Antzezmetraia eta Espazioa diziplina arteko proiektuak garatuko dira TopAraba egitasmoaren bigarren edizioan

Antzezmetraia eta Espazioa diziplina TopAraba egitasmoaren bigarren edizioan –

Oihaneder Euskararen Etxeak eta Vital Fundazioak bigarren urtez antolatu dute TopAraba, euskarazko kultura sormena sustatzeko egitasmoa. Beñat Fontaneda, Aitor Vinagret, Ainhoa Imaz eta Josune Velez de Mendizabalen Antzezmetraia eta Eneko Etxebarrieta eta Miyuki Okaberen Espazioa diziplina arteko lanak izango dira datozen hilabeetan garatuko direnak. 7.500€ banatuko dira bi proiektuak laguntzeko: Antzezmetraia proiektuarentzat 4.500€ eta Espazioarentzat, berriz, 3.000 €. Hamabi hilabeteko epea izango dute beren egitasmoak osatzeko.

  • Ainhoa Imaz (Antzezmetraia): “Antzezmetraia proiektuak sortzeko eta esperimentatzeko aukera infinituak eskaintzen ditu. Kasu honetan film bat sortzeko prozesuan gabiltza lanean, baina metodologia honek edozein disziplinarekin jolasteko eta beste batzuekin nahasteko aukera ematen du. Sortzeko tresna berri bat lortu nahi dugu. Kulturaren munduan profesionalki lan egiten dugun talde gisa, emaitza bai, baina bidea nolakoa izango den ikusteko irrikan gaude”.
  • Eneko Etxebarrieta (Espazioa): “Espazioa haurrei zuzendutako obra eszenikoa da, eta belaunaldi berriei gure Lur planetak gaur egun aurre egin behar dien egoera konplexuak ulertzen eta gainditzen lagunduko dieten hausnarketak eta tresna interesgarriak eskaintzea du helburu obra honek”.
  • Iñaki Lazkano (Oihaneder Euskararen Etxea): “Arabako sortzaile euskaldunak batzea eta elkarrekin lanean jartzea zen TopAraba egitasmoaren helburu nagusia. Aukeratutako bi proiektuek oso ondo jasoko eta islatuko dute deialdiaren nahia”.

Antzezmetraia eta Espazioa diziplina arteko proiektuak garatuko dira TopAraba egitasmoaren bigarren edizioanOihaneder Euskararen Etxeak eta Vital Fundazioak bigarren urtez jarri dute martxan TopAraba egitasmoa: kultura diziplina ezberdinetako norbanako sortzaile arabarrei zuzendutako proposamena da, eta euskarazko kultura sormena sustatzea, berrikuntza suspertzea eta sortzaileen artean sareak sortzea izan ditu helburu.

Egitasmoak abiapuntua otsailaren 12an burutu zen topaketan izan zuen. Kultiba enpresak dinamizatu zuen topaketan, diziplina ezberdinen arteko egitasmoak garatzeko behar diren osagarriak landu ziren, eta sortzaile anitzen arteko saretzea sustatu zen. Saretze horretatik sortu dira bi talde eta hauek aurkeztutako proiektu irabazleak.

Alde batetik, Beñat Fontaneda, Aitor Vinagret, Ainhoa Imaz eta Josune Velez de Mendizabalen Antzezmetraia lana izan da aukeratuetako bat.

Antzezmetraia. Taula gaineko sorkuntzatik, filmerainoko metodoa

Antzezmetraia diziplinarteko metodologian oinarritutako ikus-entzunezko lan bat sortzeko proiektu kolektiboa da. Proiektu pilotu gisa -eta esperimentazioaren bitartez-, ikus-entzunezko lanak sortuko dituzte lauren artean, zinema eta antzerkiaren lengoaien arteko fusioaren emaitza izango direnak. Horrez gain, prozesu eta metodologiaren aplikazioa erakusten duen making-of bat grabatuko dute. Partaide bakoitza esparru eta berezitasun batetik datorrenez, ekarpenak eta lan egiteko erak anitzak izango dira. Beñat Fontaneda, zinema zuzendaritzan, gidoilaritzan eta edizioan; Aitor Vinagret antzerkian antzezle sortzaile eta zuzendari; Josune Velez de Mendizabal antzerkian ekoizle eta sortzaile/antzezle eta Ainhoa Imaz komunikazioan eta kultur kudeaketan gidari.

Bestetik, Eneko Etxebarrieta eta Miyuki Okaberen diziplina arteko Espazioa lana izango da datozen hilabeteetan garatuko den bigarren egitasmoa.

Espazioa. Bidaia bat gure baitan

Espazioa Lehen Hezkuntzako haurrei zuzendutako obra eszeniko bat da, non antzerkiak zinemak, magiak eta musikak topo egiten duten. Lan honetako protagonista astronauta bat da, espazio-ontzia Lurraren parean aparkatuta duena. Bertatik, gure planetak gaur egun dituen konplexutasunei aurre egiteko gizabanako eta gizarte gisa ditugun alternatibei buruzko hausnarketa egiten du; horretarako, konexio ezberdinak sortuko ditu adiskide eta hain adiskide ez diren lurtarrekin. Hezkuntza-eremurako ere proiektu interesgarria izan dadin, Espazioa lanak material pedagogiko ezberdinak sortuko ditu, osasun mentalaren, pedagogiaren edo Garapen Iraunkorreko Helburuen arloetako profesionalekin batera, besteak beste.

Bi proiektu hauek garatzeko 7.500 €-tako diru-poltsa osatu da TopAraba deialdian, eta Vital Fundazioak eman duen babesa ezinbestekoa izan da dirulaguntza bideratu ahal izateko. Beraz, Oihanaderrek esker on zintzoena eman nahi die Vital Fundazioko arduradunei. Diru-poltsaren banaketa modu honetan egin da: Antzezmetraia proiektuak 4.500 € jasoko ditu eta Espazioa proposamenak, berriz, 3.000 €.

Momentu honetan egitasmoaren bigarren fasean daude bi taldeak: Ben?at Fontaneda, Aitor Vinagret, Ainhoa Imaz eta Josune Velez de Mendizabal, eta Eneko Etxebarrieta eta Miyuki Okabe beren proiektuak garatzen ari dira. Horretarako murgilduta, hamabi hilabeteko epea izango dute eta proiektuak amaitutakoan, hauen aurkezpen publikoen berri emango da.

Egitasmo honek Karraskan elkartearen laguntza (Euskadin kulturaren berrikuntza eta berrikuntzaren kultura sustatzeko elkartea) ere jaso du.

Amaitzeko, aipatu beharra dago Oihaneder Euskararen Etxeak TopAraba egitasmoaren bigarren edizio honen balorazio baikorra egiten duela. Izan ere, Oihanederren euskal sorkuntza bultzatzeko helburuarekin bat egiten baitu egitasmo honek, eta urtetik urtera diziplinarteko egitasmo berriak garatu eta ekoizteko aukera paregabea lortzen baita.

Antzezmetraia eta Espazioa diziplina arteko proiektuak garatuko dira TopAraba egitasmoaren bigarren edizioan