Hormak goraki mintzo dira
Hormak goraki mintzo dira –
«Hiltzen bagara, jakizue harro eta irmo hil garela, eta Munduari jakinarazi, gure izenean, pertsona zintzoak garela, zuzenak», idatzi zuen Abu Nada poetak pasa den astean. Emakume gaztea izanagatik, ospe handiko idazle bilakatu zen Arabiar Sormenerako Sharjah sariketaren bigarren saria erdietsi zuenean hogeita zazpi urte zituelarik, Oxigenoa ez da hildakoentzat haren nobelari esker.
Hiba Abu Nadaren sendiak Palestinatik erbesterako bidea hartu behar izan zuen 1948an, Israelgo Estatua sortzean, Nakba delakoaren garaian, eta horregatik Abu Nada atzerrian, Mekan, sortu zen. Biokimika ikasi zuen Gazako Unibertsitatean eta irakasle aritu zen, nutrizioan aditua, idazle izateaz landara.
Hiba Abu Nada poeta Israelgo Indar Armatuek hil zuten hilaren 20an, Gazako Zerrendan, Al Mayadeen kazetak jakinarazi eta bertako Kultura Ministerioak baieztatu zuenez, «Ama Lurraren lantuen eta Israelgo Armadaren misilen artean, Khan Junis herrian, hogeita hamabi urte zituela».
“Al Mayadeen” komunikabidearen arabera, ostegunean haren azken poema idatzi zuen, eraila izan bezperan: «Gaua iluna da, ezpada misilen distiragatik; isila, ezpada bonbardaketen zaratarengatik; beldurgarria, ezpada otoitzaren promes lasaigarriagatik; beltza, ezpada martiren argiarengatik. Gabon».
Oxigenoa ez da hildakoentzat, bistan da, eta Gazatik heltzen zaizkigun Israelgo indar armatuen triskantza eta hilkintzek gugan itolarria sortzen dute hatsa ebasten digutelarik. Herriko horma batean tindaketa batek dio: «Israelgo estatua, hiltzailea; Palestina aurrera!» Agian ez da poema bat, baina hormetako oihu isilak goraki mintzo dira, eta Mendebaldeko komunikabide gehienen jarrera konplizearen aitzinean arnasa ematen dute, poesiak bezainbeste.