Cocidito Madrileño

Cocidito Madrileño –

Asteotan oso presente izan dut Javier Vizcaino eta bere “cocidito madrileño” hura. Entzule fidela nintzen. Zenbat irrati ordu beteko ote zituen tarte horrek, gaur egun jarraituko balu… zenbat ergelkeria ari gara entzuten egunotan… zenbat gezur eta iruzur euskaldunon aurka, eta orain baita katalanen aurka. Ondoriorik gabeko gezurrak, zigorrik gabekoak, ezta hautesontzietan ere. Inguruko demokrazia gehienetan, politikari batek gezurra esaten duenean badaki non duen irteerako atea.

Cocidito Madrileño

Baina hemen ez. Hemen egia debaluatu dute, eta klase politikoa ere bai. Ez da harritzekoa herritar askok pentsatzea ez garela fidagarriak, baina egia ez izateaz gain, injustua da. Ni ere gorritzen eta lotsatzen naiz nahita egindako gezurrak entzuten ditudanean, helburu dutenak arerioa zapaltzea, izena zikintzea eta suntsitzea. Gu alderdi zintzoa gara, serioa eta arduratsua, eta prest gaude baitala dialektikorako. Laneko arropa beti jantzita, ezerk ez gaitu ustekabean harrapatzen. Ezta hauteskunde deialdiak, ia gainean dauzkagunak.

Garrantzitsua da deialdiak bereiztea. Oso garrantzitsua da, hain zuzen ere, lehen esandako interferentziak, zaratak eta gezurrak ekiditeko. Zita bakoitzak bere espazioa behar du, bere denbora, gizarteari gure proiektu eta proposamenak azaltzeko. Superigande batek irentsi egingo liguke Estatu-mailakoak ez garen alderdiok. Ekarriko luke ezin izango genuela hitz egin gure nagusietaz, gure eskoletaz, gure gazteetaz. Akats larria izango zen. Aurrekoan telefono dei bat jaso nuen, hauteskunde-inkesta bat egiteko, eta erantzun nuen. Galdera guztiak erantzun nituen eta aipatu ere ez zituzten egin euskal alderdiak edo buruzagiak. Ez ikusiarena egiten dute, mapatik ezabatzen gaituzte eta herritarrak manipulatzen dituzte erantzunak mugatzeko.

Antzeko zerbait gertatzen da kate handien hauteskunde eztabaidetan. Dirudienez, RTVEren eztabaida bakar bat kenduta, EAJk ez du espaziorik izango ez telebistan, ez irratian, baina bai Voxek, ordezkaritza parlamentariorik gabeko alderdi ultraeskuindarrak. Ez al da arraroa alboratzea Estatuaren gobernagarritasunerako erabakigarriak izango garen alderdiak? Gu bezala, PDeCAT edo ERC, esaterako. Osasun demokratikoagatik, eztabaidak beharrezkoak dira, eta Kongresuan ordezkaritza duten alderdiak bertan egotea ere bai. Nork hitz egingo du Euskaditaz, bere lehentasunetaz edo inbertsio-beharretaz? Bipartidismoak? Eskumako hirukoak? Podemosek? Inork ere ez, ez baitute Euskadiren alde ezertxo ere egin Kongresuak itxi berri duen legealdian.

Madrilera goaz egitekoen zerrenda besapean, eta lorpenen zerrenda ekartzen dugu bueltan. Hor dago Kontzertu Ekonomikoa, Kupoa, pentsioak, I+G+b inbertsioak, AHT… Euskadirentzat onak diren proiektuak. Talde onak dauzkagu, onenak, Euskadirengatik eta Euskadirentzat lan egiteko gogoz gaude, politika sare korapilatu horretatik atera nahi dugu, eta batzuek ekarri nahi diguten negatibitatetik ihes egin.

Gaur inoiz baino gehiago Xabier Arzalluzen izena aldarrikatzen dugu; berak irakatsi zigun zarataren aurrean, gezurren aurrean, hitz errazen aurrean, gizarteari ekintzak eskaini behar dizkiegula, lana eta konpromiso zehatzak. Eta beti egia aurretik, kosta ahala kosta, eta berari askotan garesti irten zitzaion, denetarik leporatu baitzioten. Okerrena, leporatu zioten –eta batzuek gaur, oraindik, inolako errespeturik gabe, berriro leporatzen diote- ez zuela terrorismoak amaitzerik nahi. Gezur horiek zabaltzen dutenek ahaztu egin dute, nahita, Arzalluzek egindako guztia herri honek indarkeriarik izan ez zezan.

Bere lanaren ondarea EAJ-PNVren gizon-emakumeongan dago eta egongo da beti. Bere bidea jarraituko dugu, beti Euskadiren eta euskaldunen zerbitzura.

 

Cocidito Madrileño
Cocidito Madrileño

Abokatua eta ama. Bizkaiko Abokatuen Bazkunea. Legebiltzarkidea (EAJ)

Zer duzu buruan “Cocidito Madrileño”-ri buruz

  • “Ondoriorik gabeko gezurrak, zigorrik gabekoak, ezta hautestontzietan ere. Inguruko demokrazia gehienetan, politikari batek gezurra esaten duenean badaki non duen irteerako atea. Baina hemen ez. Hemen egia debaluatu dute, eta klase politikoa ere bai” Sinatzailea ezagutu ez eta neuk ere sinatuko nukeen esaldia da hori, egiazko zerbait esatera zetorrela pentsatu dut, baina ez, berehala konturatu naiz bere parrokiaren alde propaganda merkea egiten ari zen beste bat zela. Hemen hori izan da, bistan da, nire nahasmenduaren kulpableetako bat: hiru probintzietako txiringitoaz ari ote da, Nafarroarekin batera ote da hemen hori…Ez ba, Espainiako erresuma da hemen hori, Euskadi dionean berriz, hiru probintzietako txiringitoaz ari da. Kokatzeko nahikoa lan, baina goaz harira:
    Madrilen Europan ez bezala dena gezurra omen da Euskadi berriz, euskaldun hitzdun, zintzotasunaren eta gardentasunaren eredu mundu den zabalera guztian. Hau hala dela dudarik ez egiteko, horixe frogatzera datozen hiru gertaera aipatu nahi nituzke gure herrian hitza, artikulu horretan bezalaxe, zein merke erabiltzen den erakusgarri:
    1-Gure ekosistema paradisuzko honetan Osakidetza ere ze nolako txiringito izan den 35 urteotan ikusi ahal izan dugu egunotan, halako moldez non edozeinen karrera profesionalean bide egitea oso gauza zaila baita baldin eta ez bazinen txiringitoko. 35 urtez holaxe.
    2-Katalunian 155. artikulua kendu bitartean Raxoiren aurrekontuen alde ez zutela egingo hitz eman zuten txiringitoko nagusiek eta handik bi egunetara denok ikusi genituen, Kataluniako politikariak kartzelara eta erbestera bultzatu eta urriaren lehenean herria kolpez txikitzera armada bat bidali zuen gobernuaren aldeko botoa ematen morrontzaren alarde ikusgarri eginez, otzan eta esaneko.
    3-Hau gutxi ez eta ez gara aspaldian entzunda Iñigo Urkuiluk zinpean Espainiako auzitegi gorenean Kataluniako independentzia eta haren aztarnarik txikiena ere mapatik desagertarazteko egindako lan eskerga zuritzeko egin zuen hitzaren erabilera guztiz maltzurra. Hau ez diot nik, hau, egoerari dagokion diplomaziaz, Carles Puigdemont presidente erbesteratuak esan zuen.

    Arregi andereari esango nioke berrogei urteotan txiringito honetako nagusien helburu handiena “Espainian komodo sentitzea”, “espainolak seduzitzea” bezalako hitzetan daudela ondoen jasota. Klaudikazioari elkarbizitza eta morrontzari paktismoa deituta seguruenik asko ikasi dugu espainolengandik hitzak pozointzeaz; gu aingeru zerutiarrak garen aldetik, gezurra handik ekarri baldin badugu onartu beharra dago ikasle bikainak izan garela eta emaitzak hor daude: pantasiazko erakunde hauek eratu ziren garaian baina askoz espainolagoak gara egun. Nik cocidito madrileño ez dakit zer den , espainolezko komunikabiderik apenas erabiltzen baitut, baino txiringito basco txikitatik pairatu behar izan dut, euskaldun asko eta asko bezalaxe.