Jantzi Ezina

Jantzi Ezina –

Burutik pasa ere ez zitzaion egingo Mikeli egun hartan egin zuenak gerora ekarri duen guztia. Goiz hartan, ikastolara joateko, gona janztea erabaki zuen. Aspaldian omen zuen nahia betetzeak mugitu duen guztiak gona hori oihal zati bat baino zerbait gehiago dela erakutsi du.

Jantzi EzinaBada, gauzak horrela, keinu horrek sekulako lurrikara eragin zuen goiz hartan. Mikel psikologora bidali zuen bere irakasle batek, klasea eten eta gero, gelakideen irainen hotsa oraindik entzun zitekeenean. Zakila izanda gona janzteagatik, 2020. urtean, psikologora.

Izan ere, Mikelek agian zertan ari zen jakin gabe, normaren aurkako ekintza politiko txiki bat gauzatu zuen bere nahia betetzera atrebitu zenean. Edo, ez hain txikia, lortu duen oihartzuna noraino iritsi den ikusita. Sare sozialetan ikastolan pasa zitzaiona salatzea besterik ez zuen behar izan bere iraultzaren metxa pizteko. Dagoeneko iraultza ez da Mikelena soilik. Irakasle hark Mikel psikologora bidaltzea cisheteropatriarkatuak barreneraino jota gaixo dagoen jendarte batek erakusten duen sintoma bat da. Jendarte horrek, guk, zuk, markatutako bidetik ateratzera atrebitzen den edozeinentzat erantzuna ere oso ikasia du, dugu, duzu: zigorra. Hori da Mikelek egun horretan jasan behar izan zuena, irainak eta psikologora bidaltzea izan baitziren bere zigorra.

Baina, zer da zigor horren atzean dagoena? Zerk bultzatzen gaitu markatutako bidetik ateratzen den horri zigortzera? Gure burua babestea, alegia. Erakusten digu gu bidea jarraitzen ari garela. Garena mugitzen du, eta ezin dugu onartu guretzat berdina den batek gona janztea, guk ere jantzi dezakegula suposatzen baitu. Eta, horrek, gure mamu eta beldurrekin aurrez aurre jartzera derrigortzen gaitu. Bidetik ateratzeak beldurra ematen baitu, eta ez gara gai. Ezin dugu eta ez dugu nahi, sekulako esfortzua izango bailitzatekeelako. Hortaz, norberari mugitzen diona onartu beharrean, ondokoa zapaltzen dugu, iraindu eta psikologora bidaltzen dugu, guztiz lekuz kanpo egon beharko liratekeen galderak erantzutera.

Honek guztiak oinarrian duena gizontasuna ulertzeko eredu toxiko, hegemoniko eta normatiboa da. Genero arteko arrakalarekin bukatzeko konponbidea berdintasuna eta hezkidetza direla sinestarazi diguna. Emakumezkoak orain arte ez zeuden tokietara eraman dituena, bai, baina gizontasun ereduaren eztabaida apenas ireki duena. Erdi bideko berdintasuna deitu diezaiokegu. Beraz, cisheteropatriarkatuak ziria sartu digu, berriz ere, eta ez gara konturatu: ez ukitu gizontasun sakratua.

Kontestu horretan, Mikel goiz hartan sistema zirikatzen saiatu zen, bere nahia bete zuenean. Eta sistemak automatizatua duen erantzuna jaso zuen, ondorioz. Baina Mikelek ez du laguntza psikologikorik behar gona jantzi duelako. Sistema zirikatzeagatik Mikel zigortzen duen jendartea da laguntza behar duena, cisheteronormatibitatearen kutxa zurrunetik kanpo askeago bizi eta izateko.

Bai, jendartea eta horren jarrera dira eztabaidagai izan beharko liratekeenak. Urte asko daramatzagu fokoa norma apurtzen duten horien gainean jartzen, baina bada garaia fokoa norma jarraitzen dutenen gainean jartzeko. Zeren, eztabaida ezin da izan Mikelek gona jantzi duela, horrek gainontzekoengan zer eta zergatik eragiten duen baizik.

Zorionez, arestian aipatu lurrikara haren hainbat eta hainbat erreplika ere etorri dira harrezkero. Tartean, On?atiko Zuazola-Larran?a institutu publikoko ikasleek burututako ekintza. Sortutako arrabotsa ikusita, erabaki zuten beraiek ere gonaz jantzita joango zirela hurrengo egunean klasera. Pentsatu, esan eta egin. Egia da egun batez gona janzteak ez duela oinarrian dagoena bat-batean konponduko, ekintza sinboliko bat izan daitekeela soilik. Egia da baita ere gona jantzita eraman duten gazte batzuk irainak jaso behar izan dituztela beraien eskoletan eta beste batzuek jolas moduan hartu dutela. Badakigu patriarkatuaren erroak ez direla egun batetik bestera desagertuko.

Hala ere, klasera egun batez gona jantzita sinbolikoa den zerbait izateaz gain, sinbolismoz beteta dagoen ekintza bat da. Politika egitea da, nolabait, eskala txikian. Zerbaiten erakusle da, esperantza leiho bat irekitzera eraman diezagukena: esna dagoen gazteria bat ere badugu gure artean, bere inguruan gauzak gertatzen ari dela ikusten duena, kontzientzia politikoa duena eta norma zalantzan jartzen duena. Eta, era berean, gazte hauek bide horretan laguntzeko prest profesional ugari ditugula ere erakusten digun sintoma bat dira horrelako ekintzak.

STEILAS hezkuntza sindikatuan hezkidetza kontzeptua gainditu eta pedagogia feministak martxan jarri behar direla azpimarratu izan dugu azken urteetan, eta horrelako egoerek planteamendua indartu besterik ez dute egiten. Poliki-poliki bada ere, cisheteronormatibitatea atzean utziko duen jendarte bat eraiki behar dugu, etorkizunean gaur egun ez garen jendarte justu eta aske bat izan nahi badugu. Jarrai dezala lurrikarak.

 

Iban Albizu Alvarez
Nagore Iturrioz Lopez

Jantzi Ezina  Jantzi Ezina

8 pentsamendu “Jantzi Ezina”-ri buruz

  • Bai, neuk ere lurrikara sentitu nuen nire oinpean, heteropatriarkatua dardarka jarri omen zuen lagun honek. Gizon guztiok gonak jantziz gero dena hankaz gora jarriko dugu eta behingoz aske izango gara!! XIII.mendean bezala, gizonok takoika, ileordeak eta makillaje erabiltzen genituenean…

  • XVIII. mendea esan nahi zenuen? Bai, Frantzia aldean batez ere, Louis XVI garaian, gizonek takoiak, ileordeak eta makillaje erabiltzen zuten.
    Nik uste gaur egun benetan iraultzailea dena zera da; euskalduntasuna muturreraino eramatea.

  • Hori bai, gauza horiek elite eta aberatsen kontua zen. Herri xeheak ez zuen pitokeria horietarako denbora ta baliabiderik.

  • Alpargatero 2020-11-17 14:17

    Gertakari hori egiaztatuta dago? Eta nolatan ez ditugu izan tele-kate guztietan aste osoan horren inguruko harrabotsak? Emango nuke gaztetxoen sare sozialetan zabaldutako beste gezur horietako bat dela.

  • Ileordearekin bat nator. Une hontan Euskal Herri zigortu honetan, egin leike iraultzarik handiena euskalduntasuna muturreraino eroatea da. Eta ez hori bakarrik, latzena, gatxena, sakrifikatuena eta gehien nekatzen duena. Gainontzeko egun bateko sasiiraultza sentzasionalistak, oso ikusgarri eta deigarriak badira ere, ez dakarte sakrifiziorik, galeriara begira egindakoak dira.

  • STEILAS sindikatua… lan munduan ez dago nonbait liskar eta gorabeherarik, institutuko nerabeen protagonismo nahi eta biralkerietan erori gabe! Ene! Hor ikusten da gaur egungo sindikalgintza zertan bihurtu den!

  • Sindikalgintza? adarra joten zabilz ala? Honeek sindikatuek irakaskuntza mailan dihardutenak, hobe leukie gaur egun euren esparruan dagozan astakerixak salatuten. Bai administrazioaren aldetik, baina baita langile askok daukien narrusendo jarrera, bajatik bajara dabiltzanak eta bitartien sosa politak poltsikora eruaten. Iraultza gure ba dabe egin, langile konprometituak eta duinak sortzen lagundu deizela, eta ez txupoptero hutsak. Honekin ez dot esan gure danak diranik, ezta gitxiagorik ere, baina emoten diren kasuak (eta ez dire lau) salatu deizela. Holan behintzet aspaldi galdu daben sinesgarritasuna lortzeko urratsa emongo leukie.