[Katalunia: matxinada demokratikoa] Hautetsontziak lege eta borren aurka

[Katalunia: matxinada demokratikoa] Hautetsontziak lege eta borren aurka –

[Katalunia: matxinada demokratikoa I] Aragoiko frontea
[Katalunia: matxinada demokratikoa II] Miquel Berga: “Beharrezkoa izango da bitartekaritza prozesu bat”
[Katalunia: matxinada demokratikoa III] Francesc Burguet: “Akabo prozesuari buruzko aniztasun informatiboa”
[Katalunia: matxinada demokratikoa IV] Etorkizuna marrazten nazio burujabe bezala

.

.

(Gaur hamabost burutu zen urriaren 1eko erreferendumaren kronika #katU1):

Legalitateak eta legitimitateak katalanen kontzientzia eta hautetsontziak dituzte jokoan

Gauak izara zabaldu du Bartzelonaren gainean, eta ordu txikietan erreferenduma ageri da hiritarren ametsetan, hiria estaltzen duten lainoak bezala. Lo gutxi egin dugu, baina herri honetako beste makina bat herritar bezala, goizeko 4.30 jo dutenerako kalean gara jada. Hiriaren goiko aldetik oinez gabiltzala parrandatik bueltan datorren jendearekin gurutzatu gara, atzerritarrak batez ere, gaur gertatuko denaz bihar telebista bidez enteratuko direnak, behin eta berriro mezu bera, urriaren 1eko deialdiak porrot egin duela, zabalduko duen katetako batean.

[Katalunia: matxinada demokratikoa] Hautetsontziak lege eta borren aurkaSarriako Metro geltokirantz goaz, baina aurretik autobusa hartu dugu, 8N autobusa, Katalunia plazaraino eramango gaituena, hiriko erdigunera. Gazte gutxi batzuk baino ez ditut bidaide ibilgailuan, begirada lurrera iltzatuta batzuk, lo besteak; ez pub ez after hour-etan, jada kaleetan dagoen gatazkari jaramonik egiten ez diotenak.

Katalunia plaza zine plato erraldoi bihurtu dute. Munduko bazter guztietatik etorritako telebista kateek bertan ezarri dute beraien kanpamentu nagusia, munduak inoiz ikusi ez duen gertakariaren berri emateko: hautetsontzietan bozka eman nahi duen herri bat, eta edozelan erreferenduma eragotzi nahi duen Espainiar Gobernuarena. Ondoan, Cayetano Martinez de Irujoren arropa kanpaina bateko afixa alegoriko batek jartzen dio umore puntua goizaldeari: “España está de moda -Piel de Toro- Orgullosamente españoles”, dio.

Hemen, plazan, gazte bikote batekin egiten dut topo, Dani sevillarrarekin eta Camila brasildarrarekin (orain gutxi kartera lapurtu diote); ez dute ulertzen, jatorri oso ezberdinekoak izanda ere, zeintzuk izan daitezkeen jendeari bozkatzen ez uzteko arrazoiak. Ranbletara bidean, 128. zenbakiaren parean, gogoratu dugu Continental Hotelean egon zela, 1936 bukaeran, George Orwell, emazte Eilen O´Shaughnessyrekin batera. Apur bat aurrerago, 138. zenbakian, “Homage to Catalonia” lanaren egilearen memoriarako historikoa den beste eraikin batekin egiten dut topo. [Katalunia: matxinada demokratikoa] Hautetsontziak lege eta borren aurkaRivoli Hotela, garai hartan POUMeko batzorde eragilearen egoitza izandakoa, Banco De Catalunyari harrapatutako bulegoetan. Hemen, egoitza defendatzeko aginduei jarraiki, justu parean dagoen Poliorama antzokian paratu zen Orwell beste miliziano batzuekin batera. Rivoli hotelaren fatxadara begiratu eta hozkirria sentitu dugu soinean. Gelako argia piztuta duen gizon bat dago balkoian, eta bere itzal luzeak Orwell bera dela sentiarazi digu, Kataluniara bueltan, bertan zer jazotzen den kontatzeko asmotan.

Bart hasita hiriko `borrokaleku´ bihurtu den batera joatea erabaki dugu, hautesleku batera (Carrer de Provença 187 zenbakian dagoen Joan Maragall institutura). Goizeko 5.20 dira, eta euri-langarra kaleak bustitzen ari da. Zeru lainotuan hegan dabiltzan bi helikopterok “Blade Runner” ekartzen digute gogora, bere jendartearen ikuspuntu distopiko eta guzti, edo Orwell beraren “1984”, eta toki guztietatik zelatan den Anaia Handia. Eszenatokia primerakoa da, gidoia jada idatzia dago, eta Piolinen marrazkiz estalitako ontzietan gordeta dauden gobernuaren tropek bozkatu guran dauden `Terroristen´ kontra egitea baino ez da falta. Osagai hauekin Ridley Scottek toki bat egingo luke Zazpigarren Arteko paradisuan. Oinez goaz Kataluniako Ranbletan gora, Provençarekin gurutzatzen den arte. Luxua eta miseria bereizten da portaletan. Kartoi gainean bizi diren eskaleak eta parrandarako tabernak. Terrazetan, toldopean, bikote batzuk oso maiteminduta daudela ematen du, beste batzuk sutsu eztabaidatzen dute.

Joan Maragall institutura goizeko 5.55an heldu gara. Hirurehun lagun inguruko taldea zain dago kalean eta espaloietan, euripean. Asko aurreko eguneko arratsaldetik daude bertan, institutuaren itxiera eragozteko. Minutu batzuetara mossoen patruila bat agertu da, bi emakumek osatua. Bertara bilduak agurtu, eta hauen laudorio eta txaloak jaso dituzte. Lasaitasuna da nagusi, eta itxura guztien arabera ez dago inolako arazorik, bakoitzak dagokiona egiten baitu. Bi emakume poliziek inguruan duten jendetzari gaua zer moduz igaro duten galdetzen diote, eta erantzuna jaso, molt be. Itaunketa jarraitzen dute. Badago hemen arduradunen bat? Ahots bat eginda erantzuten dute denek: tots som responsables. Atea itxita dago? Si, la porta está tancada. Jendearekin atsegin jarraitzen dute berbetan, alde egin baino lehen. Bete dute tramitea. Eta bertan gelditzen dira, nagusiei walkie talkie-z informazioa pasa bitartean.

Gero eta jende gehiago dago. Orain beharbada bostehunetik gora izango dira, bizimodu eta adin guztietakoak, auzo hau maila ertain-altukoa bada ere. Mauriciorekin hitz egin dugu, bertatik pasatzen diren autoei norabidez aldatzeko edo jendetzaren artetik astiro-astiro igaro daitezela esateko ardura duen ingeniari Tekniko industriala. Hautetsontziak ez dira heldu oraindik, baina Mauriciok aipatu digunez, `txinatarrak´ erortzear dira. Gosarirako datu batzuk ere eman dizkit. “Begira, Katalunian badugu ekonomikoki aurrera egiteko masa kritiko nahikoa. Madrilen, dinamika ekonomiko eta politikoa birzentralizazio prozesu bat burutzen ari da, eta baliabide metaketa bat (megaMadril); eta honek Estatuko beste komunitateen garapena eragozten du, ez bakarrik Kataluniarena. Trantsizioa iruzur bat izan dela esan beharra dago, Alderdi Popularrak eta sozialistek pastel osoa beraien artean banatzeko bipartidismoa ezarri zuten-eta. Erkidegoen Estatua ere muntatu zuten politika hutsalekin, azken finean ez baitago ezer egiteko konpetentziarik, asko jota beharrizan txikiei erantzuteko baino ez, eta garesti ordainduta. Estatu eredu honek porrot egin du, eta katalanok ez dugu elikatzen jarraitu nahi. Beraz, bagoaz”.

.

Mugarri bat

Gaurkoa mugarri bat izan daiteke? “Noski -jarraitzen du Mauriciok-, baina aspalditik datorren kontua da. Gertatzen dena da hemen jada ez dagoela inolaz ere atzera bueltarik. Bazuten Estatu eredua aldatzea, sinesgarritasun nahikoa izan zezakeen beste bat jarrita, baina jada ez da posible, beraiek baitira ez dutenak sinesgarritasunik. Jada egin dezaketen bakarra, helburu argi batekin martxan dagoen Kataluniako mugimendu sozial eta politikoa atzeratzea da: independentzia”.

Tarteka txaloak entzuten dira, eta “votarem, votarem…” oihuak etengabe. 37ko udaberrian fronterako bidean ziren milizianoek zuten idealismo bera ikusiko luke hemen Orwellek. Beraz, Mauriciori gaurko eguna garrantzitsua ote den galdetzen diogunean, irmo erantzuten digu. “Bai, baina gaurtik aurrera etorriko diren guztiak ere izango dira garrantzitsuak. Parte hartze maila gutxietsita ere, erreferendumaren antolakuntzari oztopoak jarrita ere, inhabilitazioak eta isunak ezarrita ere, epaitegietako errekurtso eta enbargoak, herri honek esan du berea: nahikoa da!”.

[Katalunia: matxinada demokratikoa] Hautetsontziak lege eta borren aurkaGoizeko 8.56 dira. Euria barra-barra ari du jada, eta Polizia Nazionalen furgoneta saldoa errenkadan pasa da iparralderantz, sirenak jo eta jo. Haiek kontatzen nekatu garenerako hogeitik gora doaz. Jendeak txistuka hartu ditu, eta askok lurrean esertzeko keinua ere egin dute, furgoneten sarrera eragozteko. Adinez gora doan emakume bat kale erdian paratu da, hondartzako aulki eta erosketetako gurditxo eta guzti. “Nire senarra eskuindarra da, baina ni hemen nago, katalanen demokraziaren defentsan”.

Beste askorekin ere egin dugu berba, eta iritzi guztiek bat egiten dute, ñabardurekin bada ere. Jordik, 48 urteko ingeniari industrialak, eskuinari ematen zion bozka gaztetan. Egun independentista da. “Nire ama ere Alianza Popularrekoa zen, eta gaur BAI bozkatzera etorriko da geroxeago. Espainian gertatzen ari den hau anakronismo hutsa da Europan, diktaduretan jazotzen dena. Elkarbizitza egon dadin aldamenekoa onartu beharra dago aurrena, eta hemen Katalunian espainiar klase politikoak ez gaitu aintzakotzat hartzen. Nik ez bakarrik politikoki, emozionalki ere egin dut hiritar gisa alde batera utzi nauen sistemarekiko deskonexioa”.

Jendetza handituz doa eta hemendik ez du inork alde egiten. Orain, bozen kontaketa eragozteko asmoz Internetera sarbidea ixteko ahaleginak pairatu dituztela adierazi dute bozeramaile batzuk. Jarraibideak errepikatu dituzte: “polizia baletor, lurrean eserita itxaron banan banan eraman behar gaitzaten, eta oso garrantzitsua dena, mugikorren bidez irudiak grabatu eta haizatu”.

[Katalunia: matxinada demokratikoa] Hautetsontziak lege eta borren aurkaDenbora aurrera doa eta leloak kantatzen jarraitzen dute. Orain David dut solaskide, oraindik ere autonomoa den gizona. “Espero dut datorren urriaren 6an (1934an Frances Macíak Errepublika Katalana deitu zueneko urteurrena) Governak aldebakarreko Kataluniaren independentzia aldarrikatzea”. Derrepente, jendetza txaloka eta oihuka hasi da; makur-makur egindako emakume bat euritakoen eta jende ilaren artetik aurrera dator. Gaur hautesleku honetan bozka eman duen lehenengo hiritarra dugu, Maria Rosa Pellejero du izena, etorkina da eta 83 urte ditu. Bere bisaiak dena esaten du: zentzugabekeria eta basakeriaren aurrean, gaur hautetsontziek irabazi egin dute.

__________________

Hautetsontziak lege eta borren aurka Hautetsontziak lege eta borren aurka Hautetsontziak lege eta borren aurka Hautetsontziak lege eta borren aurka Hautetsontziak lege eta borren aurka Hautetsontziak lege eta borren aurka Hautetsontziak lege eta borren aurka Hautetsontziak lege eta borren aurka Hautetsontziak lege eta borren aurka Hautetsontziak lege eta borren aurka

.

.

.

.

Joan Matamala

ORWELL (63ko egitasmoa)

.

Zer gertatuko da hurrengo?

Lanik inportanteena dator gero, benetakoena. Pausu hau [erreferenduma] derrigorrez eman beharrekoa da, baina guretzat guzti honek zentzua izango du “prozesu konstituiente” bat egiteko aukera ematen badigu. Aspektu honetan irmotasunez egin beharko da lan, eta horrek guztiak zentzua izango du herrialde berri bat, ezberdina, eraikitzeko kapazak bagara. Uste dut jendarte katalana konturatu dela, eta erakutsi duela, herrialde ezberdin bat egitea posible dela; hauxe da asko eta asko independentismora bildu izanaren arrazoia, batez ere beste aldean duguna, ondo ezaguna, jasanezina delako. Guk geuk baino independentista gehiago egin ditu espainiar Gobernuak.

.

Garaipen bat da puntu honetara heldu izana?

Bai, jendarteak irabazi du, Espainiarekiko askatu da. Jada independenteak gara, oraindik ez dakigun arren. Ofizialki ez gara, baina emozionalki jada independente sentitzen gara. Horregatik, jada ez gara Guardia Zibilaren beldur, bidaltzen dizkigute eta agur esaten diegu… eta honek sakonean eragin du. Guretzat garrantzitsuena orain, berriro diot, “prozesu konstituiente” bat irekitzea da, non lan sakona egin beharko dugun, oinarritik eta soseguz, jendartearen partaidetzarekin. Hemen alderdi independentista guztiek onartu dute hiritarrekin ondo landutako Konstituzio bat egin beharra, baina denok dakigu status quoaren kontra joaten dela hori, eta ziur gaude borrokatu beharko dugula, zaila izango baita alderdiek boterearen parte bat “uztea”.

.

Bada bloke independentistaren batasuna apurtzeko arriskurik?

Egia da ideologikoki banatuta dagoela bloke independentista, baina batasuna dago independentzia lortzeko helburuari dagokionean. “Prozesu konstituientea” egin arte bloke monolitikoa izango dugu, azken hilabeteetan frogatu denez. Hau ez zela horrela pentsatu du espainiar Estatuak, eta nire ikuspuntutik hauxe izan da egin duten akats nagusia; gu geu auto suntsituko ginela pentsatzea, nolabait esatearren, edo gure ezberdintasun ideologikoak helmugarako asmoa baino indartsuagoa izango zela. Eta hau ez da gertatu, eta ez da gertatuko. Frogatu ahal izan da bai Junt pel Si bai CUPek ordezkatzen duen ezker erradikalenetik azken hilabeteak granitikoak izan direla, portaera kohesionatua izan dutela, eta bakoitzak bere koherentzia mantentze aldera, barne kontsumorako ezberdintasun txiki batzuk baino ez direla agertu.

.

Zer gertatuko da bihar [erreferendum egunaz].

Horixe da galdera nagusia. Nire aburuz, Estatuak porrot egin du bi aspektu garrantzitsutan. Batetik, ez du lortu herritarrak mossoen kontra jartzerik, batasun handia agertu dute eta ez dago elkarren kontra egiteko asmorik, ez batzuen ez besteen aldetik. Are, elkarren kontra ez egiteko borondatea dago. Batzuk zein besteek ulertu dugu azken helmuga argia dela, eta helburua lortu arte elkarrekin egon behar dugula. Beste kontu bat da bihar zer egingo duten Estatuko indarrek, eta horixe da galdera nagusia; pasieran ibiltzera ez dira etorri eta izango dute asmoren bat. Gainera, ez dute lortu mossoak Estatuaren menpe jartzea, eta horixe da bigarren porrota, Generalitatearen aldetik oso jarrera monolitikoa jaso dute-eta. Azken bileran, dakidan apurragatik, tentsio handiak izan ziren Estatuaren partetik etorritako norbaitekin, eta bateren batek paperak galdu omen zituen apur bat, mossoen agintaritza hartu behar zuen lotinant koronelak edo. Hemen ere porrot handia jaso dute.

Zein jarrera hartuko dute bihar? Nik badut beldur, beraiek hona jardutera etorri dira, Gobernuak ezin du guk bozkatzerik onartu, bozkatzen badugu galdu egin du; baina ez badugu bozkatzen ere galdu du. Beraz, ez dakit zer egingo duten baina uste dut hautesleku batzuk aukeratu, boz-emaileen aldetik handiak direnak kopuruari dagokionez (bestalde, probokazioak funtzionatu ohi du); eta hauek babestu eta hermetikoki ixten saiatuko direla. Hori erabili nahi izango dute esateko hemen herritarrek ezin izan dutela libre bozkatu, eta beraz, kontua patxanga bat izan dela eta ez garamatzala inora.

.

Planen bat izango da, ordea.

Gobernuak izango ditu. Guk egin dezakegun bakarra, jarraibideak jaso eta uneoro lehenbailehen erantzutea da. Baina pentsa, jende ilarak besoak gora eta boto paperak eskuan direla, aurrean Estatuaren segurtasun indarrak izatea bozak eragozten… irudi latza da Estatuarentzako.

.

Indarra erabiliko dute?

Ez dut uste, prozesua aspalditik baitago atzera bueltarik gabeko puntuan. Ohartu zaitez errepresioari dagokionez ere Estatuaren indarrak behera egin duela, eta ez da kasualitatea, ez da ez dutelako gogorik, ez da ez dutelako planik, ez, kontua da hemen gu enteratzen ez garen arren gauzak gertatzen direla. Ez dira alferrikakoak estatubatuarren Estatu departamenduak egin dituen hiru adierazpenak. Ez da kasualitatea Nazio Batuetako errelatoreek esandakoa ere, ezta Junkersen adierazitakoa, gero atzera egin arren, esan, esan zituen-eta. Hemen, guk ezagutu ez arren egiaztagarriak diren gauzak ari dira gertatzen. Europan ez zaie interesatzen beste foku ezegonkorrik. Status quoa ez aldatzea defendatuko dute… baina ez dute gura dagoeneko badituztenez gain gatazka gehiago, ez baitira gutxi. Eta ekonomiari eraginik egin gabe konpondu ahal bada auzia, onargarria ere bada.

Katalunian gertatzen den kontu batez gutxi hitz egiten da. Nazioarteko harremanak interes ekonomikoen arabera egiten dira, eta Katalunia azken bost urtetan atzerriko inbertsio gehien jaso duen Europako lurraldea da. XX. mendeko azken 50 independentziak hartzen baditugu, ikusiko dugu badagoela beti errepikatzen den kontu bat, 5-10 urtez ekonomiak gora egiten duela harrigarriro. Herrialde berri bat egiten delako gertatzen da, ilusio handia dagoelako jendartean, inbertsio berriak behar dira eta inbertitzeko gogoa dago, dirua ere heltzen da… gurpil ekonomiko indartsu bat da. Eta hau gurea bezalako ekonomia batean gertatzen da, berez indartsua dena eta kokapen geopolitiko garrantzitsua duena. Enpresek luzera begira jokatzen dute, eta uste dut horregatik daudela azken urteetan multinazionalak Katalunian inbertsio handiak egiten. Beste alde batetik, uste dut Europa, diskretuki bada ere, espainiar Gobernua estutuz ibiliko dela, tontakeriarik egin ez dezan, bateren bat akaso, baina ez gehiegi. Gero bada beste kontu garrantzitsu bat ere: espainiar Estatuak inoiz itzuli ezingo duen zorra du. Eta badakite ekonomia Katalanak zor horren %25-30 inguru har dezakeela arazorik gabe. Eta horrek bere eragina du, ez baita gauza bera Espainia zor guztiarekin erortzen uztea edo %30 gutxiagorekin.

.

Noizko izango du Kataluniak egiazko independentzia?

Hilabete honetan zehar izango dela uste dut, independentziaren aldarrikapena. –“Uste duzu aldebakarreko adierazpen bat izango dela?”, xaxatu dugu-. Aldarrikapenak ia beti aldebakarrekoak dira… Txekoslovakia edo Suediakoa adostuak izan ziren, baina gutxitan gertatu da hori. Bihar boza nahikotxo lortzen badira [urriaren 1eko erreferendumean] eta bai aukerak irabazten badu, eta erabat ziur nago horrela izango dela, legeak agintzen du aldarrikapena egin behar dela. Gero, aurretik izan diren independentzia aldarrikapenek erakutsi digute erabat efektibo izateko eta dena konponduta izateko bi edo hiru urte beharko ditugula. Txekoslovakiaren kasuan, guzti hau sei hilabetetan egin zuten. Guk, gainera, sorpresaren bat izango dugula uste dut, eta harrituko garela zeinen azkar helduko diren nazioarteko onarpenak.

Hala ere, uste dut duela bost urtetik hona Gobernuak egin duen lana, ezkutuan hasieran eta ez hain ezkutuan azken urte eta erdian, bere emaitzak eman dituela eta emango dituela, eta EBrentzako ere onura handiak ekarriko dituela. Katalunia Europar Batasunetik kanpo uzteak arazo handia ekarriko lioke batasunari berari, Londres-Bartzelona ardatza galduko bailuke, eta urte berean bi ardatz ekonomiko horiek galtzea ez litzateke jasangarria kontinentearentzat. Aldi berean, inori ez zaio komeni korridore Mediterraneoan tapoi bat ezartzea, eta interesatzen ez zaion lehena espainiar Estatua da. Horregatik esaten dugu, behin independentzia aldarrikatuta, hau azkar konpontzeko interesatuena Estatu espainiarra bera izango dela, eta negoziazio mahaian eseriko den lehena izango dela, ikusten duenean prozesua itzulezina dela.

.

.
* [Katalunia: matxinada demokratikoa] #katU1 erreferenduma burutzear zela idatzitako sorta da. Erredakzioan itzulia.
Hautetsontziak lege eta borren aurka Hautetsontziak lege eta borren aurka Hautetsontziak lege eta borren aurka Hautetsontziak lege eta borren aurka Hautetsontziak lege eta borren aurka Hautetsontziak lege eta borren aurka Hautetsontziak lege eta borren aurka Hautetsontziak lege eta borren aurka Hautetsontziak lege eta borren aurka Hautetsontziak lege eta borren aurka