Zer gertatzen da Patziku Perurenarekin?
Zer gertatzen da Patziku Perurenarekin? –
Euskal literaturako hautsak harrotu ditu Santi Leone eta Lucia Baskaran idazleek duela gutxi izan duten ika-mikak Hasier Etxeberria zenak duela zenbait urte Danele Sarriugarte idazleari egin elkarrizketa dela-eta. Eztabaidak atzetik ekarri soka luzearen erakusgarri, hainbat iritzi-emailek sare sozialak utzi dituzte bata bestearen atzetik, halako moldez non, Patxi Huarte Zaldieroak estu eta larri gaztigatu digunez, «Euskal TxioHerria arriskuan» omen dago.
Halabeharraren ezustekoak, polemika biziaren pilota mediatikoa malda behera abiatu zenean aurkeztu zuen Patziku Perurena idazleak ‘Bordarien sorrera eta bilakaera Leitzan eta Areson (1427-1925)‘ liburua. Baina Leoneren eta Baskaranen idazkiek ez bezala, apenas izan duten oihartzunik Perurenaren liburuak eta hitzek euskal berripaper, aldizkari eta sare sozial asaldatuetan. Zergatik? Ez al du ibilbide luze eta oparoa egin Perurenak euskal letren bide-urraketan? Ez al dira Perurenaren luma zorrotza eta haren estilo bizi bihurria argudio nahikoa argitaratu berri dioten liburu mamitsu eta % 99 ikerketa finean oinarritua kultura orrietako albiste izateko?
Eskua bihotzean jarrita, irakurle, uste duzu gauza bera gertatuko litzaiekeela beste euskal idazle batzuei? Norbaitek argudia lezake Perurenaren liburuak Leitzako baserri kontuak dituela aipagai, eta horregatik ez duela izan liburuak batere oihartzunik euskal hedabideetan. Argudio horri jarraituz, espero izatekoa zen Leitzako Udalak hainbat urtetako ikerlanak ongi merezitako aurkezpen duina antolatuko zuela herrian, are gehiago idazlea Leitzako mikrohistorian adituenetakoa izanik, eta gainera Euskarabideak saritua. Baina horiei bost axola. Perurenaren hitzak belarri askorentzat zintzoegiak edo zorrotzegiak direlako akaso? Gero gure mihi xuri hipokritak dantzatuko ditugu esanez euskal kulturak aniztasuna erakutsi behar duela, aurkako ideia eta iritzien joan-etorri askea bideratu eta bermatu. Leku ederrean! Hemen ikerlan finenak ere isilarazi egiten baitituzte, eta oraingoan nork eta adierazpen askatasunean txapeldun omen direnek.
.
Artikuluaren egilea: Eneko Aizpurua (idazlea)
Sinatzailea: Antton Luku (antzerkigile eta idazlea)
Zer gertatzen da Patziku Perurenarekin?
Harrigarria benetan gure euskal kultura txiki honen baitan zenbat jende bizi den txotxongiloarena egiten.
Galdera ona. Adibidez Martxelo Otamendiri egiteko. Ea zergatik Egunkariaren garatik Patziku betatua egon den…
Perurenak beti eduki du polemiko fama.
Leitza eta inguruko herrien historia-lanetan, hango herritar frankori ez omen zitzaion gustatu Perurenak hilketa-istorioak izen-deiturekin, baserri-izenekin eta xehetasun gordinenekin kontatzea. Dirudienez, ez da atsegina, adibidez, senide batek auzokidea akabatu zuela irakurtzea, non eta herri guztian zabaldu den liburu batean… Horren ondorioz, badirudi Perurena ez dela profeta bere sorlekuan.
“Marasmus Femeninus” saiakera ere aipatzekoa da. Orduan, 90eko urteetan, polemikoa izan zen; gaur egun, seguru asko txiolandian larrutu eta edonon lan egiteko boikot ofiziala eginen liokete.
Gaur egun “Marasmus Femeninus” liburu zoragarria ez zen argitaratuko.
Hemen aspalditik egon dira zentsuratuak, batzuk epaitegietan. Ez espainiar fatxen eskutik ez, abertzale ezkertiarren eskutik. Orain, kasu horietan ezer egin ez geguenok eskandalizatzen gara. Batzuk halako sorgun ehizak txalotu zituzten ere, Zuzeulariak asko.
“Lehenik sozialisten bila etorri ziren…”
*Genuenok
Patziku Perurena asko gustatzen zait eta nire ustez egungo idazleen artean handienetakoa da. Marasmus Femeninus (gutun-eleberri moduan moldatutako saioa) euskal literaturak eman duen gauza onenetakoa (eta farragarrienetakoa) iruditzen zait. Egia esan, aspaldi galdetzen niola nire buruari non ote zitekeen gure goizuetar leitzar bihurtua.
Baserriko kontuez ala bestelakoez ari dela Patziku Perurena beti erakargarri eta akullugarri da (maila batean, Antonio Zavala zenaren ondorengorik onena kontsidera genezake). Dudarik ez liburu hori erosiko dudala.
Azken Portu:
Patziku Perurena 1997tik 2000ra egon zen Euskaldunon Egunkariaren ‘Nafarkaria’ astekarian bere artikuluak batere arazorik gabe argitaratzen.
Bueno, “batere arazorik gabe”, ez. Patzikuk Leitzako Maimur liburu dendatik bidaltzen zituen bere kolaborazioak, fax bidez. Eta Maimurreko fax makina oso txarra-zaharra izanen zen, hango faxak ia kolorerik gabe ailegatzen baitzitzaizkigun Iruñeko erredakziora. Eta Patzikuren artikulu haiek pikatu behar izan zituen kazetari (orduantxe gazte) honek gozatu baino sufritu zituen Patzikuren artikuluak, askotan ez baitzegoen modurik jakiteko zer arraio jartzen zuen fax koloregabe haietan. Maimurrekoa da nik gogoratzen dudan zentsura bakarra.
Asier Azpilikueta:
Nafarkariaren garaian Eduardo Gil Beraren testu bat zentsuratu zen (agindua Gipuzkoatik omen zetorren) eta Patzikuk bere zutabean argitaratu zuen. Geroztik errepresaliatu zuten.
Ez etorri moldiztegien ipuinekin eta galdetu Alberto Barandiarani.
Eta Lorea Agirrek eta beste feministona txupiguay jendeak zer dio afera honi buruz??
Ba niri izugarri gustatzen zait Patziku, eta, beti bezala, erosi egingo diot. Botatzen dituen batzuk ez ditut batere gustuko, Segurolakeria batzuen antzera, baina halakoak maite ditut, ez dago beti gogaidea kultura-ohaide bihurtzerik, zer egingo diogu…
Oraingo hiru prosistarik hoberenetan sartuko nuke Patziku.
Euskara ikastoletan ikasi dutenendako nahi eta nahiezkoa deritzait, beren euskara gaitzeko
Datu batuk, hemen: https://www.berria.eus/bilatzailea/?q=Patziku+Perurena
https://www.berria.eus/bilatzailea/?q=Kattalin+miner
Perurenak:10
Minerrek: 74
Gero dei diezadatela BerriaLaguna egiteko…
Kattalin Miner hainbestetan azaltzeak ez du frogatzen Patziku Perurena zentsuratzen denik, hor egiten ari zaren salaketa beste bat da. Gainera, hemerotekan akats bat egon behar du, Patziku Perurenaren aipamenik ez baitu jasotzen 2003 eta 2012 artean. Eta ziur naiz tarte horretan elkarrizketa luze bat behintzat egin eta argitaratu zitzaiola, kazetaria Leitzako bere etxeraino joanda.
“Euskaldunon Egunkaria”ri dagokionez, beste datu bat. Hau zioen Patziku Perurenak egunkari hartan argitaratu zuen lehen (eta inondik ere ez azken) artikuluan: “Bai, esan egin nahi dut: euskaldunon egunkari’ honek ere erdaldungao egiten gaitu”. “Labur eta gordin esanez: ni erdaldunago sentituko naiz, “Euskaldunon Egunkaria leitzen dudan bakoitzean”
Ikusi osorik, hemen: https://www.berria.eus/hemeroteka/egunkaria/?zbilatu=%22Patziku+Perurena%22+&h_u=1990&h_h=12&h_e=06&b_u=2003&b_h=02&b_e=20&bilatu=Bilatu&orridata=19910108&ikusi=016
Patziku zentsuratuta dagoela esaten badut, berari aditu niolako da. Gezurretan zebilen? Auskalo!
Nik nahi nuena izenburuan galdetzen zenari erantzutea zen eta oraindik ez diet gure adituei fundamentuzko erantzunik irakurri.
Nirea hau da:
Patziku gure mundu ofizialetik baztertuta dago behar bezain abertzale, feminista, ezkertiar, animalista eta internazionalista ez delako. Hemen libre izatea ez dugu barkatzen.
Har ditzagun bi faktore hauek: a) idazlearen hitzezko eraso zuzenak hedabideari / b) idazle horren agerpena hedabide horretan bere liburuen aipamenen eta horien harira egindako elkarrizketenn bidez. Eta orain aipatu iezadazue, adibide argigarriak emanez, beste idazleren batekin “Euskaldunon Egunkaria” eta “Berria” egunkariek Patziku Perurenarekin izandakoa baino baino egonarri eta irekitasun handiagoa erakutsi duen hedabide bakar baten kasua. Zain geratzen naiz.
Perurenaren presentzia gure prentsa nazionalean, bere kalitate literarioari begira, urriegia da (ez al zatoz bat horrekin, Juan Luis?).
Beste gauza bat, presentzia urri horren errua. Zuk defenditzen duzu Patzikurena dela. Nire iritziz (eta iruditzen zait hori dela Eneko Aizpuruaren testuaren ideia) tratu bidegabe bat ematen ari zaio.
Ondo dago Patziku Perurenak oihartzun handiagoa beharko lukeela aldarrikatzea, zilegi eta txalogarri irizten diot horri benetan. Baina: a) ezin konta ahala dira oihartzun handiagoa mereziko luketela uste duten sortzaileak, eta arlo horretan ezinezkoa da justizia unibertsal behin betikoa; b) horrelako bazterketak, bidegabekeriak, baztertze bidegabeak edo dena delakoak pertsona bati edo pertsona talde jakin bati edo dena delakoari leporatzean, nik arlo honetan dudan eskarmentuaren arabera behintzat, sarri askotan ezjakintasunez egiten da (anonimotasunez ez ezik).
Eta guztiz bat nator Enekorekin, Patziku Perurenari buruz hau dioenean: “Botatzen dituen batzuk ez ditut batere gustuko, Segurolakeria batzuen antzera, baina halakoak maite ditut, ez dago beti gogaidea kultura-ohaide bihurtzerik, zer egingo diogu…”.
Zer da zentsuratua izatea? Noiz bihurtzen da erredakzioko erabaki bat zentsura? Eskarmentuak erakutsi dit euskaraz sortutako dena ez dela inondik ere kabitzen egunkari batean, ezta hurrik eman ere, oso aspalditik gainera, eta gero eta gauza gehiago geratzen direla kanpoan, eta kanpoan geratzen diren guza askoren egileek eta eragileek uste dute nola edo halako zentsura baten ondorio dela hori. Zenbat aldiz ez ote dudan entzun behar izan honelako zer edo zer: “Jo, baina halako eta halako periodikotan [normalean hitz egiten ari denaren probintziako salduena] agertu da eta zuenean ez. Barka: Gurean ez! Ni harpideduna bainaiz, hasieratik, eta euskara niretzat, guos, guos, guos…” Irizpideak salatu eta aldatzeko eskatzea, errespetuz egiten bada, zilegi da, baina ezjakintasunetik eta anonimotasunetik zentsura eta horrelakoak aipatzea majaderia intelektual galanta da, amorragarria.
Patziku Perurenari Nafarkarian ezarritako betoa, Gil Beraren testu bat argitaratzeagatik, Perurenak berak egindako salaketa bat da eta ez dator ezjakintasunetik. Are gutxiago anonimotasunetik. Eta Aizpuruaren testuaren muinari heldu gabe, gaurko euskalduntasunaren kanonikoaren egiten duzun defentsa sutsua, zer girotan bizi garen eta orain gutxiko aurrekariak ikusita, ez zait batere komenigarria iruditzen anonimotasun hori abandonatzea. Gure gaurko mainstreamaren kontra joatea larrutik ordaintzen da.
Aipatzen dituzun kontuok, Azken Portu, oso irakurlego urria izatearen ondorio dira. Beraz, irakurle kopuru mugatu hori norabide ideologiko baten ildotik bideratzen saiatzen dira euskal kazetaritzaren “intelligentsia-koak”. Bai?
Peru_Gabiriko:
Euskal Intelligentsiaz ari zarenez ezin dizut erantzun. Egokiago izango da galdera hori Zabalari egitea (“majaderia” iruditzen ez bazaio erantzungo dizu ezaguera handiagorekin)
Bakarren bati barneko muinetan ukitu bide dioagu.
Hemen dena da isiltasuna…
Ezjakintasuna aipatzean, ez nintzen Patziku Perurenari buruz ari. Dena den, horretara iritsita, gogoratuko dut bera ere ezjakintasunetik aritu dela askotan. Esaterako, aurrekoan aipatu dudan ‘Euskaldunon Egunkaria’-ko lehen artikulu hori ez zela argitaratzen ikustean (bere egunaren zain zegoen, inolako zentsurarik gabe), ‘Euskaldunon Egunkaria’-ko inorekin hitz egin gabe, artikulu bat bidali zuen ‘Euskaldunon Egunkaria’-ren zentsura salatuz, ‘El Diario Vasco’ egunkariko ‘Zabalik’ sailera (1991ko kontuak dira hauek). Zorionez, kasualitate baten ondorioz, artikulu hura (DVkoa) ez zen argitaratu, eta ‘Euskaldunon Egunkaria’-koa bai, erredakzioan horretarako programatutako egunean (eta ez Patzikuren zentsura salaketaren presioagatik).
Geroago ere antzeko jokabidea izan du behin baino gehiagotan Patziku Perurenak ‘Euskaldunon Egunkaria’ eta ‘Berria’-rekin, eta inoiz adierazi izan du bietako bat (ez dut gogoan zein) ETAren parte dela, edo ETAkoa, edo ETAren ez dakit zer… Horregatik diot nire ustez ezin zaiola bi hedabide horiei leporatu Patziku Perurenarekin gaizki jokatu izana.
Patziku Perurena gure prosalari onenetako bat dugu, horretan ez daukat dudarik. Zoritxarrez, gure gaurko euskal kulturaren munduan hori ez da askorik baloratzen, eta bere azken liburuen generoa eta gaiak kontuan hartuta (artzain-borden sorrera, oker ez banaiz) nekez pentsa daiteke arrakastatsuak eta mediatikoak izango direnik bere hizkuntzaren prosaren aberastasunari garrantzirik ematen ez dion gurea bezalako kultura erdi-analfabetoan.
Ni ez naiz, Azken Portuk hala uste badu ere, “gaurko euskalduntasun kanonikoaren defendatzaile sutsua.” Lehen ere esan dudan bezala, uste dut euskal kultura euskaldunon analfabetismoaren ajeak nozitzen ari dela modu larrian, eta neurririk gabe goraipatzen direla gure artean zuzentasun politikoaren adierazpen artistikoak, zenbat eta edulkoratu eta gatazkagabetuago hobe, zenbat eta azalekoago hunkigarriki txalogarriago, eta sakoneko debatearen ordez hunkigarrikeriazko panfletarismo zilborzalea ari dela nagusitzen gure artean, hori dela gure gaur egungo “manstreama”, Azkan Portuk erabiltzen duen hitza erabiliz. Tira, ez dakit guztiz bat natorren esan dudanarekin, baina beste norbaitek esan balu sare sozialetan “atsegin” bat emango nioke seguru asko.
Baina horren sorburua ez da, nire ustez, hedabide jakin batzuetan egile jakin batzuei egindako zentsura, lehen aipatu dudan hori baizik, orain beste hitz batzuekin adieraziko dudana: gure kulturaren infantilizazioaren oinarrian dagoen analfabetismo nabarmena.
“Beraz, irakurle kopuru mugatu hori norabide ideologiko baten ildotik bideratzen saiatzen dira euskal kazetaritzaren “intelligentsia-koak”?”, galdetu du Peru_Gabirikok. “Bai?”, erantzun du gero. Gogora etorri zait Iban Zalduak “stablishment” deitu izan diola inoiz Andoain-Zarautz-Donostia triangeluari (hots, Berria-Susa-Elkar). Barka autobonboa, baina nik horri neure poema batekin erantzungo nioke:
Egunkariak, politika eta bizitza: Egunkarietan, / dena ez da politika, / baina politika da dena. // Bizitzan, / dena da politika, / baina politika ez da dena.
Hedabide batek edo argitaletxe batek bere joera estetikoak, ideologikoak eta bestelakoak izatea saihestu ezinezkoa da. Ez dago munduan guztiz objektibo den eta denak berdintasun erabatekoan tratatzen dituen hedabiderik.
Ni ez nator bat ‘Berria’-ren irizpide eta erabaki askorekin, baina uste dut irizpide horien kritika egitean kontuan hartu behar dela orain arte esan dudan guztia.
Andoain-Zarautz-Donostia euskal kultura kanonikoa zehazten eta definitzen duen intelligentsiak sortutako stablishment-a da? Eta intelligentsia hori norabide ideologiko jakin baten alde ari da lanean? Bai, ez dut ukatuko. Baina:
a) Euskal kulturan badira beste boteregune garrantzitsu batzuk ere, ezta? Eusko Jaurlaritza, Etxepare Institutua, Euskal Herriko beste hedabide batzuk, erdarazko medioetan euskal literaturaren berriemaile diren idazleak (Iban Zaldua bera ez da horien artean predikamentu gutxien daukana)…
b) Triangelu horretako hiru erpinek daukaten boterea (botere erlatiboa, nire ustez, esan dudan bezala, baina tira…) euskararen eta euskal kulturaren aldeko lan militante eta borondatetsuaren ondorio da neurri handi batean. Eta, nik ezagutu dudan neurrian, triangelu “boteretsu” horrek irekitasun ideologiko handia erakutsi du beti, eta hori izan du ezaugarri hasiera-hasieratik. Horregatik uste dut kritikak egiten zaizkionean errespetuz egin behar zaizkiola, eta orain arte esan dudan guztia kontuan hartuta.
c) Ez dut ulertzen gai hauetaz anonimotasunetik aritzen dena zeren beldur izan daitekeen.
Apa Juan Luis
Mila esker zure erantzun luze eta zintzoarengatik. Anonimotasunetik eta itzalpetik txalotzen zaitut, inolako ironiarik gabe. Oraingoan busti egin zara eta gako batzuk eman dituzu.
Gure analfabetismoarena, adibidez, egia galanta eta garratza. Ikusi nahi izaten ez duguna. Alboko bi erdara handien pare izan nahi genuke gauza guztietan, edo itxura hori saltzen ibiltzen gara kanpora begira. Normaltasuna edo normalkuntza deitzen diogu horri. Ez da egia, tamalez. Hemen ez daukagu behar bezalako mihimenik besteen pare izateko. Gabezia galantak, eta analfabetismoaren ajeak geurekin daramatzagu. Ulertuko duzun bezala, ezin da halakorik ozenki esan plaza publikoan.
Eta hasian-hasi, beste hau ere bihoa bide beretik: gaur egun ofizial bihurtzen ari den euskalgintza-feminismo binomio bananduezinak euskaldungoa kohesionatzea lortuko du, berak gogo lukeen bezala, hala garen bezain apurrak izanik, are banatuago utziko? Ez dakit, geroak esango. Hori ikusi bitartean, ezin da ukatu egungo moda ideologiko berri hauek batzuk goraltxatzen eta beste batzuk bazterrera botatzen dituztela, balore-sistema konkretuen arabera. Hori ere bidegabekeria da, nire uste apalean.
Beno, barkatuko dizkidazu nire adierazpen mikatzak. Eguneroko bizitzan nire euskalzaletasuna ez dut batere eroso bizi.
Baina, hala ere, zintzoa izan zarenez zure iruzkinean, txalo jotzen dizut gogotik, anonimotasunetik eta itzalpetik. Izan ongi.
Bertso hauek Xabier Amurizak jarri zituen Patziku Perurenaren idatzi bati erantzunez:
https://youtu.be/-Ron9BZhdag
Anje Duhaldek argitaratu zituen “Xabier Amurizaren kantari” diskan, 1990 urtean.
Bertso-sortaren amaierak egundoko gaurkotasuna du oraindik ere:
“Kanta bezate txoriek eta
txoriburuek ere bai!”
Eskerrik asko zuri, Peru_Gabiriko. Neurri handi batean bat egiten dut zure kezkekin eta nik ere eskerzten dut horiek planteatuta irakurtzea. Anonimotasuna, berriz, errespetatu egiten dut, deitoratu arren.
anonimotasunetik hau ere, barka. asmo txarrik gabe, Juan Luis, suhiltzaile bikaina zara. eskertuko dizute nonbait
Eskertzen ditut Juan Luis Zabalaren ezagutza eta perspektiba.
Nik anekdota bat kontatuko dut Perurenaren gainean. Nahiz eta gehienen ustez noski batere inportantziarik ez eduki, pertsonajearen izaeraz zerbait erakuts lezake.
Perurena (hemendik aitzina, PP) jaio eta bizi izan den eskualdean aldizkari umil bat banatzen da, Ttipi-Ttapa izenekoa. Behin PPri gutun bat argitaratu zioten Ttipi-Ttapan, non PP kexu baitzen, bere familiaren baserriko auzokideekin istiluak eta pleitoak zirela medio. “Herri ttiki inpernu haundi” esaera aipatzen zuen gutunean, egia borobila dela adieraziz bezala. PPk ohi duen bezala, izen batzuk ere esaten zituen gutunean.
Kontu hartan ez zen euskal intelligentsia, euskal mundutxoaren dogmatismo, euskal hedabideen boikot usteko, edo beste honelako gai jasoen inguruko deus ere, auzokideen arteko muturtze tipikoak baizik ez.
PPren ikerketa lan arront interesgarrietan ohikoak dira lankideen kontrako zirto, iseka eta mespretxuak. Akademiko, unibertsitario eta marimaisu tituludunen gainetik dakusa bere burua PPk, izan ere, PPk badu haiek ez duten zerbait: hizkuntza eta herri-sena, lurrarekiko eta biztanleekiko lotura teluriko eta izpirituala.
Dudarik ez PP artxibo arakatzaile, historialari, etnografo, prosalari bikaina dela. Zirtolari, istilu-bilatzaile, exibizionista, baita ere.
Zer gertatzen ote da Patziku Perurenarekin? Galdera ona. Zer ostia pasatzen zaik, Patziku?
“Euskal literaturako hautsak harrotu ditu Santi Leone eta Lucia Baskaran idazleek duela gutxi izan duten ika-mikak Hasier Etxeberria zenak duela zenbait urte Danele Sarriugarte idazleari egin elkarrizketa dela-eta”
Barkatu gaitik ateratzea, baina ika-mikaren arrazoia ez zen izan Hasier Etxeberriaren elkarrizketa, Baskaranek liburu-aurkezpenean zendutako pertsona batez egin zuen komentario iraingarri eta lotsagarria baizik.
Ez dakit ze planetetan bizi den norbait pentsatzen duena Leitzako eta Aresoko bordak gai zentral dituen liburu batek komunikabideetan leku asko izango duela eta debatea probokatuko duela. Ez dakit ze planetetan. Ni bizi naizen planetan ez behintzat.
Eskerrik asko Juan Luis zure adierazpenarengatik. Eztabaida objetua ukikorra eta ikuskorra egiteko gaitasuna erakutsi duzu. Berandu bada ere, nik ere nire iritzia erakutsi nahiko nuke gai honi buruz.
Lehen lehenik Elkar-Egunkaria-Susaren triangeluaren “irekitasun” ideologikoa dudan jarriko nuke. Ezker abertzalean bezala, Egunkaria-Berrian irudi du jefatura perpetuo bat gertatu dela (batean Arnaldo Otegi dago buru 90ko hamarkadatik, besetean Martxelo Otamendi iaia beste hainbat denbora). Nomenklatura baten eredua jarraitzen da hor eta noski Berria esku artean hartzea besterik ez da behar egin ikusteko GARA baino sektarioagoa den panfleto batekin topatzen zarela. Nik ez dakit zentsuratu ala ez egiten duen, baina argi dudana da Patziku Perurena bezalako egazti libre batek leku horretan ez duela lekurik.
Argi dagoena da Berriak iruzkinak zentsuratu egiten dituela (eta hori dakit hemen aritzen diren zenbait komentaristengatik).
Berriro esango dut, hor dago laburbilduta nire iritzia:
Egunkariak, politika eta bizitza: Egunkarietan, / dena ez da politika, / baina politika da dena. // Bizitzan, / dena da politika, / baina politika ez da dena.
Bai, testu labur hau oso gustagarria da. Edozein hizkuntzatara itzuliz gero ere, ez luke bere dizdiraren apurrik ere galduko. Buruan erabiliago, eta esanahi gehiago hartzen duten hitzak daude hor. Plauto-ren komedietan, adibidez, pertsonaiaren batek zeharka esan ditzakeen hitzak dira, edota schopenhauer-en izkutuko egunerokoan agertzeko moduko esaldi sanoak.
Eguneroko bizitzan nik horrelako 25 eduki beharko nituzke patrikan, higiene mental apur batekin kaletik oinez ibiltzeko.
Ikastoletan ikasi dutenendako? Eta eskoletan ikasi dutenendako, zuk ez bezala? Ez al zenuen ikasi nahitaez zer den? Patzikuk gogoak ematen dion bezala idazten du, ez dago ulertuko dion amaren-semerik-alabarik, ez bada batuan ongi ikasitako euskalduna. Nola leituko diote gazteek!
Gure prentsa nazionala, beno, zuena, ni nafarra bainaiz, El Diario Vasco da, horretan Patzikuk ez du inolako erreparorik azaltzeko. Gainera, nik horretaz zerbait-zerbait baitakit, behiena asmakeria hutsa baino ez da.
Inteligentziaren ideologia bideratuaz, eta “Berria” egunkariaz, esan beharra dago nik geroz eta kolore txarragoa hartzen diodala egunkari horri, hasiera batean gustora irakurtzen banuen ere, eta egun ba beno, Euskal Herrian dugun monokordismoan oraindik tanta ezberdin bat baden ere.
Bestetik, nik ez dakit Patziku Perurenak zein jazarpen izna duen, baina sinesten dut halakoak gertatzen direla, “hau komeni ez zaigu eta kanpora”, hura komeni ez zaigu eta deus ez… Hianbat gauzei buruz, fundamentuzko analisi bat bera ere irakurri gabe nago oraindik, hain zuzen ere “Kontakizun hunkigarria” lehenesten delako (hitza maileguan hartuko dizut, Juan Luis). Badirudi askotan euskaldunak “zein solidarioak”; “zein irekiak”, “zein ezkertiarrak” garen auto-esaten ibili behar dugula beti, arazoen eta zapalkuntzen beentako faktoreak, kausak eta denen arteko arremana bilatu ordez.
Feminismoarena (edo honen barneko elite baten puztuketa artifizialarena) esandakoaren adibide bat da, badago nolabait erakusteko behar bat “u ere zuetarak gara”, ezin kritikatu “ea nire bila etorriko diren” edo, Santi Leoneri gertatutakoa adibide. Anekdota bat: orain dela pare bat hilabete egunkari horretan bertan, agertu zen aktualitateko orraldean Zuriñe Rodriguezek idatzitakoliburu baten aurkezpena,, historiakopasarte bati buruzko liburu bat, 150 bat orriltakoa -argazkiak barne- zita bibliografikorik ez zuena -arraroa hstoriako liburu bat izateko-, eta erdaraz edo gehiago, ESPAÑOLEZ. Bada “Berrian” AKTUALITATEAN agertu zen, ez kutlturan. Ez zait gaizki iruditzen historiako liburuak, txarrak badira ere, eta españolez baudaude ere ezagutaraztea; baina zenbat liburu aurkezpen agertzen dira aktualitateko orrialdeetan “Berrian”?
Azken urte hauetan egon den gizarte degradazioa nabarmena da. Politikarien mailarena eta euskal komunikabideena ere bai.
Denok gara konstziente zer zentsura dagoen adibidez Berrian, Zuzeuen…
Bestalde, neri erruz gustatzen zait Perurena. Tarteka zerbait irakurri diot, eta bertakoa, herrikoa da, naturala.
Neronek ere liburua erosiko dut 🙂
Beno, adin bat duen orok daki euskaldunak bi sektore maioritariotan banatuak daudela. Batek klientelismo kapitalistarekin funtzionatzen du, besteak doktrina ideologikoa inposatuz sobietar erara.
Arazorik ez. Barne kohesioa mantentzeko bi modu dira. Baina herriaren aurkako krimenik lazgarriena egitera iritsi dira, herria asperguraz hiltzera. Batzuek Urkulluren hizketa funerarioarekin, besteek ezpain gorrien idatzi adoleszenteekin. Hemen etengabea den shadowban honekin bizi gaitezke, baina mesedez, ez gaitzatela asperguraz hil. MESEDEZ.
Bitartean, haize beroak jotzen duen paisaietara bidaiatuko du gure irakurketak, Perurena kasu.