[Katalunia: matxinada demokratikoa] Francesc Burguet: “Akabo prozesuari buruzko aniztasun informatiboa”
Francesc Burguet: “Akabo prozesuari buruzko aniztasun informatiboa” –
[Katalunia: matxinada demokratikoa I] Aragoiko frontea
[Katalunia: matxinada demokratikoa II] Miquel Berga: “Beharrezkoa izango da bitartekaritza prozesu bat”
.
Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Komunikazio Zientzien fakultatean eta Ramon Llull unibertsitatean irakasle, prozesu katalanari dagokionez, eta komunikazioren arloan, informazioa zabaltzerakoan dauden botere desoreken gainean duen ikuspuntua eman digu Francesc Burguetek.
Bere borroka eremua informazio prozesuak dira, eta hauetan ematen diren botere harremanak. Aspektu honetan, Francesc Burguetek ez du amorerik ematen. Bizkorra eta zuzena, informazioari dagokionez prozesu katalana izango litzatekeen xake taula hobeto ulertzen laguntzeko oinarrizkoak diren galderei erantzuten digu.
Zein da gatazka honetan, sare sozialez gain mass media (prentsa, irrati eta telebistak) jokatzen ari den papera?
Bistan da, eztabaidan direnetako baten alde egiten dute, ekidinezina denez gero; beste kontu bat da posizio hartze hori profesionalki zintzoa den, zilegia edo alderdikoia, tranpatia. Puntu honetara etorrita, begitantzen zait ezberdintasun argia dagoela Madrileko prentsa -ABC, El Mundo, El País eta La Razón- eta Bartzelonakoaren artean. Hasteko, harrigarria da Madrileko erreferentziazko lau kazetek osatu duten frontea: azpimarragarria da nola lerratu den El País beste kazeta batzuetan ohikoagoa den espainolismo eta anti-katalanismo oldarkorrenarekin; lotsa profesional txikienik gabe egunero-egunero ahal beste amarru egin izan ditu informazioa, hau da, errealitatearen beraien errepresentazioa, interesatzen zaiena izan dadin; iritzi sailean, bertan behera utzi dute prozesuarekiko pluraltasuna: prozesuaren aldeko ahotsak baztertu egin ditu; paperean, Kataluniari eskaintzen dion gehigarrira mugatuz, beraz, ez da Ebrotik haratago heltzen; webean, zokoraturik daude, eta katalanez baino ez. Ezberdintasunak egotekotan, tonu aldetik baino ez daude: El Paísek alde `kasposoa´ ekiditen du, irrigarria, zakarra… La Razonena. Baina ideologikoki, eta informazioa nazionalismo espainiarraren zerbitzura jartzerakoan, bat egiten dute. Bartzelonako prentsarekin alderaketa egiteko, El Periódicoren kasua azter dezakegu: CIAren ustezko ohartarazpenen inguruan zuzendaritzak hartu zuen jokabide informatiboa penagarria izan bazen ere, eta okerra, ez diot joko zikina, onartu ez bada ere, iritzia sailean ikuspegi plural bat mantendu izan dute. Adibidez, ez dago Madrilgo prentsan La Vanguardiak Bartzelonakoarentzat duen esanahia duen kazetarik: bere ildo editoriala independentziaren aldekoa inolaz ere ez den arren, bere orrialdeetan arrazoizko ahots aniztasuna mantentzen du, orain distantziakidetasuna deitzen duten hori mantendu nahian edo. Azkenik, azpimarratu nahi dut Madrilgo prentsa idatzian ematen den bat egite espainolista hori ez dela prentsa digital natiboan ere ematen: eldiario.es edo Publico bezalako hedabide digitalak kazetaritza zintzo eta profesionalaren adibide direla begitantzen zait.
Bartzelonako atentatuen osteko informazioa berrikustea baino ez dago, mossoei buruzkoa, CIA eta Generalitateari buruzkoa, ikusteko zein eskrupulu gutxirekin jokatu zuen Madrilgo prentsak eta El Periódico de Catalunyak, biktimak erabiltzerakoan; egia esan, egina zuten aurretik ere, ETAren biktimekin.
.
Propaganda gailentzen ari dela begitantzen zaizu, informazioaren gainetik?
Bai, noski. Eta hau, neurri batean edo bestean, bi aldeetan gertatzen da, hemen ere ezberdintasunak badiren arren; Madrileko prentsak izan duen perbertsio maila, informazioa demagogia eta propaganda huts bihurtzeko, asaldagarria izan da. Egia da beste aldeko hedabideetan ere gertatzen dela antzeko zerbait, baina aldizka eta ez hain lotsagabeki.
.
Aztergai ditugun hedabideen artean, baliabide proportzionaltasuna ala ezberdintasuna dago?
Bistan da aldea dagoela batzuen eta besteen artean; Kataluniak duen arazoa, Ebro baino haratago ahots bakarra entzuten dela da; ahots aniztasuna ez da helduko espainiar biztanleen %20 baino gehiagora, nire aburuz; Katalunian aldiz, idatzizko hedabide guztiak heltzen dira, irrati kate guztiak, baita telebista kate guztiak ere; eta gainera, hemen askoz pluraltasun handiagoa dago: garbi esan dezakegu Ara eta Punt Avui soberanismoarekin lerrokaturik daudela; baina ez da gauza bera gertatzen La Vanguardia eta El Periódicorekin; irratietan, RAC1, Katalunian nagusi denak, jarrera zintzoa du nire iritziz, profesionala eta plurala; Catalunya Radio eta TV3, boterearekin lerrokatzen diren hedabideen estereotipoan erortzen dira, uneko gobernuaren diskurtsoa zabaltzen dutenena, baina ez dut uste espainiar hedabide publikoek bezain gordin egiten dutenik, TVEk bereziki; ezta kate pribatuen besteko burugabekeriaz ere, ezohikoak baitira hauetan soberanismoari errespetua agertzen dioten saio pluralak.
.
Zein estrategia ari da jorratzen `alde´ bakoitza?
Bi aldetara, informazioa sailkatzeko orduan estrategia ideologiko argia dago: informazioa ematen da, lehenengo eta behin, azpimarragarria irizten denarena; eta honek printzipioz ez du zertan zilegitasun faltarik izan; baina Madrilgo prentsak, edo kate pribatuek zein TVEk, ez dute soilik desinformatzen, hau da, beraien ideien kontra dagoena isilarazten, pausu bat urrutiago joan eta engainatu egiten dute, tranpatiak dira, berez fidagarria ematen duen informazio faltsua zabalduz, eta beharrezkoa balitz, zuzen-zuzenean gezurra esanez; iritzia sailean, nabarmena da egunero-egunero deskalifikazioa jotzen dutela zenbaitetan, eta are, irain orokorretara; ez da berria den zerbait, aspalditik dator eta gero eta ohikoagoa da.
.
Nolako eragina du horrek Kataluniako herritarrengan? Eta espainolengan?
Hona Espainiako informazio guztia heltzen den neurrian, Kataluniakoaz gain, argi dago askoz pluraltasun handiagoa dagoela: indar politikoen ortzadarrean ere ikus dezakegu hau, Parlamentuan, argitaratzen diren iritzietan, mahai-inguruetan; Espainian ordea, apenas heltzen dira Kataluniako ahotsak, beraz esan dezakegu han diskurtso bakarra dutela hedabideek, ahots bakarra, eta horrek bere isla politikoa ere badu -PP, C´s, PSOEren arteko elkartze espainolista-, eta bere isla mediatikoa, izan editorialetan zein zutabeetan, salbuespen gutxirekin -arestian aipatutako eldiario.es eta Público- eta ahots independente bakan batzuekin, errespetagarriak eta errespetutsuak, Iñaki Gabilondo eta Jordi Evole bere Salvadosekin.
.
Komunikazioaren gatazka erabakigarria da?
Funtsezkoa da, noski. Baina aferaren puntu honetara helduta, ematen du funtsezkoagoa dela Espainian Katalunian baino; hemen hedabideak, izan publiko zein pribatu, jendearen atzetik joan dira eta doaz, kalekoen ondoren; Espainian, batez ere, hedabideetatik, irrati eta telebista oilartokietako oihulariek piztu dute jendetza.
.
Zein askaera mediatiko aurreikusten diozu epe labur eta ertainera?
Bere horretan jarraituko dute; eta momenturen batean mugimenduren batek elkarrizketa politiko zintzora eragiten badu, nolabaiteko irtenbide federalista edo konfederalista batera eramango gaituena, ez dut zalantzarik espainiar hedabideek oztopoak jarriko dituztela; inposatzeko eta mendekurako nahia dute, eta ez dute onartuko Katalunia onik ateratzea erdizka bada ere, umiliazioa eta zigorra nahi dute.
.
Bukatzeko, arlo komunikatibo-informatibo-propagandistikoan zenbat diru ari da gastatzen Gobernu espainiarra?
Zuzenean ez dut uste asko gastatzen dabilenik, baina zeharka, adibidez txosten faltsuak eta iruzurrak eginez, edo estoldetako kakak mugitzen, nahikotxo; gero, izan daiteke gastatu beharrik ere ez izatea, baina Ogasunarekin hartutako zorrak kitatzea… edo babes finantzarioak aurkitzeko laguntzak ematea.
.