Martxoaren 3ko sarraskia ikertzeari atea itxi dio Espainiako Kongresuak

Martxoaren 3ko sarraskia ikertzeari atea itxi dio Espainiako Kongresuak –

Arabako Alea agerkaritik jasoa.

Martxoaren 3ko sarraskia ikertzeari atea itxi dio Espainiako Kongresuak
Martxoaren 3ko monolitoa euripean, aurtengo urteurreneko omenaldian. / ALEA

PSOE, PP, Vox eta Ciudadanos alderdien ezezkoak 1976ko martxoaren 3ko bost langileen hilketari buruzko ikerketa batzordea sortzea eragotzi du Espainiako Kongresuan.

Duela hiru aste 46 urte bete ziren 1976ko martxoaren 3an Polizia Armatuak bost langile hil zituela Gasteizen. Urteurrenaren harira antolatutako omenaldien artean, lore eskaintza antolatu zuen PSOEk. Hala ere, PP, Vox eta Ciudadanosekin batera bozkatu du gaur Espainiako Kongresuan, Gasteizko sarraskiaren inguruko ikerketa batzordeari atea ixteko.

“Egiarako dugun eskubidearen aurka, ezetz bozkatu dute. Lore gutxiago eta ekintza gehiago!“, kritikatu du Martxoak 3 Elkarteak. “Espainiako Gobernuak eta Justiziak uko egiten diote biktimei egia jakiteko eskubidea bermatzeari, eta sekretupean gordetzen dituzte sarraskiarekin lotutako dokumentu guztiak”, salatu du EH Bilduko bozeramaile Mertxe Aizpuruak.

Espainiako Kongresuko Mahaiak joan den astean onartu zuen ikerketa batzorde bat sortzeko EH Bilduren proposamena, eta, gaurko eztabaidaren atarian, “egia jakiteko eskubidea ez eragozteko” eskatu zien Martxoak 3 Elkarteak bozeramaileen batzordeko kideei.

Balizko batzordearen helburua litzateke jakitea zer inplikazio eta erantzukizun izan zituen Polizia Armatuak bost langileen hilketan, operatiboaren xehetasunak, indar publikoak egindako jarduketak eta operatiboaren zuzeneko arduradunek jasotako aginduak. Halaber, Espainiako Gobernuak poliziaren esku-hartzean izandako “ezagutza, inplikazio eta erantzukizun maila” ikertuko luke, baita gertakarietan jardun zuten ministroen “erantzukizun zuzenak eta balizko inplikazio penalak” ere.

Proposamenaren alde bozkatu dute Unidas Podemos, ERC, Junts, Mas Pais, EAJ eta EH Bildu taldeek. Bitartean, Argentinako Kereilako epaile Maria Serviniren ikerketak zabalik jarraitzen du.

Martxoaren 3ko sarraskia ikertzeari atea itxi dio Espainiako Kongresuak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude