Nola ligatzen da pandemia baten erdian?

Nola ligatzen da pandemia baten erdian? –

Aurrekoan, lagun batek kuadrillan, desesperaturik, uda honetan euskal gaztediak nola demontre ligatzen zuen galdetu zuen. Bikotea dugunok begirada konplizea bota genion elkarri, baina egia da, saltseoan ibiltzea gustatzen zaigunoi, txutxu-mutxu gabezia honek ere eragiten digula.

Izan ere, momentu zailak dira udako herriko jaien errege direnentzat. Erromerietan eta tabernetako argien iluntasunean dantzan udako denboraldia betetzen zuten horiek polka kidearen estrategia erabili ezinik uda igaro dela konturatu dira. Edo, laneko ligetxoa zutenentzat, ofizinan txolinarena egiten orduak pasatzen zituztenak, kafera elkarri gonbidatzen, horietako bat afari noiz bihurtuko zen esperoan. Gertu zegoen, eta badakizu, baina telelana etorri zen. Eta zer gertatu da konfinatu aurretik 2020an musukatu genituen guzti horiekin? Agian, gauzak ez zuen hor gelditu behar, baina nola hasiko gara berriro?

Pandemia bateko bigarren olatuaren erdian gaude, eta egoera den bezalakoa da bai, baina gure kuadrilla zuekin akordatzen da, eta horregatik, konbertsazio hartatik atera genituen ligatzeko tekniken zerrenda labur bat ekarri dut. Ligatzeko aplikazioak alde batera utziko ditugu, baina kontuz, arrakasta izan badute, ez baitira gutxi azkenaldian horrela ligatu duten ezagunen kasuak. Baina hor kanpoan gauzak ez dira errazak eta horregatik metodo berriak aplikatu behar dira.

Nola ligatzen da pandemia baten erdian?

1. Mendira joan

Adibidez, Hiru Erregeen Mahaia igo. Turistifikazio masiboaren biktima berria da mendia; ez da ni horren alde nagoela, baina ziur, zure ligea nonbait egotekotan, hor dagoela. Edo Aizkorrin vivac egiten, eta oso mendizalea bada, sentitzen dut, baina Pirinioetara edo Europako Mendietara mugitu beharko zara.

.

2. Hizkuntza kode berriak garatu

Andaluzian izan nintzenean abanikoaren hizkuntza existitzen zela erakutsi zidaten. Distantziak salbatuz, musukoaren hizkuntza proposatu daiteke (betiere, sudurra musukoaren azpitik gelditzen bada, noski). Baina bestela, tabernetan  eraginkorra izan daiteke, begiraden jokoa bezala, baina oraingoan konplementu berri batekin. Garagardoa hartzera zoazen momentuan, musukoa kokospean ala belarritik zintzilik izateak mezuren bat iradoki beharko luke. Egia da oraindik eraikitzeke dagoen lengoaia dugula, baina egoera honek tamalez askorako duenez, hortxe luzatzen dugu proposamena.

.

3. Beldurrik ez izan

Eta azkenik, hartu mezu instantaneoak bidaltzeko balio duen aplikazioa eta idatzi gelditu nahi duzun horri. Idatzi beldurrik gabe. Idatzi ezetz esango badizu ere. Badaezpada ere, idatzi. Ligatzeko modua aldatu egin da. Eta gu hara moldatu behar gara. Gauzak ez dira jada instant batean eta hausaz gertatzen, ez da “ea parrandan dagoen” gehiagorik existitzen, orain hitzartu beharra dugu derrigorrez. Eta zortea baduzu, eta harekin gelditu behar baduzu, nik aurretik gomendioz, inguruan PCR frogaren zain dagoen inor duen galdetuko nuke (zerrenda batean zaudela esaten duen Osakidetzako dei horietako bat ekiditeko batez ere).

Eta hauexek lirateke gure gomendio nagusiak. Espero dut benetan udazkeneko denboraldiari gogor eutsiko diozuela. Eta bestela, lasai ibili, sexua gainbaloratua dago-eta!

Nola ligatzen da pandemia baten erdian? Nola ligatzen da pandemia baten erdian?

Nire begietatik ...

Zer duzu buruan “Nola ligatzen da pandemia baten erdian?”-ri buruz

  • Insistentzia 2020-09-02 22:09

    Alde ona, ez da gehiago “parrandako” erlaziorik egongo. Egunargiko gardentasunez ligatuko da edo ez da ligatuko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude