Etxepare Euskal Institutuak eta Galesko Unibertsitateak euskal ikasketen katedra berria jarri dute abian

Etxepare Euskal Institutuak eta Galesko Unibertsitateak euskal ikasketen katedra berria jarri dute abian –

Soziolinguistika, hizkuntza plangintza eta hizkuntza politiken inguruko ikerketa eta irakaskuntza izango ditu ardatz nagusi.

Euskal eta galestar kultura eta hizkuntzen arteko elkar ezagutza indartzeko helburua du katedrak.

Alan R. King du izena, Euskal Herriarekin lotura estua izan zuen hizkuntzalari eta hizkuntza gutxituen aldeko aktibistaren omenez.

Etxepare Euskal Institutuak eta Galesko Unibertsitateak euskal ikasketen katedra berria jarri dute abianEtxepare Euskal Institutuak euskal ikasketen katedra berri bat sustatu du Galesen, University of Wales Trinity Saint David unibertsitatean. Aberystwyth hirian egoitza duen Galesaren eta Zeltikoaren Ikasketa Aurreratuko Zentroan (CAWCS ingelesezko siglatan) egongo da kokatuta eta euskal eta galesko soziolinguistika, hizkuntza plangintza eta hizkuntza politikaren inguruko ikerketa eta elkarlan akademikoa sustatzea du helburu, baita euskal eta galestar kultura eta hizkuntzen arteko elkar ezagutza indartzea era. Galesko Unibertsitatean 1985ean sortu zuten CAWCS talde dinamikan oinarritutako ikerketa gune gisa. Ordutik Galesko eta beste herrialde zeltikoetako hizkuntzak, literaturak eta kulturak, eta hauen arteko harremana ditu ardatz. Alan R. King hizkuntzalari, hizkuntza gutxituen aldeko aktibista eta 2003az geroztik euskaltzain urgazle izen zen ikertzailearen izena daraman katedra berri honen bidez, Galesko Unibertsitateko graduondoko programetan eta CAWCSeko ikerketa foroetan euskal ikasketak sustatuko dira hitzaldi eta mintegien bidez.

Urtero, deialdi ireki bidez hautatutako irakasle edo ikertzaile gonbidatu batek sei asteko egonaldia egingo du Galesko Unibertsitateko  CAWCS zentroan. Egonaldi horren baitan, ikerketa mintegia burutu eta hitzaldi ireki bat eskainiko du hizkuntza politika eta plangintzaren inguruan, Unibertsitateko graduondoko programetako 

ikasleei  hainbat saio emango dizkie eta hizkuntzalariei zuzendutako euskal gramatika edo hizkuntza mintegi bat ere emango du.

.

Lehenbiziko irakasle edo ikertzaile gonbidatua hautatzeko deialdia martxan

Alan R. King katedrako lehen irakasle edo ikertzaile gonbidatua hautatzeko deialdia gaur zabaldu da eta maiatzaren 9ra arte (barne) jasoko dira hautagaitzak. Eskabideak Etxepare Euskal Institutuaren (www.etxepare.eus) eta University of Wales Trinity Saint David unibertsitatearen (www.uwtsd.ac.uk/cawcs) webguneetan aurki daitezke, eta posta elektronikoz bidali beharko dira helbide honetara: canolfan@cymru.ac.uk.

Hautagaia hautatzeko orduan, irakasle eta ikertzaile profilez gain, kontuan hartuko dira euskararen hizkuntza plangintzan, eremu soziolinguistikoko azterketetan eta euskararen alfabetatze munduan ari diren aditu eta profesionalenak ere. 

.

Alan R. King hizkuntzalari eta hizkuntza gutxituen aldeko aktibistari omenez sortutako katedra

Alan Roy King Lytham St Annes-en (Ingalaterra, Erresuma Batua) jaio zen 1955an. Hizkuntzalaritzan doktorea (Londresko Unibertsitatea), euskara, yiddisha, galesa eta nahuatlera hitz egiten zituen, besteak beste, eta hizkuntza gutxituen alde egin zuen lan munduko hainbat tokitan. 

1980ko hamarkadan, urtetako debekuaren ostean euskal gizartea hizkuntza politika berriak martxan jartzen ari zirenean, euskal sintaxiari buruzko azterlan bat (‘Euskal Sintaxia: Arazo Nagusiak’) eta hizkuntzaren normalizazioari buruzko txosten bat egin zituen Jaurlaritzarentzat, besteak beste. Garai horretan Euskaltzaindiako Gramatika Batzordeko kide ere bihurtu zen. Eta 2003an euskaltzain urgazle izendatu zuten. Bere bizitzan zehar hainbat liburu idatzi zituen, horien artean, ingelesetik euskara ikasteko metodoak: ‘A Basque Course: A Complete Initiation to the Study of the Basque Language’ (1982), ‘The Basque Language: A practical Introduction’ (1994), ‘Colloquial Basque’ (1996).

Alan R. King-ek Aberystwith-en euskara ikastaroak eman zituen, eta Gales eta Euskal Herria konektatzeagatik da ezaguna bertan.

Hizkuntza gutxituen alde egitea bere hizkuntza-misioaren berezko zati bat zen: hizkuntzak ikasteko errazak izatea eragiteko gaitasuna zuen, eta hiztunen eta hiztun potentzialen kontzientziazioan eta trebetasunetan ere inbertitzen zuen, aldi berean, haien hizkuntza ezagutzeaz gain, hura nola berreskuratu eta etorkizunerako nola garatu jakin zezaten.

Alan R. King 2019an zendu zen, eta bere izena daraman katedrarekin 10 dira orotara Etxepare Euskal Institutuak euskara eta euskal ikasketen onespena eta ikusgarritasuna indartzeko nazioarteko unibertsitateetan sustatzen dituen euskal ikasketen katedrak.

.

Adierazpenak

Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria: “Orain arte euskal eta galestar soziolinguistika, hizkuntza plangintza eta hizkuntza politikaren arteko elkarlan akademiko egonkorrik ez zegoenez, etorkizunera begira hizkuntza aniztasunaren eta hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuen alde ezinbesteko pausua dela argi dugu”.

Medwin Hughes, University of Wales Trinity Saint David unibertsitateko errektore ordea: “Atsegin handiz iragartzen du Unibertsitateak Etxepare Euskal Institutuarekin abian jarritako lankidetza berezi hau. Alan R. King katedra aukera paregabea izango da Euskal Herriko akademikoak Galesera etor daitezen ikertzera, gure ikaskuntza-programetan laguntzera eta soziolinguistikaren, hizkuntza-politikaren eta plangintzaren arloko eztabaida publiko eta profesionaletan parte hartzera. Urrats hau oso garrantzitsua da Unibertsitatearentzat eta Etxepare Euskal Institutuarentzat. Etxeparek nazioarteko unibertsitateetan sustatzen dituen 10 katedren artean bakarra da galesarentzat eta euskararentzat hain garrantzitsua den esparru hau gaitzat duena. Halaber, Galesen  kokatuta dagoen katedra bakarra da. Udazkenean Galesaren eta Zeltikoaren Ikasketa Aurreratuko Zentroan (CAWCS) lehen bekadunari ongietorria emateko irrikan gaude”.

Elin Haf Gruffydd Jones, Galesko Unibertsitateko Galesaren eta Zeltikoaren Ikasketa Aurreratuko Zentroko (CAWCS) zuzendaria: “Katedra hau giltzarria da Galesen eta Euskal Herriaren arteko harreman akademikoa aurrera eramateko 

hizkuntza-politikaren eta -plangintzaren esparruan. Badakigu zein garrantzitsua den ikerketa-arlo hau bi herrialdeentzat, eta pribilegio bat da Etxepare Euskal Institutuarekin lankidetzan aritzea garapen estrategiko horretan. Alan R. King doktorearen ekarpenak lau hamarkada eta hainbat kontinente hartu zituen. Euskararen atalase maila ezartzearen arduraduna izan zen 80ko hamarkadan, Medwin Hughes irakasleak galeserako maila baliokidean lan egiten zuenean. Euskaltzaindiako kide gisa, euskararen gramatikari buruzko zazpi liburuki argitaratzen lagundu zuen. Bizitzan zehar, hizkuntza gutxituen ikaskuntza beste pertsona batzuengana hurbiltzeko erabili zuen bere talentu linguistiko aparta, planteamendu eraginkor eta komunikatiboetan zentratuz. Galesa oso ondo ezagutzen zuen, eta denbora luzez lagundu zuen Galesen eta Euskal Herriaren arteko harremanak sustatzen. Oso egokia da bekak bere izena eramatea, eta eskerrak ematen dizkiegu bere familiari eta gertuko lagunei emandako laguntzagatik.

Etxepare Euskal Institutuak eta Galesko Unibertsitateak euskal ikasketen katedra berria jarri dute abian

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude