Kanakytik Kaledonia Berrira

Kanakytik Kaledonia Berrira –

Kanaky eta Kaledonia Berria. Bi izen, leku berarentzat. Lehena da hango autoktonoek ematen zioten izena; bigarrena, kolonoek. Kaledonia zen oraingo Eskozia. Eta James Cookek Kanakyko uharteak aurkitu zituenean, bere aitaren sorlekuaren omenez, Kaledonia Berria izena eman zion artxipelago hari. 1860an, Frantziak konkistatu eta kolonizatu zituen hango lurrak, eta geroztik, Kaledonia Berria Frantziaren kolonia baten izena da. Ez da gauza bera, beraz, Kanakyk erabakitzea edo Kaledonia Berriak erabakitzea.

Kanakytik Kaledonia Berrira

Kaledonia Berria eraiki zuten Kanaky suntsituz. Napoleonen garaiko inbasioa bortitza izan zen, Kanakak trumilka hil zituzten, eta Kanakek ez zuten baliabiderik hari buru egiteko. Frantziako kolonoek Kanaken lurrak berenganatu zituzten, eta hango herritarrak miseriara kondenatu.

Mende bateko genozidio horrek, azkenean, lekuko herritarren erresistentzia eragin zuen. 80ko hamarkadan istilu gogorrak gertatu ziren, eta errepresioa are bortitzagoa izan zen. 1984an hamar Kanak erail zituzten, eta epaileek hiltzaileak errugabetzat jo zituzten. 1985ean, Eloi Machoro lider independentista eta haren kide bat hil zituen poliziak. 1988an, Ouveako harpeko bahiketa odolputzutan bukatu zen: poliziek hemeretzi militante Kanak hil zituzten, gehienak buruan tiro batekin. Frantziak garbi erakutsi zuen nork zuen indarra eta noraino joateko prest zeuden.

Handik laster, urte berean, hasi ziren negoziazioak eta izenpetu zen Matignoneko akordioa. Handik dator joan den azaroaren 4ko erreferenduma. Frantziak antolatua eta bere baldintzetan. Bai, errolda izoztea “onartu” zuen Frantziak, segurtatzeko 1988tik landa joanen ziren kolonoek ezin izanen zutela bozkatu. Hala ere, Frantziak garaipena segurtatua zuen, 1988ko erroldaren arabera ere, kolonoak nagusi zirelako.

Aitzineko ehun urteetan Kanak masiboki hil, bizirik gelditu zirenei lurrak ebatsi, miseriara kondenatu eta herria kolonizatu ondoan nagusitu ziren kolonoak, kopuruz.

Autoktonoak bizi diren lurretan, independentziaren aldeko bozak nagusitu dira airez aire; hirigunean, kolonoen bizilekuan, independentziaren kontrako bozek irabazi dute.

Argi da, beraz, nork erabaki duen: Kaledonia Berriak erabaki du Kanakyk ez duela berreskuratuko askatasuna.

Batzuek diote oraingo biztanleak ez direla iraganekoen kolonizazioen erantzule. Haiek ere hangoak direla, han sortuak eta haziak, eta Kanakek bezala dutela bozkatzeko eskubidea. Lur batean bizi den gizarteak erabaki behar omen du… Herrien berezko eskubideak edo estatuen eragin ikaragarria existituko ez balira bezala…

Frantziak eskubiderik gabe eta genozidio bidez bereganatu zuen Kanaky, eta bere beharretara moldatu zuen hango gizartea. Zuzen-kontrako okupazioa bada, Frantziak egin behar lukeen bakarra da independentzia itzultzea eta kalte-ordainak ordaintzea.

Gainerakoa da kolonizazioari zilegitasuna ematea edo negazionismoa. Zapalkuntza pean antolatzen diren erreferendum horietan, eskatzen dena da zapalduek konbentzitu dezaten jendea, independentziaren alde. Eman dezagun bi lagunek erabakitzen dutela lasterketa bat egitea, antolatzailea dela bi horietako bat, eta aurkaria igortzen duela abiapuntua baino hamar kilometro gibelago. Nork irabaziko luke? Eta galtzaileak poztu behar luke, gutxienez lasterketan “lehiatzeko” aukera izan duelako?

Gauza bera da herri zapaldu bati eskatzea berak konbentzitzea zapalduak eta zapaltzaileak. Eta ez da zilegi herri zapaldu eta ahulduari eskatzea, egitea ez dagokion indar gehigarri eta ikaragarri hori.

Eneko Bidegain

Kanakytik Kaledonia Berrira
Kanakytik Kaledonia Berrira
Kanakytik Kaledonia Berrira

6 pentsamendu “Kanakytik Kaledonia Berrira”-ri buruz

  • Euskal Herritik Euskadira bezalatsu…

  • Kanakyko kolonizazio eta etnozidio kasua oso garbi ikusten dugun askok gero ez dugu horren garbi ikusten euskaldunon kolonizazio eta etnozidioa, are gehiago, euskaldunon egoera tamalgarriari pisua kendu edo kolono zein etnozidak babestu edo zuritzera iristen gara, gure artean zatitu eta borrokatzera heltzeraino. Zer dela-eta? Akaso Kanakyko autoktonoek euren nortasuna eta talde kontzientzia garbi mantendu dutelako, baztertuak eta zanpatuak izan arren, ez baitira kolonoekin gehiegi nahastu zihurrenik. Gu, ordea, ikusi besterik ez dago nola atsegintasun handiagoz hartzen ditugun, esaterako, kulutur-adierazpide arrotzak, gure berezko kultura berreskuratu baino. Irekia eta aurrerakoiak izan behar omen.

  • Beñat Castorene 2018-12-11 22:09

    Han nabarmenagoa da kanakak batez ere beltzak direlako. Kolonoek diztantzia bat atxiki ohi dute haiekin. Horrengatik, denboran behintzat, bi komunitateak ez ziren familietan asko nahasten.
    Gu ere beltzak izan bagine eta animistak gainera, gehiago segregatuko gintuzten eta kolonizazioa eta etnozidioa aiseago ikus ginezazke.

  • Zuk diozun moduan, Beñat, arraza eta erlijioa (hizkuntzarekin bat, seguru aski) izan dira faktore erabakigarrienak bi talde horien arteko mugak ezartzerako orduan, bai onerako eta bai txarrerako. Onerako diot, zeren nortasun-muga sendoak berebizikoak dira kolonizazio edo erbeste-egoeran biziraun nahi duten herrientzat, ni eta bestearen arteko marraren indefinizioak disoluzio argia dakar epe luzera. Arraza eta erlijioari esker, “ororen buru irabazleak asegabeturik ateratzen dira eta galtzaleak aldiz doi bat pozik gutiengo uste baino haundiagoz baturik eta kohesionaturik atera baitira erreferendumetik”
    Andde Sainte Mariek dion moduan, zeren eta “beren sort herrian guttiengoan dira kanakiarrak, doi doi populazioaren %40a, bainan zenbaki horren erdia zirelarik duela 40 urte”. Hau da, beraien borroka oso argia da testuinguru honetan: demografikoa. Hainbat eta ume gehiago eduki, are eta hurbilago izango dute independentzia etorkizunean. Zergatik? Nortasun argi batez determinaturiko komunitatea osatzen dutelako. Gurean erlijioa eta arraza gisako ezaugarri atabiko horietaz hitz egin zuen lehen abertzalea Sabino Arana izan omen zen, eta argi zehaztu zuen, besteak beste, euskalduntasunaren oinarri zirela bai leinua eta bai kristautasuna ere. Orduztik hona, ideia-tabuak bilakatu dira bere hitzak gurean. Zenbat aldiz ikusi ditugu jeltzale inozoak barkamena eskatzen bere ideiengatik esanez jada zaharkituriko kontuak direla? Eta badirudi euskararen zentraltasunak zorte berbera izango duela azken aldian zenbait erakunde eta ahotsetik entzunikoak entzun eta gero. Hala, Kanakek etorkizunari esperantzaz begiratzen dioten bitartean, euskaldunak aurrera goaz disoluzio-bidean.

  • “Demokrazia” saldu digute gure arazoen konpontzeko tresna gisa, eta guk onartu, jakin gabe beraiek iada partida irabazita daukatela aldez aurretik.

    Politika indar kontua baita ezer baino gehiago. Eta euskaldunok indar geroz eta gutxiago daukagu, kopuruz urritzen goazelako eta desantolatuta gaudelako. Bada garaia joerari buelta emateko

  • “Erreferendum”ari buruz USTKEko (Kanakiako sindikatua) kide bateri elkarrizketa egin zioten eta galdera hau azaldu zen: “Ez parte hartzea diozue, abstenitzea beraz?”. Erantzuna: “Abstenzio gisa ikusiko da, baina ez joatea da xedea. Bai, emaitza bera da, baina nahiago dugu ez parte hartzea esan, galdeketak ez duelako zerikusirik gurekin. Errolda faltsua da. Abstenzioa da galderarekin ados ez egotea, baina guk ez dugu galdeketa aitortzen.”