Frantzisko ez da Benedikto, baina badu antza

popeAita Saindua: “Nor naiz ni homosexualak epaitzeko?”. Titular harrigarri horrekin ireki dute albistegia. Frantzisko I.a eliza barrutik iraultzeko asmoz dabilen gizon gisa aurkeztua da. Haren adierazpenek (suminduen mugimendua babestuz, estatuaren laizismoaz hitz eginez, elizaren ustelkeria erruki gabe kritikatuz…) kristau aurrerakoien eta gizartearen gehiengoaren fede ona saritu ditu. Badirudi Aita Saindua, katolizismoaren gotorlekuko zaindaria baino, “Herriaren Aita Saindua” dela, Timesek azalean titulatu bezala. Sinesgaitz izateko arrastorik igartzen?

Azken asteetako joera mediatikoak Aita Saindua eliza katolikoaren doktrinatik kanpo kokatu du, marra gorriak zeharkatuz. Eliza katolikoaz ari gara, historiako marka arrakastatsuenaz. Inozoa dirudien arren, esan beharrekoa da: Aita Saindua katolikoa da.

Eliza katolikoaren bozgorailu kontserbadoreak larrituta daude. Diotenez, kristauak ez direnek Aita Sainduaren hitzak testuingurutik atera dituzte. Benetan dioena baino, entzun nahi dutena ari dira erakusten. Barack Obamarekin alderatu daiteke Frantziskoren irudia: otsoen erresumako ardia. Denborak bere lekuan jarri du Obama, hasierako itxaropenak errealitate zikinaren saldan desagertuta.

Aita Sainduaren idealizazioaren lehenbiziko fase horretan, homosexualen inguruko adierazpenak izan dira esandakoaren eta hedabideetan jasotakoaren arteko azken arrakala.

pagaceta

La Gaceta egunkariaren gaurko azala da joera horren erakusgarria, eta ez zaio arrazoirik falta. Aita Sainduak ez zuen zera esan: “Nor naiz ni homosexualak epaitzeko?”. Tartean, ezabatuak izan diren hainbat ñabardura sartu zituen: “Pertsona bat homosexuala bada, jaunaren bila badabil eta borondate onekoa bada, nor naiz ni hura kritikatzeko?”. Gehiago ala gutxiago, baina badago aldea.

Egiari zor, kaletar arruntaren begietatik, Aita Saindu argentinarraren hitza hurbilagoa da. Bere inguruko segurtasun neurrietatik ihesean dabil. Pobreekiko sentiberatasuna sumatzen zaio, Lampedusa irlara egindako bisita xumea erakusle. Hamaika ñabardurek, aukeratutako izenetik abiatuta jantzi dituen erropetaraino, Aita Saindu zintzoa eta aurrerakoia osatu dute, diktadura argentinarrarekin lotzen zuten iskanbilak atzean utzita.

Bergoglio Aita Saindua marka salgarria izatetik haratago joango da? Zoritxarrez, gurarien eta egitateen arteko zuloa zabala izaten da. Iraultza behetik piztea nekeza da, goitik eragitea bideraezina. Aita Sainduak baditu nahikoa artzain, larretik irten ez dadin. Denborarekin jakingo da, baina Obamari gertatu bezala (Obama ez da Bush, baina antza du), laster Frantziskok inork bultzatu gabe egingo du bide zuzena. Orduan, titular hau helduko da: Frantzisko ez da Benedikto, baina badu antza.

time

Times aldizkariak, nahita ala nahi gabe, “Herriaren Aita Sainduari” deabruaren adar gorriak jarri berri dizkio. Ikusiko da -igarle lanetan okertzea nahiago- baina, hasteko, itxaropenen burbuilari alferrik putz egitea ez legoke gaizki. Azken finean, katolikoen esku dago.

 

Aita Saindua, eliza
Iñaki Larrañaga

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

3 pentsamendu “Frantzisko ez da Benedikto, baina badu antza”-ri buruz

  • Aita santua esandakonguztia irakurtzen bada,elizak betidanik emandako mezuak dira, berdin berdinak. Berak esan zun,homosexualak jainkoaren bila badabil (bere homosexualitateari ukonegiten badio) ,nor dela bera hiri epaitzeko. izaera ez du epaitzen, baina gizon bat gizon batekin oheratzen bada( jainkoari kasu egin barik) ,ordduan bai epaitzen duela. Hau elizaren betiko kakanda. Gainera galdera Vatikanoko lobny gaitaz zan.

  • Ta niri ze demontre inporta zait aita santuak, islamisten iman horiek, druida batek edo horrelako sujetuek esaten dutena.

    Edozein tentelkeria esaten dutela eta denak adi-adi.

    Gainera, sekulako gauza modernoa esan izan balu bezala. Juzkatzeko zein den? Ba al da ezer juzkatzeko bada… “Gizon bat kaletik oinez badoa… zein naiz ni juzkatzeko?” bezain esaldi absurdoa iruditzen zait niri.

  • Ia aita saindu horri buruko torlojua gehixeago estutzen zaion, eta Elizak lapurtu dituen lurrak buelrtatzen dituen

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude