Urruña, Larrun eta euskaldun zaharren mundu magikoa

Urruña, Larrun eta euskaldun zaharren mundu magikoa –

Euskal kosmobisio edo mundu-ikuskera berezia zahar-zaharra dugu, euskara bezain zaharra, euskaraz pentsatutako eta amestutako gogoeta eta sentipen naturalista-animistetatik sortua baita. Lurra, ama-lurra, dugu euskaldun zaharren indar magiko handia, geroago Mari jainkosa handiaz irudikatu genuena. Lurraren golkoan bizi gara, lurretik sortu ginen eta lurrera itzuliko gara, izadiaren ibilaldi edo ziklo naturalari jarraituz. Horixe da gure patu edo halabeharra.

Urruña, Larrun eta euskaldun zaharren mundu magikoa

Mundu edo kosmos ikuskera zahar horretan, naturako indarrak, errekak eta ibaiak, oihan eta mendiak, leize-zuloak, itsasoa… ezinbesteko osagaiak dira, eta horien inguru-minguruetan jokatzen da nolabait, gizateriaren ibilaldi luzea. Paleolito zaharrean, hemen ziren gizaki haiekin sortu zen gure mintzaira eta neolitoan, azken izoztaroa bukatzean, indartu eta hedatu zen gaurko Euskal Herria baino ainitzez zabalagoa zen Eurasiako eremu zabaletara; eta hizkuntzarekin batera,  baita bizitza irakurtzeko eta ulertzeko garatu genuen modu berezia ere.

Baina hori guztia gai zabalegia da hemen artikulu xume honetan jorratzeko, eta horregatik arituko naiz bakar-bakarrik bizi naizen Urruña aldeko eremuaz. Horra hor!

 

1.- Mendi eta ibaien arteko eremu aberatsa

Urruña aldea leku aproposa eta arras egokia da, euskal kosmobisio zaharra aztertzeko orduan, Euskal Herriko geografiaren luze-zabalean horrelako beste adibide ainitz ditugula jakinki. Adibide bat azaldu nahian, Oiartzun ibaitik Urdazuri ibairaino zabaltzen den eskualde zabala hartuko dut mintzagai. Eremu zabal honetan, lurra eta itsasoa besarkatzen dira Jaizkibelgo labarretan eta Urruñako erlaitzean. Maitasunezko besarkada dirudi, baina hagitz gatazkatsua da, indar ezberdinen arteko talkan oinarritua eta orekatua.

Hiru ibai itsasoratzen dira aipatu eskualde honetan barnealdeko oihartzunak itsasoko uhin apartsuen erresumara ekarriz. Mendebaldean hasita, Oiartzun ibaia dugu lehena, Pasaia eta Lezo herrien artean bokalea duena; bigarrena Jaizkibel mendiaren azpian, Hondarribia, Irun eta Hendaiaren artean itsasoratzen zaigun Bidasoa edo Baztan ibaia; eta hirugarrena, ekialdean, Ziburu eta Donibane Lohizuneren artean amaitzen zaigun Urdazuri  (edo Sarraskaria) ibai indartsua.

Hiru ibai, hiru indar magiko, eskualdea ureztatzen eta aberasten dutenak. Haien bazterretan laminak bizi dira, Marik emandako urrezko orraziez ile adats ederrak, behin eta berriz, orrazten dituztenak; eta hiru ibai horien bokaleetan ondinak izaten dira kantari, euskal arrantzale eta marinelen abenturak eta bidaiak kantatuz eta kontatuz.

Urruña, Larrun eta euskaldun zaharren mundu magikoa

2.- Pertsonaia mitologikoen bizileku

Eskualde zabal honetan badira ibarrak, ordokiak, oihanak, zuloak…, muinoak eta mendiak, euskaldunen eta izaki mitologikoen bizileku direnak. Basajaun, Sugaar, Mikelats, Atarrabi, Inguma, Eate, Tartalo, Ehiztari Beltza… eta hainbat pertsonaia hortxe babesten dira eta hortxe hartzen dute parte euskal ikuskera magiko miresgarrian.

Iturri eta erreka-ibaiekin batera, mendiak garrantzi handikoak ditugu euskal kosmobisioaren baitan, eta hortxe altxatu zituzten gure arbasoek era guztietako gurtze-toki bereziak: trikuharriak, harrespilak, zutarriak…. eta abar. Gure mendietako bazterrak oraindik horrelako eraikin megalitikoz bete-beterik daude.

Aipatzen ari garen eremu zabal honetan, badira mendi sakratuak izan direnak, indar-guneak…, eta beren gailurretan harrizko aldare modukoak, gurtze-tokiak edota txadonak ukan zituztenak, nahiz eta gaur egun, gehienetan, aipatu leku horietan, giristinoen eliza edo sinboloak altxatzen diren.

3.- Urruña aldeko eremu zabala

Mendi gailur garrantzitsuena, zalantzarik gabe, Larrun (edo Larhun)  dugu, eskualde osoan buru dena. Larrunekin batera beste bi gailur nabarmentzen zaizkigu: Aiako Harria mendebaldean eta Jaizkibel mendi luzea itsaso aitzinean. Hiru mendi hauek hiruki edo triangelu berezia osatzen dutela erranen nuke nik. Larrundik ekialdera abiatuz, bigarren hiruki magiko bat aurki dezakegu, Xoldokogainera alde batetik, eta Urrunagako gainera, beste aldetik, zabaltzen dena.

Urrunaga (gaurko Urruña) dugu hiruetan apalena. Medixka honetan badirudi txadona jentil bat bazela gaur eliza dagoen ber tokian, eta aitzin-aitzinean hurritz edo hurrondo handi bat, eskualde osotik ikusten zena. Hortik datorkio izena. Urrun- aurrizkia hurritza den tokia azaltzeko erabiltzen da euskal toponimian. Adibidez, urrune, urruleku, urrugarai…; eta bukaeran duen –aga atzizkiak elementu bakarra dagoela adierazten digu. Urrunaga beraz, hurritzaren lekua dugu. Gerizpe handiko hurritz magiko horren azpian bilduko ziren Urrunagako etxe guztietako ordezkariak erabaki kolektiboak hartzeko orduan, Euskal Herri osoan egiten zen bezala.

Urruña, Larrun eta euskaldun zaharren mundu magikoa
Urruña

Baina, Urrunagako gainak badu ondoan beste gain handiago bat, ur-xirripak eta iturriak herri-gunera igortzen eta bideratzen dituena. Gain honek Zuhigarai izena zuen, gaur Sokorri deitzen duguna, kaperak mendixkari izen zaharra ebatsi baitio. Zuhi- aurrizkiak ezkurra ematen duten zuhaitzen (haritz, arte zein ametzen) lekua adierazten digu, eta mendixka hau aurrizki horrekin egindako toponimoz betea da: Zuhigarai, Zuhigaraitxipi, Zuhibar, Zuhiberri…   Zuhigarai zen gailurretik hurbilen zegoen hastapeneko etxaldea eta hori ere bazen, ene iduriz, mendixkaren izena, zoritxarrez, gaur galdua duguna.

Gertu bazen beste mendixka bat, hau ere magikoa eta sakratua zena, gaur Kalbariomendi deitzen duguna, giristinoek txadona jentil zaharraren gainean ezarri zuten kalbario-ermitagatik. Haritzez betetako eremuan kokatua zenez, ene ustez, Harizkain edo horrelako izen bat zuen. Dena den, hau gehiago aztertu beharko nuke.

Larrunen ondoko Arxuri leize-zuloduna zen beste mendi magiko-sakratua, aipatzen ari garen eremu zabaleko mugarri gisa altxatzen dena.

Urruña, Larrun eta euskaldun zaharren mundu magikoa
Zuhigarai mendixkako Sokorriko Ama Birjinaren kapera

4.- Leku sakratu zaharren ordezkatzea

Gaur egun mundu magiko zahar hori desagertzear dugu, herri oroitzapen lausoetan oraino atxikia badugu ere. Eremu zabal horietan gurtze-leku bereziak baziren, horietako batzuk jadanik aipatu ditudanak. Horratx:

Jaizkibelen itsasaldean, Higer lurmuturraren aldean, bazen txadona jentil bat, ziur aski Mariri eskainia zena. Erromatarrek gainean Venusen tenplua eraiki zuten, gaur hondakinetan dagoena. Hortik ez sobera urrun, Olearso mendixkan bazen beste txadona jentil bat. Gaur bere gainean Guadalupeko Ama Birjin beltzari eskainitako baseliza ospetsua dugu. Tenplarioek ama-lurra pertsonifikatzen zuen ama birjin beltza gurtzen zuten. Beraz, badirudi leku sakratu hau betidanik kultu telurikoarekin loturik egon dela, Marirekin hasieran eta Ama Birjin beltzarekin gero.

Irunen bada beste leku magiko berezi bat gaur Ama Xantalenen baseliza deitzen duguna. Ermita honetan euskaldun jentilen txadona zahar baten hondakinak topatu dituzte, horien gainean erromatarrek altxatutako tenpluarenak, eta azkenik, horien guztien gainean, kultu giristinoarekin loturikoak. Hiru sineste leku sakratu berean, sinkretrismo ikaragarrian, Euskal Herriko beste leku ainitzetan gertatzen den bezala.

Garai zaharretan Aiako Harriaren gerizpeko oihanetan intxixuak bizi zirela zioten, eta gaur egun ere, hor bizitzen jarraitzen dutela dirudi, urtero Oiartzungo inauteetan herriko plazaraino hurbiltzen baitira.  Iduriz, Oiartzungo, Lezoko, Irungo, Hondarribiko, Ziburuko, Donibane Lohizuneko elizen azpian, badaude garai bateko txadona jentilen arrastoak. Eta zer erranik ez, Urruñan, non Urrunaga, Zuhigarai eta Harizkaineko tontorretan, eskualde osoa biziarazten zuten  aldare edota txadona jentilak zeuden.

5.- Larrunen itzal zabala

Buka dezadan artikulu hau Larrun aipatuz, hau da, inguruetako artaldeentzat horren naroa eta emankorra izan den larru gunea gogora ekarriz. Larrun zen gunerik garrantzitsuena, eskualde osoa babesten eta gerizatzen zuena. Larrun dugu, zalantzarik gabe, bere baitan euskal mundu-ikuskera zaharra hobekien islatzen diguna. Zer ez dugu magikoa, eta zer ez sakratua Larrun mendi zoragarrian!!! Goi-goitik Mari jainkosak baserriak eta oihanak, errekak eta iturriak, mendiak eta ordokiak begiratzen zituen, bertako biztanleen norabidea zainduz. Eta oraindino begiratzen jarraitzen duela iruditzen zait niri.

Urruñarrek bi urtetan behin, abuztu aldean ospatzen duten Urruña Gaua izeneko karrikaldi mitologikoan hori dena antzezten eta gogoratzen digute. Aurtengoa izurri gaiztoak eragotziko digulakoan nago. Baina noizbait argituko du, berriz ere, eta Larrun gainetik Iduzki jainkosak izpi berriak igorriko dizkigu, birusa desagertuko da betiko eta Mari, berriz ere, bere organ, eta eskuan igitaia eramanez, Urruñako karrika eta plazetan barna ibiliko zaigu airoski. Horixe bera izanen dugu momenturik egokiena Urruñako plazan, hurritza zegoen tokian, gure basoekin topa egiteko, euskaldunen etorkizun emankor eta askearen aldeko brindisa eginez.

Pio Barojak Berako bere etxeko supazterretik Altzateko Jaunaren istorio ederra zabaldu zuen euskal lurralde guztietara. Barojaren idurikoz, Altzateko Jauna izan omen zen eskualdeko azken jentila, giristinoen hatzaparretatik alde eginez, Larrun mendian babestu zena. Orduz geroztik, aipatu mendian bizi da, Euskal Herri askatura noiz itzuliko den aiduru. Hori gertatzen delarik, euskal munduaren berpizkundea izanen da, euskal sinesmen zaharren behin betiko zabalkundea, ama-lurrarekiko kultuaren itzulera. Xabier Letek gerora kantu eder eta sentikor baten airean, Euskal Herri osora zabaldu zuen Altzateko Jaunaren legenda edo kondaira. Azken kobla dugu horren adierazgarri:

Larrun gainean sorginen dantzak,

nabaritzen ditut arratsaldean;

lurrak badaki kontu horien berri,

eta hor dago, ixil-ixilik.

Altzateko Jaun, hor zaude nonbait,

zure lurrera itzultzeko zain!!!

Urruña, Larrun eta euskaldun zaharren mundu magikoa  Urruña, Larrun eta euskaldun zaharren mundu magikoa  Urruña, Larrun eta euskaldun zaharren mundu magikoa
Urruña, Larrun eta euskaldun zaharren mundu magikoa Urruña, Larrun eta euskaldun zaharren mundu magikoa 
Urruña, Larrun eta euskaldun zaharren mundu magikoa  Urruña, Larrun eta euskaldun zaharren mundu magikoa  Urruña, Larrun eta euskaldun zaharren mundu magikoa

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

Zer duzu buruan “Urruña, Larrun eta euskaldun zaharren mundu magikoa”-ri buruz

  • “Euskal kosmobisio edo mundu-ikuskera berezia zahar-zaharra dugu, euskara bezain zaharra, euskaraz pentsatutako eta amestutako gogoeta eta sentipen naturalista-animistetatik sortua baita. Lurra, ama-lurra, dugu euskaldun zaharren indar magiko handia, geroago Mari jainkosa handiaz irudikatu genuena. ”

    Irriagarria da ikustea nola pentsamendu magikoak gurean oraindik erro sakonak dituen, pertsona (ustez) jantzien artean ere bai.