Gaurtik aurrera zinema aretoetan… estreinaldiak!

Estreinaldiak: Maiatzak 5

Egilea: Maialen Goñi

.

The Lost City of Z

James Gray zinegileak David Grannen eleberrian oinarritutako filma osatu du, gidoitik hasi eta zuzendaritza lanetaraino. Charlien Hunnam, Sienna Miller, Tom Holland eta Robert Pattinson aktore laudatuek hartu dute parte 1920ko hamarkadan girotutako abenturazko filmean. Percy Fawcett ikerlari britainiarraren bizitza eta desagertzea kontatuko dizkigu lanak. Izan ere, Amazonas oihanean galdutako antzinako zibilizazioaren bila ibili zen urte askoan, 1925ean egin zuen bidairik garrantzitsuenean desagertu zen arte.

.

A United Kingdom

40ko eta 50eko hamarkadetan jazotako maitasun istorioa. Seretse Khama (David Oyelowo) Botsuanako erregea eta Ruth Williams (Rosamund Pike) idazkari britainiarra elkarrekin maitemindu ziren; Khamak mundu hobeago bat irudikatzeko zuen moduak erakarri zuen Williams, eta emakumeak bere ikuspegia onartzeko zuen gaitasunak liluratu zuen gizona. Baina Khamak sorterrira itzuli behar izan zuenean sortu ziren arazoak. Bi protagonisten sendiek ez ezik, Erresuma Batuko eta Hegoafrikako gobernuek ere harremanaren aurkako jarrera azaldu zuten, eta haien kontra borrokatu behar izan zuten bi gazteek. Amma Asante andrazko gidoigile, zinegile eta aktore britainiarrak zuzendu du Guy Hiberten gidoia duen filma.

.

The Circle

Emma Watson eta Tom Hanks buru dituen proposamena helduko zaigu, ostera, AEBtatik: James Ponsoldten The Circle. Watson Mae Holland izango da, eta The Circle izeneko Interneteko enpresa arrakastatsuan kontratatuko dute. Bertako zuzendaria da Hanks, eta harrotasunez azalduko du enpresaren lorpena: posta elektronikoak, sare sozialak, banku-eragiketak eta pasahitzak bateratuta, erabiltzailearen profil birtual zehatza sortzeko gai dira, gardentasunaren mesedetan. Baina, ez ote da gehiegi? Dave Eggersek 2013an argitaratutako eleberria du oinarrian filmak.

.

Ardiak eta otsoak

Zineuskadi elkartearen Zinema Euskaraz programaren bidez, Euskal Herriko hainbat aretotan euskaraz estreinatuko dute Ardiak eta otsoak animaziozko film errusiarra. Andrey Galat eta Maxim Volkovek zuzendu dute, eta otsoen taldeko buru izateko, okerreko edabea hartuta, ardi bilakatuko den otso gaztearen abenturak izango ditu hizpide.

.

Patriots Day (Día de patriotas)

2013ko Bostongo maratoiko atentatu terroristari buruzko filma da Peter Bergen berriena.Mark Wahlberg, John Goodman eta Kevin Bacon aktore ezagunak, besteak beste, ekintzaren egileak ikertzen aritu ziren polizia-agenteen eta ordezkari politikoen azaletan sartuko dira drama eta akzioa bateratzen dituen lanean.

.

Irakurtzen jarraitzeko, sartu Zinea atariko Estreinaldiak atalean!

Euskal pantailaren gunea