Zuri

Zuri –

Rikardo Arregik Deia egunkarian.

OSAKAN G-20koei atera zieten argazkiari mikrosegundoko arreta eskaini eta hurrengo berriari edo argazkiari edo pantailari edo den-delakoari ekin nion, garai modernoen ezaugarria omen den azalkeria gidari, baina, antza, irudiak ezinegon moduko bat erein zuen ene gogoan zeren argazkia hobeto eta lasaiago ikustera itzuli bainintzen berehala.

Zuri

Hogeita hamar gizon inguru daude argazkian eta hiru emakume: hori ez da deigarria, agintarien bileretan gizonak dira nagusi. Emakumeak hauxek dira: Theresa May, Erresuma Batuko lehen ministroa, bere agintaldiaren bukaeran;Angela Merkel, Alemaniako kantziler dardartia, agintaldiaren bukaeran era berean;eta Christine Lagarde, Nazioarteko Diru Funtsaren Zuzendaria eta nik mundu honetan gehien gorrota-tzen dudan (gorroto, bai) emakumea (Hermès zapi megagaresti batekin, suposatzen dut, argazkian ez da ondo ikusten).

Beltzak bi dira argazkian, Hegoafrikako eta Senegaleko presidenteak, azken hau gonbidatu gisa. Asiar jatorrikoak gehiago dira, aniztasun apur bat azkenik, hamar bat edo, bilera Asian egin zutela kontsideratuz ez dira gehiegi ere.

Atzeratzen ari naiz kontua, bai, hasiera-hasieratik identifikatu bainuen argazkiak zuen osagai bereziena: erdian dagoen gizona, arabiar aberatsez jantzita, zuriz, Muhammad bin Salman Abd al-Aziz Al Saud printze saudiarabiarra (MbS lagunentzat), Saudi Arabiako lehen ministro-ordea eta erregegaia, Jamal Khashoggi kazetari kritikoaren herioatzarekin zerikusirik izan ez (ez, ez, ez) duen horixe bera, giza eskubideen defendatzaile sutsua (emakumeei gidatzen utzi die), Yemenen eta Mendebaldearen lagun ona (ez Irango zikin horiek bezala). Ez dakit zergatik ez diren modan jar-tzen berak doteriaz beterik eramaten dituen janzkera zuri arin horiek, fresko-freskoak izango dira (eta garesti-garestiak), eramangarriagoak izango lirateke bero olatuak eta munduko agintarien hipokrisia. Eta gure eguneroko hipokrisi ez hain txikiak, lagunekin eta lankideekin erabiltzen ditugunak. Eredu paregabeak ditugu gure zurikeriak gehiago zuritzeko zuriz jantzita ez bagaude ere.

Zuri

Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude