Munduko emakume zatarrenaren hitzaldi ederrena

lizzie v“Lizzie, egiguzu fabore bat zeure buruari tiro bat emanda”. Horrelakoak irakurri eta entzun behar izan ditu Lizzie Velasquezek bere bizitzako 24 urteetan. Jaiotzetik duen gaixotasun arraro baten erruz bere gorputza ez da gizentzeko gai, eskuineko begitik ez du ikusten, eta azala erabat zahartuta dauka. “Munduko emakume zatarrena” izenburupean bere irudia eskegi zuten youtuben. Gaur egun, Velasquezek autoestima hazteko jardunaldietan hizlari lanak egiten ditu, eta liburu bat idatzi du.

“Munduko emakume zatarrena” zela esan zioten, argalena izatearekin nahikoa ez balu bezala (30 kilo). Haurra zenean gainontzeko neska-mutilak urrundu egiten zitzaizkion, Lizziek horren arrazoia ulertzen ez zuen arren. Bere itxurak gainontzeko pertsonengan zuen erreakzioak negatiboak ikusi zituenean, bullying-a pairatu zuenean, ispilua madarikatu zuen. Goizero ispiluaren gezurraren zain jartzen zen, eta, berak azaltzen duen bezala, beti alferrik. “Munstroa” zela esaten zioten ikaskide batzuek, egunak joan eta egunak etorri. Orduan, Lizzie Velasquezek bere burua aldatzeko hautua egin zuen. Ez zuen operazio estetikorik egin.

Irainak jasotzea pertsona hobe izateko erregai bihurtu zen. Galdera bat egin zion bere buruari, eta orain baita entzutera hurbiltzen zaizkienei ere: zerk definitzen nau pertsona gisa? Lizziek bere itxura fisikoagatik definitua izateari uko egin zion. Helburu batzuk markatu zituen: liburu bat idatzi, unibertsitate lizentziatura lortu, motibazio hitzaldiak eman eta familia bat izan. Guztiak lortu ditu, azkena salbu.

Eskola kideen tratu txarrak jasotzen dituzten neska-mutilak laguntzeko bideoak eskegitzen ditu Lizziek interneten, Motivation, Vlogs & Positivity kanalean. Twitterren ere badabil: @littlelizziev

TEDx hitzaldietan ere hartu du parte, Texasen, Brave starts here (ausardia hemen hasten da). Autokonpasioz baino umorez hitz egiten du. Bere lehenbiziko hitzetan dio: “Nere gaixotasunagatik ezin naiz gizendu. Bai, dirudien bezain ona da”.

(bideoa ingelesez gaztelaniazko azpitituluekin)

edertasuna, hizlaria, jardunaldia, lizzie, motibazioa, munduko emakume zatarrena, velasquez, zatarra

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude