[Katalunia: matxinada demokratikoa] Miquel Berga: “Beharrezkoa izango da bitartekaritza prozesu bat”

[Katalunia: matxinada demokratikoa] Miquel Berga: “Beharrezkoa izango da bitartekaritza prozesu bat”

[Katalunia: matxinada demokratikoa I] Aragoiko frontea

.

George Orwellen lanaren ikertzaile legez, Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean Ingeles Literatura irakasten duen irakasle honek, egun prozesu katalanak bizi duen momentua ulertzeko interesgarriak izan daitezkeen gako batzuk emango dizkigu.

[Katalunia: matxinada demokratikoa] Miquel Berga: “Beharrezkoa izango da bitartekaritza prozesu bat”
Argazkia: Lllegircruilla.cat

Goiz argitsua da Bartzelonan, udazkenaren lehen egunak oraindik ere hondartzara jotzeko edo pasieran ibiltzeko aproposak baitira. Lasaitasuna da nagusi bazter guztietan, gutxienez hiri erdiguneko tokirik bisitatuenetan. Turista andana dabil bizikleta bideetan zehar, eta beste horrenbeste dabiltza hara eta hona, inorako asmorik gabe. Gu ez, ordea. Miquel Bergarekin gelditu gara, Pompeu Fabra Unibertsitatean Ingeles Literaturako irakaslea bera, George Orwellen lanean aditua eta “Homage to Catalonia” lanaren azken edizioko hitzaurrea idatzi duena. Tragedia edo fartsa gisa historia zein puntura arte errepika daitekeen jakin gura dugu, zeintzuk antzekotasun eta ezberdintasun dituen egungo Kataluniaren eta golpe frankistak zapaldu zuen Gerra Zibilekoaren artean.

Gaur apenas dago inor 15.000 ikasle dituen unibertsitate publiko honetan. Egun batzuk atzera unibertsitatearen historian inoiz gertatu gabekoa jazo zen. Errektorea bera izan zen, Jaume Casals, erreferendumaren aldeko ikasleek deitutako bi greba egunetan eskolak bertan behera utzi zituena.

Egungo garaien eta Orwellek 1937an Bartzelonan, Gerra Zibilean, bizi izan zituenen arteko ezberdintasun handiei buruz hitz egin digu Bergak bere bulegoan. “Funtsezkoena, argi dagoenez, biolentziarik eza, nire ustez, independentismoak orain arte izan duen ondasunik handiena. Erabateko lasaitasuna dago. Ez dago inolako zantzurik, garai hartan gertatu zen bezala, iraultza baten atarian gaudela pentsatzeko. Orain, badira ikurrak, banderen ugaritzea adibidez, niri pertsonalki atzera eragiten didatenak. Han eta hemen bandera gehiegi egotea ez da desiragarriena, nire aburuz. Gainera, esan beharra dago gertakizun politiko guztiak norbait siesta botatzen ari dela gertatzen direla. Gogoan dut argazki bat, Agusti Centelles Gerra Zibileko argazkilari bikainarena, 36ko uztailaren 17an egina, non gurasoek agurtzen dituzten kolonietara doazen seme-alabak. Argazki zoragarria da. Hurrengo egunean hasiera eman zitzaion Espainiako egungo egoera politikoan oraindik ere oihartzuna duen gerra bati”.

Miquel Bergak ezberdintasunekin jarraitzen du. “Orwell hona heltzen denean bere bizitza eskaintzeko prest dago, Espainian izan zen kolpe militarraren aurrean, ekintza antifaxista gisa. Eta Eatonen hezitako gizona zen, jada 33 urte zituena; ez zen gazte zoro bat. Horixe da bestelakotasunetako bat, orain 80 urteko uste horrek, gizabanako baten ekintzak Historia alda lezakeela, indarra galdu du. Hau da, inork ez ditu egun nazioarteko boluntarioak Bartzelonara heltzen irudikatzen, zer eta herri Katalanari laguntza ematera. Ez du ematen hori denik egoera. Eta hau aurrerabide handitzat jotzen dut, jendeak ez baitu kausa bategatik bere bizia arriskuan jarri nahi, seguruenera, ez dago soldata arriskuan jartzeko prest ere. Honek erakusten du erabat ezberdina dela egoera, ikuspuntu ezberdinetatik aztertuta ere”.

Irakaslearen aburuz, katalan gehiengo baten kontzientzia kolektiboan, azken hamarkadetan zehar, laido mordo bat metatu da, beraiek erakartzeko inolako gaitasunik erakutsi ez duen Estatuaren aldetiko modu eta tratu txarrak. Eta metafora bat darabil: “Naizen bezala maite behar nauzu, gainontzekoan, banatu beharra izango dugu, bikoteek egiten duten eran… Norbaitek aholkularitza eman beharko lieke Espainiako gobernu ezberdinei, ideia batzuk emateko lur honetako herritarrak nola erakarri. Hor abiatu zen desafekzio prozesu bat, egungo egoerara ekarri gaituena. Batzuetan, dibortzioaren neurriak negoziatzen hastean konturatzen da jendea zein erabaki ona izan den dibortziatzea. Zein ondo egiten dudan alde egiten, esaten diote beren buruari, hau bada beste aldeak duen jokatzeko modua. Eta gu horretan gara jada”.

.

Arriskua vs. ausardia

Orwellek bizi izan zuen garaia eta egungoaren artean, Bergak egiten duen beste konparaketa funtsezko bat da “bera oso ideia sinplearekin zetorrela, frankismoarekin borrokatzeko asmoarekin; eta iraultza sozial bat aurkitu zuen bertan. Horixe da beste gai nagusietako bat. Eta gainera, Kataluniako banderen aniztasun ikaragarria ikusi zuen. Orain bakarra dagoela dirudi, bazter guztiak menperatzen dituen estelada; bandera katalan tradizionala ere desagertu egin da… Hauxe dugu beste elementu interesgarrietako bat, mila gatazka eta ikuspuntu dituen jendartea ikusten du hemen Orwellek. Eta uste dut egungo jendarte katalana ere oso konplexua dela, Udaletxe edo herri batean esteladak baino ez ikusteak iradokitzen duena baino konplexuagoa. Askoz gehiago dago hemen. Ez dago iraultza sozial bat, baina bistan da gauden tokira heltzea ahalbidetu duena CUPen babesa izan dela, mugimendu bat zeinak Orwellek logiko eta zilegitzat joko lituzkeen asmo eta helburuak dituen”.

Edozein kasutan, irakasle honentzat egungo egoerak badu zerbait artegagarritik. “Stand By batean gaude, ea nola bukatzen den hau guztia. Ekimen politikoari dagokionez, trenen talka baten aurrean gaude, benetan horrela ez bada ere, espainiar AHT eta, asko jota, Katalunia litzakeen Citroen txikiaren artekoa baita talka. Eta argi baino argiago dago legea eta indarra bere alde duena, strictu sense, espainiar Gobernua dela, katalanak zilegitasunaren bandera astintzen duen bitartean. Eta politikari dagokionez, Kataluniako zoritxarreko tradizioan, horrelako egoeratan `abenturismo politikoa´ agertzen dela, nolabait”. Prozesu honetan arriskua, edo abenturismo politikoa dagoela uste duzu?, galdetu diogu. “Bai, Gerra Zibilean egon zen bezalaxe, edo Companysek 34an egindakoan, abenturismo politikoa baita, arriskutsua, oso duina izan arren. Eta orain gertatzen ari dena, zera da, batzuk fidatzen direla dena ondo errebotez aterako dela, eta izan daiteke azkenean horrela izatea, eta Kataluniarentzat onuragarria izatea, Espainiarentzat eta Europarentzat bezala. Ez dakit. Abenturismo politikoa, diot, bistan dagoelako ez dituztela pintar guztiak, karta jokuko bateko guztiak eskuan; oso militantea den herritar asko dituzu, baina nekez identifika dezakezu nork babesten zaituen nazioartean, ez duzu erantzun argirik Alderdi Popularrak Espainia osoan duen oposiziotik, Rajoy botatzeko horretxen zain badaude ere; hau da, posizio ahula duzu eta triunfoak falta dira, karta onak, eta horietako bat da neurri horretako operazio bat parlamentuko gehiengoaren zilegitasunaz eta espero zen emaitza eman ez zuen hauteskunde plebiszitarioaren emaitzarekin egina dagoela: beraz, arriskutsua da, baina esan beharra dut politikan batzuetan garrantzitsua dela ausardia ere… .eta erabili beharra dugula. Beraz, esanahi negatiboa izan dezakeen abenturismo politikoaren, arriskuaren, eta esanahi positiboa izan dezakeen ausardiaren artean, zehazten joango dira Kataluniako indarrak. Apropos, modu irekian eta ezkutatu gabe iragarri baita sistema honekin proklamatuko dela independentzia. Edozein modutan, oso une ahula bizi dugu, legeak zilegitasunarekin talka egiten baitu, eta horrek ezin desiratuzko muturreko egoera eragin”.

Miquel Bergarentzako, egungo konturik tristeena “bi aldeetatik kontuak muturrera eraman direla da, eta jada ematen du elkarrizketa hutsak ez duela korapiloa askatuko, bitartekaritza beharko dela. Honek erakusten du, nire aburuz, zeinen egoera korapilatsua den. Ez dirudi ezer konpon daitekeenik modu egonkorrean negoziaziorik gabe, eta eman beharko den arren, ezta bitartekaritzarik gabe ere. Gertatzen dena da, independentismoaren ikuspuntutik hau B Plan bikaina dela, kontua egoera batera eramatea non gatazka konpontzeko bitartekaritza bat egon behar dela ulertzen den. Aurrerapen bat litzateke horrela balitz, ondo pentsatuz gero, prozesu honetan garaipen batzuk izan dira-eta: Alde guztietatik baketsua izanaren sentipena dago. Honek duintasuna eta errespetua ematen dio prozesuari, adierazpen askatasunaren bidean jartzen baitu, e. a. Eta indarkeriarik ez badago, hasteko, irabazia duzu aspektu garrantzitsu bat. Mugimendu independentistak irabazi duen bigarren gauza onarpen orokor bat izan da, baita Espainia barruan ere, arazo bat dagoenarena, gatazka bat. Orain urte batzuk auzi hau ez zegoen mahai gainean, eta orain estatuaren eta nazioartearen agendan dago. Orain ez duzu inon ezer azaldu beharrik, toki guztietan ulertutzat ematen baita gatazka bat dagoela. Honek beste puntu garrantzitsu bat ematen dizu. Eta aurreikusi daitekeen mobilizazioaren emaitzaren ondotik, eta ikusteke dago nola askatzen diren tentsio hauek, hirugarren garaipen handia bitartekaritza batean sartzea litzateke, herrialde honetako politikariak elkarbizitza eta errespetuzko irtenbideak bilatzera bultzatuko dituen bitartekaritza bat, baita Kataluniako politikarien aldetik ere. Bide honek horrela bukatzen badu askok pentsa dezake merezi izan duela bide hau egiteak. Espainiaren historian aurretik ere gertatu den eta egun indarra hartzen ari den ideia honetan, Trantsiziotik datorren espainiar Estatu hau akordio berri bat egitera behartuko luke Kataluniak. Eta puntu horretara hildakorik eta interbenitutako hautestontzirik gabe heltzen bagara, inhabilitazio eta atxiloketarik gabe, zoragarria litzateke; Katalunia eta Espainia osoa berrituko lirateke”.

Eta atzera George Orwellengana bueltatzen gara, ondorio batzuk emateko. “Orwellek ikasi zuen guztia Katalunian izan zuen esperientziatik dator. Bera, bere bizitzan zehar, ez zen saiatu egia bilatzen, gezurrak azaleratzen beste. Gertakarien egia eta gezurren gaia funtsezkoa da Orwellen obran. Eta hauxe da garaiotako beste arazoetako bat, hau da, berak esango lukeen bezala, batzuk ideologiaren bitartez deskribatu nahi dute gertatutakoa, eta Orwellen aburuz, iraultzailea izateaz gain fair playtik zetorrena, joko garbitik, garrantzitsua da gertakizunen benetakotasuna zehaztea, noski, gero zure ideologiaren bidez gertakizun horiek azaltzeko. Zoritxarrez, gaur egun zuk badakizu gertakizunak irakurtzen duzun hedabidearen araberakoak izango direla”.

Guda hura, Espainiako Gerra Zibila, garaile eta garaituekin bukatu zen. Gauza bera jazoko da orain?, galdetzen diogu. “Gatazka honek garaileak eta garaituak uzten baditu, ez dugu pausu bakar bat ere eman aurrera. Garaituak eta garaileak daudenean, Francoren dekretu sonatu harekin gertatu zena gertatzen da, “gerra bukatu da”, zioena. Entzun, laurogei urte geroago, gaur, gauza asko ulertu eta aztertzeko modu bakarra dugu garaituak eta garaileak egon zirenez guda hura ez zela une hartan bukatu pentsatzea da. Gatazkak akordioekin baino ez dira bukatzen, eta bi aldeek harrotasunez onartzen dutenean lortutakoa eskuratzeko bidean galdu dutena, eta ez bakarrik irabazi dutena. Horregatik jotzen dut ezinbestekotzat bitartekaritza”.

.

* [Katalunia: matxinada demokratikoa] #katU1 erreferenduma burutzear zela idatzitako sorta da. Erredakzioan itzulia.

.

[Katalunia: matxinada demokratikoa III] Francesc Burguet: “Akabo prozesuari buruzko aniztasun informatiboa”
[Katalunia: matxinada demokratikoa IV] Etorkizuna marrazten nazio burujabe bezala
[Katalunia: matxinada demokratikoa V] Hautetsontziak lege eta borren aurka
Miquel Berga Miquel Berga Miquel Berga Miquel Berga Miquel Berga Miquel Berga Miquel Berga Miquel Berga Miquel Berga
Miquel Berga Miquel Berga Miquel Berga Miquel Berga Miquel Berga Miquel Berga Miquel Berga Miquel Berga Miquel Berga

2 pentsamendu “[Katalunia: matxinada demokratikoa] Miquel Berga: “Beharrezkoa izango da bitartekaritza prozesu bat””-ri buruz