Galdetzen badidazu neska hori nor den…

Galdetzen badidazu neska hori nor den… –

Salma du izena eta ez, ez da palestinarra, sahararra baizik. Egia da azken hilabetean Palestinari begira bizi dela, begi bat han eta bestea Saharan. Bera Saharako errefuxiatuen kanpamentuetan dago egunotan senideekin, eta ni ez naiz nor Saharako gizon-emakume, agure-atso eta haurren oinazeaz hitz egiteko. Baina galdetu didazunez gero ea neska hori nor den, bera, hain zuzen ere, bai egokia dela Saharako herriaren berri emateko.

Galdetzen badidazu neska hori nor den...
Arg: Michele Benericetti

1976an marokoarrek euren etxeetatik egotzi eta fosforo zuriz bonbardatu zituen ihesi zihoazela Saharako basamortuaren alderik latzenerantz, Hamadarantz, gaur Israelgo soldaduek Gaza bonbardatzen duten gisan, palestinarrak Sinaiko desertura bidali nahian. Salma horregatik jaio zen Tindufen, Aaiun kanpamentuan, han du sorlekua eta etxea; errefuxiatuen eremu horietan bizi dira sahararrak, nazioarteko komunitatearen axolagabekeriara eta ahanzturaren torturara kondenatuta.

Ez naiz nor zuri esateko zer galdetu behar diozun Salmari, baina galdetzen badiozu, agian Salmak konta diezazuke Mendebaldeko Sahara aberatsa dela, eta ez lurren balio izugarria, ezta bere itsasoen aberastasuna ere, ezin direla konparatu sahararren bihotzean datzan kemenarekin, adore itzalezina eta harro agertzeko modukoa.

Ez naiz nor zu konbentzitzeko sahararren borrokaren zilegitasunaz; galdetu Salmari eta erranen dizu Nazio Batuen Erakundeak sahararren autodeterminazio eskubidea berretsi duela behin eta berriz, baita bozketa egiteko aukera aitortu ere; baina Marokok ukatu du, eta jarraitzen du ukatzen. Ukazio hori, berez, Marokoren aitorpen bat da: bozka emateko eskubidea ukaturik, Marokok aitortzen du herri oso bat, Mendebaldeko Sahara, lapurtu duela. Hartara, sahararrak atzerrira joan edo errefuxiatuen kanpamentuetan bizitzera kondenatuta daude, etengabeko herrimin eta etengabeko larritasun zigorra jasotzera zigortuta. Bera Salma da, gazte saharar adoretsua, Tindufeko kanpamentuetan jaioa, eta Bubisher proiektuan bidelagun izatea Saharako Kabiak elkartean, bizitza-lezio anitz jasotzeko abagunea ematen duena eta ohorea da niretzat.

Azken hilabete honetan Salmak, begi bat Palestinan eta bestea Saharan, jarraitzen du Al Jazeera telebista katearen bidez heltzen zaizkion Gazako irudi lazgarriei beha. Berak badaki Mendebaldeko Sahara eta Polisarioak askatutako zonaldea erdibitzen duen harresia Israelen laguntzarekin eraiki zuela Marokok. Azken hiru urteotan berpiztu den Marokoren eta Polisarioaren arteko borrokan, Israelek Marokori droneak saldu dizkio, eta horietako batek lau saharar hil berri ditu duela gutxi…

Salmak eta sahararrek, oro har, Mendebaldeko Saharara itzuli nahi dute aske, harro eta burua tente; eta egunen batean lortuko dute itzultzea —Inshallah— Mendebaldeko Saharara, eta bitartean, Salma bezalako saharar kementsuak bidelagun, buruan gorde dezagun Sartreren esaldi hura: «Zoriontasuna ez da norberak maite duena egitea, norberak egiten duena maitatzea baizik».

Galdetzen badidazu neska hori nor den…

Iruñean sortua, 1967an, baina aspaldi Berriozarkotua. Ingeles irakaslea —erretreta hartuta baina ez erretiratuta— poeta, idazlea eta artikulugilea. Narratiban, hainbat ipuin ditu sarituak eta argitaratuak, bertzeak bertze, Tene Mujika lehiaketa, Orixe saria, Iparragirre saria eta Atarrabiako Petri saria. Haur eta Gazte literaturan, Johanes, Bargotako Aztia liburua, (Txalaparta) eta Hiru Miru album ilustratua (Denonartean). Olerkigintzan, bi haiku-bilduma, Gerezi garaiko haikuak liburua (Maiatz) eta Orbel Azpiko Haikuak (Denonartean), Aingurak eta Arrangurak (Pamiela, 2018) eta Hitzen hasperenak (Maiatz, 2019). Zuihitsua saikaera da bere azken liburua (Dakit, 2022. Ohiko kolaboratzailea Euskalerria Irratian, Maiatz aldizkarian eta baita Hatsa olerki bilduman ere. Artikuluak ere, berrehun baino gehiago ditu argitaratuak han-hemenka. Noriko Matsui-ren How to perform kamishibai eta Ryookanen 101 haikuak liburuen itzultzailea da, eta, orobat, euskarara itzuli ditu Idea Vilariño, Wislawa Szymborska, Paco Urondo, Joan Margarit eta Ernest Hemingway-en poemak, Euskal Idazleen Elkarteko idazkari (2010-2014) eta Nafar Ateneoaren Euskara eleduna (2017-2020) izan da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude