«Katalina Erauso, Moja Alferezaren erretratua» artelana São Pauloko Bienalean

«Katalina Erauso, Moja Alferezaren erretratua» artelana São Pauloko Bienalean –

«Katalina Erauso, Moja Alferezaren erretratua» artelana São Pauloko Bienalean izango da Etxepare Euskal Institutuak sustatutako ZABAL programaren ondorioz

  • Gaur, irailak 6 asteazkena, hasi eta abenduaren 10era arte izango da ikusgai Kutxa Fundazioaren bildumaren parte den Hans van der Hamen-en obra ezaguna.
  • Katalina Erauso moja eta soldadu donostiarraren erretratua jasotzen du São Pauloko Biurtekorako aukeratua izan den lanak.
  • Etxepare Euskal Institutuak sustatutako ZABAL programak euskal artearen zabalkundea bultzatzen du nazioartean sareak garatuz.

São Pauloko Bienalak 35. edizioari ekingo dio gaur Choreographies of the imposible izenburupean. Ezezagunari buruzko irudimen erradikalerako gonbidapen gisa sortu da erakusketa. Edo baita ezinezkoari buruzkoa ere.

ZABAL programari esker sortutako elkarrizketen ondorioz, «Katalina Erauso, Moja Alferezaren erretratua» lana izango da Amerikako Bienal garrantzitsuena eta munduko nagusienetakoa den honetako euskal presentzia.

Artelana iaz ikusi zuten Bienalaren 35. edizioko lau komisarioetako hiruk (Manuel Borja-Villelek, Diane Limak eta Hélio Menezesek), ZABAL programaren testuinguruan Euskal Herrira egindako bisitan.

Ahots bat Erausorentzat. Trans garai baterako epilogoa” izenburua zuen Azkuna Zentroa-Alhóndiga Bilbaoren erakusketan ikusi zuten hautatutako obra. Bertan, Cabello/Carceller (Helena Cabello eta Ana Carceller) kolektibo artistikoaren lanak zeuden ikusgai Paul B. Preciadoren komisariotzapean.

1625 eta 1628 urteen artean egin zion Juan van der Hamen-ek Espainiako itsas armadako alferez gisa jantzitako Katalina Erausori gaur egun Kutxa Fundazioaren bildumaren lan erreferentzialenetakoa den erretratua —bildumak 5.500 lan baino gehiago biltzen ditu, eta bilduma gisa Gipuzkoako lurraldearekin lotura duten artea eta artistak kontserbatzea, ikertzea eta zabaltzea du helburu—. São Pauloko Bienalaren 35. edizioko talde kuratoriala Diane Limak, Grada Kilombak, Hélio Menezesek eta Manuel Borja-Villel-ek osatzen dute.

Erauso 1592an jaio zen Donostian, emakumezko sexua esleitu, eta Katalina izena eman zioten. Sarritan “moja alferez” izenez da ezagunagoa, neurri batean, bere autobiografiari esker, hor, “gizon gisa jantzita” komentutik ihes egin zuen neska gazte baten abenturak kontatu zituen eta, gero soldadu eta merkatari modura Espainiako inperioak Txiletik Mexikora kolonizatutako lurretan ibili zenarenak (besteak beste, Francisco Loyola, Juan Arriola, Alonso Díaz Ramírez de Guzmán… eta Antonio Erauso izenak hartuta). Azkuna Zentroko erakusketaren komisario izan zen Paul B. Preciadok nabarmendu zuen “gizon gisa jantzitako Erausoren erretratua arte errenazentistaren historiako lehen erretratu ‘trans’ bezala” har zitekeela.

Euskal arte garaikidea, nazioartean

Katalina Erausoren erretratua jasotzen duen artelana São Pauloko bienalean egotea ZABAL programaren baitan egindako lanaren emaitza da. Izan ere, 2022n June Crespo Veneziako Bienalean parte hartzera gonbidatu zuten eta Consonni Bilboko argitaletxe eta kultur espazio independenteak Kassel-en (Alemania) izan zen nazioarteko documenta 15 erakusketa entzutetsuan parte hartu zuen.

Etxepare Euskal Institutuak 2019an jarri zuen abian ZABAL ekimena atzerrian euskal kultura eta euskal artisten nazioarteko zabalkundea bultzatzeko helburuz. Programak euskal sorkuntza garaikidearen nazioarteko proiekzioa bultzatzea du xede, sortzaileen, profesionalen, eragileen eta tokiko erakundeen arteko epe luzeko trukea eta lankidetza sustatzeko nazioarteko sareak garatuz eta nazioarteko arte erakusketa garrantzitsuenekin lankidetza ildoak sortu eta harreman iraunkorrak ezarriz.

Azken batean, euskal artistei aukera berriak eskaini eta nazioarteko testuinguruarekin loturak sortzen ari da ZABAL egitasmoa. Eta horretarako, Institutuak nazioarteko komisarioak, arte kritikariak edo eta museo zuzendariak gonbidatzen ditu Euskal Herriko testuinguru artistikoa ezagutzera, harreman zuzenaren bitartez euskal artistekin elkarlana sustatzeko. Proiektua gauzatu ahal izateko, tokiko eta nazioarteko arte garaikidearen inguruko proiektuen kudeaketan lan egiten duen Artingeniumen laguntza teknikoa jasotzen du.

Dagoeneko munduko biurteko eta arte-jaialdi entzutetsuenetako ordezkarien bederatzi bisita izan dira gurean, Euskal Herriko artisten lana ezagutzera eman asmoz: São Pauloko Biurtekokoak (2019 eta 2022an), Documenta Fifteenekoak (2020), Shanghaiko Biurtekokoak (2021 eta 2023), Veneziako Biurtekoa (2022), Istanbulgo Biurtekokoak (2022), Art Jameel erakundekoak (2022) eta Sydneyko Biurtekokoak (2023).

ZABAL programaren inguruko informazio zehatzagoa, hemen.

«Katalina Erauso, Moja Alferezaren erretratua» artelana São Pauloko Bienalean

9 pentsamendu “«Katalina Erauso, Moja Alferezaren erretratua» artelana São Pauloko Bienalean”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2023-09-07 00:55

    Helena de Céspedes XVI. mendean gizon moduan bizi izan zen, ez noski “genero-identitate” kontuengatik, baizik eta zirujau gisa bizimudua atera ahal izateko eta bere maite María del Cañorekin bizitzeko modu bakarra zelako. Horretarako lagungarri izan zitzaion, obario polikistikoaren ondorioz, aurpegian bizar dezente hazteak. Gaur egungo “eskola queer eta transgeneristak”, ordea, dio Helena de Céspedes ‘gizon transgenero’ bat zela. Izorrai.

    Modu beretsuan tratatuak izan dira (errespeto eta etika falta berberarekin) Elisa Sánchez Loriga eta Marcela Gracia Ibeas, zeinak XX. mende hasieran elizan ezkontzea lortu baitzuten, Elisak ilea moztu eta bere burua gizontzat aurkeztuta.

    Ba, antzeko kasua da Katalina Erauso pertsonaia historikoa, neskato koxkorra zela konbentutik ihes egin, mutil jantzita Ameriketara soldadu joan, hainbat gudutan borrokatu ondoren alferezgoa eskuratu eta, dirudienez, emakumeekin oheratuz plazer hartzen zuen EMAKUME TXIT FASZINANTEA.

    Zer gertatuko, ba orain Paul B. Preciado psikotiko soldatapekoak eta honen kuadrillakoek diote “jaiotzean sexu femeninoa ESLEITU” bazioten ere, argi dagoela gizon transgenero bat zela. Bueno, faborez, eske begi bistakoa da. Ondorioz, militarrez jantzitako emakume baten XVII. mendeko erretratua orain “GIZON transgenero baten erretratu zaharrena” omen da. Preciadok esana. Eta euskal erakundeek diruztatua.

    https://tribunafeminista.org/2022/03/si-se-os-tiene-que-nombrar-os-llamaremos-hombres/

  • Zalantza nuen zer gertatuko zen Katalina Erausoren figurarekin gure heroiak eta historia berraztertzen ari garen honetan, eta antza, konklusioa badut:
    Ameriketan indio ehizan aritzea barkagarria da baldin eta gizonez jantzitako emakumea izan bazen. Eta ez barkagarria soilik: kasu honetan, euskalduna izan zela argi eta garbi esan daiteke, “espainiarrek eragindako genozidioa” kategoriatik at.
    Hemen hotzean emakume honen historia(la):
    -Moja bat jipoitzeagatik komentutik ihes egin behar izan zuen. Gerzotik gizonezko jantzita ibili zen.
    -Bilbon pertsona bat zauritu zuen harri batekin, eta hilabetez espetxean egon zen.
    -Ameriketarako bidean bere osaba hil eta dirua lapurtu zion.
    -Hiru esklabu beltzen jabea izan zen.
    -Txilen, Maputxeen aurkako gerra parte hartu zuen, Alonso de Ribera Gobernadorearen esanetan. Fama hartzen hasi zen bere indarkeriagatik.
    – Anaiaren (Migel Erauso, Ribera Gobernadorearen idazkaria zena) etxean bizi zela (antza anaiak nor zen ez zekiela), liskartu (neska konturen bat omen), etxetik bota, eta Araukaniara desterratu zuten.
    -Araukaniako gerran gradu militarrez igo zen, Kapitain graduraino. Ez zen gorago igo, indioenganako eta bere menpekoenganako erakusten zuen krudelkeria eta basakeriagatik.
    -Araukaniako gerra baretuta, hainbat pertsona hil zituen, tartean, Concepción-eko Auditore Generala, eta bere anaia Migel, dueluan.
    -Txiletik Argentinara ihes egin zuen, eta bi emakumerekin ezkontzea hitzartu zuen. Bietako batekin ere ezkondu gabe, dirua ostuta alde egin zuen.
    -Potosira joan zen, eta ezaguna egin zen bertako indioekin erakusten zuen basakeria zela eta.
    -Piscobamba-n, jokoan zebilela, aurkaria hil zuen eta eta heriotza zigorrera kondenatu zuten. Salbatzea lortu, eta La Paz-en beste bat hiltzeagatik, berriro kondenatu zuten heriotzara.
    -Cuzcora ihes egin, eta apezpikuaren babesa bilatu zuen, emakumea zela publiko egin zuen.
    -Madrilera bidali, eta “moja-alferez” titulua, gizonezko izena eta jantziak erabiltzeko eskubide eman zion Espainiako erregeak, Araukaniako gerretako zerbitzuaren ordain, delituen barkamena gain. Erromara joan eta Aita Santuak Espainiako erregeak emandako eskubideak berretsi zizkion.
    -Ameriketara itzuli eta han hil zen.
    Lope de Agirre, bagina batekin. Hiltzaile ero bat.

  • Amonamantangorri 2023-09-07 12:00

    Ez da dudarik zeharo jende brutalaz ari garela. Bakarren batek eduki dezake tentaldia esateko ez dela oraingo begiekin epaitu behar… Baina sarritan garai hartako estandar etikoen arabera ere gaitzetsiak eta zigortuak izan ziren horrelako perstonaiak.

    Edonola, ez naiz urrikaltzen esan izanaz pertsonaia historiko hauek faszinanteak iruditzen zaizkidala, adituen artean luzaro hizpide izateko modukoak, hamarkadetan zehar. Horren ordez, zer eta korronte ideologiko ergel (eta nire ustez, arriskutsu) batek bereganatu du, bere txapa emateko aitzakia moduan.

  • Faszinanteak dira Erauso, Agirre, Anza, Garai… Horretan ez dut dudarik. Hemen Erausori buruzko bertso zahar batzuk, ezagutzen ez dituenarentzat:
    https://www.youtube.com/watch?v=E0Tu7zuMU54
    Baina, kuriosoa da gero egiten ari den figura historikoen berrirakurketan darabilten neurgailua.
    Lope de Agirreri kaleak eta estatuak kendu behar zaizkio, konkistadore hiltzaile ero bat izan zelako. Katalinari kaleak eta estatuak mantendu behar zaizkio, eta aldamenean Antonio jarri, konkistadore hiltzaile ero bat izan zelako.

  • Caleen, avenituen, boulevarden, placen… icenac, gurean beitu cembat falta diren… Eta haur dena ideologiaz campo ossotoro :

    Johanes Leiçarraga, Pedro de Aguerre-Axular, Johana III, Margarita Angulemacoa, Pedro Mariscala, Henri II, Cessare Borgia, Alonso de Mella…

    Haur bacarric renacimentuan azcar batean pensatuz…

  • Transgenerismoak bere sortzailea, feminismoa, jaten. Feminismoak ez du oinarri zientifikorik, gorroto ideologia hutsa da: ariarrak emakumeak dira eta juduak gizonak. Zer sortuko da ba bertatik? Are eta tontakeria handiagoak. Kalte izugarria ekarriz, gizartea desegituratuz, gorrotoa ekarriz, familiak suntsituz… Zuen desastrea konpondu, hartu erantzunkizuna!

  • Ba bai. Niri ere triste jartzen nau Eusko Jaurlaritzaren bedeinkapenarekin Katalina transgeneroa bilakatzea. Baina beno, gaur egun omen dagoen moda lehenesten du. Baita ere Podemosek kaleen izenak aldatzea proposatzea “Antonio” izena ipiniz gizona omen zelako.

    Are gehiago goibeltzen eta arduratzen nau gaur egungo progresistak omen direnen pentsamolde.batzuk eta emakumeen egoera.

    Berdintasunetik gero eta urrunago omen gaude eta bortxaketak gero eta gehiago omen dira.

    Bien bitartean neska gaztetxoak beldurrez etxera bakarrik doazenean eta erru guztia hezkuntzari eta gizarte “kapitalista Cisheteropatriarkala”ri botaz.

  • Eta bitartean gai tabuak aireratu gabe, naiz eta askeak omen garen. Hori bai “erasorik ez erantzunik gabe” matraka ematen erasoak horrela ekidituko omen direlako.

  • Mikel Haranburu 2023-09-08 14:06

    Gaiari xuxen lotzen ez banaiz ere, esango nuke, ene uste apalean, elkarren aurkako korronteak sumatzen ahal direla bazterretan; alde batetik, “transhomomatriarkalismo sozialista” aldarrikatzen duen korrontea, eta bestetik, primariotasunaren bidetik doana, hara, “matxismoa” eta “feminismoa” beren adierazpen gordinenetan.
    Hots, egun batean segundu baten laurdena irauten duen musutxo bat sexu agresio bortitzena bide da, eta aldi berean, unibertsitatean magisteritza ikastera doazen gazteak animaliakeria larriak zabaltzen nesken inguruan (Errioxako Unibertsitatean, gaur). Gizonezkoak ar, baina feminismo handia dago, eta emakumezkoak eme…
    “Atea bere erroetan bezala” titulatzen zuen Gil Berak pentsamendu liburua… Orain eta hemen, ateak erroetatik aterata daude guztiz, eta pentsamendua artaldearen hooliganismoan ezkutaturik dago.
    Gauzak horrela, Katalina Erausoren sexu identitatearenak txiste bat dirudi…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude