Nola aldatu dira gauzak… 1983tik?

Erronka luzatu digu Kike Amonarrizek bere blogean: Zuen ustez, zertan aldatu da 30 urteotan euskararen egoera? Zertan mantentzen da berdintsu?
Eta makulu gisa,  Iñaki Larrañaga hizkuntzalariaren urte hartako testu bat jarri digu eskueran.

Horra bada, nire erantzuna:

Nola aldatu dira gauzak... 1983tik?Gauzak asko aldatu dira 1983tik hona (besterik ez genuen behar, frankismotik “irten berritan” ginen orduan).
Oro har, dezente hobera egin du euskararen egoerak EAEn, oso gutxi Nafarroan (gauzak aldatu ezean, erabateko ordezkapena ez dago urrun) eta nabarmen okerrera Iparraldean.

Hizkuntzaren ordezkapen prozesu bat burutzear dagoen unean, … hizkuntza bat hiltzear dagoenean agertzen diren zenbait sintoma gure artean ere agertzen hasiak zirela ohartarazten gintuen Larrañagak; eta sintoma horien artean nabarmenenak,zerrendatu zituen, zazpi ataletara ekarrita.

Ondoen ezagutzan dudanari, EAEri erreparatuta, horrela geratu zait Larrañagaren zazpikoa (letra etzana berea da, eta nire kolkokoak azpimarratu egin ditut). Ez da horrenbeste aldatu orduko testua, egia esan:

1. Euskaldun elebakar guztiak desagertu dira gure lurraldeetatik. Ia ez da bat bakarrik ere gelditzen,… herri euskaldun gutxi batzuetako haur txikiak ez badira. Izan ere, euskaldun guztiak elebidun bilakatu dira (Ordezkapenaren lehen etapa).

2. Alderantziz, erdaldun elebakar asko dago, gehienak, euskara ikasi ez dutenak eta ikasi beharrik ere sentitzen ez dutenak. Nahiz kanpotik etorriak, nahiz bertan jaioak. Horiek ez dira elebidun bilakatu, baina seme-alabak euskaraz eskolatzen dituzte gehienek.

3. Horren ondorioz, Euskal Herrian euskara bakarrik jakinez bizitzea ezinezkoa gertatzen den bitartean, erdara bakarrik jakinez bizitzea, posible ez ezik, gehiengoaren egoera arrunta bilakatu da.

4. Euskarak, biziko bada, ezinbestekoa duen lurgune edo nukleo geografiko minimorik ere ez du.
Euskal zona deituriko espazio edo lurgune hori puskatua eta zatikatua aurkitzen da. Erdararen itsaso zabalean aurkitzen den artxipielago baten antzera, lurgune batzuk agerian eta zenbait lurralde betiko erdararen urpean (erdaldunduak) gelditzeko arriskuan
.

5. Euskaldunak diren lurguneetan ere
ez da erraza, egun osoz eta bizitza sozialaren alor guztietan, euskara erabiliz bizitzea. Baina erdara etxeetako sukaldeetaraino sartu bada ere, euskarak urrats handiak egin ditu udaletan, irakaskuntzan, komunikabideetan, eta oro har lurgune euskaldunetako eremu funtzional guztietan ere. Alabaina, erdaren konpetentzia gero eta nabarmenagoa dauka orain etxean nahiz lagunartean.

6. Bestalde, hizkuntzaren erreprodukzio sozialaren mekanismoak huts egiten ari dira
neurri batean. Bereziki, familia bidez egiten den transmisio prozesuarena. Izan ere, guraso biak euskaldunak direnean ia guztietan irakasten diete euskara seme-alabei, baina nahikoa da bietako bat erdalduna izatea transmisio maila erdira-edo jeisteko, eta aintzat hartu behar da, gero eta gehiago direla bikote mistoak (bietako bat erdalduna).
Eskerrak, ikastolek eta D ereduak haur asko euskalduntzeko gauza diren, eta gero eta guraso gehiagok eredu horien alde egiten duen.

7. Euskararen erabilpenari dagokionez, hizkuntzaren ordezkapen prozesuan gertatu ohi dena gure artean ere gertatzen da: euskara zaharren eta haurren hizkuntza izatea, alegia. Gazteek eta, batez ere helduek, gehienbat erdara erabiltzen dute. Euskararen erabilera oso-oso geldo ari da gora egiten. Erabilerari dagokionez, egoera ez da 1983koa, baina ez du baikor izateko seinale handiegirik ematen.

Eta honela jarraitzen zuen Larrañagaren testuak:
Era horretan agertzen da demografiaren dinamika ez dagoela euskararen alde, alderantziz baizik. Alde batetik, belaunaldi indartsuenek erdara gehiago erabiltzen dutelako, eta bestetik, batez ere zaharrek egiten duten hizkuntza, zaharrak desagertu ahala, indarra galtzen joango delako”.

Beste eragile batzuk tarteko (jaiotze tasa baxua, etorkinen jarioa…), demografiaren dinamika ez da euskararen aldekoa orain ere, eta zahar euskaldunak desagertu zaizkigu asko eta asko.
Bestalde, haur euskaldunek, hazi ahala, euskara bazterrera uzten dute sarri. Urte hartan Larrañagak ohartarazi bezala, katastrofismoan erori gabe ere, euskara egoera larrian aurkitzen da, euskara-erdararen arteko indar erlazioa zeharo erdararen alde desorekatuta dago eta hizkuntz ordezkapen prozesua oso aurreratuta; dezente aurreratuago Nafarroan eta Iparraldean EAEn baino, baina EAEn ere egoera larri bati dagozkion neurriak hartzen ez badira, hizkuntz politikan aldaketa sakonak gertatzen ez badira, ordezkapenak bere bidea burutuko du, lehenago edo beranduago, nire ustez.

Nola aldatu dira gauzak… 1983tik?
JJ Agirre

Euskara teknikaria eta abar

5 pentsamendu “Nola aldatu dira gauzak… 1983tik?”-ri buruz

  • Euskaldunen pasitibitateak hilko du euskara.
    Hizkuntzarekiko konpromezu gutxi daukagu.

  • Iban Tustan 2013-08-01 12:14

    Pasibitatean hezi gaituzte-eta. Frustrazioaren onarpen otzanean. Kexatzen dena “estremista” hutsa omen da. Agintariek, abertzaleek ere, ardura handia dute horretan.

  • Erabat ados Iban Tustanekin. Adibide bat: nik euskaldun “militantetzat” daukat neure burua, ziurrenik neure ingurukoek baino “konpromiso” eta “koherentzia” handiagoz jokatu ohi dut, baina, hala ere, sakelakoa Vodafonetik Euskaltelera aldatzerakoan, lehendabizikoek aldatzeko arrazoiez galdetu zidatenean, nire ahotsak une batez zalantza ere egin zuen, arrazoietako bat ia ezkutatu arte: zerbitzua euskaraz nahi nuela eta beraiek ez zidatela hori inondik ere bermatzen. Horri normala al da? Imajinatzen duzue katalan bat horrelako egoera batean lotsaturik??
    Asko dut/dugu ikasteko, euskal hiztun bezala, asertibitateaz eta geure buruarenganako konfiantzaz.

  • Jon Iturriaga 2013-08-11 12:28

    Irudia lekuz kanpo dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude