Apunte batzuk “Asier ETA biok” dela eta

Asko hitz egin da dokumentalaz, eta ez naiz esandakoetan luzatuko. “Asier ETA biok“, Aitor eta Amaia Merinok zuzendutako dokumentalak, euskal auziari buruzko grisak erakustea nahi zuen. Hori da Aitorrek hasieratik erakusten duen asmoa: lagun madrildarrei etakide bat lagun mina duela azaltzea.

Gasteizko igandeko emanaldian sarrerak agortu ziren. Euskal Herritik at Kataluniako eta Madrilgo zinema areto batzuk besterik ez dira “Asier ETA biok” programatzen ausartu. Dokumentalari buruzko gogoeten hitzaurre gisa balio beza zehaztapen honek. Izan ere, Merino anai-arreben lana haiei zuzentzen zaie; eta Ebrotik behera aurkitu du hedadura gutxien. Asier Aranguren, filmeko protagonistetako bat, EPPKren bitartekarien aurkako sarekadan atxilotu berri izateak Espainiako komunikabideetan lekua egin dio Merinori. Halere, seguru esango nuke hemen aldean sarrera gutxi salduko direla han, berez dokumentalak ukabilkada zinematografikoa eman nahi duen jendartean. Horrek ez du esan nahi euskal herritarrentzako gomendagarria ez denik. Soilik ezagun zaigun ekosistema politiko-sozial batez hitz egiten duela, eta harridura edo ikuspegiaren talka ez dela hainbestekoa —gutako askoren bizitzako pasarteak pantailan—. Gainontzekoan, Asier eta Aitorren harremanetik abiatuta egiten diren hausnarketa etikoak oso egokiak dira (elkarrizketa ez hain brillanteak ere badira). Gauden garaian arin sartzen dira, inori palomitak kontrako eztarritik sartu gabe.

Publikoaz aipamena egiten jarraituko nahi nuke. Gasteizko emanaldiko ikusleen artean filmeko aktoreak baitaude. Esan nahi dut, bai Aitor zein Asier asko zeudela aretoan eserita. Zentzu horretan terapia kutsu gordina sumatzen diet Euskal Herriko emanaldiei beraiei. Jesarlekuetan madrildarrik ez zen, ordea. Uler bedi modu metaforikoan. Zuzendariak bere lagun diren hainbat aktore espainiar jarri ditu kamera aurrean. Haien papera ezjakin ausartarena da, edo, beste modu batera esanda, gatazkan birjina denarena. Gutako edonork mugetatik at sentitu duen galdera inuzente, azaleko iritzi eta gezurren gainean eraikitako sententzien ispilu dira pertsonaia horien paperak. Hain zuzen ere, horiek behar lukete lan honen ikusle izan.

“Asier ETA biok” (izenburua marketing burutsua da) beste bi dokumentalekin alderatzea otu zait ikusi berritan. Batetik, Gazta Zati Bat-en metadokumental kutsua duelako. Dokumentala hasi zuenean Aitorrek bere lagun Asierrenganako zuen irudipena nabarmen aldatzen da grabazioak aurrera egin ahala; txarrera. Hori eta gehiago islatzeko narrazio paperean Aitor Merino bikain aritzen da; labur, zehatz eta argi. Ausarkeria bada ere, Aitor euskal zinemara doan ikusle askoren burutazioen isla dela esango nuke. Ezker abertzalearen ingurugiro soziokulturalean bizi arren, dokumentalean aipatutako “jarrera liturgiko eta ortodoxoen” aurrean deseroso sentitu den tribu periferikoarena. Hori da behintzat usaintzen dudana. Merino bere esperientzia pertsonalaren motxila soinean, kontraesanez jantzitako gizona da Asierren aldean. Adibide ñimiño bat ematearren, Espainiaren futbol finalaz poztu baina Madrilgo kaleetako ospakizun nazionalistak higuintzen du Aitor.

Haria galdu aurretik, beste dokumental batekin lotura: Barrura begiratzeko leihoak. Ustezko maltzurren humanizazioa dakar Merinoren zintak ere. Gainera, horretan insistitzen du zuzendariak, ikusle espainiarrean zirkuitulaburraren dardara aktibatzeko. Asier Aranguren “terrorista sinpatikoa” da, senideak besarkatzen dituenean malkoak isurtzen dituena, muxukatzailea, lagunen laguna (zer da azken hau baino estimatuagoa?). Espainiako aretoetan hain estreinaldi apala izateak horrekin izan dezake zerikusia. Etakide monolitikoaren irudia pitzatzen du. Ez apurtu, baina bai zartatu. Akaso enpatia ariketa handiegia da haientzako. Merinok Asier entzuten du, galdetu egiten dio, eta ez galdekatu, ulertzen saiatu eta ez kondenatu. “Nola izan daiteke ‘etarra’ bat nire laguna” galdera eskema zuri-beltzetan sartzen ez den moldean dator dokumentala (aretoetako programatzaileentzako, adibidez). Ez da izango Aitor Merinok biolentziarenganako duen errefusa adierazten ez duelako, ETArena modu gordinean egiten baitu. Asier benetako laguna izanagatik ez da Aitorren kritiketatik libratzen (batzuentzako gutxiegi izango direla jakin arren). Zentzu horretan, Barrura begiratzeko leihoak-en ez bezala, bataz besteko ikusle espainiarrak ere aurkituko bere aurreiritzientzako heldulekuren bat “Asier ETA biok”-en.

Dokumentalak berak freskotasuna eta benetakotasuna du lagun irauten duen 94 minutuetan. Alferrik hauspotutako kamera-teknikak baino, toki eta une egokian egotea dauka aldeko Merinok (Asierren espetxeko irteera, amonaren ospitaleko bisita, Iruñeko ongi etorria, San Ferminetako txupinazoa, urte zaharreko familia afaria…). Kamera sukalderaino sartzen da, bere presentzia etengabearen normaltasunak pertsonaiak garden bihurtu arte. Bestalde, eskuz eginiko animazio efektiboek eta Aitor Merinoren forma umoretsu baina hondo serioak bizitasuna nahiz bizipoza ematen diote “Asier ETA biok”-i.

Aipatuko nuke, ez bainuen horrela zenik uste, euskaraz aurkezten dela Aitor eta Asierren harremana. Azken finean, laguntasunaren bidaian biolentziarako prestutasun ezberdinaren arrakalak banatzen ez dituen lagunen istorioa da. Primerako osagaiak, eta Merinok ondo landuak. Elkarri harrika ibili den gizartetik ñabarduretan igeri egiteko gai izango denera gonbitea da “Asier ETA biok”. Orain dela 11 urte “Euskal Pilota. Larrua harriaren kontra” estreinatu zenean bezala, ordu eta erdiz begiak zabalik dituenaren betaurrekoak erantzi, aldatu edo garbitzeko aukera aparta.

 

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra