NBEk oinarrizko giza eskubide izendatu ditu ur edangarria eta osasuna

MzAzMA==

Nazio Batuen Erakundearen Biltzar Orokorrak bi eskubide gehiago gehitu dizkio oinarrizko giza eskubideen zerrendari: ur garbi eta edangarria eskuratzeko eskubidea eta oinarrizko osasun zerbitzuez gozatzeko eskubidea. Ebazpenak aldeko 122 boto jaso ditu eta ez du aurkako boto bat bera ere jaso, 49 estaturen ordezkariak abstenitu egin ziren arren.

Ebazpenak dioenez, gaur egun 884 milioi pertsonak ez dute ur garbia eskuratzerik eta 2.600 milioik ez dute oinarrizko osasun zerbitzuez gozatzeko aukerarik. Honez gain, bost urtetik beherako 1,5 milioi haur hiltzen da munduan urtero, edandako uraren kalitate eskasarekin zerikusia duten edo oinarrizko osasun zerbitzu batek ekidin ahal izango lituzken gaixotasunen erruz.

Finantzaketa, teknologia eta beste hainbat baliabide eskainiaz, lurralde pobreenek ur edangarri, garbi eta eskuragarria eta biztanle guztientzako osasun zerbitzuak lortzeko egiten dituzten ahaleginetan laguntzeko eskatu diete biltzarreko 192 kideek, NBEko kide diren estatu eta nazioarteko erakundeei.

Ebazpenak Catarina de Albuquerque, osasun zerbitzuekin eta ur edangarri seguruaren eskuragarritasunarekin zerikusia duten betebeharretan aditu independentea izendatzen du eskubide berri hauen egoerari buruz urtero biltzar orokorrarentzat txosten bat egiteko arduradun gisa.

Irudia | Emakume bat ur zikina isurtzen Afrika Erdiko Errepublikan | hdptcar | Creative Commons By SA