Ba al da euskal argazkilaritzarik? (II)

Jasotako erantzunak irakurrita, badirudi nahiko ados gaudela egon, badagoela. Baina zerk egiten du ‘euskal’ argazkilaritza molde bat edo argazki bakar bat? Ikor Kotxek dio ez zuela helburu baldintza horiek ezartzea; baina baldintza gutxieneko batzuk markatu ezean, zer den edo ez den zehaztu gabe, nola jakin dagoenik?

Beste erantzun batzuetatik jaso dudanarengatik (euskal kultura, joaldunak, estetika zehatz bat, Jon Cazenaveren argazkiak…), 60-70. hamarkadetako eztabaidak datorkit burura, Gaur Taldea, definizio Oteiziarrak, Kosmogonia, Larruquert…

Sigfrido bazenik jakin aurretik alde guzietan ikusten genituen egutegi haietatik ikasi eta barneratu genituen estetika haiek…

Sigfrido Koch

Baina planteamendu hauek kontraesanak sortzen dizkidate bizi ditugun garai hauetan. Ama-lur, euskal zinemaren aitzindarietako bat eta asko atsegin dudan lana, euskal zinea izan baina Bypass ez dela esatea bezalakoa iruditzen zait. ‘40 ezetz‘ bai baina ‘Deus eta machina’ ez. Eta ‘aurrescue’, bai ala ez?!

Fermin Etxegoienen ‘Zinegotzia’ euskal literatura da, baina Irati Jimenezen ‘Atsekabe zaitut’ aldiz ez.

‘Euskal gaiak’ (zeintzuk dira euskal gaiak?) lantzen dituen argazkilaritza bada euskal argazkilaritza, edonondik etorritako edonork egindako edozein argazki, euskal argazkilaritza al da?

Jim Hollander

Estetika bat, edo begiratzeko modu batek egiten badu euskal argazkilaritza (eta nik argi daukat Cazenaveren lana euskal argazkilaritza direla), estetika horretako guzia da euskal?

Jon Cazenave

Klavdij Sluban

eta hortik kanpo geratutako guztia ez?

Ikor Kotx

Josu Trueba Leiva

Euskal argazkilaritza egon, badago, nik ez daukat inongo dudarik. Nik kamera esku artean hartu eta botoia sakatzen dudanean egiten dudan hori euskal argazkilaritza dela badakit. Hortik estetika zehatz bat, hizkuntza zehatz bat edo filosofia zehatz bat duela edo beharko lukeela esatera ez nintzateke ausartuko, euskaldunok, munduko hiritar askok bezala, leku askotatik edaten baitugu. Beste sorkuntza arloetan bezala, historiak markatu izan digu tendentzia bat edo beste, bai eta egoera politiko-sozialek ere, edo eta eredutzat hartua izan den sortzaileren batek; baina beti izan da tendentzia horietatik at kokatu den jendea; Denborak aurrera egin ahala, tendentziek bilakaerak jasan dituzte, batzuek lehengoan geratu baina beste batzuek joera berrietara hurbildu dira. Euskal subrealistak ditugu, erromantikoak, klasikoak, Instagram erabiltzen dutenak…

Nik esango nuke euskal argazkilariok edo argazkigileok egiten duguna dela euskal argazkilaritza. Gure burua euskalduntzat dugunok egiten duguna, daniarrek egiten dutena, duen estetika eta duen gaia izanda ere, daniar argazkilaritza den bezala.

SARRERA HONETAKO ARGAZKI GUZTIAK COPYRIGHTA DAUKATE, BAINA KONTATU NAHI NUENA KONTATU ETA ADIBIDEAK JARTZEKO EZINBESTEKOTZAT NUEN ARGAZKIAK JARTZEA. EGILEREN BAT EZ BALEGO ADOS, ESAN ETA KENDUKO NITUZKE.

MILA HITZ - Freelance argazkilaria. BostokPhoto egitasmoan buru belarri nabil. EuskalHerriko Informatzaile Grafikoen Elkarteko kidea.