Nire dürüma defendatuko dut

Nire dürüma defendatuko dut –

Gorka Bereziartua, ARGIAn.


Bagenbiltzan ba egun hartan ere, azken orduan etxetik kanpo bazkaltzea okurritu, mokadutegi guztiak kokoteraino beterik eta gu bilaka-bilaka, baina inon lekurik ez. Euria baldeka botea zuen aurreko asteetan eta, halako batean, zeruan suzko bola hura agertzeak –nola zuen izena ere ahaztuta geneukan ordurako–, antza denez, optimismo kontsumitzailez bete gintuen denok batera. Behin egin nahi gure herrian turista-plana eta ezin: etsiak hartuta, etxeko dilistekin konformatu beharko genuela sinetsita, bagindoazen bueltan, kalearen amaieran lokal hura agertu zitzaigunean, luxu otomandar baten gisan: mahai batzuk libre zeuden Kebab-ean.

Nire dürüma defendatuko dut

Prousten madalenaz futitzen naiz, dürüm hark eragin zizkidan flashback-ak gogoratze hutsarekin. Hemeretzi urte, patrikan lau sos eta bost axola hasi genuen Interrail hartara bueltatu nintzen bat-batean. Atun latak ogi tartean, besterik ez genuen jan gurutzatu genituen lehenbiziko lau herrialdeetan; eta Robinson Crusoeren piurarekin Istanbulera iristean nonahi aurkitu genituen Döner Kebab-engatik izan ez balitz, ez dakit historia hau kontatzeko moduan izango nintzen ere.

Baina han zeuden, kale kantoi bakoitzean, bibote sarriaren azpitik irribarrez, gure sabeleko armiarma-sareak koipeztatuko zizkiguten kebab saltzaileak: supermerkea, hiperkalorikoa, megagustagarria eta, matusalenki ari naizenez barre egingo didazue baina, nahiko janari exotikoa guretzat artean. Gero, hori bai, oso denbora gutxian agertu ziren jatetxeok gure hiri –lehenbizi– eta herrietan –geroxeago– eta, aurreko guztia kontuan hartuta ulertuko duzuenez, betidanik izan diet kariñoa.

Puntu gehiago alde, izan ere, egun hartako bazkaria salbatu zigun kebabaren barraren gainean “Palestinarekin elkartasuna” zioen afixa zeukaten jarrita –dürüma bai, borroka ere bai–, eta gure artean komentatu genuen turismoak gastrotekatu dituen herriko taberna gehienetan honezkero pentsaezina dela halakorik aurkitzea.

Eta kontu hauek denak ari naiz hemen botatzen, susmoa daukadalako –sartu musika dramatikoa hemen– horrelako lokalek mehatxu berri bati egin beharko diotela aurre hemendik gutxira. Joan den astean dinbi-danba pixka bat eragin du Twitterren –bai, orain beste izen bat dauka, baina tira– Madrilen ireki duten janari azkarreko negozio berri bati buruzko txioak, zeinak “kebabei buelta bat eman” nahi dien, haragia robata estiloko barbakoa japoniarretan errez eta produktua lokal txatxi batean zerbitzatuz. Menua ia 15 euro. Ni dagoeneko urduri nago, izan ere, entzuten dudanean janari arrunt baten “kontzeptu berri bat” eskaintzen hasiko direla, kasuen %99an koloretxoz beteriko prezio igoera salbaia etortzen baita atzetik.

Furgofarrak food truck bihurtu zizkiguten, eta nik ez nuen ezer egin, parrandan “afaldu denbora galdu” esaten zutenetakoa nintzelako. Pintxoei artelanen prezioak jarri zizkieten, eta ni geldi-geldi geratu nintzen, tabernan poltsako patatekin konformatzen nintzelako. Hanburgesen bila etorri ziren, eta Foucaulten liburuak baino konplikatuagoak ziren saltsekin zerbitzatzen hasi ziren, eta nik beste aldera begiratu nuen, haragi gorriaren oso fan ez nintzelako. Baina nire auzoko kebaba defendatuko dut, foodie-n kontra, esperientzia gastronomikoen kontra, hemen eta Singapurren berdin-berdin aurkitu ditzakezun lokalen kontra. Abisatzen dizuet, armak hartzeko prest nago nire dürümaren defentsan: prest dauzkat bi ur-pistola yogurt saltsaz beteta. Ez etorri niri txorradekin.

Nire dürüma defendatuko dut  Nire dürüma defendatuko dut

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

5 pentsamendu “Nire dürüma defendatuko dut”-ri buruz

  • Gorka Cohen 2024-04-16 09:22

    Euskal guayismo islamofilikoaren beste perlatxo bat. Bejondeizula eta Allahu abar!

  • Kemen Hargin 2024-04-16 23:35

    Gorka, Cohen abizen hori zurea al da ala guayismo judufilikoaren beste perlatxo bat al da?

    Batak zein besteak, zein astunak zareten zuen xenofilia haizatzen!

  • Jorge Special K 2024-04-19 10:56

    Globalismoaren aldeko eta euskal nortasunaren aurkako beste artikulo bat.
    40 urtetan oroitzapen bat besterik ez gara izango.

  • Jorge, nire susmoa izango da, baina uste dut guztiz alderantziz ulertu duzula artikulua.

  • Gorka Cohen 2024-04-19 19:52

    Baikorregia zara, Jorge. Martxa honetan 20 urte gehiegi iruditzen zaizkit.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude