Erraietarik idatzia

Erraietarik idatzia –

Erraietarik idatzia

Hasmentan iritzia ematea nuen pentsatua. Ondotik, berriz, iduritu zait hobe gauzak ahalik eta objektiboen erakustea –nahiz eta, mundu guziak dakien bezala, objektibotasuna falazia patriarkala izan; ez iezadazu kasurik egin, beraz–. (Ohar ttiki bat: iturriak bilatzeko lana ez dut nik hartu, zaldi ero batek eraman nau behar zen tokira).

Duela bortz urte, 2014ko apirilaren 5ean, elkarrizketa egin zion Hasier Etxeberria zenak Danele Sarriugarteri, Erraiak nobelaren karietara. Une jakin batean (4′ 50” zehazki), Etxeberriak honako hau galdegin dio nobelagileari: “Esan dugu: gordintasuna, sexualitateaz hitz egiten duzu argiki, zeure sexualitateaz; bueno, zeurea, barkatu, zure alteregoarenaz, ze, zer da hau? Autofikzioa da?”. Galdera –eta hau bai, hau iritzi subjektiboa da, nire subjektibotasun maskulinoak baldintzatua eta, hortaz, aski baztergarria– ez da erasokorra, eta Etxeberriaren ohiko tonu gozoan dago egina. Sarriugartek argi erantzun dio: “Ez, nik ez dut autofikzioa bezala presentatu; nik eleberri bezala presentatu det, eta gainera esan nuen autobiografian galderari ez diotela erantzungo; bakoitzak gero bere barruan pentsa dezake nahi duana baina nik horren inguruko adierazpenik ez det egingo”. Galdera ez zaio idazleari gustatu –eta beharbada lekuz kanpo zegoen galdera zen–, Etxeberria ez da horretan tematu.

Duela egun batzuk, 2019ko ekainaren 14an, solasaldi bat antolatu dute Iruñeko Katakrak liburu-dendan Entrañas liburuaren inguruan, hau da, Sarriugarteren Erraiak-en itzulpenaren inguruan. Egileaz gainera, hiru parte-hartzaile: Miren Iriarte, Iruña Iriarte eta Lucia Baskaran. Hondarreko honek hartu du hitza eta une jakin batean (10′ 40”) azaldu du “obra eta egilea bereiztea bertze falazia patriarkala dela” eta, “emazteki batek liburu bat idazten badu, are gehiago, liburu hori fikzioa dela azpimarratuta ere, obraren eta egilearen arteko bereizketa defendatzen dutenak etortzen dira eta hasten dira ‘zeure sexualitatea, zeure sexualitatea, zeure sexualitatea eta zeure sexualitatea'”. Sautrelako pasartea ikusi duenak badaki ez zela horrela izan. Izan ere, objektibotasun patriarkalaren irizpideak erabilita, erraten ahalko genuke Lucia Baskaranen deskribapena gezur hutsa dela.

Zeren Hasier Etxeberriari egiten ari baitzaio erreferentzia Baskaran, nahiz eta haren izenaz ez den oroitzen. Honela adierazi du –eta atal hau jatorrizko bertsioan utziko dut, gaztelaniaz alegia–: “no me acuerdo cómo se llama el desgraciao, que está muerto y bien muerto que está“. Egun hartan gainera –gehitu du Baskaranek, publikoaren irriak isildu direlarik– Etxeberriak bere pribilegioa guziak eramanak zituen. Eta aski zaharra zen.

Hilda egotearen desabantailetarik bat da ezin duzula zure burua defendatu zutaz gezurrak erraten dituztelarik edo –irri artean– desgraciao deitzen dizutelarik. Lagunak behar dira horretarako, baina, nonbait, egun hartan Hasier Etxeberriak ez zuen Katakrakeko mahai hartan adiskiderik, ez Miren Iriartek, ez Iruña Iriartek, ez Danele Sarriugartek ez bertze inork ez baitzuen Baskarani apika pittin bat pasatua zela errateko premiarik sentitu.

Barkatu biezadate mundu honetako baskaran guziek, baina Hasier Etxeberria ez zen desgraciado bat, eta uste dut ez duela merezi inork beraz “bien muerto está” erratea.

Baina tira, testu hau guzia, bistan da, gizonezkoen arteko elkartasuna da. Berriz diot: ez ikusi bideoa, ez entzun audioa, ez iezadazue kasurik egin, patriarkatua mintzo da nire ahotik.

Erraietarik idatzia

Santi Leone

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut, noizbehinka twitterren ibiltzen naiz (@ororostorm)

45 pentsamendu “Erraietarik idatzia”-ri buruz

  • Eskerrik asko Santi!
    Hasier gogoan zaitugu!

  • Ados Santi Leonerekin. Gauzak ez dira zuriak ala beltzak!

  • euskaldun bat 2019-06-24 06:17

    Urte gutxian, ia ohartzeke, heteropatriarkatuaren bueltan poltikoki zuzena den fauna bat sortu da, hura halakoa! Fauna horretako elementuek ahora etorritako guztia esan ahal dute, inork ezin die kritikatu, une honetan jaun eta jabe sentitzen dira. Baina jendea nazkatzen ari da espezie honekin.

  • Azken portu 2019-06-24 10:03

    Ziur al zaude aretoan ez zegoela Etxeberriaren adiskiderik? Edo adiskideren bat egonik, besteen aurrean matxirulo gisa ez agertzeagatik kikilduta isildu zen/ziren.

  • ruben sánchez bakaikoa 2019-06-24 10:42

    Hasier Etxebarria zenak Danele Sarrigarteri elkarrizketa egin zionean ez zitzaidan gustatu, iruditu zitzaidan hanka sartu zuela, ondo sartu ere. Pasartea ez zen “Autofikzioa da?” horrekin bukatu. Daneleren erantzunaren ondoren esaten dio “Bueno, ba, guk nola nahi duguna pentsatzen ahal dugun, pentsatuko dugu autofikziotik asko duela fikzio honek, ez horretantxe utziko dugu ez baduzu horretaz hitz egiteko gogorik…”
    hasierrek ez zion galdetu sexualiateaz, baizik eta ea bere sexualitatea zen, ea bera zen narratzailea. Ez da kontua Danelek sexualitateaz (ere) jardun nahi ote zuen; Danelek fin eta irribarre (suposatzen dut desoroso batekin) esaten dio (Hasierrek bazekien ere) ez zela autofikzioa, aurkezpenean ukatu zuela hori. Beraz, niri zer inporta dit Hasierrek uste bazuen bazuela autofikziotik?

    Era horretako galdera eta ondorioa egingo zuen gizonezko idazle batekin? Nik ez Hasier ez beste gizonezko kazteririk ez dut maiz ikusi beste gizonezko bati holako galderak egiten eta erantzunak era horretan “interpretatzen”.

    Kontua ez da kontakizun bat eleberri laburra ala ipuin luzea den egilearekin eztabaidatzea, baizik eta, demagun, Jon Mirande zenari galdetzea ea bera den Theresarekin maitemintzen den narratzailea; Jon Mirandek hori baztertu ondoren.

    Hori dena esanda ere, ez zaizkit gustatu Lucía Baskarenen hitzak eta tonua. Elkarrizketa hura hizpidera ekartzen ahal zen (eta behar da), “desgraciau”, “bien muerto” eta zaharra esan gabe.

  • ruben sánchez bakaikoa 2019-06-24 10:45

    hasierren aipamenean “eta horretantxe utziko dugu” behar du, eta beste bi akats ortografiko ere. Barkatu.

  • Santi Leone
    Santi Leoné 2019-06-24 12:38

    Bai, halaxe da: posible da Hasierren galderaren egokitasunaz lasai eztabaidatzea. Nik ez dut hori ukatu -izan ere, testuko parentesi batean beharbada galdemodua lekuz kanpo zegoela erran dut-.

  • Santi Leone
    Santi Leoné 2019-06-24 12:40

    Arrazoi duzu. Ni neroni han izan banintz, ez dakit egoki erreakzionatzen asmatuko nuen edo zerbait erranen nuen. Mahaikideen isiltasunak gehiago harritzen nau.

  • Santi Leone
    Santi Leoné 2019-06-24 13:20

    Azken Porturendako zen azken erantzun hori. Anafora zer den ez jakiteaz gainera, iduri du teknologiarekin ere gaizki moldatzen naizela. Barkatu.

  • Miren Iriarte 2019-06-24 15:02

    Santi:
    Miren Iriarte nauzu. Lan handia eginda (ongi ala gaizki ez dut nik esanen, baina handia izan zela bai) Entrañas itzuli zuen itzultzailea. Ni neu egon nintzen aurkezpen horretan. Ikusita interes handia duzula (hala ematen du) han egon ginenok honi guztiari buruz dugun iritzian (edo zuk aipatzen duzun esaldi horren aurrean zergatik geratu ginen isilik), nahi duzunean azalduko dizut. Baina ez hemen, edo Twitterren, Twitter eztabaida antzu eta mingarrietarako lekua egiten baitzait niri neroni. Uste dut herrikideak garela, beraz benetakoa bada interes hori, nahi duzunean azalduko dizut, nahi duzun lekutan. Dena den, denbora hartu beharko genuke elkarrizketarako, gauza askori buruz hitz egin beharko baikenuke, zuk nik bezain ongi baitakizu deskontestualizatuta dagoela zuk hemen esan duzuna, eta batez ere erabat deskontestualizatuta dagoela sareetan honen harira zabaldu dena (zuk ez duzu zabaldu, jakina, baina harria bota bai), eta horren guztiaren atzean ongi ala gaizki esandako esaldi bat baino askoz gehiago dagoela. Beraz, BENETAN jakin nahi baduzu nik, han egon nintzen honek, zergatik egin nuen egin nuena, galdetzea duzu errazena. Niri, ez tuiterri.
    Esker mila

  • Rubén agurgarri hori:

    Hobe luke berorrek inor kritikatu aurretik “autofizkzio” eta “autobiografia” bereizi, eta ez erridikulua sobera egin.

  • Azken portu 2019-06-24 16:31

    Miren Iriarte:
    Gai honetan Santik zerbait ez badu egin deskontestualizatzea izan da. Eman behar ziren azalpen guztiak eta gehiago eman ditu irakurle neutro batek bere iritzia osatzeko.
    Baten batek bere burua zuritu nahi badu beste aitzakia bat bilatu beharko du

  • Pixka bat aspertzen hasita nago feminismoaren bandera hartu eta emakume* guztion izenean ariko balira bezala horrelako astakeriak esaten dituzten euskal famosekin. Ez diote mugimenduari ekarpen handirik egiten eta matxiruloak poz-pozik daude, azkenean arrazoiak dauzkatelako histerika batzuk geala esateko.

  • Amonamantangorri 2019-06-24 18:25

    “Eta gizonezkoa balitz, seguru-seguru ez liokeela halako galderarik eginen”. Ba, zer dakit nik. Nik, beharbada, galdetuko nieke Jon Miranderi ea egiatan neska pubeszenteekiko desio erotikorik bazuen (eta seguru asko hark baietz erantzungo zukeen lotsarik gabe), eta Saizarbitoriari, esate baterako, ea nola jorratzen dituen, nobeletan, juxtu bere edade berberekoak izan ohi diren gizon-emakumeen istorio polit horiek.

    Besterik gabe, itsu-itsuan sinistu beharko dugu Hasier Etxeberria zena bere pribilegio maskulinoez baliatu zela halako galdera egitean.

    Alegia, jakizue, ea enteratzen zareten: bada idazle zenbait, etengabean genero-identitateaz, gorputz-autorudiaz, hilerokoaz, anorgasmiaz, erditze-oinazeez eta abar matraka ematea ikaragarri gustoko duena (sarri, lehen pertsonako narratzailearekin, kasik azpigeneroaren ezaugarria izaki); baina asko-asko haserratzen dena gizonezko cis elkarrizketatzaileren bati, bat-batean, esperientzia pertsonalen inguruko zerbait iradoki lezakeen ezer ihes egiten dionean, oso modu tangentzialean izan arren. Kasu eman horri.

    Bien bitartean, “idazle feminista” batek (halaxe dago definitua hainbat webgunetan) pertsona eta langile jator eta zintzo bati buruz esaten badu “hilda dagoela, eta bai ederki hilda ere”, deklarazio hori ahalduntze eredugarritzat hartuko dugu, eta barrezka hartu. Edo barkatzeko modukoa irudituko zaigu, izan ere, denok ditugu egun txarrak. Zeinen azal fina dugun matxirulook, aizue.

  • Pruden Gartzia 2019-06-24 20:38

    Testuingurua dela-eta, agian ez zait txartzat hartuko nire hondar alea jartzea.

    Nik atera eta nahiko gutxira irakurri nuen “Erraiak”. Arrazoiak oso tipikoak ziren, lagun batek gomendatu zidan eta, hortaz gain, esan zidan gaia Gasteizen bizi den unibertsitate-ikasle gazte baten ingurukoa zela (eta ni ere hala izandakoa naiz duela urte asko, benetan asko).

    Ikargarri gustatu zitzaidan, ikaragarri. Egia esan, bai ibili nintzen taberna, kale-kantoi edo antzeko zokomokoren bat identifikatu nahian baina, egia esanda berriz, alde horretatik ez zitzaidan askorik interesatu. Estiloak, ordea, txundituta utzi ninduen: nola da posible hain ondo idaztea, galdetzen nion nire buruari behin eta berriro. Eta idazle gaztetxo hasiberri batek! Zeren eleberri hori ikaragarri ondo idatzita dago, ikaragarri. Gozada etengabea da, estilo eztanda purua. Akojonantea (barka gordinkeria).

    Protagonistaren dena-delako ibilbideak ordea, ez zitzaidan askorik interesatu ere. Tira, agian gaineratu daiteke inongo momentutan ez nintzela identifikatuta sentitu. Baina, aizue, James Joyceren “Artistaren gaztetako portetra” ere irakurri nuenean, ikaragari ondo pasatu nuen, eta ez nintzen batere arduratu protagonistaren gorabehera pertsonalez, Irlandaz, idazletzaz edo beste ezertaz. Estiloa, estiloa da guztia nobela horretan.

    Bada, “Erraiak”-ekin ere berdin. Ikaragarri liburu ona, ikaragarri ona (nire uste apalean), egilearen asmoak gorabehera. Zeren gero, askoz ere geroago, hasi nintzen entzuten emakumea, gorputza… eta matraka hori guztia. Eta barkatu, niritzat “Erraiak” beste zerbait izan zen, guztiz beste zerbait.

    Eta zertara dator kalaka hau guztia? Bada, beste barik esateko Hasier Etxebarriaren galdera “ospetsua”, gusto txarrekoa eta desegokia izateaz aparte (horretan esango nuke bat gatozela denok), ez zela batere ona liburuaren iruzkin on baten eretzean.

    Literatura, hitz egin dezagun literaturaz, hori da esan nahi dudana, eta ez besterik.

    Eta bai, badakit gai nagusiari ez diodala heldu, agian ihes-maniobratzat hartuko duela iruzkin hau batek baino gehiagok… Tira, esan beharra neukan eta esan dut.

    Mila esker irakurtzeko pazientzia izan duzuenoi.

  • Ene Amonatxo, badakizu ez garela ados izaten baina oraingoan zurekin erabat nago. Hasier Etxeberria gizon ona, idazle ona eta kazetaria zen, beraz galdera deserosoak egitea zen bere zeregina.

  • Hasier Etxeberria torturatu egin zuten. Hasier Etxeberria ETAren Zutabe aldizkarian seinalatu zuten terrorismoari egin zizkion kritikengatik. Hasier Etxeberriak aurpegia eman zuen 2006ko treguaren ondoren bake prozesua bultzatzeko Milakabilaka ekimenean. Hasier Etxeberriari esker atera zen telebistan lehenbiziko aldiz Kortatu taldea. Guggenheim operazioaren aurrean, Kultur Kezka talde kritikoa sustatu zuen Hasier Etxeberriak. Berak sortu zuen Zuzeu. Zenbat artikulu, euskaraz prentsan aritzea gutxi batzuen konpromiso militantea zenean. Zenbat lan ETBn euskarazko programa duinak egoteko. Zenbat jende gerturatu zen euskal kulturara Hasier Etxeberriaren zabaltasunari esker.

    Eta orain, Sautrelan egindako galdera txar batengatik, haren heriotza ospatzen du idazten dituen nobelak euskaraz idazteko ere lanik hartzen ez duen idazle batek. Batere inporta ez zaion kultura batean ere presentzia edukitzeko bere nobelatxoaren itzulpena egitea enkapritxatu zaion idazle batek. Eta gainera harro, barretxo artean. Zeren erdal kulturako figuratxo bat izatea ez da pribilejio bat. Zeren Hasier Etxeberria zen gizon boteretsua. Espainiako egunkari guztietan atera den idazleak ez dauka batere botererik euskarazko idazle baten gainean. Haren oroimena kakazteko.

    Alferrik da. Bataila galdua dago hizkuntza menperatzailean idatziz biktimarena egin ahalko duelako. Baina gure kulturaren historiak behintzat jarriko ahal du bakoitza bere lekuan.

  • Edozer eta edonoren gainetik dagoela sinetsi duen Golem bat elikatu da azkeneko hamarkadan ingeniaritza sozial saio luze, astun eta oldarkor baten bitartez. Herri hontan inon baino gehiago, are gehiago euskal komunikabideetan. Eta orain, ereindako guzti horren uzta jasotzeko ordua heldu da. Gustuko tokian, aldaparik ez!

  • Insistentzia 2019-06-25 01:41

    Zatiketa bilatzen zuen ingeniaritza sozialak, eta zatiketa ekarri digu. Zorionez baditu ere albo-efektu desiragarri batzuk, noizean behin dakarkidan barre-algara hau kasu. Bi, astebetean! Negar egiteko modukoa, tragedia bat ez balitz. Umorez hartu behar baitira tragediak.

  • Enpresari familia dirudun bateko kidea, Donostiako eskola elitistenetako batean ikasia, estudiorik eta ofiziorik gabe ere beti idazteko baldintza material egokiak eta denbora izan dituena, 30 urterekin estatu mailako medioetan presentzia nabarmena duena…

    Aurpegia behar da gero posizio horretatik besteei “pribilegioak” aurpegiratzen ibiltzeko! Hasier “gizon boteretsua”? Bai, denok dakigu euskal kultura botere eta diru iturri izugarria dela…

    Daneleri egin zion galdera hura desegokia izan zen, ados, eta ni ere minduko ninduke. Baina inork ez du merezi halako hankasartze batengatik “¡bien muerto está!” entzun behar izatea.

  • Erderomatrakatuaren eraso bat guztiz zitala, Etxeberriaren jokaerari zilegizko kritika egitetik urrunxko doana, eta zeinak tartakada ederra mereziko bailuke hurrengo agerpen publiko batean.

