Europa gainbeheran?

Europa gainbeheran? –

Europar Batasuneko (EB) Legebiltzarra berritzeko hauteskundeak deituta daude datorren ekainerako eta iraupena 2029 artekoa izango da. Amaitzear dagoen legealdi honetarako, Ursula von der Leyen batzordeburuaren helburuetako bat zen Europa berdea sustatzea, baina xede hori betetzea konplikatu zaio, Bruselan eragin handia duten lobbyek ez baitiote bidea erraztu.

Europa gainbeheran?
Irudia: torstensimon

Izan ere, energia iturri gisa, berdeen artean, energia nuklearra eta ikatzarena onetsi behar izan ditu. Von der Leyenen norabide egokitzapen horretan garrantzi handia izan du Frantziako Estatuak, non zentral nuklearrek elektrizitate ekoizpenaren %70 erdiesten baitute. Ikatzaren erabilera, aldiz, Alemaniak presionatu du elektrizitatea sortzeko, Errusiatik zetorren gas merkea urritzeak ere zer esana izan baitu.

Bestalde, legealdi honen erdialdean Ukrainako gerra hasi zen eta egoera erabat okertu da EBrentzat, Errusia eta AEBen artean preso geratu baita. Alemaniak EBren lidergoa izan behar zuen, baina sozialdemokratak daude boterean eta horiek NATO zale gisa ezagutarazi dira; eta AEBek markatzen duten norabide horretan alemaniar berdeek eta liberalek gustura amore eman dute. Berdeak bakezale ziren, 1980ko hamarkadan, eta gaur Gazako genozidioan Israelekin lerratuta daude.

Datorren legealdirako EBren helburu nagusia segurtasuna izango da eta, aldiz, Europa berdea saihestuko da, are gehiago nekazaritza industrialaren mobilizazioen aurrean burua makurtu ostean. Segurtasun hori bermatze aldera, Trumpek eskatu bezala bere agintaldian, defentsa gastua BPGren %2ra heltzea gura dute.

Ukrainako gerrarako EBk aurreikuspen ekonomiko okerrak egin zituen, hein batean AEBek xaxatuta, helburua europarren autonomia murriztea baita

Ukrainako gerra dela eta, EBk aurreikuspen ekonomiko okerrak egin zituen, hein batean AEBek xaxatuta, beronen helburua europarren autonomia murriztea baita. Izan ere, behin gerra hasita, Errusiari hamahiru zigor ekonomiko ezarri zaizkio, eta paradoxa da EBren ekonomia, batik bat Alemaniarena, gehiago kaltetu dela Errusiakoa baino.

Zergatik paradoxa hori? Lehenik, Siberiako petrolio eta gasaren norabidea ekialdera zuzendu delako, eta hori Siberia Indarra 2 deritzon gasbidea eraikitzeko dagoela. Beraz, Alemaniara etor zitekeen gas merke eta egokia, Txinara doa, Errusiak gerra finantzatzeko funtsak erdiesten dituen bitartean; petrolioa Txinara eta Indiara doa, eta kasu askotan Europan kontsumitzen da.

Halaber, nor ez da oroitzen nazioarteko finantza ordainketak burutzeko SWIFT sistemaz? Europarrek uste zuten sistema horretatik Errusia kaleratuta bere ekonomiak porrot egingo zuela. Eta beraien sistema propioa sortzeaz gain, txinatarrek eta errusiarrek beraien diruez ordainketak egitea adostu zuten eta SWIFT sistema saihestu. Orain, EBk atzerriko errusiar aktiboen etekinak erabili nahi ditu Ukrainako gerra eta europar berrarmatzea finantzatzeko. Proposamen horrek aurrera egingo balu, sistema kapitalista liberalaren oinarri nagusia, hots, jabetza pribatua sakratua dela, erabat aldatuko litzateke eta ondorio neurtezinak izango lituzke. Adibidez, Kubako lur-jabe handien desjabetzeak nazioarteko legediarekin bat etor litezke? Bitartean, Errusian serioski hartu dute informazio hori eta nazioarteko epaitegietara joko dutela iragarri dute, luze iraun dezakeen prozesua abiatuta.

Azkenik, Alemaniako ekonomia krisialdian murgilduta dago 2023tik, batik bat Errusiatik datorkion erregaia garestitu zaiolako, baita inbertsioak egiteko interes tasak altu daudelako ere. Ondorioz, 2023an, BPGa -%0,3 hazi zen. Hortik, bai Alemaniak, baita EBk ere, berrarmatzeari ekitea, Errusiarekiko segurtasuna bermatze aldera. Ez da ahaztu behar Alemanian naziek politika ekonomiko keynestar hori aplikatu zutela eta azkenean 26 milioi sobietar hil zirela.

ARGIAn argitaratua

Europa gainbeheran?  Europa gainbeheran?

Krutwigen Lagunak ekimena

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude