Inozentzia kenduko dizuet

Inozentzia kenduko dizuet –

Andoni Olariagak GARAn.


Bolo-bolo dabil azkenaldian sareetan Jose Antonio Zorrilla espainiar kontsul eta diplomazialari ohiak Ukrainako gerraren inguruan emandako hitzaldi bat (San Telmon, Giza eskubideen inguruko hitzaldi ziklo baten barruan). Zera esatera dator, gutxi gorabehera: giza eskubideak eta nazioarteko harremanak ez doaz bide beretik; alegia, azken horietan ez dago etikarako lekurik.

Inozentzia kenduko dizuet

Edo bestela esanda, estatu guztiek interes geoestrategiko, ekonomiko, nazional eta, oro har, krematistikoen arabera jokatzen dute nazioarteko politikan, gerrak egin eta desegin, harreman ekonomiko eta politikoak egin eta desegiteko orduan. “Inozentzia kenduko dizuet”, zioen “Diario 16” egunkariko titularrak. Sareek eztanda egin dute eta, egiari zor, ez dakit zergatik harritzen naizen. Baina aitortu behar dut, oraindik sorpresaz harrapatzen naute ezkerreko sektore batzuetan halakoek duten oihartzuna. Eta oihartzun hori ez da, noski, kasualitatea izaten, oso sintomatikoa baizik. Mezua partekatzen dutenek, funtsean, mezu bat helarazi nahi baitiote, ziur aski, epeltzat jotzen duten ezkerreko beste hainbat sektoreri: “Mesedez, bakezale eta negoziatzaile-zale oro, ulertu ezazue behingoz, mundua gerra bidez antolatu, desegin eta berrantolatzen da”. Hara. Milesker beloa kentzeagatik, bihotzez.

Izan ere, ez genekien Zorrilla bezalako kontsul ohiek, gora edo nazioartera begira, eta batik bat subjektuak estatuak direnean, gerra kodea aitortzen dietela nazioarteko auziei (hitzaldian dioenez, “gerrak justifikatu gabe, e”, gerrak egitearekin, nahikoa). Ostera, behera eta barrura begiratzen dutenean, estatu barneko gatazka nazional eta sozialetara, espainiar Estatuko apezpiku frankistak baino katolizismo manikeoagoa eta giza eskubideen kode zorrotzagoa erabiltzen dute. Laburtuz eta sinple esateko: espainiar Estatuarentzat, historiaren subjektu eta eroale, gerra kodea; guretzat, estatuen eta botere handien objektu diren herri, herritar edo mugimendu sozial orori, giza eskubideen aplikazio zorrotza eta biolentziaren errefusa. Baina txalotu egiten dugu Zorrillaren “errealismoa”, ustez gure inozentzia estalgabetzeagatik. Tout va bien.

Zergatik ditugu gustuko halako mezuak? Gerra batzuetarako printzipio politikoak jartzen ditugu aurretik (eta errealismo politikoa azalpenerako soilik erabili); beste batzuetarako, errealismo politikoa lehenik (eta printzipio politikoak albo batera utzi). Interesatzen zaigunerako, bata zein bestea. Eta markoa geoestrategikoa bada, ezkerretik irentsi egiten da, berdin NATOren edo Errusiaren alde jartzeko: “Errusiaren inbasioa defentsiboa da, NATOk mugak bere lurraldera eraman dituelako, bere lurralde integritatea arriskuan ikusi duelako”. Halakoak asko entzun ditut lagunekin solasean. Gurera ekarrita, gordin: zergatik ekarri dizkio espainiar Estatuak hainbat gerra, tortura, GAL eta zapalkuntza mota desberdinak herri honi? Aurrekoaren arrazoi berberagatik: bere burua defendatzeko, bere lurralde integritatea arriskuan ikusten duelako gure herriaren biziraupenarekin. Zergatik jartzen dizkiote eta jarriko dizkiote espainiar zein frantziar estatuek euskararen garapenari trabak beti? Euskararen zabalpen handiagoa berdin euskal naziotasun zabalpen handiagoa, berdin Euskal Herri indartsuagoa, berdin bi estaturen lurralde integritatea arriskuan. Errealismo politikoa da, entela! Maquiaveloren zita bat ere sar dezaket jarraian gerraren ezinbestekotasunaz, gustuko baduzue.

Noski! Politikan, berdin nazioartean zein estatu barneko gatazketan, giza eskubideak behekoentzako sarraila dira, goikoen komunikabide eta estatu aparatuek ondo babestu eta goraipatuak, statu quoa aldatzeko saiakera oro arin desegin dadin, nola eta legez eta giza eskubideei segika. Baina de facto, egon, beti daude dialektikan errealismo politikoa eta printzipio politikoak. Irizpide bakarra lehena bada, basakeria ankerrena justifika daiteke, baita lotsa handiena egin ere. Gaur Guaido da Venezuelako presidente, bihar Maduro, petrolio gabezia dago eta. Baina irizpide bakarra bigarrena bada, ezin da politika egin, meza santua baizik. Auzia sinplea da: dialektika horretan, establishmentak manikeismora jo dezake eta jotzen du (lehenera jokatuz eta bigarrena sarraila gisa ezarriz, la violencia venga de donde venga…); ezkerrak ez, ordea. Ezkerraren “tragedia” da hori.

Errealismo politikoaren apelazio hutsa (Zorrillaren hitzaldira bueltatuz), hortaz, bando baten aldeko jarrera zuritzeko marko politikoa bilakatzen da. Ez badator atzetik inongo ezkerreko irakurketa eraldatzaile batekin, fribolizaziorako osagai guztiak ditu berekin, errealismoak ezkerreko posizio oro irensteko arriskua. “Civilization” bideo-jokora jolasteko arriskua da, herriak eta herritarrak peoi hutsak balira bezala. Galdera eta auzia, hortaz, bestelakoa da; ze irakurketa egin behar du ezker eraldatzaileak gerra interkapitalistez? Galdera horretatik tiraka pentsatu behar da erantzuna; kritikoki, ale guztiak mahai gainean jarriz, ñabardura guztiak azalduz, mass-medien demonizazio ororen kontra, shock doktrina saiakera oro kritikatuz, eta gerraren historiaren konplexutasuna ezkutatu gabe, naif-ak izan gabe, baina bakearen potentzial politikoa mahai gainean jarrita. Izan ere, bakea eraikitzea gerra egitea baino zailagoa da, Kolonbiako presidente ohiak zioen bezala, aurreiritziak moldatzea exijitzen duelako.

Ukrainako gerrak, zoritxarrez, eztabaida publikoaren deuseztapena, demonizazioa eta fribolizazioa utzi digu ondare. Bakearen aldeko jarreraren gutxiespena eta burla, ezkerraren parte batek erabat eta osorik erosi duena, geopolitikaren izenean. Eta gerra honek gure balioen, sinesmenen eta sistema politikoaren gabeziak eta miseriak utzi dizkigu agerian, berriz ere. Baita gure sistema globalizatu eta ez-berdin honen injustizia eta prekaritate bortitza.

Ezkerretik eta burujabetzaren beharretik, mundu justuago baten bidean pentsatzea da ezkerrari dagokiona, inoiz baino zailagoa den gaur ero honetan, eskema sinplista eta zaharkituak zein fribolitateak alboratuz; geoestrategikoki zein nazio eskalan, giza eskubideak aldarrikatuz baina manikeismo edo zurikeriarik gabe, eta beti, une oro, herritarrak eta herriak (kasu honetan, herri ukrainarra) erdigunean jarriz, inperio “joko” eta inperio asmo guztien kontra.
Inozentzia kenduko dizuet Inozentzia kenduko dizuet Inozentzia kenduko dizuet Inozentzia kenduko dizuet

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Inozentzia kenduko dizuet”-ri buruz

  • josu naberan 2022-05-30 11:02

    Lasai nigatik, ez didan-eta “inozentzia kentzen”

    Aspalditik dakidan ETIKA SAKRATUA leherrarazi duela “gure” Eliteak, berorren Plandemiarekin eta orain Ukrainako gerrarekin.

    Elika hura galaxietan xehar dijoa, alderrai.

    Zer egin orain Etikarik eta Justiziarek gabe?: hori da “Eskerrak” planteatu behar duguna: EGOKIA denari behatu, DAGOKIONARI.

    Ah, eta ez egon ABSENTE, Plandemian hasieratik bertatik egon den bezala, eta baita Ukrainako III. Gerra honen hastapenean (7 urtetan zehar!!) egon garen bezala, naziek Krimea aldea borbardatzen zuten bitarte luuuuze horretan, gu, Atlanrtsten propagandaren lilura pean, eta oraintx berton, gure izenean armak bidaltzen hara, nazien eskuetara, gure herri errepublika burujabetuak zanpa ditzaten “gure” arma horiekin.

    Onduan, beraz, ez hitz egin “Ukainako herriaz”. Esan ZEIN HERRITAZ ari zareten: Ukrainako Errejimen kolpistaz, ez ezta, faborez??!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude