Asteko zinema estreinaldien errepasoa!

Asteko zinema estreinaldien errepasoa!

Estreinaldiak: Urriak 12

Egilea: Maialen Goñi

.

Una mujer fantástica

Urte hasieran, Berlingo zinemaldian, gidoi onenaren saria jaso zuten Sebastián Lelio eta Gonzalo Maza txiletarrek, eta filmak Gehitu elkartearen Sebastiane Latino saria eskuratu zuen 65. Donostia Zinemaldian. Marina (Daniela Vega) abeslari izan nahi duen zerbitzaria da, eta bera baino 20 urte zaharragoa den Orlandorekin (Francisco Reyes) maitasun harreman bat hasiko du. Baina gau batean, Orlando ez da ongi sentituko eta Marinak ospitalera eramango du; bertan hilko da. Une horretatik aurrera, Orlandoren familiari aurre egin beharko dio, emakumezko transexuala den aldetik, haien arteko harremana gaitzesten dutelako eta elkarrekin zuten etxetik alde egin dezan nahiko dutelako. Indar handiko filma dela azpimarratu du kritikak, pasio handiko pertsonaia nagusi baten eskutik.

.

The Snowman (El muñeco de nieve)

Harry Hole detektibeak kasu berezi bati aurre egin beharko dio. Izan ere, emakume bat desagertu dela jakingo dute, eta pista bakarra elurrezko panpin batean azalduko den bufanda izango da. Hala, hilketa berri honen bidez, aurretik jazotako beste hainbat argitzen ahaleginduko da Hole, Katrine Bratt poliziaren laguntzarekin. Michael Fassbender, Rebecca Ferguson, J.K. Simmon, Val Kilmer eta James D’Arcy aktoreek, besteak beste, hartu dute parte Tomas Alfredsonek gidatutako thriller izugarrian. Jo Nesbo idazle norvegiarraren izen bereko best selleren sagako zazpigarren eleberria du oinarrian lanak.

.

Hurrak eta Lapurrak 2

Zineuskadi elkartearen bidez, gaurtik aurrera, Hego Euskal Herriko zenbait zinema aretotan euskaraz estreinatuko dute Cal Brunker zinegile kanadarraren Hurrak eta Lapurrak sagako bigarren filma. Surlyk eta lagunek Oakton hiriko alkatea gelditu beharko dute, haien bizitokian jolas-parke erraldoi bat eraiki ez dezan. Lehen atalak izandako arrakastaren ondotik, bigarrenak kritika kaskarragoak jaso ditu.

.

Le redoutable (Mal genio)

Cannesko zinema jaialdiko Sail Ofizialean eskaini zuten, ostera, Michel Hazanavicius zinegile frantziar laudatuaren berriena. 60ko hamarkadan, Anna Karina emaztearengandik banandu berri zenean, Jean-Luc Godard zinegileak hamazazpi urteko Anne Wiazemsky ikasle anarkista ezagutu zuen, eta maitemindu egin ziren. Filmak, ordea, ez zuen harrera onik izan, eta horrek krisia eragin zuen Jean-Lucengan. 1968an frantziar gizartean jazotako gatazkak, protestak eta herritarren haserrea erakutsi nahi izan ditu filmak, baina orotariko kritikak jaso ditu; zenbait adituren iritziz, filmak ez du helburua lortuko, eta ikusleak nekatuko ditu.

.

The Glass Castle

Jeanette Wallsen memorietan oinarritutako filma dakar, bere aldetik, Destin Cretton zinegileak. Brie Larson, Naomi Watts eta Woody Harrelson aktore ezagunak batu dira proiektura. Egiturarik gabeko familia nomada inkonformista bat; ama berezia, loturarik gabeko arima, eta aitak irudimen handia eta alkoholarekin arazoak izango ditu. Jeannette arrakasta handiko kazetaria da orain, baina familia izango da bere sekreturik handiena. Maitasuna eta gorrotoa sentituko ditu haiekiko, zoriontsu izaten ikasi duen arren.

.

Estreinaldiak irakurtzen jarraitzeko, sartu Zinea atarian!

Asteko zinema estreinaldien errepasoa!

Asteko zinema estreinaldien errepasoa!

Euskal pantailaren gunea