu krudel eta gupidagabe hori emateko tenorean; haatik, enetzat gakoa da festara gonbidatuek zergatik ez zuten deusik ere egin basakeria hori eragozteko. Hor zeuden poetak, abeslariak, musikariak, artistak, historialariak, Erromako intelligentsia osatzen zuten horietariko inork ez zuen ahotsa jaso? Nehork ez zuen protestarik egin? Tazitori sinestera, nehork ere ez zuen protestarik egin. Batek ere ez. Horregatik, geure buruari Neron buru-galdu bat zen ala ez galdetu ordez, galde diezaiogun zergatik ez zuen inork ere deus egin.

Munduko antzokian oldarkor dabil kapitalismo zaharra, neoliberalismoz jantzita badarik ere; nahaste-borraste eta egia-osteko garai fluido hauetan, garrantzitsua da etsaia zein den eta zein ez den argi izatea, iparra eta burua galdu gabe. Agian arazoen azterketa egiteko tenorean eztabaidatzen ahal dugu, eta konpontzeko taktikak eta estrategia eztabaidagai izan ditzakegu; are, bitarteko bati ala beste bati ekiteko unearen egokitasunez eztabaidatzen ahal dugu… Baina askoz gehiago da zapalduok batzen gaituena bereizten gaituena baino, eta abiapuntu bat jar dezakegulakoan nago: injustiziaren aurrean ez gara mutu geldituko, Neronen gonbidatuak nola.

Neronek Antzokian egina

Iruñean sortua, 1967an, baina aspaldi Berriozarkotua. Ingeles irakaslea —erretreta hartuta baina ez erretiratuta— poeta, idazlea eta artikulugilea. Narratiban, hainbat ipuin ditu sarituak eta argitaratuak, bertzeak bertze, Tene Mujika lehiaketa, Orixe saria, Iparragirre saria eta Atarrabiako Petri saria. Haur eta Gazte literaturan, Johanes, Bargotako Aztia liburua, (Txalaparta) eta Hiru Miru album ilustratua (Denonartean). Olerkigintzan, bi haiku-bilduma, Gerezi garaiko haikuak liburua (Maiatz) eta Orbel Azpiko Haikuak (Denonartean), Aingurak eta Arrangurak (Pamiela, 2018) eta Hitzen hasperenak (Maiatz, 2019). Zuihitsua saikaera da bere azken liburua (Dakit, 2022. Ohiko kolaboratzailea Euskalerria Irratian, Maiatz aldizkarian eta baita Hatsa olerki bilduman ere. Artikuluak ere, berrehun baino gehiago ditu argitaratuak han-hemenka. Noriko Matsui-ren How to perform kamishibai eta Ryookanen 101 haikuak liburuen itzultzailea da, eta, orobat, euskarara itzuli ditu Idea Vilariño, Wislawa Szymborska, Paco Urondo, Joan Margarit eta Ernest Hemingway-en poemak, Euskal Idazleen Elkarteko idazkari (2010-2014) eta Nafar Ateneoaren Euskara eleduna (2017-2020) izan da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude