Heriotza iragarritako baten kronika

Heriotz iragarritako baten kronika –

“Hil behar zuten egunean, Santiago Nasar goizeko 05:30etan jaiki zen gotzaina heldu zen ontziari itxoitera. Esperoan zegoen bitartean, ezkerreko poltsikoan zeraman transistorea atera eta notiziak entzuten jarri zen: 1998an Mendebaldeko Saharan ospatu behar zen erreferenduma ez zen egingo. Santiago Nasarrek bazekien ordurako ez zela egingo, hori basamortuan arbolekin amestea bezala zela”.

Arg: Andoni Lubaki

Baina bakearen alde aukera guztiak agortu behar dira, guda ezagutzen duen herri txiki batek ongi baitaki zer den gerra… Inork ezin dezake esan bide horretan setatiak izan ez direnik: bakearen bidetik ortzimugan ezertxo ere ez ikusi arren, 22 urtez jarraitu dute oinez.

1975ean estatu espainiarrak Maroko eta Mauritaniaren esku utzi zuen Mendebaldeko Sahara, eta horrekin batera, sahararren bizitzak. Marokok genozidio bat gauzatu zuen, zibilak napalm eta fosforo zuriarekin bonbardeatuz. Lau urteren buruan, 1979an, aldaketak egon ziren Mauritaniako barne egoeran, eta gerratik erretiratu zen (gobernu aldaketa baten ostean Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren aliatu bilakatzeko). Ordutik gatazka herri sahararraren eta Marokoko erresumaren arteko konfrontazio zuzen bat izan da.

Lehen urteetako gerrila gerra egoerak baldintzatuta, okupatzaileek lurraldearen %20a besterik ez zuten kontrolpean, eta horrek beste pausu bat ematera bultzatu zituen: 2700 kilometroko harresi militar bat eraikitzera (egun funtzionamenduan dagoen munduko harresi militarrik handiena). Harresi horren helburua, okupazio berarena bezala, ekonomikoa da: herriaren mendebaldea, hots, zatirik aberatsena, kontrolpean izatea ekonomikoki ustiatu ahal izateko (arrantza, mineralak, hiriburuen kontrola…). Horrek Maroko higadura gerra batera eraman zuen, 80ko hamarkada amaieran harresia zaintzen eta mantentzen 5 milioi dolar inguru gastatzen baitzituen eguneko, bertan bizitza galtzen zuten soldadu kopurua ez aipatzeagatik.

Maroko izan zen bake akordioa gauzatzeko lehen mugimenduak egiten hasi zena. Zenbait bitartekari tartean zeudela, Fronte Polisario negoziatzera eseri zen, eta bi aldeek hiru puntu adostu zituzten:

1.Su-etena

Marokok ez du bete. Zonalde okupatuetan, hau da, harresiaren mendebaldean, milaka saharar bizi dira, eta azken 29 urte hauetan ere errepresio bortitzaz jazarri ditu bertako herritarrak. Ehundaka dira hildakoak, milaka presoak, torturatuak, bortxatuak… Gergeratekoa azken tanta besterik ez da izan: armada marokoarrak harresia gainditu, zonalde desmilitarizatuan sartu eta zibilak erasotu ditu. Beraz, ez gatoz “29 urte iraun duen bake egoera” batetik, ezta egiazko “su-eten” batetik ere: frontean bi armadek ez diote elkarri tiro egin, baina horrek ez du esan nahi, inondik inora, bakerik egon denik.

2.Zentsoa

Autodeterminazio erreferendumean parte hartu ahalko luketen herritarren zerrenda osatzea. Marokok inoiz ez du onartu inolako zentsorik.

3.Erreferenduma ospatzea.

Ez da errefendumik ospatu. 1998ko abenduaren 7an ezarri zen horretarako eguna azkenekoz, baina hautestontziek ezin izan zioten gatazkari amaiera eman.

 

Lapurreta ekonomikoa. Marokok ez dauka Mendebaldeko Saharako lehengaiekin komertziatzeko eskubiderik, baina horretan dihardu lehen egunetik. Erosleak dauzkalako, noski. Horietako asko Europan. Gaiari buruz gehiago jakin nahi izanez gero bisitatu Western Sahara Resource Watch erakundearen webgunea. Aipatzen den azken enpresetako bat, adibidez, Siemens Gamesa da. Nola eragingo dio arpilatze ekonomia honi egoera berriak? Une honetan Mendebaldeko Saharako lurra, baita itsasoa bera ere, gerra eremua direla ohartazi du Fronte Polisariok. Euskal Herriko zenbait enpresa ari dira une honetan aktibitate ekonomiko ilegal bat garatzen deskolonizazio prozesuan dagoen lur honetan?

Heriotz iragarritako baten kronika
Arrantzontziak Mendebaldeko Saharako uretan (Arg: WSRW)

Marokoar armada Ipar Afrikako ejertzito erregular indartsuenetakoa da. Baina duela 45 urte ere hala zen, eta orduan ere ez zuen lortu gaizki armatutako herri armada txiki bat garaitzea. 29 urte igaro dira guduzelaian azken aldiz borrokatu zirenetik, baina litekeena da antzeko egoera errepikatzea: herri sahararrak armada marokoarra ezin garaitzea, eta alderantziz. Gatazka hau negoziazio mahai batera kondenatuta dago. Baina esertzen diren hurrengoan, esango nuke Fronte Polisariok ez duela aski izango borondate politikoarekin, eta Nazio Batuek ezin dutela berriz mahai gainean jarri 1991n jarri zuten plan bera. Nazio Batuen porrota Mendebaldeko Saharan erabatekoa izan da.

Horrek beste galdera batera garamatza: gatazkaren gogortze hau aste batzuetako kontua izango da, edo urteetako ziklo armatu batean sartu da? Herri sahararra 29 urtez egon da itxaroten, zor zitzaionaren zain, eta tiroka hasi direnean jarri zaie mundua begira. Lezio tristea da, eta oraingoan ez bada erreferenduma ospatzen (Marokok eta Frantziak ez dute baimenduko) egoera honek luzerako jo dezake. Hori da aukera errealena, Nazio Batuek sinesgarritasun osoa galdu baitute, eta ondorioz, une honetan ezin dute fundamentuzko proposamenik egin bake planak aurrera jarrai dezan.

Ohar txiki bat. 1956an Frantziak Marokoren “independentzia” onartu zuen. Aljerian, aldiz, zortzi urteko gerra odoltsu bat eta ehundaka milaka hildako izan ziren. Zergatik? Aljeria independentea delako, egiazki independentea… Maroko ez bezala.

Maroko herrialde demokratiko gisa aurkezten zaigu diktadura feudal bat denean. Trinitate Santuaren ideiari tiraka oso ongi azaldu daiteke bertako errealitatea. Mohamed VI Marokoko erregea da, ahalguztiduna. Mohamed VI Marokoko estatu burua da, “Maroko Handia” gorpuzten duena, amets inperiala. Eta Mohamed VI-k dio bera Mohamed (Mahoma) profetaren oinordekoa dela, eta beraz, islamaren buru herrialdean. Hau da, marokoar batentzat Mohamed VI-ren aurka egitea monarkiaren, estatuaren eta jainkoaren aurka egitea da. %32,2-a analfabetoa den toki batean (gobernu espainiarraren datua), gehienak hezkuntza maila oso murritza duten herrialde batean, askatasun demokratikoetan hutsaren hurrengoa den lurralde batean… Marokoarrak eurak dira beren erregearen biktima handienak, milioika baitira atzerrira jo behar izan dutenak bizitza duin bat izateko; baina horiek ere, salbuespenak salbuespen, ez dute etsaitzat beraien seme-alabak gosera kondenatu dituena… sahararrak baizik. Ea noiz ohartzen diren harresian dauden soldadu marokoarrak etsaia ez daukatela aurrean, bizkarrean baizik. Ea noiz ematen duen buelta tortilak.

Erantzukizun handia duen beste parte bat da estatu espainiarra, indar kolonizatzailea izan zelako ia ehun urtez. Egun Mendebaldeko Saharak bizi duen egoera XX. mendean zehar izan diren gobernu espainiar ezberdinen ardura da. Espainiar gobernuek egin dutena hobekien laburbiltzen duena Felipe Gonzalezek 1976an emandako hitzaldia da: batetik esan zutena, eta gero egin dutena, hots, herri saharra zokoratu eta Maroko babestu, politikoki eta ekonomikoki. Gernikan “Gora Euskadi Askatuta” esan zuen beraren eskutik, HASTA LA VICTORIA FINAL diskutsoa:

Argi dago Frantzia norekin posizionatuko den. Nola jokatuko du egungo gobernu espainiarrak? Podemos beti posizionatu da Mendebaldeko Saharan autoderterminazio prozesu baten alde. Ze pisu izango du gai honek PSOE-Podemos gobernuan? Bizkarra emango diote herri sahararrari?

Bestalde, nola  jokatuko dute Jaurlaritzak eta gobernu foralak? Krisi ekonomikoa izugarria datorren honetan, ze posizio hartuko dute Mendebaldeko Sahara ilegalki arpilatzen ari diren enpresekin? Galdera erretoriko samarra da, badakit. Euskal Herriko itsasontziak arrantzara joango dira Saharako uretara kuota Marokori ordainduz, eta ondoren, karitate gisa, atun latak bidaliko dituzte errefuxiatu kanpalekuetara.

Amaitzeko, nazioarteko testuinguruak nola eragingo dio oraingoan gatazkari? Gerran zeuden azkeneko aldian Sobietar Batasuna existitzen zen oraindik. Orain Txina protagonista da munduan eta Afrikan, gerra dago Yemenen, Sirian, Libian ez dago Gadafi, inmigrazioak Saharako lurrak zeharkatzen ditu, Hego Amerikan burujabetza prozesu sozial emankorrak izan dira, erreferendumak ospatu dira Eskozian eta Kanakian, Katalunian aldebakarreko erreferendum bat egin da… eta mundua pandemia baten erdian dago.

Gerra hau heriotz iragarritako baten kronika izan da. Eta guztia herri bati bere borondatea erreferendum libre eta demokratiko batean adierazten ez uzteagatik. Biolentzia? Biolentzia estatuarena.


Informazioa jasotzeko iturri hauetara jo dezakezu:

 

Heriotz iragarritako baten kronika
Heriotz iragarritako baten kronika
Heriotz iragarritako baten kronika

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.

6 pentsamendu “Heriotza iragarritako baten kronika”-ri buruz

  • Zergatik “heriotz iragarritako baten kronika”? Ez al da hori okerra?
    Zuzena “iragarritako heriotza baten kronika” litzateke, -tako/-dako erlatiboaren ondoren sustantiboa egon behar delako (kasu honetan “heriotza”).

    Heriotzak a organikoa du: https://hiztegiak.elhuyar.eus/eu_es/heriotza

    Gaztelaniaz, baten batek horrela ulertuko luke: “la muerte de una crónica anunciada”. Eta helarazi nahi dena uste dut hau dela: “la crónica de una muerte anunciada”.

  • Xuxentzaile, testuak baditu zenbait akats. Halere, denok bezala ulertu duzu izenburu hori.
    Gutxienez, pare bat ohar egin bezenizkio mamiaz, eta gero hori bota!, baina, ez, edukiari kasurik ez, eta ateraldi hori besterik gabe. Gramatika-arauei zor zaie begirunea, baina aizu, edukiaz arduraturik idazten duten pertsonei gehiago, ez?
    Nik uste idazleak testu honetan bere barrutik asko jarri duela.

  • Caixo Benat,

    Urdunnia hirian vici nincenean, bacen emacume sahariar bat ceinac ni ikusten ninduen bakoitzean negarrez hasten baitzen, bere semea Aziz gogorara ethortzen ciçaiolacoz. Aziz Polisarioco policia cen. Elkartu guinen behin, eta Saharaco realitateaz minçatu ahal ukan guenuen. Orduan herrico Gazte Asamblatuan editatzen guenuen Sincona aldizcarian haiei eguinico elkarrizqueta bat publicatu guenuen. Spero dut familia hura ahalic eta hoberen egon dadila. Aspalditic ez dakit ecer haien inguruan. Samira iceneco nescato bat çuen Azizec arreba, orain nesca gazte bat içan behar da, çu beçalacoa.

    Nola intellegatu behar dugu gathazca haur, orain concretuqui? Nere ustez, Europar Elkargoaren çathiquetac berevicico garrancia daduca. Mauritaniatic Europaranz narcotraficoaren sare garrancitsu bat cegoen, eta dagoque.

    Azquen aldiotan Espainian narcotraficoari guda bat eguin diote, haimbat buru atzemanez. Uste al duçu mundu mailaco narcotraficoaren reorganiçationearen baithan emaiten dela orain gathazca honen berharcea?

    Nic ez daquit.

    Adeitassunez

    Alexandre

  • Alpargatero 2020-11-17 14:29

    Ez dakit zergatik, baina Xalbador Garmendia itzultzaile zaldibitarrak horrela eman zuen García Marquezen eleberri zoragarriaren izenburua euskaraz. Begoña del Tesok oso kritika gogorra egin zion Xalbadorren lanari: https://eizie.eus/eu/argitalpenak/senez/19840101/teso

  • Kaixo, Zuzenketa:
    Niri ere hala iruditzen zitzaidan, “iragarritako heriotza baten kronika” zela forma zuzenena, baina ikusita Garcia Marquezen liburua euskaratua zela eta izenburu hori zeramala, titulu bera jartzea onetsi nuen. -a itsatsia jartzea pasa egin zitzaidan.

    Alexandre,
    Marokotik pasatzen edo ateratzen da Europara bidaltzen den droga asko (Hassan II.aren garaian Brasilditik iristen ziren kokainaz betetako hegazkinei buruz ere hitz egiten zen). Dena den, ez dut uste hori izan denik guda berriz hasteko pizgarri nagusia.
    Sahararrek presio neurri ezberdinak jorratu dituzte azken urteetan: protesta politiko eta baketsua zonalde okupatuetan, diplomazioa nazioartean, eta baita Gergeratekoa bezalako ekintzak ere. Hor dago gakoa, ekonomian. Izan ere, Gergerateko mugan aktibitate ekonomiko handia dago, zonalde okupatuetara sartzen diren produktuekin batetik, eta bestetik Marokok Afrika hegoalderantz esportatzen duenarekin (ilegalki eskuratutako lehengaiak, asko). Martxa hori eten izanak harresitik kanpora irtetzera animatu ditu, jakinda horrek zer suposatzen zuen.
    Ez dute eskaintza politikorik Mendebaldeko Sahararentzat, ez bada haiek azpiratuta bizitzea. Marokok bake hitzarmena urte luzez lehertu izana izan da gerrara itzultzeko arrazoi nagusia, ene ustez.

    Ondo izan

  • Caixo Benat,

    Ados çurequin. Iphar African conflicto anhitz dagoz Sahelen, Maghreben; gehi dietzogun personnen migrationeac. Egoera nahicoa chaotico horretan Franciac eraguin handia ukan du. Orain Maroccon da berhiztuta cassus belli çahar bat. Orain dela guti arte eskualde hura Espainiaren parte içan da, eta Espainiac ardura handia du horretan. Espainiac gaur egun ere bere troppa anhitz bilduac ditu Marocco ipharraldean. Gathazca honec mugui ditzaque gauçac militarqui, aguian baita Iberiar Peninsulan ere.

    Supposatzen dut Polisarioaren aldetic guerra egoera declaratzea, eta horrec dakartzan muguimenduac ere desseinu politico baten baithan eguiten direla. Sayatzen ari naiz gauça distanciatic ulhercen, contextu geopolitico baten baithan. Principioz Polisariorequico elkartassuna sentitzen dut, bainan nola ez baitaquit cehazqui cer guertatzen den ezta cergatic, ophtica çabal eta analyticotic eguiten nerauçun nere galdera.

    Mila esquer gaia aurquezteagatic, articulua interessante deritzot osso.

    Alexandre