Gure ahaide primateak (I)

Gure ahaide primateak (I) –

AEBetako Emory-ko unibertsitatean (Atlanta, Georgia) katedraduna da Frans de Waal holandar etologo eta zoologoa, eta ikerketa ugari egin du primateen gainean. Argitaraturiko liburuen artean, azkena, “Mama´s last hug” deritzana (“Amaren azken besarkada” 2019; gaztelaniara “El último abrazo” gisa itzuli dute) izan da.  Azpititulua: “Animal And Human Emotions: Animal Emotions and What They Tell Us about Ourselves”; hots, animalien eta gizakion emozioak eta haiek geure buruez esaten digutena. Segur aski liburu famatuena “Chimpanzee Politics” (1982) deritzana du. Autore bitxi baten liburu bitxiak ote dira? Ezezkoan nago. 

Urte asko eman ditu txinpantze eta bonobo kolonietan behaketak egiten; batez ere haien jokabide soziopolitikoa: hierarkiak nola eratzen dituzten, zein diren alfa ar eta  emeak, nola lortzen duten maila goren hori eta mailaren eta boterearen arteko sartu-irtenak, nola galtzen duten boterea eta maila; eta horrekin batean, haien arteko afektuak, begikotasun eta maitasun sentimenduak; emozioak, haserretzeak eta adiskidetzeak, negoziazioak, aliantzak, eta horiek guztiak deskribatzen ziharduela ohartu zen gure antzekoak direla gauza askotan, eta horrenbestez, geure buruak hobeki ezagut ditzakegula haien ispiluan begiratuz. 

Gure ahaide primateak (I)Azken liburuaren lehen kapitulua Herbehereetako Arnhem hiriko Burgers zooko txinpantze kolonian bizi izan den “Ama” txinpantze emeari eskainia da. Haren eta F. Waalen irakasle izandako Jan van Hooff-en arteko besarkadaren kontaketarekin hasten da -txinpantzea 59 urte egiteko zegoen eta J. Hoof 80-. Sartu zen irakaslea gaueko kaiolan lastozko habian uzkurturik zegoen “Ama” txinpantzearengana, eta esnatu zenean, egundoko poztasuna agertu zion; aurpegi erdia irribarre zabal bat bihurtu zitzaion, eta intziri leun eta zoli batzuk irteten zitzaizkion, emozio handiko momentuetan jaulki ohi zituen bezalakoak. Hoofen burura iritsi nahi zuen; ilea igurtzi zion eta lepoa inguratu bi beso luzeetako batekin, berarengana gehiago hurbiltzeko. Besarkadaren buruan, haren behatzek erritmikoki ukitzen zuten irakaslearen burua eta lepoa keinu bihotz-altxagarriarekin, txinpantzeek negarrez ari den umea lasaitzeko erabiltzen dutena. Holandako telebistan eman zuten besarkada hura. Gehiago izan zen bi bizidun “berdinen” artekoa, piztia baten eta gizon baten artekoa baino. Harrigarria, ezta?

Nolatan ez zion kolperik jo txinpantzeak irakasleari? Berez, txinpantzeek gizakiok baino muskulatura indartsuagoa ohi dute, eta ausarkeria bat da gizakiarentzat txinpantzea lotan dagoen kaiolara sartzea. Baten batek esango du zoo edo esparru itxian bizi izan diren txinpantzeekin gerta daitekeela hori, eta ez basatiekin, eta bai, kasu honetan hala da. “Ama” Leipzigeko zooan jaio zen 1957an, eta bizitza gehiena Arnhem hiriko Burgers zooan eman zuen eta zooko zuzendaria Hoof zen. Bizitza luzea izan du bere unibertso sozial propioan, eta aberatsa, jaiotza, heriotza, sexu, botere borroka, adiskidetasun, familia-lotura eta primate arteko gainerako alderdietan. 

Urte askoan alfa emea izan zen. Fisikoki ez zen kaskarra: bizkar-zabala, eta beso luze eta indartsukoa. Ilea laztu eta lurzorua ostikoz gogor jotzen zuelarik, beldurra ematen bazekien. Nahiz eta txinpantze arrek izan ohi duten bolumen muskularrik eta ilajerik ez izan, gabezia horiek konpentsatzen bazekien, zuen indarraz baliatuz: esparruko ate metaliko handiak gogor erasotzen zituen. Baina, bere indar fisikoagatik baino gehiago bere itxuragatik zen menderatzailea. Amona bat ematen omen zuen dena ikusia zuena, eta ez zegoen txorakerietarako. Erraz konektatzen zuen guztiekin, ar eta eme, eta babes sare paregabea zuen, eta diplomazia oso berezkoa zuen.

Hona erakusgarri bat:Nikkie” izeneko ar gazte bat alfa izatera iritsi berria zen, baina bere nagusitasuna berresten ahalegintzen zen bakoitzean, erresistentzia gogorrarekin egiten zuen topo. Behin harekin deskontentu zeuden guztiek elkar harturik, oihuka eta zaunkaka, zuhaitz baten goiko aldera igotzera behartu zuten, izuak jota eta garrasika. Arbolatik jaisten ahalegintzen zen bakoitzean, behekoek asmoa burutik kentzen zioten mehatxuka. Horrela, ordu laurdenen bat igaro zen, harik eta “Ama” astiro “Nikkie”-renganaino igo, ferekatu eta musua eman zion arte. Jarraian, “Ama” jaitsi zen, eta “Nikkie”-k jarraitu egin zion. Orain “Ama”-k berekin zekarrenez, ez zioten ezer egin, eta artean urduri, “Nikkie”-k bakeak egin zituen aurkariekin.

Alfa arrek gutxitan lortzen omen dute maila hori eurek bakarrik, eta “Nikkie” ere ez zen salbuespen bat. Posizio hori lortu zuen bera baino askoz zaharragoa zen “Yeroen” arraren laguntzarekin. Horrek esan nahi zuen “Nikkie”-k “Yeroen”-ekin ondo konpondu behar zuela, baina behin “Yeroen”-k eme erakargarri bat estali nahi zuen eta besteak galarazi zion, eta haserretu ziren. Bien bitartean, hirugarren arra, nori alfa izatea galarazi zioten “Nikkie”-k eta “Yeroen”-k elkar aditurik, oilarturik zebilen, eta une kritiko horretan, “Ama” agertu zen eszenan. “Nikkie”-rengana joan eta behatz bat jarri zion ahoan, lasaitzeko ohiko keinua. Hori egiten zuen bitartean, burua mugitu zuen egonezin “Yeroen”-en aldera eta eskua luzatu zion. “Yeroen” joan zen “Ama”-rengana eta ezpainetan musukatu zuen. “Ama” aldendu zenean, “Yeroen”-ek “Nikkie” besarkatu zuen. Horren ondotik, bi arrek aurkari amankomuna mehatxatu zuten, berrezarritako batasuna azpimarratzeko bezala.

Gertakari horrek aditzera ematen du txinpantzeek badakitela nork nor menderatzen duen eta nor noren laguna den beren ingurunean. “Ama”-k egin zuena egiteko oso ongi jakin behar zuen “Nikkie” zenbateraino zen “Yeroen”-en mendekoa. Eta, jakina, kontent zegoen “Ama” arren hierarkia hala egotearekin, eta ez zuen nahi hirugarren arra beste bien arteko liskarraz aprobetxatzea eta goren mailara igotzea. “Ama”-k bazekien leialtasuna ezartzen: arren arteko botere borroketan baten edo bestearen alde jartzen zen, eta ez zuen onartzen gainerako emeek bestelako hautu bat egitea. Berak aukeratu ez zuenaren alde jartzen ziren emeek ez zuten giro izaten Amarekin. Hark taldeko alfa arra izateko aukeratzen zuenak abantaila guztiak zituen halaxe gertatzeko, baina delako arrak errespetatu behar zuen; bestela, laster kenduko zion posizio pribilegiatu hura, hartarako trikimailu egokiak erabiliz.

Eta txinpantze taldean figura ardatza izateaz gainera, zaintzaileekiko lotura izateko papera ere bereganatu zuen. Beste ezein txinpantzek baino gehiago hasten zituen harremanak gogoko gertatzen zitzaizkion gizakiekin, eta garrantzizkotzat hautematen zituenekin, esaterako, zoologikoki zuzendariarekin. Eta F. Waalekiko harremana ere Amak berak hasi zuen.

Primate antropoideek ez dakite hizketan, eta horregatik gehiegi mespretxatzen ditugu. Denak ez dira “Ama” bezalakoak, baina ezta instintu hutsez eta estimulu-erantzun eskema soilaren arabera jokatzen dutenak ere; askoz konplexuagoak dira, eta beste animalia batzuk ere bai -elefanteak, izurdeak, txakurrak, katuak, beleak…-.

Jakinda animaliek ere nolako emozioak eta sentsibilitatea dituzten, eta kontzientzia ere, ez al dagokigu hobeki tratatzea?

Gure ahaide primateak (I) Gure ahaide primateak (I) Gure ahaide primateak (I) Gure ahaide primateak (I) Gure ahaide primateak (I) Gure ahaide primateak (I) Gure ahaide primateak (I) Gure ahaide primateak (I) Gure ahaide primateak (I) Gure ahaide primateak (I) Gure ahaide primateak (I) Gure ahaide primateak (I) 

Gure ahaide primateak (I) Gure ahaide primateak (I)

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)

Zer duzu buruan “Gure ahaide primateak (I)”-ri buruz

  • josu naberan 2021-11-14 16:20

    Agian, etorkizunean, egunen batean, gizakiren batek, ohitura basatitzat joko du oraingo ohiturak animaliekiko. Haiek JATEA (literalki), adibidez.