  • Estudiorik eta ofiziorik gabea Xabi? AITAREN errapetik zupatzea izan du ofizioa bizitza guztian

  • Peru_Gabiriko 2019-06-25 10:57

    Baskaran hau emakumezkoen artean irakurleak erakartzeko pose txupiguay bat egiten duen kokola bat da. Horretan geldituko nintzateke, baldin eta beldur ez banintz, hemen euskaldunen artean, marketing bera zabaldu nahi duten fenomeno baten aurrean gaudela. Batzuek diote euskararen biziraupena bide honetatik datorrela.. eta zer diote ZUzeuko forozaleek honi buruz?

  • ruben sánchez bakaikoa 2019-06-25 11:45

    Gero eta gutxiagotan egiten ditut holako eztabaidak serean. “Iñaki” (ze urrun dagon Kamerun) sobera dago niretzat.
    1. Ez naiz Rubén, Ruben baizik. Ruben Sánchez Bakaikoa.
    2. Zu, ordea, Iñaki zara. Iñaki-ze-urrun-dagon-kamerun (demagun, ezta?)
    3. Zuk ez duzu ezer eztabaidatu behar, zer ondo zer gaizki, besterik gabe iraintzen duzu beste pertsona, eta listo.
    4. Iñaki, animatu zaitez harriak botatzen zure izen abizenez, lagun. Egin dezagun erridikulua denok baldintza berdinetan, aurrena nork bere buruari irri egitetik hasi eta irri kolektibo batera igaroz. Atera zure Kamerunetik lasai, ni tipo baketsua naiz. Inoiz edo behin pixka bat biolento jarri naiz eta “return” sakatu dut indarka, tekla mintzeraino 😉 Benga, koloretako musuak!

  • Amonamantangorri 2019-06-25 11:57

    Eskerrik asko, Pruden, gomendioagatik. Udako literatur-lanen zerrenda gero eta luzeagoan apuntatua dago.

    Hala ere, ez dakit gauza izango naizen burutik kentzeko istorio hau:

    Alegia, Erraiak-en egilea, Sarriugarte, idazlea izateaz gainera, Baskaranen lagunmina eta pisukidea ere badela.

    Izan ere, honi buruz zerbait estudiatu duen orok dakienez (goian duzu Katakrakeko hitzaldiaren grabazioaren esteka), egia berdadero eta impepinablea da objektibitatea, alegia, egilearen obra eta egilearen biografia-xehetasunak bereizi ahal izatea, zinezko FALAZIA PATRIARKALA dela.

    Beraz, neronek ezin izanen dut inoiz Sarriugarteren lana irizpide objektibo minimoekin baloratu eta kritikatu, zeren beti edukiko baitut gogoan iltzatua, Sarriugarteren adiskide hurbilena niñapija ergel petulante bat dela, eta beraz giro intelektual horien lurrun toxikoak arnastuz bizi dela.

    Eta Baskaranen bi liburuak irakurtzeko ere, berdin. Gauza bera gerta dakidake, esate baterako, Mario Vargas Llosa irakurtzean…

  • Azken portu 2019-06-25 13:03

    Azenturikgabeko Rubenentzat:
    Niri partikularki hemen plazaratzen diren iritziak interesatzen zaizkit eta ez zeinek idazten dituen. Horregatik ez dut ulertzen Iñakiren abizenak ezagutzeko duzun interesa. Garbi utzi du zer uste zuen zure komentarioaz eta kitto. Eztabaida eremu pertsonalera ekartzeko erakusten duzun nahia susmagarria egiten zait: argi dago gure mundu txikian askoz ere errentagarriagoa dela neofeminismoren sustatzaile gisa agertzea kontrakoa baino. Beraz, batzuk pozik agertzen zarete izen (azenturikgabea) eta bi abizenekin. Argi dago zein ez den seinalatuta gelditzeko beldur gure euskal mundu txiki eta itogarrian.

  • Kaixo Ruben Sanchez Bakaikoa, kuriosoa da pertsonai (zeozer esatearren) sexualitaterengatik galdera txoro bat egiteagatik hainbeste iguintzea eta gero zu izatea lehena izen abizen galdezkaubiltzeko, kuriosoa benetan. Hau da, zuri zer axola zaizu nola duen izena? Non bizi den edo zeinekin oheratzen den? Penagarria ze punturarte iritsi garen herri hontan, pija batek klaseak eman behar dizkigu jazarpenaren gainean, zeren jazarpen betean daude, gerra batetan. Enbeita guatxiprogrea bezalaxe, Che- ri egindako kritikaren ostean, kritikak jasotzeagatik nigarrez. Bada kontestua bezalako hitza kasu hoietarako, garaian garaikoa ulertzen laguntzen gaituena. Jusitifikatzeko ez, ulertzeko bai ordea.

  • Jon Intxaurraga

    Arrasti on,

    Beharbada testuingurua faltako da, baina Sautrelako zatia ikusita, nik bakarrik ikusi dut kazetariak bere lana egin duela: galdera bat egin dio elkarrizketatzaileari, agian desersoa, baina galdera deserosoak egitea kazetariaren lana ere bada, bereziki uste badu elkarrizketzaileak ez duela erantzun nahi. Mingarria izan daiteke elkarrizketatuarentzat, bereziki galdera hori behin baino gehiago egin badiote, erantzutean sinesten ez badiote eta sexualitatea kontu intimoa delako. Baina kontuan har dezagun guztia bere testuinguruan –elkarrizketa bat da eta kazetariaren lana da elkarrizketatuari informazio gehiena ateratzea– eta ez dezagun bere onetik atera, batetik, mina alde askotarikoa izan daitekeelako eta, bestetik, agian elkarrizketak pentsatu zuelako elkarrizketatuak ez ziola egia esan nahi, horrek ekar lezakeen frustrazioarekin. Kazetariarekin ere ulerberak izan gaitezen, beraz.

    Horiek horrela, Baskaranen hitzak guztiz lekuz kanpo daude Hasier Etxeberriaren ibilbidea ezin delako epaitu huts batengatik, are eta gutxiago iraindu, guztiok gutxieneko begirunea merezi dugulako (baita irainak bota dituenak ere). Horretaz gain, Baskaranek argi erakusten du ez duela euskarazko mundua ezagutzen, izan ere, bertan lan egitea pribilegioa da, baina “ez du pribilegiorik ematen”, gizona izanda ere.

    Ondo ibili

    Jon.

  • Peru_Ganbarako 2019-06-25 17:15

    Apa zu, Ruben Sánchez
    eta Bakaikoa
    hemen eman dizute
    egurra nahikoa
    ez dakit zer zaitugun
    neska…mutikoa…
    edo bien arteko
    sexu frikikoa!

  • Peru_Gabiriko 2019-06-25 17:17

    ezin da kritikatu
    jende kritikoa!

  • Peru_Gabiriko 2019-06-25 17:20

    hau da gure herriko
    saltsa tipikoa
    kritika egiten da
    maila txikikoa

  • Azken Portu 2019-06-25 18:42

    Santi Leonek bere twitter kontua desgaitu du eta artikulugintza ere utziko duela iragarri du, artikulu hau idazteagatik jaso dituen erasoak direla eta. Euskal mundutxo puta honek merezi duena du.

  • euskaldun bat 2019-06-25 19:37

    Azken Portuk dioena zuzena bada; Santi Leone, oso gaizki egin duzu! Bere ideietan irmo mantentzen ez dena ez da gizona. Ezker Abertzaleko perroflauta kinki hauekin ikaratu?! Ez, ez horratio!

  • Kiratsa dario eskandalu honi, darion bezala Onintza eta Cherenari. Feminismoaren izenean harrotuta pulpitutik gainerakoei zer izan eta nola jokatu behar duten agintzen dieten horiez aspertu naiz aspaldi.

    Hasierren gainean esandakoak bakarrik erretratatzen dira: progresia guayaren prototipo txolin bat, bizitzan sekula egitan borrokatu beharrik izan ez duena, bere garaian kazetari batek egindako galdera deseroso batengatik hari horrelakoak esaten. Nazka gutxi esatea da.

    Cheren gainean Onintzak esandakoez beste hainbeste. Marxista edo tipo horren fanboy izan gabe ere ondoriozta daiteke akusazio horiek ez dutela oinarririk, ergo difamazio merkea dela dena, feminismoaren txalo errazak jasotzeko. Tipoa golfo zikina izango zen, 16 urtekoekin oheratuko zen etabar, baina bortxatu zuenik nik dakidala ez da sekula baieztatu. Onintza herri honetako emakumezko erreferente handien artean bada, pentsa zein den maila. Patetikoa.

    Feminismoa eta bere aldaera/engendroak aldarera igo dituztenak damutuko dira zer nolako monstuo sortu duten konturatzen direnean. Iada berandu izango da ordea, think tank yankietan sortutako produktu ideologiko horrek bere helburua bete duen seinale. Santi Leoneren gisa, gehiago izango dira gupidagabeki sozialki jazarri eta isiltzera behartuak.

    Pozoi ideologiko-kulturala etxean daukagu, bada garbitzen hasteko garaia

  • Iruzkinak irakurri ostean, uste dut askok ulertu dutela Santi Leonék esan nahi izan duena, ez ordea guztiek. Leonék ez du inongo momentutan Etxeberriak ongi edo gaizki jokatu zuen baloratzen. Ez dut sumatu Etxeberria gizon akasgabetzat deskribatzeko nahirik ere. Are gehiago, Leonék, errespetuz argudiatuta,Etxeberriaren une hartako jarduna egokia izan zen ala ez eztabaidatzeko ez lukeela inongo arazorik izango esango nuke.

    Hemen, baina, eztabaida ez da hori. Auzia da, kritigarri iritzita ere, Baskaranek esanak, esan zituen moduan, ezin direla onartu. Baskaranek esan izan balu Etxeberria zenak egun hartan bere irudiko ez zuela asmatu, eta haren jokabidea gogor, tinko, baina errespetuz kritikatu izan balu, gaur, ziurrenik, ez ginateke honi buruz hizketan arituko, ez behintzat horrela.

    Nire aburuz, Baskarani batez ere bi kontu kritikatu zaizkio. Batetik, Hasier Etxeberriaren ibilbide profesional zein pertsonala gertakari bakar horretan oinarrituta lohitzea. Honekin, noski, ez dut esan nahi edozein astakeria onartu behar denik ondoren edo aurretik beste hainbat gauza on egin direlako. Baina, kasu honetan, Etxeberriak gaizki egindakoaren larritasuna (baldin eta gaizki egin zuela onartzen badugu) ez dut uste egindako on guztia (asko izan zena nire ustez) baztertzeko bezainbestekoa denik.
    Bestetik, eta, batez ere, moduak izan dira larriak. Baskaranek Etxeberria ez estimatzeko eskubidea du, jakina; baina “ondo hilda” dagoela modu arinean (batzuen hitzetan, umorez) aipatzea, niri beste ezer baino gehiago tristea iruditzen zait, enpatia gabezia eta gizatasun eskasa erakusten dituelako. Baskaranek Sarriugarte ezagutzen du, eta hura gaizki sentitu zelako izango dio Etxeberriari halako amorrua; nik hori ez dut epaituko, ez dut baloratuko. Baina gustatuko litzaidake Baskaranek pentsatzea berari Etxeberriak Sarriugarteri emandako balizko tratu txarrak asaldura eragin zion bezalaxe, berak esanak ere min handia eragin diela Etxeberriaren inguruko askori zein haren lana kanpotik baloratzen dugun zenbaiti. Kritikak egin daitezke, egin behar dira, baina ez horrela. Eta kritikak egitean, autokritika da, nire ustez, beharrezkoena. Baskarenak ere egitea espero dut.

    Azkenik, Santi Leonéren testua kritikatzen dutenei, zera esango nieke: Leoné gera zitekeen isilik, mahai hartakoak bezalaxe. Baina bere burua defendatu ezin duen norbaiten ordez hitz egitea erabaki du, eta hauxe da jaso duena. Berriro esango dut, kritika ongietorria da, baina errespetuaren eskutik joan behar du. Nire aldetik, uste dut Leonék leial eta ausart jokatu duela, ez zuen zertan ezer esan, baina isiltasuna haustea erabaki du. Ados egon ez, uste dut hori bederen aitortu beharrekoa dela. Bere iritzia ematen jarraitzea espero dut.

  • Biharko Berriako Onintzaren zutabea irakurtzeko esperoan… egunkariko beste zutabegileek berari elkartasuna adierazi dioten lez, berak ere Santi Leonérenganako elkartasun mezua idatziko duela espero dut. Santi Leonék jasotako mehatxuak direla eta, Twitter eta zutabegintza lagatzea oso grabea da.

  • Hasier: alua mundua! ez barka, zakila mundua! edo dena delakoa. Hil eta gero ere, batzuk lasai lo, pixa eta kaka ere egiten ahal digute buruhezurretik behera. Ustel usaina Danimarkatik EHraino?
    Santi: esanak ondo, baina eginak… ez hainbeste. berpiztu euskal txiosferara eta zutabegintzara. Santi Leoné gehiago behar ditugu, ez gutxiago.
    Bascaran: pasopalabra
    Danele: zeure Erraiak hor dirau. Hasierrek eta beste askok goratu dute. Horrek ekarriko zizkizun gune eta egoera deserosoak ere. Plazak hori du. Emakumeentzat bereziki, bai, begira Onintza-che eta Kontrako eztarriko guztiak. Baina baita gizonezkoentzat ere, tartea bederen, begira Santi, Ruben Sánchez eta abarrek, iritzi soila emateagatik, zelango egurra jaso dezaketen. Bascaran pasa egin zen, nik uste, nabarmen. Laguna baduzu, esaten saiatu beharko zenuke. Eta horrek ez dizu arrazoi amini bat ere kenduko Hasierren elkarrizketan sentitu ahal izan zenuenaz.
    Pruden: Sautrelako bideoa ikusiz gero, obra puska, estiloa aipatzen ditu Hasierrek hasera hasieratik. 4. minutu bueltan katramilatzen da auto-fikzio sexualitate eta abarrekin. Eta ez modu zakarrean, edo asmo gaiztokoan, ene ustez. Erratu bazen, gizakia zelako izango zen.

  • Ongi hila dagoela! Esan egin behar da gero hitzaldi batean, hotz hotzean. Sinestezina.
    Entzun dudalako egia dela ikasi dut. Gure izarearen, gure egoeraren isla ote da hau?

  • Pruden Gartziak goraipatu digu Danelen liburua. Ongi dago, baina orain bertan hori irakurtzeko ez naiz gai sentitzen. Agian, denbora puxka beharko dut.
    A, eta Santi Leoneri eskatuko nioke mesedez segitzeko. Hiru firma ditut beti-beti irakurtzen ditudanak eta berea da bat. Eta hirutatik bat galtzea ikaragarria zait.

  • Moralki herri xehea baino gorago daudela konbentzituak daude, podcasta entzun besterik ez dago, darabilten tonu eta espresioak argi uzten dute. Objetibotasuna falazia patriarkala da, ez dakizu?, gero esplikatuko dizuet nik herritarroi. Ama, arreba, izebak ditut eta berdintasunaren aldekoa naiz, baina aspaldi konturatu naiz talde eta mugimendu feministako buruek ez dutela berdintasuna bilatzen.
    Goian esan den bezela feminismo hau AEB-tan kozinatu den emaitza da, ingelesezko sare sozialak begiratzea besterik ez dago mugimenduaren bilakaera ikusteko. Kasu hauek gehiagotan gertatuko direla argi dut, herri xeheak zentzugabekeria hau noizbait baztertu arte.
    Azkenik, uste dut inorrek ez duela esan baina, podcastean jende edadetuarekiko fobia bat dutela nahiko argi uzten dute.

  • Kaixo,
    Urte batzuk ditugunok, gogoratuko ditugu gorria izatea modan zegoenean batzuk inor baino gorriago zirela esanik, besteen kontraesanak azaleratu eta kritikatzeko gai zirela, gupidarik gabe gainera; gero, EAJn, PSOEn edo Ermuko izpiritua gizentzen amaitzeko.
    Egungo gertaera honetan, gauza bera gertatuko dela deritzot, baina urteak beharko ditugu ikusteko.
    Batzuk Madrilen egongo dira ( edo daude) euroen eta famaren goxotasunean, eta beste batzuk berton, Basauriko terremotoa lez, egurrean.
    Ekibokatu gaitezke, baina argiak eta zintzoak izaten saiatzen gara batzuk, Santi bezala. Hori da behar duguna, ez momentuko haizearen aldeko ahoberotasuna.

  • Tira… Luciak, edota Ibai Arbidek berak behingoagatik txio batzuk euskaraz idazteko balio izan du ika-mika honek sikiera.

  • Espainolaren hegemoniatik euskaldun zapalduei egindako hamaikagarren erasoa ikusten dut nik hemen, gizonek emakumeen kontra egunero erabiltzen duten biolentziaren maila berekoa. Euskal Herrian espainiar nazioa sustatzen duen batek (adibidez, espainol hizkuntza bere espresio-tresna nagusi bihurtuz) feministatik ez du ezer; are gutxiago euskaldunok espainolez iraintzen bagaitu.

  • Pruden Gartzia 2019-06-26 20:22

    Besarkada bat, Santi!

    Benetan sentitzen dut hartu duzun erabakia, eta ziur egon zaitez ez naizela bakarra, aitzitik, asko, benetan asko gara euskal mundu txikian dituzun irakurle eta miresleak. Eta gu gara galtzaile.

    Zeuk, ordea, urte sabatiko bat hartuko duzu, gure inguruko naziotan ahal duen guztiak ahal duen guztietan egiten duen bezala, eta goiz ala berant indarberriturik itzuliko zara, jakinduria eta ideia berriez ederki zamaturik. Zorionekoa zu! Izan bekizu probetxugarri! Baina ez ahantz zure irakurle xume horiekin guztiekin, zain izango gaituzu eta!

    Gora zu, adiskide, gora zu!

  • Shakespeare 2019-07-02 19:30

    Oi, ez deit ni zure bihotz gogorrak
    enean egin gaitza zuritzera;
    ez zaurt begiz, mihiz baizik; indarrak
    indarrari beutso, kararik kara.
    Esan mudatu zarela, baina ez
    so galduz egin niri, bihotz, uko;
    zergatik maltzurbidez zaurt, indarrez
    hain baitzara zu gai ni eraisteko?
    Zurit zaitzadan: ondotxo jakinik
    so xarmantok zitzaizkidala etsai,
    ez nahiz niri jaurti begi txarrik,
    besterik du hartu Enetxok zaurgai.
    Zer, baina, minok luzaraz?: hil hurran
    bainago jada, soz akaba bertan

    William Shakespeare

    http://www.aztarna.com/Shakespeare/Hasier.htm

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude