Espainiaren harresia zulatzeko ideiak

Espainiaren harresia zulatzeko ideiak –

Espainiaren harresia zulatzeko ideiakAurtengo otsailean eman du argitara Artur Masek katalanez -azpimarratzen dut hizkuntzarena, gurean, politikari abertzale izenekoek gaztelaniaz idazten dutelako idazten dutena, eta hizkuntzaren hautuak, nire iritzian, garrantzi handia duelako nazio kulturala eraikitzeko- idatzitako Cap fred, cor calent deritzan liburua. Oraindaino bestek idatzi dute berataz, eta oraingoan proçesaren bere bertsioa eman nahi izan du lehen pertsonan, eta azken atalean aipatzen ditu nola hauts litekeen, bere iritzian, Espainiako botereek eraikia duten harresia katalanei euren etorkizun politikoari buruzko erabakia hartzeko eskubidea ukatzeko. Ekarpen hori jasotzen dut idatzi honetan.

Zuzeuko irakurleak jakingo duenez, 2016ko urte hasieran, CUPek betoa paratu zion 2010 ezkeroztik Generalitateko presidente zen Masi, haientzat eskuindarra delako, eta pujolismoarekin dituen loturengatik-eta, eta Masek onartu zuen presidentetzatik alboratzea aginte-makila Puigdemonti igaroz. Beto horregatik haserreturik, probestu zezakeen politikari adio esan eta erretiratzeko, baina proçesean jarraitu du eta bere ekarpena egin du.

Harresia zulatzeko ideiak azaldu aurretik dio Euskal Herriarekin ere berdintsu gertatzen bada ere, edo gerta bazitekeen ere, egun Katalunia dela Espainiaren naziobakartasuna finkatzeko oztoporik handiena, eta arrazoi du, noski!

Kataluniako aberritik hasita, Kataluniako bi sentsibilitate eta alderdi independentista nagusiak boto autonomikoak lortzeko lehia bizian ibiltzea da autonomia gero eta kaskarragoa izateko bidea jorratzea; beraz, edo bozetara batera joan behar da, lehenago Junts pel Sírekin bezala, edota bereiz joanda, gobernu-alternantzia da beharrezko, lau urtez alderdi independentista bata gobernatzen eta hurrengo lau urtez bestea, zortzi urteko ziklo batean. Presakaegi ezin dira gauzak egin!

Horrekin batean, Generalitatea eta instituzio autonomikoak, eta independentziarako borroka bereizi beharra aipatzen du. Atzeak erakusten duenez, aurrea nola dantzatu, instituzio autonomikoek marko juridiko espainolari izkin ezin egin diotenez, bi jarduerak bereiztea proposatzen du. ANC, Omnium eta gainerako eragile independentistek bere bide bereizia egitea Estatuak instituzioak blokea ez ditzan.

Eta Estatuaren bitartez nazio bakarra ezarri nahi duen Madrilgo gorteetan zentratzen den borroka politikoari dagokionez? Lehenik, bi alderdi independentista nagusiek batera jokatu behar dute. Eta bigarrenik, nola Madrilek, errepresio politiko-judizial-polizial bortitza gorabehera, ezin duen lortu Kataluniako parlamentuan independentistak nagusi izatea, eta nola Kataluniako gizartean ere independentziak ez duen lortzen aski atxikimendu alde bakarrez independentzia aldarrikatzeko eta praktikara eramateko Estatuaren eta Europako estatuen aldekotasunik gabe, beste bide bat jorratu beharra dagoela dio. Zein bide? Alde bietako bakoitzak amore eman beharko du gauza batzuetan. Zertan?, nola? Masen formula politiko konplexu samarra hauxe da:

  • Estatuak onartzen du Kataluniako etorkizunari buruz erabakia hartzeko eskumena herritar katalanena dela.

  • Halaber, adosten dira erreferendum edo kontsulta baten terminoak bi proposamen aldi berean bozkatzeko aukera ematen dutenak: autogobernua hobetzeko proposamena Estatuaren aldetik, eta independentziaren proposamena subiranotasun katalanaren aldetik.

  • Baldin eta hitzartutako terminoetan independentziaren hautuak irabaziko balu, emaitzari balio politikoa emango litzaioke, baina ez juridikoa. Estatuak, orduan, konpromisoa hartuko luke delako emaitza independentziaren aldeko hori legez eta modu hitzartuan gauzatzea ahalbidetuko luketen lege eta arau aldaketak egiteko.

  • Baldin eta hitzartutako terminoetan autogobernuaren hobekuntza aterako balitz gailen, emaitzari balio juridikoa emango litzaioke eta berehala sartuko litzateke indarrean.

Laburbildurik: erreferendum hitzartua adostuko litzateke bi galdera lituzkeena, eta halaber erantzunak gauzatzeko bi era ezberdin izango lituzkeena. Demokratikoa izango litzateke zeren azken erabakia herritar katalanek hartuko lukete, eta aldi berean, legezkoa izango litzateke ez bailitzateke alde bakarreko erabakirik egongo.

Segur aski Zuzeuko irakurle gehienoi, neuri bezala, eszeptikotasuna nagusituko zaizue Masen proposamen horren aurrean, eszeptikotasuna bereziki Espainiako botere faktikoek bi galderako erreferendum bat onartu ote dezaketenari begira, eta Artur Mas bera ere, gu bezala, alde horretatik eszeptikoa da.

Baina beste bi aukerak zein dira? Bata, Espainiako botereek autonomia katalana are gehiago murriztea, delako 155. artikulu hori are murriztaileagoa eginez, edota, bestea, independentziari alde bakarretik ekitea soberanistek, horrek berekin lekarkeelarik estatuaren aldetik etorriko litzatekeen mota guztietako bortxakeria eta joko zikinari aurre egiteko prest egotea. Irtenbide zailak, batez ere, bigarrena, aurrera eman baino lehen, kostuak ondo aztertzea galdegiten duena.

Romain Garyren oroimenezko plakan jarria dagoena gogoratuz amaitzen du liburua: “Beti jakin beharrak ditugu egingarri denaren mugak zein diren. Ez geldirik geratzeko, baizik eta baldintzarik onenetan ezinezkoa lortzen ahalegintze aldera”.

Espainiaren harresia zulatzeko ideiak

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)

Zer duzu buruan “Espainiaren harresia zulatzeko ideiak”-ri buruz

  • Artur Masek zer dio berak idatzitako liburu honetan, autonomiatik independentziara iragaiteko prozesuaz? Hiru puntu giltzarri aipatzen ditu:
    1. Aznar presidentearen bigarren legegintzaldian (2000-2004), PP alderdiak birzentralizazioari ekin nahi zion, eta horretarako Katalunian PP desagertu eta espazio “zentrodemokrata” CIUk har zezan nahi zuen. Hori lortzeko Artur Mas gonbidatu zuten Doñanako parke natural ederrean asteburu bat igarotzera Jaume Matas, Eduardo Zaplana eta Mariano Rajoy eta euren ezkontideekin. Aznarren hiru eskumakilek Mas ideia horretara erakarri nahi izan zuten, eta ordainetan Madrileko Gobernuan ministerioak eskaintzeko prest agertzen ziren. Pujolek baimena eman zion Doñanara joateko, baina PPren eskaintza ez zuten onartu. Oker ez banago, gertakari hori ez da hain ezaguna.
    2. Zuzeuko irakurle guztiek ezagutzen duten Kataluniako estatutu berriaren ibilera malapartatua.
    3. 2012an, Masek Rajoyrekin “itun fiskala” negoziatu nahi izan zuen, hots, izen ezberdinarekin, EAE eta Nafarroako kontzertu ekonomikoaren antzeko hitzarmena. Hainbat luzapenen ondotik, Rajoy garbi utzi zion Kataluniak ez zuela beste ezein erkidegok baino finantzaketa hobea lortuko, arazo berezirik ere ez zeukalako finantzaketa aldetik.
    Hiru gertakari horiek bideratu zuten Kataluniako itsasontzi politikoaren lema independentziarako bide zailera aldatzera, Artur Masen arabera.
    Bestalde, CUPek Masi 2016an presidente izateko betoa ezarri zionean, nor izan zen giltzarri Masek presidentetzari uko egiteko jakiteak ere badu bere interesa, baina aski dut espoiler izatetik.