Badugu nori begiratu

Badugu nori begiratu –

Joan da martxoaren 8a. Euskal Herri luze-zabaletik ileak lazteko moduko argazkiak eta bideoak zabaldu dira. Ahalduntze ariketa ikaragarria egiteko gaitasuna erakutsi du Euskal Herriko Mugimendu Feministak.

Badugu nori begiratu
Arg: Hiruka

Mezu argi bezain zuzena proposatu zuen mugimenduak, eta mezu horri atxiki zaizkio Leitza, Iruñea edo Tuterako plazak bete zituzten ideologia desberdinetako milaka eta milaka emakumeak: Heteropatriarkatu kapitalistari planto. Entzun nituen, bai, hainbat irrati-tertuliatan batzuk eta besteak lelo hori desegokitzat jotzen, edota lelo horrekin batzuk deseroso sentituko zirela aldarrikatzen. Tira… Eskerrak!

Mugimenduak zehaztu eta erabaki ditu mezua, leloa eta enparauak. Mugimenduak aurreikusitako beharrak eta aldarrikapenak jarri dira erdigunean. Mugimenduak erabaki du zeri eman garrantzia, inolako esku-hartzerik gabe, inolako beldurrik gabe. Eta, zer esango dut, horrela izan behar du.

Askotan esaten da euskalgintzak eta feminismoak badituztela elementu amankomunak, dela biak zehar-lerroak direlako, dela bietan zapalkuntza dagoelako atzean; dela biak ertzetatik erdigunera ekarri behar direlako.

Horrexegatik nago aurtengo martxoaren 8ari begiratu behar diogula geurea ere ertzetatik erdigunera ekartzeko.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko martxoaren 12koa]

Badugu nori begiratu

Euskararen Gizarte Erakundeen KONTSEILUko idazkari nagusia

6 pentsamendu “Badugu nori begiratu”-ri buruz

  • Ados analisiarekin.

    Era berean, EHko feminismoak behar du ekarri bere erdigunera euskalduntasuna ere, eta kokatu bere burua, kapitalismoaren eta heteropatriarkatuaren kontra ez ezik, frantses-espainolen etnozidioaren kontra ere.

    Erdarei lehentasuna ematea eta nagusitasuna aitortzea egon daitezen maila berean gizon maltratatzaileen defentsarekin.

  • Azken portu 2019-03-15 17:20

    Ederki Bilbao Jauna! Zu ere koipea ematen feministei.
    Ea kapitalismoari planto egiten diozun. Eta hemendik aurrera ea zenbat enpresa gehiago lortzen duzuen Kontseiluak ematen dituen zertifikatuetarako

  • euskaldun bat 2019-03-16 08:04

    garrett, astakilo hutsa zara! Feminismoak euskalduntasuna ere bere egin behar duela diozu. Kapitalismoaren aurka ere bai. Behin hasita, ekologismoa ere bere egin behar luke, ez? Transexualen eta homosexualen alde ere bai. Abiadura handiko trenaren aurka egitea ere erdigunean du… Hainbeste gauza kargatu nahi duzkiozu emakumeen eskaerei? Azkenean emakumeen eskubideak ez, gainerako guztia baizik. Hori da feminismoa ulertzeko modua nonbait: dena emakumeen gain kargatzea.

  • Euskaldun bat, zapalduen arteko elkartasuna defenditzen du feminismoak, zeren zapaldu batengan, kasu horretan emakumearengan, gordinago gorpuzten baitira gainerako zapalkuntzak. Hori ez baduzu ulertu ez duzu ideia zorririk zertaz ari zaren. Oximoron hankaduna zara, linguistikoki zapaldua izanik zapaltzaileen alde egiten duzulako beste alor askotan.

  • Jose Inazio Lopez de Luzuriaga 2019-03-16 16:19

    Euskararen aldeko gizarte mugimenduaren buruzagi nagusia izanik, harrituta gelditzen naiz zure idatziarekin. Nola da posible twitterrean eta sare sozialetan hainbeste kritikatu den manifestazioen erdal giroaz kritikarik edo sikiera horren inguruko analisi laburrik ez egitea? Esango diguzu zertan ari da zure mugimendua? Bide batez, diotenez Osakidetzako kontseilari nagusi berria erdalduna izango da. Zein da Kontseiluaren plana izendapen horri begira?

  • Badugu nori begiratu, adibidez, honi:
    https://www.youtube.com/watch?v=xtv5V23zAZM
    Emakume batek hitz egiten du, oso argi gainera.