Simone Weil (L´Enracinement): Askatasunaren erroak (Euskaratzea: Beñat Castorene)

Askatasunaren erroak –

Berriki argitaratua du Maiatz argitaletxeak Beñat Castorenek euskaraturiko Simone Weilen L´Enracinement idatzia. Hegoaldeko euskaldunentzat, gazteentzat batez ere, ezezaguna izango da Simone Weil baina 50-60ko hamarkadetan, Karlos Santamaria aitzindari zela, Txillardegi, Joxe Azurmendi eta jakinlarientzat oro har, eragin handiko obra bat izan zen L´ Enracinement; eta horregatik, euskarazko kultur tradizioa ezagunagoa izan dadin dakart hona, Castoreneren itzulpenak aitzakia emanik.

Simone Weil (L´Enracinement): Askatasunaren erroak (Euskaratzea: Beñat Castorene)

Esan dugu Karlos Santamaria izan zela aitzindari liburu eta autore horrekiko mirespenean. “Ez erori diru tentazioan” zeritzan artikuluan, aitortzen zuen atseginez ibiltzen zela liburu horren orrietan barrena:

Atsegin da, noski, noizean behin bide ezagunen barrena berriz ibiltzea. Idazti zaharra, lagun jatorra. Liburu argitsu hau hartu eta neronek ipinitako makina bat oharketa eta azpi-marra arkitzen dut bere orrietan: `Gaurko gizonak erroztapena du premiarik nagusiena´ dio Simone Weilek (Zeruko Argia; 1965-11-21).

Simone Weilek idatzi horretan gai mordoxka jorratu zituen; esaterako, langileak fabrikan, batez ere katean lan egiten dutenean, nolako esklabotzan aritzen diren, eta beste gogoeta askoren artean, nazioaren ingurukoak. Frantsesak alemanen botapean zeudela idatzi zuen (1941-43), eta frantsesak adoretu nahi zituen alemanen uztarria gainetik kentzera. Karlos Santamariak baliatu zuen abertzaletasuna versus marxismoaren eztabaidan, marxismoaren alde agertzen zen “Gazte ezagutzeko bati”, abertzaletasunaren alde egiteko:

Neretzako gizona, egiazko gizona izateko, `erroduna´ izan behar da, alegia, zuhaitz eta landare guztiak bezala, lur batean, herri batean, sartu behar ditu bere sustraiak, etsimen gorrian erori ez dadin.[…]

Simone Weil andreak marxistekin hartu-eman asko izan zituen, Frantziako résistance zelako garaian, baita hemengo gerlan, alde horretatik parte hartu zuen ere. Proletario-zale izugarria zen eta froga handiak eman zituen bere maitasunaz. Simone Weil andre burgesa zela, inork ez dizu esango.

Berak, errotasuna, sustraitasuna, nahitanahiezko gizonaren behar bat dela frogatu du, argi eta garbi, bere L´enracinement izeneko liburuan. Diruak, kapitalismoak, egiazko errotasunaren kontra jokatzen duela esaten du Simone Weilek. […]

Nonahiko herritan, sozial matxinadak sustrai gabeko gizon mota berri bat sortzen baldin badu, gizonaren kontra jokatzen du eta lehengoan baino lotuagoa aurkituko da jendea matxinada horren ondoan.

Irakurri zazu, arren, Simone Weilek idatzi ditun berrogei orriak le déracinement ouvrier gaiari buruz eta proletarioen nahigaberik handiena deserrotasuna dela ikusiko duzu. Leitu ere La condition ouvrière liburua eta uste bera hartuko duzu. (Azurmendi, 2013: 49-50).

Gatozen orain Joxe Azurmendiren hitzetara. Txillardegik eta jakinlariek eta zer azpimarratzen zuten S. Weilen testu horretan?:

Konkretuki S. Weilek Frantziako historia, monarkiak hasi eta, gero Iraultzak eta Errepublikak jarraituriko Boteretik egin eta eragindako herrien, probintzien, eskualdeen eta nazioen «deserrotze» historia bat bezala irakurtzen zuen, jendemasa deserrotuokin Estatu-makina inpertsonal abstraktu bat osatzeko. (Espainiaren historia termino berdinetan irakurtzeko ispilu garbia baitzen guretzat). Okerrena da, proletargoa askatu nahi omen dutenek berek ere, desaskatasun historia horrixe konformatu zaizkiola, hura ukatu beharrean jarraipena emanez, abertzaletasuna prejudizio burges hutsa omen dela eta, beren kontuzaharrekin. […] Frantziako historia inguruko eskualdeak eta jaurerriak banan-banan paregabeko ankerkeriaz konkistatzen, kulturalki eta politikoki desegiten, zangopean estekatzen doan Botere zentral baten hedapenarena da mendez mende. (Azurmendi, 1998: 102-103).

Frantziaren monarkiak gainerako nazioei eragindako zapalkuntzaren historia horretan erpina, hain segur, Okzitaniarekin jo zuen:

XIII. mendearen hasieran, frantziarrek egin zuten Loire ibaiaz haraindiko eremuen konkista izan zen kasik pare gutiko edo gabeko basakeria. Lurralde horietan bazen kultura, tolerantzia, libertate, bizi izpiritual maila altu bat; horkoek erakusten zuten abertzaletasun bizia “lengoaia” hitzarekin deitzen zutenerako, hau da aberrirako; horientzat frantziarrak arrotzak eta basak baizik ez ziren, orain guretzat alemaniarrak diren bezala. Frantziarrek izu-ikara segituan eragiteko, Besiersko hiri osoa xehatu zuten hasteko eta nahi zuten efektua lortu zuten; lurraldea konkistatu ondoren, inkisizioa ezarri zuten…” (Askatasunaren erroak: 107).

Euskal Herri kontinentalari dagokionez, oroit bitez Frantziako Iraultzaren ondoko izualdian, 1794an burututako deportazioak: Ainhoa, Azkaine, Ezpeleta, Itsasu, Sara, Zuraide, Biriatu, Kanbo, Larresoro, Luhuso, Lekorne eta Makea udalerrietako bizilagunei.

Atzera berriz Azurmendi eta Txillardegi eta kidekoentzat 60ko hamarkadan S. Weil zergatik zen erreferentzia erakustera etorriz:

Estatu irenslearen kritikaren azpianago dagoena, gizon-emakumeak errogabetu eta barne-hustu dituen Moderniaren kritika da. Unibertsalismo abstraktu eta mundu-hiritar lauaren aurka, «aberria», h.d., lurra, etxea, historia lokala, tradizioa, nazioa, gizon-emakumeak barnetasunez janzten eta hornitzen dituena, errebindikatzen du S. Weil judu frantsesak. Arras berria zen guretzat hori dena hain zuzen militantzia ezkertiar erradikaletik bindikatuta aurkitzea! (Azurmendi, 1998: 104).

Simone Weil 1934an eta 1935ean Renault-en aritu zen proletarioekin batean beharrean, bere larruan frogatzeko fabrikako lana zer zen. 1941ean, Marseillan nekazaritzako langile gisa. 1936an, Francok eta estatu-kolpea jotzean, Bartzelonara jo zuen kazetari boluntario gisa eta Aragoiko frontean, Durruti zutabe anarkistarekin. Albert Camusek honela goretsi zuen: “gure garaiko espiritu handi bakarra”.

Iragan mendeko 60ko hamarkadan ez bezala, badaukagu orain euskaraz irakurtzeko aukera, Castoreneri esker.

Askatasunaren erroak  Askatasunaren erroak  Askatasunaren erroak  Askatasunaren erroak  Askatasunaren erroak

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)

2 pentsamendu “Simone Weil (L´Enracinement): Askatasunaren erroak (Euskaratzea: Beñat Castorene)”-ri buruz

  • Eskerrik asko, Pako!

    Simone Weilen liburua goi-mailakoa da, exijentea, eta Beñatek primeran euskaratu du. Oso dira lagungarriak haren oinoharrak, eta argigarria Jon Mentxakatorreren gibel-solasa.

    Joan den astean aurkeztu zigun Bilboko Bira kultur gunean, eta eztabaida aberasgarria piztu zuen.

    Weilek garbi bereizi nahi ditu bere erroztamendua eta Hitlerrek aldarrikatzen zuena, arrazan, lurrean eta odolean oinarritua. Weilek deserrotzea konkista militarrari eta menperakuntza ekonomikoari lotzen dio. Frantsesak izan dira txapeldun kolonietako jendea deserrotzeko orduan.

    Weilek komunitatean ikusten du gizakia behar bezala errotzeko aukera. Hori komunitate naturalean gerta daiteke. Haatik, iradokitzen du badagoela nolabait errotzea langileriaren, laborarien eta baztertuen eta zapalduen aldeko jardun nazioartekoan; eta bere biografiak ikuspuntu hori gauzatzeko ahalegina erakusten du.

    Are, Weil kristau den aldetik, irudi luke edozein gizakik lukeela Jainkoarengan errotzea. Zentzu horretan, “Angel Erro” izen-deitura zeharo weildarrak dira.

  • Hiri Markos. Diosala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude