Independentzia, burujabetza, Bidasoa eta beste

Independentzia, burujabetza, Bidasoa eta beste

Gaur arratsaldean Ziburun izango naiz Mendebaldeko Saharari buruz solasean Baltsan elkarteko adiskideekin. Baltsan-en Ziburuko abertzale ugari elkartzen dira hainbat helbururekin: euskaraz bizitzea sustatu eta animazio kulturala proposatzeko, batetik; eta bestetik, herritar euskaldun gisan gure herriak dituen arazo, desafio eta beharrei buruz informatu eta gogoeta arazteko.

Independentzia, burujabetza, Bidasoa eta besteEstatu frantziarraren erantzukizuna berebizikoa da Mendebaldeko Saharan, ezin baita ulertu marokoar monarkia alauita, errepublika jakobino galiarra konprenitu barik. Frantziar estatuan batek ala besteak irabazi hauteskundeak, segurki euskaldunok izorratuak izanen garela, estatu espainiarrean bezalaxe; baina Ziburun galdera bat luzatuko diet bertaratutakoei: nola eragingo dio Marokori, demagun, Le Pen Eliseoan izateak?

Lehenik eta behin independentzia eta burujabetza bereizi behar dira, hots, Maroko eta Aljeria. 50eko hamarkadan Afrika deskolonizazio prozesu betean zen, eta baziren hamaika ika-mika beste hainbeste lurraldetan. Bada independentzia lortzen lehenetarikoa izan zen Maroko, garaiko koiuntura kontutan hartuta, aparteko iskanbilarik gabe. 1956ko martxoaren 2an Frantziako gobernuak Marokoren independentzia onartu zuen; 1958an Espainiak uko egin zion Saharako iparraldeari, Marokoren esku utziz.

Independentzia, burujabetza, Bidasoa eta beste
Frantziarrek Aljerian egindakoaren adibide bat

Marokoren ekialdean, Aljeria. Aljeriarrek borroka odoltsu eta heroikoa eraman behar izan zuten aurrera Frantziaren atzaparrak gainetik kentzeko. Gerra 1954tik 1962ra luzatu zen, eta milioi erdi aljeriarrek baino gehiagok galdu zuten bizia. Ze erraz esaten den, ezta? Milioi erdi.

Hor duzue, lerro gutxitan azalduta, independentzia eta burujabetzaren arteko ezberdintasuna. Milioi erdi lagun. Aljeriak bere erabakiak hartzen ditu; pisuzkoak direnean, Rabatetik Parisera deitu ei dute.

Frantzia eta Aljeriaren arteko guduak badauka bakoitza bere tokian jartzen duen pasarte bat, hari narratibo on baten gisan, amaieran ezarria. 1963ko urrian, independentzia majo kostata lortu eta gutxira, Marokok bizilaguna erasotu zuen; herri aljeriarrak oraindik ere zauriak ondo irekita zeuzkala pairatu zuen kolpea, gerrak utzitako triskantza eta miseriari apenas buelta ematen hasia. “Hondarretako guda” deitu zitzaion, eta egun sahararren errefuxiatu kanpamentuetatik hurbil dagoen Tinduf hiriaren inguruan jazo ziren bataila bortitzenak; Marokok lur haiek bereganatu nahi zituen, “Magreb Handiaren” ideiari jarraiki. Hilabete gutxi iraun zuen konfrontazioak, aljeriarrak marokoarrak gibelaraztea lortu baitzuten; baina laburra izan arren, aljeriarrek ez dute inoiz ahaztuko bizilagunaren jokaldia.

Orduan, noski, Marokok Frantziaren babesa eta laguntza jaso zuen. 1975ean erresuma alauitak Mendebaldeko Sahara okupatzeari ekin zionean ere kolonizatzailearen bizkarrekoak jasota abiatu zen, eta estatuak sahararrekin egindako astakeri guztiak “debalde” irteteko bermea izan da errepublika, “Giza Eskubideen” etxea.

Independentzia, burujabetza, Bidasoa eta beste
Jean Marie Le Pen eta Hassan II. erregea (1990)

Irakurketa hutsal bat eginez gero, pentsa dezakegu Le Pen arrazista eta xenofoboa denez, harreman korapilatsuak izango dituela Marokorekin; baina neroni ez naiz uste horretakoa, ezta gutxiago ere. Sahararrak eta euskaldunak “estatu afera” gara gure okupatzaileentzat, eta “estatu aferak” esan nahi du inperioa, kapitala eta botere egitura dagoela jokoan. Behin horrelako kontuak tartean sartuta, agintariei gutxi axola zaie parekoa beltzarana edo ilegorria izan. Marokok Frantzia izango du bizkarzain, irabazten duenak irabazten duela.

Eta euskaldunok zer?

Lehen esan dut bata edo bestea gailendu azpiratuak jarraituko dugula. Baina euskaldunon kasuan egon daitezke, agian, akaso, kontutan hartzeko faktore pare bat. Le Penek irabazi eta muga ixten badu, zer? Nola eragingo digu euskal herritarroi Frantzia Europar Batasunetik irteteak? Nola aldatuko dira gure eguneroko harremanak? Oztopo izango al da nazio eraikuntzan? Edo Europar Batasuna bera da okerragoa geure herriaren biziraupenerako?

Zure iritzia behar dut, irakurle, nirea eraikitzeko.

Independentzia, burujabetza, Bidasoa eta beste

Independentzia, burujabetza, Bidasoa eta beste Independentzia, burujabetza, Bidasoa eta beste  

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.

5 pentsamendu “Independentzia, burujabetza, Bidasoa eta beste”-ri buruz

  • Hiltzen Hil 2017-05-05 18:00

    Rabateko pisuzko erabakiak Parisetikan igaro ohi diren bezala, Bruselasetik, New Yorketik edo Washington DCtik igaro behar dira ere Madrilenak zein Parisenak. Beste hitzetan, Espainia eta Frantzia ez dira estatu burujabeak, eta euren pisuzko erabakiak eragile supra-nazional globalisten menpe daude.

    Frantziak bi aukera nagusi ditu hauteskunde hauetan, teorian behintzat: globalizazioaren morroitzan sakondu edo estatu-nazional burujabea berreskuratu. Nik argi edukiko nuke nire aukera herritar frantses bat banitz.

    Gurean ere bada dilema hori, eta nahiko ondo azaldua geratu da euskaldunok horren inguruan dugun jarrera orokorra Oier Arantzabal eta Iñaki Larrañagaren artikuluan: “…eta ongizatea da jendeak gaur gaurkoz gehien baloratzen duena, printzipioen gainetik.”

    Munduko tradizio guztiek goraipatzen dute sakrifizioa, alegia, maite den horregatik bizitza bera ematearen jarrera. Mundu osoko mito eta kulturek argi uzten dute mezu hau: heroien propio den goi-gizatasunera heltzeko bidean, beharrezkoa da garaitzea, auto-sakrifizioaren bitartez, egoa eta bere propio diren berekoikeria, koldarkeria, nagikeria etabar.

    Gizabanakoarekin gertatzen den bezala, soilik sakrifizio heroiko baterako, alegia, dena emateko prest dauden herriek merezi eta lortzen dute burujabetza, Aljeria eta bere milaka martiriak kasu.

    Ethos dekadente bat da Etnos dekadente eta ez-duin baten kausa. Ez dago Ethos borrokalari bat pizterik ongizatea deitzen dioten zentzu-espiritualik edo goitiarrik gabeko bizitza materialista, eroso, aspergarri, hedonista eta “nahi eta ezin” honetan. Oparotasun materialak eta pasioen betetzeak ezpiritua eta psikea ahultzen ditu, ez baitira gauza baliokideak, aspaldiko kontua da.

    Askok inbidiaz ikusten dute Katalunia. Nik, ordea, ez. Baliteke katalandarrek independentzia bereganatzea (eragile globalistek hala nahi badute), baina ez da sekula izango herri burujabe bat. Izan ere, kausa materialistak (fiskalitatearen afera eta krisi ekonomikoa) ditu, gehienbat, haien independentzia nahiak. Mugimendu burges baten gisa, ez daude dispuesto sakrifizio handirik egiteko euren burujabetzagatik, eta ez dira sekula egon. Akaso Maroko izango dira egunen batean, baina sekula ez Aljeria, eta nik Aljeria izan nahi dut.

  • Barkatuko didazu Hiltzen Hil, batzutan zurekin ados egoten naiz baina nire ustez ikuspegi globalistaz enpatxatuegia zara.
    Hemen 35 urtez izan ditugu zenbait borrokalari iraultzaile sakrifizioaren filosofia hori banderatzat eramanez eta ikusi dugu beraien etekina: ehunka hildako eta gartzelak beteak. Beraz nire ustez euskaldun askorentzat sarkasmo hutsa da pentsatzea sakrifizioak behar direla ez dakit zer helburu saindu lortu al izateko. Jendearen ongizatea beste edozer helburuaren oinarria izan behar du, eta gaizki egon behar dugula esatea ethos hobeagoa izateko ez zait zilegi iruditzen. Praktikak erakutsi digu ethos sakrifikadore horrek eragin duen sofrikario eta gizarte xeheketa.
    Euskaldunok lortu duguna erakundetza mailan sakrifizio ikaragarrien ondorioa izan da, horretan ados nengoke. Baina hori uztea desideratum zehazgabe baten truke errealitate printzipioa zuzenean erasotzen du.
    Aljeria kakazahar bat da, bere independentziarako borrokak kriston sarraskia ekarri zuen, gero bertako gobernuak mlaka hil zituen aljeriarrak, gero gerra zibila gertatu zen eta gertatzen ari da gobernu eta islamiarren artean, milaka hildakoekin eta arrazionalitate moderno minimo baten oinarriak ez dituzte jarri. Petrolioa dute baina jendea ia mixeria gorrian bizi da, gobernu ustel eta militarista baten menpe. Ez Aljeria eta ez Maroko, Euskal Herria.

  • Hiltzen Hil 2017-05-05 23:34

    Zuk zeuk diozu euskaldunon zenbait lorpen sakrifizio handien ondorioa izan dela. Eta premisa logiko eta zentzuzkoa da: Soilik sakrifizio handiak egiteko prest daudenek lor ditzakete helburu handiak.

    Ethos heroiko hori bereganatua duen psike-kolektibo batek sekulako potentziala du bere barnean, eta potentzial hori martxan jartzen duenean gai izan daiteke mundu-erdia konkistatzeko. Historiako mila adibide dazkagu horren eredu.

    Nik Ethos heroiko horren goraipamena egiten dut beharrezko baldintza gisa gure herriak dituen erronken aurrean. Ethos heroikoa da gure asaba karlistek erakutsi zutena euren bizi-modua eta bizi-ikuspegiaren defentsan, guda galdu bazuten ere.

    Hau esanda, potentzial guzti hori onerako edo txarrerako kanalizatu daiteke, eta horretan eragina dute besteak beste: mugimendu horren zilegitasu etikoa, subjektuaren balio-kode kolektiboa, líder edo erreferenteen gizatasunak etabar. Potentzial horren jabe dira Daesh-ekoak eta bere burua inmolatzen duten tibetar monjeak: batzuk konkista-odoltsu eta anker bat gauzatzeko eta besteak euren herriaren eta bizimoduaren defensarako. Ez du batak bestearekin zer ikusirik.

    Zuk diozu jendearen ongizatea beste helburuaren oinarria izan behar duela. Ez dakit ongizate materialaz ari zaren, baina, hala izatekotan, ez dut batere konpartitzen zure ikuspunta.

    Hirietako txakur domestikatuek ongizate eta erosotasun materiala izan ohi dute: estaliriko 50 m2-ko pixu batean bizi dira, janaria etzaie falta, piztien mehatxuetatik babesturik daude, gaixotasunen aurka bakunatzen diete… baina euren jabeen menpe bizi dira, kastratuak izan ohi dira, egunero parke berdinera doaz pixa eta kaka egitera, eta euren bizitza errutinarioak ez du zentzu espezifikorik, ez dute sikiera ganadua gidatzeko balio.

    Otsoak, bestalde, animali basatiak dira eta ez dira inoren menpe bizi, soilik euren betebehar naturalen menpe. “Libre” izate hori garesti ordaintzen dute, jakina: gaixotasunak, gosetea, negua, ehiztariak etabar.

    Ze animali nahiago duzu izan zure urrengo bizitzan??

  • Gure arbasoek eta bere ondorengoek egindako aleginaren frutu gertatu dira gaurko euskal erakundeak, noski. Eta egitasmo gauzagarrian jarri zuten haiek asmoa. Iruditzen zait hori ez duzula apreziatzen. Nik ez ditut maite erro eta ildorik gabeko bideak, hutserako jauzian oinarritzen direnak. Markatutako bidea sakondu, hori egin zuten jeltzaleek karlistekiko eta lortu dugunaren araberako bidea da nik sinesten dudana. Egoera liluragarri baten baldintzak irudikatzea eta hoiek errealitatean zerotik gauzatzen saiatzea, hori ez da euskaldunon bide historikoa: karlistek gure burujabetza defendatu zuten; jeltzaleak burujabetza hori ber gauzatzen eta formalizatzen aritu ziren. Hein batean lortu dute: hori da nire abiapuntua.
    Konforme naiteke gaurko gizartean lana eta esfortzua ez direla behar bezainbeste baloratzen eta erosotasunean hezitutako belaunaldien aroan bizi garela. Baina errealista xamarrak izan gaitezen: otsoa txakur domestikoa baino estetika hobea izan arren, otsoa minorizatutako desagertzear dagoen espeziea da eta txakurra nagusi da. Eta txakur basati gehiago dago otsoak baino. Domestikazioak bere ugalpena suposatu du eta gainera garai batean basa izatea ez dio eragotzi.
    Ez gara konforme baina gustoa ematen dit zurekin eztabaidatzeak. Eskerrik asko horregatik.

  • Hiltzen Hil 2017-05-06 01:13

    Gusto bat da niretzat ere Bentazar, jarraituko dugu horretan