Urte bukaerako euskal ohiturak

Urte bukaerako euskal ohiturak –

Urte bukaerako euskal ohiturakGaur, badirudi Urtats edo Urte Zaharreko besta opatzeko erdal ohiturak bete behar ditugula: hamabi kanpaikaden kontu itsusi eta arrotz hori, kotiloiak, oturuntzak, suziriak eta abar. Arrotzek hori erakutsi digute eta guk itsu-itsuan jarraitzen dugu. Gure mundu-ikuskera galtzearen urrats bat gehiago, besterik ez da. Baina hori izan al da beti euskaldunok urtearen bukaera ospatzeko izan dugun modua?

Nafarroa Garaiko Baztanen, Basaburuan, Imozen, Larraunen, Burundan eta Arakil aldean, bederen,  bazen urte berriaren etorrerarekin loturiko errito bat, urtero errepikatzen zena. Gaur, tamalez, badirudi bakarrik Burundako Urdiain herrian egiten dela. Pena da, errito hau baita euskaldunok Urte Zaharreko edo Urtatseko gauean urte berriari ongi etorria emateko izan dugun berezko erritual naturalista-animistaren azken aztarna. Hamabi mahatsen ohitura horrek ez du bide luzea Euskal Herrian, eta ez du zer ikusirik euskal kulturarekin.

1.- Ur goiena, ur barrena, Urte Zaharreko usadio zaharra

Urtats edo Urte Zaharreko gauean mutilak lehen, eta neska-mutilak orain, euren herrietako iturrietara joaten ziren eta hortxe zain egoten ziren gaueko hamabiak jo arte. Urte berria hastean, ura jasotzen zuten pitxarretan eta apaizari, alkateari eta gainerako bizilagunei banatzen zieten ur berria edan zezaten. Garai zaharretan urteko lehen ura sendatzailea eta berritzailea zela sinesten zuten. Jose Maria Satrustegi idazle eta antropologoaren esanetan, ur horrek gaitzak sendatzeko eta urte berriko alde txar guztiak uxatzeko balio omen zuen.

Urte bukaerako euskal ohiturakGure arbasoen ustez, ura zerutik datorkigu euriaren bidez (ur goiena) eta lur barrenean aterpetzen da. Lurretik isurtzen diren iturri, erreka eta ibaiek ur hori etengabean ateratzen dute lur azalera (ur barrena). Eta bi ur horiek, goikoa eta barrukoa, goiena eta barrena, dira errito honetan gurtzen direnak.

Gazteak etxez etxe joaten ziren urte berriko ur berri sendatzaile eta berritzailea banatuz. Etxeetara iristean oihu egiten zuten: Urteberri berri! eta etxekoek erantzun: Zer dakarrazu berri?  Ondoren, gazteek hainbat bertso eta kantu eskaintzen zituzten eta esker ona adierazi nahian, etxeetako jaun-andereek jateko eta edatekoak ematen zizkieten. Horrela zen arestian aipatu eskualdeetan, eta horrela da oraindik, Urdiain herrian.

Julio eta Pio Caro Baroja anaiek 1972an plazaratu zuten “Navarra, cuatro estaciones”  izeneko erreportaje gogoangarrian jaso zituzten errito honen inguruan ditugun lehen irudiak. 1977an, Pantxoa Karrere eta Peio Ospitalek argitara eman zuten “Oles eta oles” diskoan Urdiainen Ur goiena, ur barrena erritoaren egunean abesten den kantu zaharra jaso eta zabaldu zuten.

Urte bukaerako euskal ohiturak

1980an, etnografo handia eta urtetan Urdiaingo apaiza izandako Jose Maria Satrustegik, Txertoa argitaletxearen bidez, plazaratu zuen “Mitos y creencias” izeneko liburuan deskribapen zehatz eta zabala egin zuen. Eta azkenik, 2015ean, Olatz Zugastik “Ur goiena, ur barrena” izeneko disko ederra plazaratu zuen errito zahar horren oihartzuna denon gogora eta belarrietara hedatu nahian.  Bada garaia, gaurko euskaldunok errito zahar hau indartu eta zabaldu dezagun gure geografiaren luze-zabalean.

2.- Urte Zaharreko bertso eta kantuak

Zoritxarrez aunitz galdu badira ere, baditugu oraindik herrietan egin izan diren hainbat aldaeraren zati batzuk. Polita da, esate baterako, Imotz udalerriko Oskotz kontzejuan Fermina Lizasori jaso zitzaion sarrerako bertsoa: Ur barrena, ur goiena / urte berri egun ona / egun onaren seinalea / Izotzetan eta lurretan / hemen dekargu ur berria / Iriki zazu abenduko / gau luzeetan / gu gaixuok ementaria / presta dezazu gosaria / gabiltza hotzak hiltzen / oin hutsetan.

Urte bukaerako euskal ohiturak

Gaur egun ezagutzen dugun bertso sorta osatuena Urdiainen urtero kantatzen dena da. Hasieran gazteek honako zortzi bertso hauek abesten dituzte:

 1.- Arantzazu zer dekazu? / Ur goiena, ur barrena / Ur goiena, ur barrena, / Urteberri egun ona. // 2.- Etxe honetan sar daiena /  bakearekin osasuna / bakearekin osasuna, / onarekin ondasuna. // 3.- Etxekoandre giltzaria /  iriki ezazu ataria. / Badekagu ur berria, / presta ezazu gosaria. // 4.- Etxe honetan oilar bi, / bata bestea iduri. / etxe hontako etxekoandreak / Ama Birjina dirudi. // 5.- Etxe hontako nagusi jaunak / urre gorrizko bizarra. / Hartxek, hartxek eman dia neuri / errealtxo biko zidarra. //  6.- Goian-goian ilardia, / erdi-erdian klabelina, / gure baratzan belar ona / hark botatzen dau usai ona. // 7.- Izotzetan, elurretan, / abenduko gau luzeetan,/ beste guziak ohean eta / gu, gaixook, oinutsetan. // 8.- Eguzu bada, eguzu, / baldin eman nahi badezu, / baldin eman nahi badezu / eta bestela despegi gaitzazu.

Zortzi bertsoz osaturiko kantua amaitu ondoren, gazteek ura eskaintzen diete etxeetako bizilagun guztiei. Lehendabizi agintariek edaten dute ur berritik, apaizak eta alkateak, eta gero, gainerako guztiek. Etxe batean kantariek lortutako saria eskasa bada, bi bertso gehiago gaineratzen dituzte:

9.- Arramarioan dabil sagua, / hari segi dabil katua. / Etxe hontako limosnarekin / ez dugu beteko zakua. // 10.- Etxe honetan dago uztarri / haren gainean uzkar bi. / Halabiz.

Hauxe da, ene irudikoz, euskaldunok bultzatu eta indartu behar dugun eredua, ama-lurrarekin eta izadiarekin erritoa, kontsumismotik urrun dena. Besta, dantza, kantua, bozkarioa… baina gure modura, eta arrotz ildo itsusi horretatik abiaturik.

Jakin badakit, Euskal Herriko geografiaren hainbat tokitan, urarekin eta lurrarekin loturiko horrelako erritual zaharrak berpizten hasiak direla. Ongi legoke hortik abiaturik, izadiarekin eta lurrarekin dugun zor handia, nolabait kitatuko bagenu.  Urte Zahar on eta Urte Berri hobea denontzat, ahal bada, inolako izurriterik gabea. Ur goiena, ur barrena! Hala bedi!

Urte bukaerako euskal ohiturak

Urte bukaerako euskal ohiturak
Urte bukaerako euskal ohiturak
Urte bukaerako euskal ohiturak  Urte bukaerako euskal ohiturak

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

8 pentsamendu “Urte bukaerako euskal ohiturak”-ri buruz

  • Iazkoan ez ote gaude? Nik uste zuk horrelako bat idatzi zenuela eta ni ihardetsi nizun, Ultzamalde honetan badirela oraindik bi herri, zeinetan urtezahar gaueko errito horiek egiten dituztenak

  • Joseba Aurkenerena 2020-12-27 20:43

    Arrazoi duzu, A jauna.
    Barka ezazu ene ahanztura.

  • Bakaikun eta Etxarri-Aranatzen ere Ur goiena egiten da.

  • Joseba Aurkenerena 2020-12-31 15:01

    Agur lagunak. Nire artikulu hau dela eta, hainbat pertsoanaren mezuak eta deiak jaso ditut hainbat datu berri emanez. Interesgarriak iruditzen zaizkidanez, hemen aipatu nahi nituzke.

    Iaz, A izenpetu zuen lagunak, wasap batean aipatu zidan Itsason eta Etxalekun oraindik eskean ibiltzen direla. Iaz ere, Agusek idatzi zuen erranez Imotzeko Urritza herrian zaharrek oraindik kantu zaharrak ezagutzen dituztela, eta orain dela 9 urte, horietako gizon bati, koplak kantatzen entzun zizkiola.

    Maitena Urmeneta iruindarrak jakinarazi didanez, bere amatxi baztandarrak horrelakoa kantatzen zuen: “Urte berri berri, zer dakarrazu berri, uraren gaina, pakia eta osasuna…”

    Sabin Oregi zarauztarrak kontatu didanez Zarautzen ere Pagoeta mendiko iturritik eramandako ura banatzen omen zen herrian. Duela hamabost bat urte ohitura berriz egiteari ekin zioten, baina zoritxarrez, bizpahiru urtez bakarrik iraun zuen.

    Gaur, Erkudenek jakinarazi digunez, Etxarri-Aranatzen eta Bakaikun Ur goienaren erritoa oraindik egiten da .

    Beraz, garbi dago oraindik bizirik dirauela, eta badirudi Nafarroa Garaiaz gain, beste herrialdeetan ere egiten zela. Hau hobeto ikertu beharko litzateke.

    Ene ustez, Ur goiena ur barrena erritoa biziki zaharra dugu, eta uraren sakratutasunarekin loturik legoke. Gaur ura baliabide natural gisa dakusagu, baina aro zaharretan gure arbasoek bizi-iturri eta elementu sakratutzat (lurrarekin eta suarekin batera) hartzen zuten.
    Ene ustez euskaldunok urtats edo urte berria ospatzeko hortik abiatu beharko genuke, mahats eta kanpaikaden kontu arrotz eta itsusi hori batzerrean utzirik.

    Ur goiena, ur barrena erritoaz gain, Euskal Herrian barna bestelako kopla, kantu eta bertsoak abesten dira, eta jende ainitz ibiltzen da eskean, oles egiten, etxez etxe eta baserriz baserri. Dios te salve dugu horien artean, agian zabalduena. Hauek ere kontuan hartzeko modukoak direla iruditzen zaizkit.

    Mila esker lagunak, emandako zehazkizunak direla eta. Urte berriarekin batera birus gaizto guztiak gugandik urrun daitezen. Osasuna denei eta mila esker zuen ekarpenagatik. Ur goiena, ur barrena!!!

  • Lehenagoko ohitura zaharrak, hitzetan gordeak…

    Antzina, gabonsaria (aguinaldo, gaztelaniaz, agilandoak euskaraz) emakumeek jasotzen zuten gizonengandik. Erregenez, berriz, gizonak jasotzen zuen emakumearen eskuetatik.

    Agilando de montaña,
    hiru intxaur eta lau gaztaina,
    haren gainean lau sagar,
    nik bai altzoa zabal-zabal.

    Urtats deitzen diote Iparraldean urteko lehenari. Urtatsil, urteko lehen hilabeteari. Izen bera gorde diote urtearen hasieran opari eman ohi den erregali horri ere. Erregeena izan bide da, berez, erregalia, baina, Erregeenaren aurretik, urtatsean egindakoari bidezkoa da urtats deitzea.

    Aingerutxoak gira,
    zerutik heldu gira,
    boltsa badegu,
    dirurik ez degu,
    aitzina joaiteko,
    urtatsa behar degu.

    Pello Zabala, Natura labur mintzo (egunez egun, sasoien gurpilean) liburutik

  • Mahatsarena nola hedatu den Euskal Herrian izugarria da. Madrilgo ohitura izandakoa!
    Kolonialismoak ito du herri hau.
    Aurkerenearen nahia txalogarria deritzait. Gauza “txiki” hori aitzina pauso bat izan liteke. Eta aldi berean kontsumismoaren kontrako ekintza. Oso interesgarria. Ea denon artean zerbait erdiesten ahal dugun!!!

  • URTE hitzak hain zuzen hori adierazten du “ur aldia” (ur + te, sute su+te den bezala).

    Beraz, urteko lehen eguneko lehen ura, ur aldi berriaren hasierako lehen ura zen.

  • josu naberan 2021-12-31 19:10

    Perla ederrak, Joseba eta konpainia. Ea hemen Bizkai aldeko perlatxoak:

    Mutikoak Urtebarri egunean baserriz baserri gindoazen Urtebarriz, abesti baldartxeago hauek kantari:

    Urte barri, ekarri/
    Txarri belarri/
    Dekonak ez dekonari/
    Ematea sarri/
    Guk ez deuku eta/
    Emaiguzu sari/
    Emoten ez badeuskuzu
    Ematen ez badeuskuzu
    …. eta segi, harik eta zeozer emon arte…

    Eta ez baziran agertzen, bada…, azken ostikada (Dotrinan erakusten ez zeuskuena izan arren)…

    Beti kakalarri/Beti txizelarri….!
    Beti…

    Eta ospa handik beste leku batera.

    UR GOIENA//UR BARRENA
    Pixkat ikertu dudanaren arabera,
    kontu hori Neandertalak asmatu ei eban:

    Haien intelektual jakintsuek arazo bat omen zeukaten:

    “Zelan moldatzen ote dok Eguzki UR GOIENETAKOA, bere Amaren altzoan etzan eta Hurrengo goizean agertu arte?; non pasatzen dau gaua?”

    Orduan, ilun nabarrean bildu ohi zen kontseiluko jende hari, buruari hazka eta arraska ibili ondoren, Izpiritu Argitsua azaldu zitzaion:

    “Ah, badakit! Azpian UR BARRENA datza, eta handik igarotzen dok Eguzki (Ilargi atzean duela)”

    “Baina zelan?” galdetu omen zuen besteak.

    Orduan, barriro hazka buruan.

    “Badakit!”, beste batek. “ARRAIN HANDI baten sabelean!”

    Egia badok edo badok/
    Sar bekigu kalabazan eta/
    Azal dadila Derioko Plazan.

    Gero, hainbat milurteko geroago, Bibliak jaso zuen idatzira ahozko elezahar hura, Jonas eta Balearen mitoa, ahoz aho transmititu zena.

    Eta Malagako bi edo hiru Koba Paleolitikotan, ARRAIN HANDI baten grabatuak ageri dituk hormetan.