[Katalunia: matxinada demokratikoa] Etorkizuna marrazten nazio burujabe bezala

[Katalunia: matxinada demokratikoa] Etorkizuna marrazten nazio burujabe bezala –

[Katalunia: matxinada demokratikoa I] Aragoiko frontea
[Katalunia: matxinada demokratikoa II] Miquel Berga: “Beharrezkoa izango da bitartekaritza prozesu bat”
[Katalunia: matxinada demokratikoa III] Francesc Burguet: “Akabo prozesuari buruzko aniztasun informatiboa”

.

Kostaldetik barnealdera, Katalunia borborka dago 1714tik gertakaririk erabakigarriena izan behar duenaren atarian, hausnarketa eguna duen larunbatean*. Hautetsontziz edo hautetsontzirik gabe, boto-paperez edo boto-paperik gabe, kataluniar jendartearen parte esanguratsu batek Historia aldatzeko erabakia hartua du. Gu geu ere hausnarketaren peskizan gabiltza, kontraste informatiboari bidea emanez. Horretarako, komunikazio politikoan adituak diren bi lagunengana jo dugu, egungo gatazka asko erabakiko diren tokia horixe delakoan.

[Katalunia: matxinada demokratikoa] Kataluniak bere etorkizuna marrazten du nazio burujabe bezala Lloret de Marren igaro dugun azken gauaren ondoren, egunak argitu du. Bertako itsas pasealekuan jubilatu batzuk baino ez daude, eta gutxi dira eguneroko korrikalditxoa egiteko goizeko hotzari aurre egin dioten ausartak. Zaborraren kamioiko langileak aurreko gaueko zikinak garbitzen jarraitzen dute, eta gazte talde txiki bat bare-bare den itsasotik dardarka irten da, arropak blai eginda dituela. Kataluniako kostalde osoan hasi berria da behe-denboraldia. Bertako hoteletan %50eko edukiera dute astean zehar, %80ra arte igotzen dena irrikaz hartzen diren asteburuetako atsedenaldietan. “Batzuk Aste Santura arte itxi egiten dute, batez ere INSERSOrekin lan egiten ez dutenek”, ohartarazi digu harreragileak. Hogeita bost urte doi-doi izango ditu eta denboraldi baterako bizimodua aurkitu du; beste askok bezala, kataluniar kostaldean bukatu du. Kazetaria naizela esan diot, eta erne jarri da, baina horregatik ez dio utzi egin dizkiodan galdera gero eta zuzenagoei erantzuteari. “Hemen ez dago mugimendu handirik biharko erreferendumari dagokionez. Bizilagun asko aldi baterakoak dira, egun pasa datozenak, hemen denboralditxo bat baino egiten ez duten turistak eta bertako bizilagun bihurtu direnak; ikusten duzuenez, beste toki batzuekin alderatuta, apenas dago bozketa baten atarian gaudenaren zantzurik”. Gauean zehar egon da mugimendua. “Whatsappean jaso ditut mezuak -jarraitzen du harreragileak-, hautesleku batzuetara lo egitera joandako jendearenak, itxiko zituztenaren beldurrez”; bukatzeko, aitzakia modura, “hemen lan egiten dugunak estremadurarren eta andaluziarren seme-alabak gara, ez gara katalanak ehuneko ehunean”, bota digu. Kostaldetik jarraitu eta argazki bera ikusten dugu toki guztietan, biharko hitzorduaz seinale gutxi.

Ibilbidea aldatzea erabaki dugu, eta barnealdera jo dugu, Gironarantz. Agudo ohartu gara paisaia politikoaren aldaketaz. Esteladak, BAI bozkatzeko afixak… Patrolez betetako Guardia Zibilen komandantzia paretik pasatzean baino eteten ez den paisaia. Hori bai, gainontzean hiri osoak mural bat ematen du, puzzle baten moduan burujabetza prozesuaren alde agertzen diren piezez josia. Saltokiak ere aurkitu ditugu unerako apainduak, gozo `independentistaz´ mukuru den gozotegia tarteko, boto papera irudikatzen duen txokolate tableta eta guzti.

.

Alderdikeria handia

Hiriko alde zaharra zeharkatzen dugun bitartean, Jaume Guillametekin berba egiten dugu telefonoz, kazetari, Historian doktore eta Pompeu Fabra unibertsitatean Komunikazio Departamentuko katedratiko katalana. Trantsizio politikoa eta kazetaritzan aditua, “hedabideetan, egun, gehiegizko pasioa dago nire aburuz”, esanez hartu gaitu. “Azken hamarkadan, Espainiako hedabideak lehen baino askoz gehiago politizatu dira. Trantsizio garaian informatiboa izan gura zuen prentsatik, politizatua dagoen batera pasa gara, politizazio hori islatzeko modu ezberdinak dituena, demagogikoa eta oldarkorra, Madrildik datorren prentsa eskuindarra batez ere; eta horrek beste guztiak kutsatu ditu”.

[Katalunia: matxinada demokratikoa] Etorkizuna marrazten nazio burujabe bezala
Jaume Guillamet.

Beraz, uste duzu gertakizunak eta informazioak baino indar handiagoa duela iritziak eta propagandak?, galdetu diogu. “Oro har, esan dezakegu norabide horretan goazela, kazetaritza-generoen desitxuratzearekin batera. Une honetan, notizia bakoitza ezberdina da hedabidearen arabera. Kontua ez da bakoitzak bere erara interpretatzen duela, bakoitzak nahierara informatzen duela baizik, eta horrek hartzailearengan nahastea eragiten du. Gainera, hartzaile mota batek irakurri nahi duena idatz diezaiozun gura du, informazioa bere jarrera ideologikoa indartzeko egunero hartu beharreko droga balitz bezala. Publiko mota honek horixe nahi du, eta seguruenera, hedabideek beraiei bazka ematea hartzaile hauek erakarri eta ez galtzearekin du zerikusia, publikoa galtzen ari da-eta. Ez dut esango gatibu direnik, baina egia esan non hautatu ere ez dago. Arrazoi honengatik, besteak beste, egungo publikoak, sareetara jotzen du informazio bila, plaza publiko bihurtu baitira sareak, non hitz egiten duena aurkitu dezakezun, oihu egiten duena, eraso egiten duena, iraintzen duena eta goresten duena. Egia da, baita ere, sare sozialez berba egiten dugunean ezin dugula ahaztu bakoitzak berea eratzen duela, eta beraz, izan Twitterren, izan Facebooken edo besteren batean, afinitatea bilatzen dela, antzekotasuna. Ez da espektro unibertsala, baina Habermasek aipatzen zuen esfera publikoa desagertu egin da, zatikatu egin da, eta beraz, bakoitzak bere burua ikusi eta gustura senti daitekeen kristal zatia hartzen du. Publiko mota batek hauxe bilatzen du, eta beste batek esaten dute jada ez dakiela nori sinetsi. Edozein gai jorratzen duzula ere, arazo bat da hau; are gehiago bost edo hamar urtetan estutuz joan den Catalunia-España bezalako gai polarizatu batean; ondorio gogorragoak dakartza”.

Laino sakon batek estaltzen duen informazio erauntsiaz ere mintzo da Guillamet. Honetaz jarduteko, oso gustuko duen Josep Pla idazle eta kazetariaren aipu apokrifo bat darabil: `Herrialde honetan, inork ezertaz ez dakienez, denek ematen dute iritzia´. “Bizi ditugun garaietarako oso aipu esanguratsua dela uste dut. Beraz, orokorrean, hedabideak ez daude inor bideratzen, ez daude inor lasaitzen. Alderdirik gabeko alderdikeria handia dago, organikoki alderdiena ez izan arren prentsa alderdikoia dugu-eta, beste modu batera antolatzen dena. Telebista espainiarrak jarrera bat badu, katalanak guztiz kontrakoa du. Eta honek, zentzu ideologikoan, publikoa suspertu, bizkortu egiten du”.

[Katalunia: matxinada demokratikoa] Etorkizuna marrazten nazio burujabe bezalaKanpaina honetako mezuei buruz galdetzen diogunean, “denboran zehar aldatzen joan dira”, diosku Guillametek. “Baina hau ez da kanpaina normal bat, ohiko kanpaina batek epe batzuk dituelako, arau batzuk, eta hemen ordea batzuk erreferendum bat egiten dabiltzala diote eta beste batzuk ezinezkoa dela hori. Eta orduan, galdeketa egin nahi duenak kanpaina bat egin nahi du, kasik erretorikoa eta ez ohikoa, BAI bozkatzearen aldekoek baino ez dutelako kanpaina egiten -eta bost urte daramatzate kanpainan; dio ironiaz-, eta mezu honekin deitu dute erreferenduma. Beraz, hemen ere erretorika handia dagoela uste dut. Eta ogibidekoak garenoi, eta zaharrak izateagatik deabruak izateagatik baino gehiago dakigunoi, entretenigarria zaigu erabiltzen diren sofisma eta esaldiak aditzea, bigarren lerroan esaten direnak”.

Garailerik eta garaiturik bada kanpainan? “Seguru nago independentistak direla garaileak, Espainiar Gobernua erabat erratu baita, eta azken asteotan besteak indartu baino ez baititu egin. Baina irabazi izanak ez du esan nahi bihar bozak modu lasai batean kontatu ahal izango dituztenik. Garaitu izango dute, etsaiak huts egin duelako. Eta independentismoa indartu egingo du egoera honek, moralki eta politikoki. Katalunian, independentistak ez ziren asko ere, eta afera hau atsekabez ikusten zutenek edo Estatutuaren gainetik autonomia apurtuz nola egin duten mesfidantzaz ikusten zutenek, jende honexek berak, erantzun polizial eta errepresiboaren aurrean, irtenbide horren alde egin du, independentismoaren alde”.

Guillametek bere teoria jaurti digu. “Espainia, azken batean, post frankismora iritsi da. Esan nahi dudana da Trantsizioan bi egitasmo zeudela. Bata, Arias eta Fragaren post frankismoa, kontrola zezaketen demokrazia bat eraikitzekoa. Beraiek ez zuten lortu, baina beraien seme-alabak lortzen ari dira. Alderdi Popularra trantsizioa birpasatzen dabil egun, eta bere egitasmoa Konstituzioko zenbait aspektu indargabetzea da. Eta egiten ari da, aspektu hauek berrikusten ari dira. Aznarrek egin nahi izan zuen duela hamarkada bat, eta orain, PSOEren krisi sakonari esker, ustelkeriak erabat hartutako Alderdi Popularrak ekarri gaitu post frankismora, Tribunal Konstituzionalaren bidez Konstituzioa behin eta berriro inolako ondoriorik izan gabe bortxatu duen alderdiak. Alderdi Popularrak Espainia birzentralizatu nahi du, Madrilen metatu botere ekonomiko eta finantzario guztia, Bartzelona Lyon bihurtu eta, azkenik, euskaldunen kontra jo. Beraz, Alderdi Popularraren egitasmoa den post frankismora heldu gara; eta post pujolismora, prozesu hau Pujolen egitasmoa ere bada-eta. Pujolen seme-alabak okertu ez balira, eta legez kontrako ekintzak egin izan ez balituzte, Pujolen jendea egongo litzateke hau gidatzen. Berak, bigarren edo hirugarren maila batetik bada ere, jada orain bost urte eman zion bedeinkapena independentziari; egitasmo independentista hau asko elikatzen da Pujolek urteetan zehar erein zuenetik. Beraz, post pujolismoa eta post frankismoa kontrako norabideetan doaz, bide erabat dibergenteak dituzte, ez dira ezta paraleloak ere. Eta horrela, Madrilgo gobernua gero eta gehiago okertu, mesedegarriagoa suertatuko da bestearentzat. Beste kontu bat da alderdi katalanek hau guztia kudeatzeko gaitasuna izango ote duten. David direla sinetsita daude, baina Davidek behin baino ez zion irabazi Goliati, eta Biblian. Edozein modutara, gizarteaz eta herritarrez gain, lerrokatze eta lubaki hauen biktima kazetaritza da, lehendik ere hainbat arrazoirengatik krisi orokor batean zegoena eta hemen gainera afera honek larriagotu duena. Hausnarketa egina dago aspalditik, hemen kontua da nor dabilen okerren. Eta horrexek galduko du”.

.

Aldaketa historiko baten aurrean

Paseoan jarraitzen dugu Gironan zehar. Merkatua dago, buila dezente kaleetan, eta eguneko bigarren hitzorduari ekin diogu. Francesc-Marc Alvarorekin dugu egina, La Vanguardiako zutabegile eta editorialista, irakasle eta argitalpen ugariren arduradunarekin; irakurleak ez ezik agintaritzan diren politikariei ere hausnarrarazten dien gizona.

[Katalunia: matxinada demokratikoa] Etorkizuna marrazten nazio burujabe bezala
Francesc-Marc Alvaro.

Zuzenean luzatu diogu galdera: Zer botatzen duzu faltan prozesu honetan? “Eskozian izan zutena -erantzun digu-, zirkuitu politikoak bideratzeko borondatea zuen metropoliko Gobernuak korapiloa askatzeko izan zuen aukera, horixe egin baitzen han, eta arazo politikoei irtenbide politikoa ematen zaiela erakutsi. Horixe botatzen dut faltan, batez ere”.

Egungo egoeraren erantzule den gertaeraz ere mintzo da. “Auzitegi Konstituzionalak 2010eko Estatutari eman zion epaia, jendeak zuen ikusmoldea aldatu zuena, Kataluniaren interesak defendatzeko, autonomia formatu erabilgarria ote zen. Gainera, Madrilgo eliteen aldetik irakurketa okerra egin da independentismoaren gorakadaren izaerari buruz. Duela bost minutura arte ez diote sinesgarritasunik eman. Analisi politiko orokor baten aldetik, eta historia konparatu gisa ere esan dezakegu jada, haluzinagarria ematen du Estatu osoa beren zerbitzura duen jendeak errealitatearen hain azterketa okerra egitea, edo ez jakitea jendartearen mugimendu telurikoak sumatzen. Eta are larriagoa dena, analisi bezala beraien propaganda sinestera iritsi direla, Robert McNamarak eman zuen irakaspena gogorarazten didana, Vietnameko Gudan Kennedyren Defentsa idazkari izan zena, eta horrenbesteko agintea izan duen jendearengan ezohikoa den autokritika egin zuena, esanez:  `Vietnameko okerrena zera da, gure gezurrak sinestera iritsi ginela´. Rajoyri gauza bera gertatu zaio. Ni finlandiar aholkularia banintz, irudikatzen jarrita, Madrilgo agintariei esango nieke kontu honetan tronpatu egin direla erabat, ez dute batere ulertu zer ari den gertatzen”.

Lurrikara politiko honen ondorioak, Guillameten aburuz, ez dira oraindik ere osotasunean azaleratu. “Aldaketa historiko baten aurrean gaude -ohartarazi gaitu-, non jendartearen parte garrantzitsu bat independentista den, orain arte %48 inguru azken hauteskundeen arabera -ikusiko dugu zer gertatzen den bihar [erreferendumaz ari da]-, eta guzti hau hamar urte baino gutxiagotan lortu da; galdera sakon askorako ematen du”. Beraz, zein akordio litzateke posible? “Bi motatakoak. Batetik, Madrilek, hipotetikoki, eskain dezake akordio klasiko bat, Kataluniari Estatu barruan eroso egotea ahalbidetu eta borondate independentista desarmatuko lukeena; nik momentuz ez dut posible ikusten (ez diot ezinezkoa denik, baina oraingoz ez dut ikusten). Beste irtenbidea, bihartik aurrera independentista kopurua gora badoa, %50eko muga sinbolikoa gainditzen badu, eta jendarte katalana 2015ean baino independentistagoa bihurtzen bada, horrek jada atzera bueltarik gabeko testuinguru batean jarriko gaitu, independentista kopurua 50-60 artekoa bada ez dagoelako hori geldi dezakeen Guardia Zibilik, eta orduan -Espainiatik- irteteko negoziazio baten atarian geundeke. Beste kasua, -Estatuan- gelditzeko negoziazio bat litzateke, baina orain arte egon garen bezala gelditzea ezinezkoa da jada”.

Umorea erabili nahi izan dugu Guillamet agurtzeko. Denboraldia jokoan dagoela, nork uste duzu irabaziko duela Liga; Real Madril izango litzatekeen Rajoyk, edo Barça izango litzakeen Puigdemontek? “Begira, hau puntuetara irabazten den kirol baten antzekoagoa da. Nire ustez, Madrilek pentsatu du afera hau K.O-z irabaz dezakeela; Puigdemontek eta Junquerasek berriz, puntuetara irabazi nahi dute. Eta nire aburuz, puntuetara, irabazten dabiltza”.

[Katalunia: matxinada demokratikoa] Etorkizuna marrazten nazio burujabe bezala

.
* [Katalunia: matxinada demokratikoa] #katU1 erreferenduma burutzear zela idatzitako sorta da. Erredakzioan itzulia.

.

[Katalunia: matxinada demokratikoa V] Hautetsontziak lege eta borren aurka
Etorkizuna marrazten Etorkizuna marrazten Etorkizuna marrazten Etorkizuna marrazten Etorkizuna marrazten Etorkizuna marrazten Etorkizuna marrazten Etorkizuna marrazten Etorkizuna marrazten Etorkizuna marrazten Etorkizuna marrazten Etorkizuna marrazten Etorkizuna marrazten Etorkizuna marrazten Etorkizuna marrazten Etorkizuna marrazten