Urtearen gurpila euskal mundu-ikuskera zaharrean

Urtearen gurpila euskal mundu-ikuskera zaharrean –

Antzinatean, Europa osoan naturaren zikloekin loturiko sinesmen animistak zabalduta zeudenean, jai erritual ainitz egiten zituzten solstizio eta ekinokzioetan, edota ilargiaren aldien ardatz ziren egunetan. Ilargi beteko gauetan ere horrelakoak egiten zituzten. Laborantzak indar handia hartu zuen arbaso zaharren bizimoduan eta uztekin edota ereiteko aroekin loturiko erritoak eta egun bereziak sortu zituzten. Gure mintzairan dugu horren adierazle diren izen ugari: jorraila, loraila, ereinaro, uztaila, garagarrila, garila, iraila, azaroa, hazila, lotazila….. eta abar.

Urtearen gurpila euskal mundu-ikuskera zaharrean

Urtearen banaketa zaharra

Aipatu aro zahar haietan urtea bi arotan banatzen zuten: uda eta negua, eta berantago, tarteko bi aro berri sortu zituzten: udaberria eta udazkena. Hainbat ikerlariren ustez, lehenak badu zer ikusirik urarekin eta bigarrena Paleolito Aroan gurtzen zuten Egu izeneko jainkoarekin. Mari Ama-lurraren pertsonifikazioa den bezala, Egu loturik zegoen zeruarekin.  Gaur egun, oraindik, hitz anitz erabiltzen dugu egu hitzaz osaturik direnak: eguraldi, eguena, eguaztena, egubakoitz, eguerdi, eguberri, eguzki, egun…

Bittor Kapanagaren irudikoz, negu behe egutik letorke, hau da, zeru iluna nagusi den garaia. Egu-ren beste izena Ortzi (osti, ostri…)  dugu, gaur egun oraindik, zenbait hitzetan erabiltzen duguna: ortzegun, ortziral, ortzadar, oskorri, oskarbi, ostarte…

Geroago uda hiru zatitan banatu zen: udaberria (uda etorri berria), uda goiena (eguzkiak zeru goia jotzen duen aldia)  eta uda azkena (udaren azken aldia). Urtea horrela banatzeko, Europa osoan zabaldurik zeuden euskaldun zaharrek, gaur protoeuskaldun deitzen duten horiek, solstizioak eta ekinokzioak baliatu zituzten.

Europa zaharreko mundu-ikuskera animistan, zeruan bazen jainkosa bat, Eguzki edo Eki deitua zena, berotasuna, bizitza, uztak…, gizakiari ekartzen zizkiona eta urtero, neguburuan sortzen edo jaiotzen zena. Ilargi edo Ilazki, berriz, gaueko jainkosa zen, aurrekoaren ahizpa, heriotzarekin eta iluntasunarekin zer ikusirik zuena. Eguzki eta Ilargi Ama-luirraren alabak ziren.

Urtearen gurpila euskal mundu-ikuskera zaharrean
Ama-lurra eta Eguzki eta Ilargi alabak

Euskal Herrian urtearen gurpil zaharra oso zabalduta egon zen, baita Europako herri zahar guztien artean ere, ez bakarrik euskaldunen artean, erromatarrek ere gauza bera erraiten zuten. Europako egutegi zaharretan, neguburua abenduaren 25ean zen eta udaburua ekaineko 24an. Neguburuan, eguzki berria sortzen zela pentsatzen zuten, eta euskaldunok Eguberri deitzen genion egun horri, hau da, eguzki berriaren eguna. Urriaren bukaera aldean uzten bukaerarekin loturiko bestak ospatzen zituzten. Uztek banatzen zuten antzinako nekazal gizartearen bizimodua, nolabait erraiteko. Uzten aroa amaitzean negua zetorren. Ordura arte indarrean izan zen natura neguko loaldirako prestatzen hasia zen. Eguzkiaren indarra apaltzen ari zen, urteko eguzkia pittaka-pittaka hiltzen ari zen, eta neguburuan, hau da, neguko solstizioan, Eguberri deitzen zuten egunean, sortzekoa zen eguzki berriaren zain zeuden. Bitartean, negu luzean, Ilargiaren indar ezkorrak ziren nagusi.

Bizitza eta heriotzaren iruditeria zaharra

Europako herri zaharren sinesmenetan bizidun guztien barnean bizi-indar bat zela pentsatzen zuten. Bizi-indar horrek buruan zuen aterpe. Euskaldun zaharrek gogoa deitzen zioten bizi-indar horri. Gorputza hiltzean, gogoa libratzen zen beste bizidun baten barruan sartzeko. Gure gogoak etengabeko ziklo horretan sar zitezen baziren hainbat errito eta ohitura. Erleek laguntzen zituzten gure hildakoen gogoak betiereko gurpil horretan sar zitezen. Argizaiolak ere horretarako pizten zituzten.

Urtearen gurpila euskal mundu-ikuskera zaharrean
Erleek gure gogoa gidatzen dute Ortzadarreko bidetik barna.

Euskaldun zaharrek uste zutenez, ortzadarreko bidea zen hartu beharreko xendra, ama-lurra eta ilargia uztartzen zituena. Urriaren bukaera zen beraz, garairik egokiena, gogoek bide hori har zezaten.  Uzten amaiera aldi horretan, hainbat jai eta usadio ziren, bai Euskal Herrian eta bai Europa zahar osoan. Urriaren bukaerako egun erritualetan familiaren gogoei dei egiten zieten, bide zuzenetik abia zitezen. Bide horretako bazterretan ezkutaturik ziren indar ezkorrak uxatzeko ere, hainbat errito egiten zuten.

Izpiritu gaiztoengandik babesteko mozorro eta arropa zaharrez janzten ziren, horrela jantzirik, izpiritu txar baten itxura harturik, ezagutuko ez zituztelakoan eta min eginen ez zietelakoan.

Beraz, urriaren bukaera aldean uzten bukaerarekin loturiko bestak ospatzen zituzten. Uztek banatzen zuten antzinako nekazal gizartearen bizimodua, nolabait erraiteko. Uzten aroa amaitzean negua zetorren. Ordura arte indarrean izan zen natura neguko loaldirako prestatzen hasia zen. Eguzkiaren indarra apaltzen ari zen, urteko eguzkia pittaka-pittaka hiltzen ari zen, eta neguburuan, hau da, neguko solstizioan, Eguberri deitzen zuten egunean, sortzekoa zen eguzki berriaren zain zeuden. Bitartean, negu luzean, Ilargiaren indar ezkorrak ziren nagusi.

Erromatarrek Europa konkistatu zutelarik, ohitura eta errito zahar horiek ezagutu eta bereganatu zituzten. Horrela urriaren bukaerako eta azaroaren hasierako egunetan uzta jaiak ospatzen hasi ziren. Inperioko erlijio berria, hau da, kristau erlijioa Europa osora zabaldu zutenean, jai pagano zaharrak bereganatu eta birmoldatu zituzten. Eguzkiaren sortze eguna zen Eguberri Jesus Haurraren sortze eguna izatera pasatu zen. Udaburua Jondoni Joanerekin lotu zuten, udaberriko ekinozioa Garizumarekin eta udazkenekoa San Migelen inguruko jaiarekin. Uzten bukaera ospatzen zituzten egunak desagertu ziren, eta haien ordez, Omia Saindua eta Hilen Eguna ezarri zituzten.

Omia Sainduaren bezperan, hau da, urriaren azken gauean, Izpiritu edo gogoen gaua ospatzen zen Europan. Zeltek ere erritual eta jai handiak egiten zituzten gau horretan. Britainiar Uharteetan tradizio handia zen gau honen inguruan, eta irlandarrek eta eskoziarrek eraman zuten Halloween izeneko besta Ipar Amerikara. Eta hortik orain, janzkera kontsumista eta materialista onartezinaz jantzirik, itzuli zaigu Euskal Herrira. Izatez eta itxuraz ez du zer ikusirik gurean XX. mendera arte ospatu izan dugunarekin. Zeren eta, giristinoek eraberriturik zabaldu zutenez geroztik, Euskal Herriko luze-zabalean Arimen edo Animen Gaua ospatu baitugu urriaren 31ren inguruan.

Oraindik badira gure geografia osoan, gazteak zirelarik,  besta horretan parte hartu zutenak eta egiten zutenaren berri ematen digutenak. Are eta gehiago, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko hainbat herritan, azken urte hauetan Arimen Gaua berpizteko ahaleginetan ari dira, baina euskal usadio zaharrari jarraituz.

Urtea solstizio eta ekinokzioen arabera

Neguburua dugu neguko aldirik gorena, hau da, neguko solstizioa ere deitzen duguna; eta udaburua udako aldirik gorena, udako solstizioa deitzen duguna.  Tartean ditugu udaberriko ekinozioa eta udazkenekoa.

Urtearen gurpila euskal mundu-ikuskera zaharrean

Abenduaren 25etik aitzina eguzkia indartzen eta handitzen hasten zen. Udaberria etortzean, lurra esnatzen zuen, eta harekin hartz mitikoa eta gizaki bera ere. Uda etorri berriaren garaia da, bedatsea ere deitua, hau da, belarraren lehen hatsa. Abenduko 25etik udaberriko solstiziora (martxoaren 21a) doan denbora negua zen, eta hartzaroa edo inautea hartza eta lurra iratzartzeko denboraldi luze, hits, ilun eta sakratua, erritoz betea zena; gaur zuberotarrek maskaradez betetzen duten denboraldi erritual berbera.

Udaburuan, gaurko ekainaren 21ean (garai zaharretan ekainaren 25ean), eguzkiak zeruko gaina edo goia jotzen zuen. Batzuren ustez ekaina hori izan daiteke, eki + gaina. Eguzkiak indar oroz argitzen zuen zeruan. Hortik aitzina eguzkia behera zihoan, Udazkeneko ekinoziora iristean, hau da, irailaren 22ra, aski indarge zegoen jadanik. Abenduaren 24an, eguzki zaharra hiltzen zen, eta 25ean beste eguzki berri bat pizten zen zeruan. Hori zen beste ziklo baten hastapena, euskaldun zaharren gogoan.

Eki Gaua

Giristino erlijioaren etorrera eta egutegi berria

Europa osoan barna zabaldu zen giristino erlijio berriak ezin izan zituen eguzkiaren zeru ibilaldiarekin loturiko errito jentil zaharrak ezabatu, eta horiek beren kultura bereganatu nahian, Julio II.a aita sainduak 354an ospatu zuen lehen aldiz Jesukristoren jaiotza, eguzkiaren sortze egun berean, hau da, garai hartan abenduaren 25ean erortzen zen neguburuan. Hortxe ezarri zuten Jesusen jaio eguna edo Natibitatea, historian inolako arrastorik ez duena. Horrela, Euskal Herrian, Eguberri eguzkiaren jaiotze eguna izatetik Jesusen jaiotze eguna izatera pasatu zen.

1528an Gregorio XIII.a aita sainduak egutegi berria egin zuen, gaur gregoriarra deitzen eta erabiltzen duguna. Egutegi berriaren egokitzapen eta ezarpenak hainbat eguneko aldea ekarri zuen. Horrela egutegi berrian neguburua abenduaren 21-22an gelditu zen eta udaburua, berriz, ekainaren 21-22an.  Baina jadanik, besta giristino bilakatuak ziren Eguberri eta San Joan data zaharretan gelditu ziren, hau da, abenduaren 25ean eta ekainaren 24an. Hauxe da, solstizio egunen eta Eguberri eta San Joanen artean, gaur ditugun hiru egun edo hiru egun eta erdiko aldearen arrazoia.

Udaburuarekin gauza bera gertatu zen. Udaburua abenduaren 24an erortzen zen aro zaharretan, eta hortxe asmatu eta ezarri zuten Jondoni Joane edo San Joan eguna. Horrela trikimailu horren bidez, Europako errito zahar guztiak giristino erlijiorako bereganatu zituzten.

Neguburuan, gaur, Gipuzkoan eta Bizkaian san Tomasak ospatzen dituzte, eta udaburuan, ez da deus berezirik ospatzen. Besta handiak orain, hiru egun berantago ospatzen ditugu, hau da Eguberri eta San Joan kristauetan.

 

Solstizioetako errito zaharren oihartzunak

Euskal sinesmen zaharretan, errito solstizialak loturik zeuden lurraren pertsonifikazioa den Mari jainkosarekin, eta alaba duen Eguzki edo Eki-rekin. Ekinokzio jaietan, berriz, Mariren senarra zen Sugaar, Maddu edo Herensugerekin. Ekaitzetako garaia zen, eta tximistak eta trumoiak zeruetan ziren nagusi. Udaberriko ekinozioa inaute zaharra zen, eta hortxe kristauek garizumaren aurreko karnabala arautu eta finkatu zuten, inaute jentil zaharra ezabatuz edo bereganatuz.  Udazkeneko ekinokzioaren inguruan, irailaren 29an, San Migelen kultua ezarri zuten, sugetzarra edo herensugea hil zuen saindua. Horrela ezabatu zuten euskal gogo zaharretik Sugaar edo Herensugeren oroitzapena.

Euskaldunok badugu beste pertsonaia bat, abenduaren 24an kokatzen duguna. Olentzero, Olentzaro, Orentzaro, Subilaro… deitzen duguna, eta gaur, tamalez, eraldaturik eta kontsumismoaren garretan amildurik, ospatzen duguna. Badirudi pertsonaia hau Eguberriaren iragarlea dela, hau da, Ekiren jaiotzaren iragarlea garai zaharretan, eta Jesusen jaiotze egunaren iragarlea aro berriagotan. Kantu zaharretan Jesus agertzen dela beti erran behar badugu ere, oroitu beharra daukagu Joxemiel Barandiaran apaiz etnografo handia izan zela euskaldun zaharrek Jesus baino lehenago Eki gurtzen zutela eta Olentzero ziur aski, hastapenetan Ekiren iragarlea izan zela garbiki aldarrikatu zuena. Gerora Jesusen jaiotze eguna iragartzera pasatu bazen ere.

Urtearen gurpila euskal mundu-ikuskera zaharrean
Olentzero dugu neguburuaren pertsonifikazioa.

Hauxe da, nire ustez, aipatu egunen erranahia. Neguburua neguko solstizioa da, garai zaharretan Eguberri ere deitu izan zena (abenduko 21a). Gaur Eguberri kristaua abenduaren 25ean ospatzen dugu, egutegi gregoriarrak ekarri zuen hiru eguneko atzerapenarekin. Eta Olentzero jentila zena, iragarle kristaua izatera pasatu zen. Ederra da euskaldunok gure ohitura eta sinesmen zaharretan oraindik atxikitzen dugun altxorra. Luzaz hala bekigu!

Urtearen gurpila euskal mundu-ikuskera zaharrean Urtearen gurpila euskal mundu-ikuskera zaharrean Urtearen gurpila euskal mundu-ikuskera zaharrean Urtearen gurpila euskal mundu-ikuskera zaharrean Urtearen gurpila euskal mundu-ikuskera zaharrean Urtearen gurpila euskal mundu-ikuskera zaharrean Urtearen gurpila euskal mundu-ikuskera zaharrean Urtearen gurpila euskal mundu-ikuskera zaharrean Urtearen gurpila euskal mundu-ikuskera zaharrean Urtearen gurpila euskal mundu-ikuskera zaharrean Urtearen gurpila euskal mundu-ikuskera zaharrean Urtearen gurpila euskal mundu-ikuskera zaharrean Urtearen gurpila euskal mundu-ikuskera zaharrean Urtearen gurpila euskal mundu-ikuskera zaharrean Urtearen gurpila euskal mundu-ikuskera zaharrean Urtearen gurpila euskal mundu-ikuskera zaharrean Urtearen gurpila euskal mundu-ikuskera zaharrean

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude