Demokrazia urratua, ez eraitsia (metafora bat)
Demokrazia urratua, ez eraitsia (metafora bat)
Azpiko bideoa, espainiar Estatuak Katalunian egin gura duenaren metafora gisa aurkeztu nahi dugu (astirik ez baduzu, ikusi 2.55 minututik aurrera):
Irudietan gazte talde bat ikusten da, Jaume I. plaza bete zuten espainiarrek akuilatuta, pankarta bat apurtu nahian… “demokrazia gehiago” leloa lurrera bota nahian!
Bideoa erreferendumaren bezperan grabatu genuen Bartzelonako udaletxearen eta Generalitateko egoitzaren tartean zabaltzen den eremuan. Eta ez genuen argitaratzeko asmorik, azken egunotako gertakizunak ikusi ditugun arte. Faxistek kaleetan -Madrilen, Valentzian, Bartzelonan…- egin duten erakustaldia.
.
Folkloriko
Irailaren 30ean, gaur hamabost egun, Urquinaonan abiatu zen elkarretaratzea bat-batean egindako deialditik sortu ei zen, eta ez omen zuen alderdi politikorik atzean. Amorragarria zitzaien egoeraren aurrean inpotente eta independentistek isilaraziak sentitzen ziren milaka espainol elkartu ziren bertan; halaxe esan ziguten bertaratutako batzuk.
Kontua da folklorismoak jotako martxa luzatu eta eguna ilundu ahala -haserre egon arren festa giroan abiatu ziren- gaiztotzen hasi zela giroa.
Espainiaren batasuna demokraziaren aurretik jartzen duten horiek, orain arte ezkutuan baina indartsu zegoen piztia elikatzen dabiltza, aspaldi ez bezala kaleak harro hartu dituzten faxistena.