Kapitalaren etengabeko gerraren aurrean, hazkunde ekofeminista!

Kapitalaren etengabeko gerraren aurrean, hazkunde ekofeminista! – 

Bestela, gure haurrek ere bertan utziko dute bizitza. Horretarako ari baitira Europako herrialde boteretsuak zerbitzu militar “boluntarioa” zabaltzen.

Kapitalak abian dauka bere krisi estrukturalentzako irtenbidea: etengabeko gerra. Gerra oso-oso luzea izango da. Ez da gauza berria, baina oraingoan jauzi kualitatiboa ari gara bizitzen: gerra Europan bertan da, eta ez da Jugoslavia bezalako herrialde txiki batera mugatuko. 1940 ez beste, gaur egun kapitalismoa bloke ideologiko bakarra da, ez dago beraz inor antolatua gerrazaleei aurre egiteko. Europako ezkerra pandemiaren saio nagusian kapitala haundiarekin eta beren gobernu neoliberal autoritarioekin lerrokatu da oro har. Alternatibarik eskaintzeko gaitasunik ez du.

Putin eta bere Errusia oligarkikoa ez dira guretzat alternatiba. Baina NATOri aurre egiteko prest zeuden bakarrak ziren. Eta tranpan erori dira. Ukrainako gerra sekulako “higadura” ekarriko die, eta ez dira errekuperatuko. Halere, Errusia ez da helburua. Mendebaldeko kapitala inperialistaren etsai nagusia Txina da, eta Errusiako Federazioa haren aurkako bidean oztopoa baino ez da. Aurrerantzean NATOk bide gehiago izango ditu irekiak, Errusiako hegoaldean Txinaren aurkako “korridorea” zabaltzeko. Georgia, Azerbaijan, Kazakhstan, Uzbekistan, Mongolia… AEBen aldeko iraultza “laranjek” eta tokiko gerrek bidea emango diete Txinaren mugaraino iristeko eta inguratzen saiatzeko. Eta bide batez, Errusia inguruko lehengaiak eskuratzeko.

Mendebaldeko kapitalak badaki Txinaren aurrean dagoeneko galdu duela. Baina gerraren bitartez mozkinak areagotzeko aukera duenez, erabiliko du. Eta erabiltzen ari da. Zer axola dio Kapitalari herritarrok etorkizunean biziko dugun hondamendi sozioekonomiko-ekologikoa? Kapitalismoaren amaierak Neofeudalismoari ireki liezaioke bidea, esplotazioa eta zapalkuntza iraunarazteko.

2016ean Davos-eko Foro Ekonomikoan munduko elite neoliberalek beraien ametsa iragarri ziguten: “2030 agendaren” araberan, etorkizunean hiri kapitalista “garatuek” kontsumo-modelo kapitalistari eutsiko diote, hiritarrak erabat desjabetuz. Aldi berean, landa eremu prekarizatuei hornitzaile funtzioa baino ez diete onartzen (*). Lehengai materiala eta gizatiarraren iturria izango dira, emakumezkoak aurrez aurre.

(Orbaibar-Leotz, despopulazioaren arriskuan)
(Orbaibar-Leotz, despopulazioaren arriskuan)

Euskal Herria herrialde super-kapitalizatuen bihotzean eta esplotatzaileen aldean egonik ere, bi mailako periferia dauzka: geure hiri haundietako kapitala periferikoa da, erabakigunetik kanpo dagoelako. Aldi berean, hiri kapitalisten modeloak gure landa eremuak baztertzera eta hiltzera eramaten ditu. Euskal burgesia neoliberalismoaren kudeatzaile hutsa zein gogotsua da. Eskaintzen zaion eta bultzatzen duen modeloaren barruan ahal dituen mozkin haundienak ateratzen saiatzen ari da, herritarron eta ingurumenaren kalterako.

Instituzio burgesen barruan, bide propioa egiteko tarteak desagertu dira ia. EH ez da inoiz estatu “klasikoa” izango (nazio-estatu burgesa). Nazioen garaia amaitu da, 19. mendeko kapitalaren tresna baitziren. Globalizazio neoliberalaren ildoan nazio-estatuen funtzioa murritz bezain zehatza da: herritarrak kapitalaren esanetara jartzea. Sozialismoa aldiz, amaitu den modernitatearen kontzeptua izanik, ziuraski birdefinitu beharko dugu.

Munduko iraultza abiatzen den bitartean, EHn ere eraldaketa prestatu eta aurrera eramatea dagokigu. Kapitalismoaren hondamendiaren aurrean, EHn alternatibak orain hasi behar ditugu eraikitzen! Euskal Feminismoak tresnak eta giltzarriak eskaintzen dizkigu: bizitzak erdigunera ekarri, burujabetzak praktikan jarri, eta landa eremuak indartuz hiri kapitalistak deseraiki, besteak beste. Herri Botereak eraikitako instituzionalitate berriek “estatu” kontzeptu berria gauzatuko dute, estatu burgesarekin deus ikusteko ez duena: Euskal Estatu Feminista.

Hazkunde sozio-ekonomiko-kulturala-ekologiko jasangarria posible da, feminista da, dagoeneko abian da, eta bultzatu beharra daukagu.

 

(*) Irudia: Ida Auken (2016) “Bienvenido al 2030” / “Bienvenue à 2030”.

Kapitalaren etengabeko gerraren aurrean, hazkunde ekofeminista!

Kapitalaren etengabeko gerraren aurrean, hazkunde ekofeminista!

5 pentsamendu “Kapitalaren etengabeko gerraren aurrean, hazkunde ekofeminista!”-ri buruz

  • Gogorra izan behar du gero gaur egunean ezkerreko perroflautista izatea. Garai batean sikira, Errusia komunistaren alde egoteak zentzua zeukan baina gaur egungo Errusiaren alde jartzea… nazismotik gertuen dagoen herrialdea, Putinek eta eliza ortodoxoak kriminalizatzen duten generoaren ideologiaren kontra dagoen estatua babestu beharra gogorra izan behar da ezker perroflautistarentzat. Eta kapitalismo basati eta ekologiaren aurkakoa salatu ostean Txinaren alde agertzea ere gogorra izan behar du gero. Baina beno… nire etsaiaren etsaia nire laguna da… horrela uler daiteke soilik. Ezker gorrotoaren mantra Ziyab O’Gha euskaldunaren eskutik.

  • Mikel Haranburu 2022-03-24 10:04

    Egunotan otu zait eta hemen esan beharra daukat, sentitzen dut.
    Han hemenka adierazpen “ahopekakoak”-edo aditzen ahal dira, geopolitikaz asko asko dakitenen ahotik. Hemen geopolitikaz edozeinek daki protagonistek berek baino gehiago. Ez dute geoekonomia edota geogerra aipatzen, halere.
    Tira, zirkunlokio eta hitzeria darabilte, esan gabe baina Ukrainaren aurka, pairatzen ari den sarraskia aipatzeke, eta dena “Biba Errusia” esatera ausartzen ez direlako.
    Alderdi abertzaleek berdin. Gai hori ez da ateratzen geure hedabideetan: Ukraina faszista omen da, eta Errusiaren kaka guztia irensteko prest daude. Ideologiak oraindik bizirik daude askoren gogoan, ezkertar (Txillardegik honela zioen, i gabe) eta abertzale askorengan. Xabier Letek aitortu zuen: teologiaren esklabutzatik ideologiarenera pasatzen gara. Eta horren arabera interpretatzen dira gaur egungo Munduko Orden Berria (desorden berria?), eta balizko Ardatz guztiak.
    Baliteke komunismoaren haritik heldu izatea Errusiarenkiko ‘errespetu’ hori, baina Garagarrak dioen bezala, nazismotik gertuen dagoena da.
    Geopolitikako jakintsuei eskatuko nieke esplikatzeko, esplika diezadaten, zer diferentziak ikusten dituzten Ukrainaren eta Polonia, Eslovakia edo Moldaviaren artean. Agian hauek ere faszismoaren magalean bizi dira, eta edozein unetan Errusia konkistatuko dute…
    Izan ere, hain zuzen Errusiak Ukrainari sekulako jipoia ematen ari zaion honetan, NATO beldurgarriak ez du esku hartu nahi izan zuzenki… beharbada Errusiaren “NATO-gure-patioan” ezin onartuak ez zuen hainbeste funtsik, batez ere Kubako misilen krisia orain dela hirurogei urte pasatu zelarik. Putinek hamar urte zuen; agian jadanik KGBn sartua….
    Eta isilka ari direnei, eskatuko nieke argi eta garbi esateko ea Errusiarekin bat egiten duten Ukrainako zafraldi honen inguruan, eta antifaszismoaren izenean herrialde osoa suntsitua nahiago duten.

  • Ziyab O'Gha (adi eta ekin) 2022-03-25 14:19

    Zure iritzia eskertzen da, Garagarra.

    Baina artikuluaren pasarte batez egiten duzun interpretazioa, sinplista samarra ematen du. Gerraren balizko ondorioen aipamen hutsak ez du suposatzen Errusiaren alde izatea!
    Edo NATOren aldekoa zarela ondorioztatu beharko genuke, Errusia kritikatzen duzulako?

    Ukrainaren inbasioaren ardura ezin diogu NATOri bakarrik bota. Baina NATOren ikuspegiaren ondorioak hementxe ari gara jasaten.

    Gerra honek epe luzean munduan eta gurean izan dezaken eragina aurreikusten saiatu behar gara, EHrako ildo eta erabaki egokiak hartzen gai izateko. Modernitatearen formulak ez dira jada ibiltzen. Bada garaia, EHko ezkerrak ere paradigma berriak bilatu eta praktikara eraman dezan. Independentzia, estatua, sozialismoa, etabarri forma eta edukin berriak ematen!

  • Ziyab O'Gha (adi eta ekin) 2022-03-25 22:11

    Bueno, Mikel Haranburu,

    jakingo duzunez, Uzbekistan eta Azerbaidjan Turkiaren aspaldiko aliatuak dira. Georgian eta Kazastanen AEBen aldeko “iraultza laranjak” izan dira. Eta Mongoliak aspaldiko auzi historikoa dauka Txinarekin, ustez “okupatuta” dituen lurraldeak direla eta. Horrek erakusten digu NATOk nondik joko duen aurrerantzean ere.

    Geopolitika mailan ez dakigu zehatz-mehatz zein izango den hurrengo ekimena edo gatazka, baina norabide orokorra bai aurreikus daiteke nahiko argi. NATOren alde izan edo hari garrantzia kendu nahiak, lehengo eta egungo “gaiztoa” Errusia delakoan, horrek ez du NATOren jarrera aldatuko, ezta Errusiarena. Errazago da hemendik Errusiaren aurka egitea, kontsekuenteki NATOren aurka egitea baino. Guri komeni litzaiguke, aldiz, etxean duguna antolatzea eta kontextu orokorrean kokatzea, EHrentzat ahal den aurrerapauso haundienak lortzen ahal izateko. Herri gisa eta gizarte gisa. Ametsek eta sinismenek ez digute horretan gehiegi laguntzen.

    Ukraina, Polonia, Eslovakia eta Moldaviaren arteko diferentzia? Bada, Polonia eta Eslovakia EB den kapitalaren klub elitistan sartzen lortu dutela, eta Ukraina eta Moldavia horren zai daudela, bertako oligarkei legitimitate “demokratiko” eta babes ekonomiko-militarra osoa emateko. Beuden herriak inongo arriskurik gabe esplotatzen jarraitzen ahal izateko. Errusiako herritarrak bizi duten egoera berbera, bai. Baina geurean egoera aldatzea oso zaila denez, Errusiarena konpontzen saituko gara, edo?

    Errusiaren egoerak, Ukrainarena, Alemaniarena, edo AEBena ez digu, egia esan, lo gehiegi kentzen. 2014an ez, zergatik orain? Arazo arras potoloak baditugu etxean, besteena konpondu nahian ibiltzeko. Hango herritarren egoerak bai kezkatzen gaitu, eta hango egoerek gurean izan dezaketen eragina are gehiago. Horregatik ezagutu eta analizatu behar ditugu munduko egoerak, gurerako ikasteko. Eta gure egoera aldatzearekin, munduko beste herri guztien onerako izango da.

    Ezohizko analisiak egiteko, informazio asko, ikuspegi anitzak, interdisziplinarietatea, eta azken finean ausardia dosi haundi bat behar da. Vocento edo ohizko albiste-agentziak irakurrita ez dugu guzti hori lortuko. Batzuek esaten dutena errepikatuz edo beste batzuek esaten dutenaren aurka eginez, ez gara aurreratzen. Aurrera egiteko, arazoak identifikatu, soluzioak irudikatu, eta praktikara nola eraman asmatu behar dugu. Lan gehiago suposatzen du, bai, baina oinarri berriak eta tresnak egon badaude, baditugu, ikusi eta ezagutu nahi dituenaretzat!

  • Ez duzu esan Errusiaren alde zaudenik, Errusia kritikatu ere ez duzu egin, baina NATO, hori bai ederki kritikatu duzu. Hori da ezker abertzaleari gertatzen zaiona. Errusia komunista izan balitz alde egingo zenuten baina gaur egungo Errusia… ezin bere alde egin baina NATOri popatik eman nahi diona kritikatu ere ezin egin, eta hau komeria ezker abertzalearena! Mundua hainbeste aldatu da, ezker abertzalea ere noraezean gelditu dela. Nik gauza bat esango dizut: eskerrak NATOren esferan gaudela une honetan euskal herritarrak. Eta beste gauza bat: Euskal Herri independente batean parlamentu bat izango genuke eta parlamentu horretan eskuineko zein ezkerreko alderdiak izango genituzke eta hauteskundeak izango genituzke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude