[Simone Weil] Erroztamendua III

[Simone Weil] Erroztamendua (III. bidalketa) – 

Erroztamendua (III. bidalketa)

[Simone Weil] ErroztamenduaFrantzian, Charles VI. aren erreinuaz geroztik estatuaren kontrako herrak, modu aztun, jarraiki eta biziki sakonean gizartean existitzen denak, eragozten du frantses batek har dezan gobernuak zuzenean erraiten dioena adiskide baten errana bezala. Bestetik, mota horretako akzio batean, hitzek izaera ofiziala eduki behar dute benetan eraginkorrak izaiteko. Erresistentziako Frantziaren zuzendariek gobernu baten antzeko zerbait osatzen dute haien hitzek izaera ofizial nahikoa ukaiteko, behar duen neurrian. Londreseko mugimenduak aski mantendu du bere hasierako izaera, zenbat arima fidel eta erabat isolatu batzuek piztutako jazarpenaren izaera alegia, bere hitzek eduki ditzaten, frantses ororen beharrietan, adiskide baten boz hurbil, intimo, bero eta amultsu baten akzentua. Eta ororen gainetik, De Gaulle generala, segitu duten guziez inguratua, ikur bat bilakatu da. Frantziaren bere buruari buruzko fidelitatearen ikurra, denbora batez fidelitate hori kasik bere buru xoilaren gainean zegoena; De Gaulle Generala bilakatu da baita gizonen baitan indarraren adorazio tzarra ukatzen duten guzien ikurra ere.

Frantzian orai, De Gaulle generalaren izenpean erraiten den guziak ikur bati doakion autoritatea dauka. Horregatik haren izenpean mintzatzen den edonork, inspirazioa bere nahira har dezake une batean ala bestean onenaren araberan; har dezake frantsesen izpirituan gogoetek eta sentimentuek izatez hartzitzen diren mailan, edo maila altuago batean, eta kasu honetan maila nahi bezain altuan; eta noizean behin ezerk ez dio eragozten inspirazioa hartzea zerua baino goragoko mailan ere. Izan ere, oso desegokia balitzateke boterearen ariketaren lohikeria guziengatik ere ezinbestez zikinduriko gobernu baten hitzetan, aldiz oso egokia da ororen begietan maila gorena islatzen duen ikur baten hitzetan.

Hitz eta gogoeta, beretzat sobera altuak, erabiltzen dituen gobernuak ez du horretarako distirarik lortzen, aitzitik hitz eta gogoeta horiek zapuztu egiten ditu, eta gainera bera ere erridikulua agertzen da. Hori bera zitzaion gertatu gobernuari III. Errepublikaren denboran, 1789ko printzipioekin, eta «libertate, igualtasuna, anaitasuna» formularekin. Eta orai hori bera ere da gertatu ustezko iraultza nazionalak aldarrikatutako hitzekin zeinak berez usu maila biziki altukoak ziren. Bigarren kasu honetan, egia da, traizioaren ahalgeak distira galtzea ekarri zuela ximistaren lasterrarekin. Baina hain segur distira galtzea bestela ere etorriko zitzaion nahiz askoz emekiago beharbada.

Iduri du, gaur egun bina beharbada denbora laburrerako, Londreseko mugimendu frantsesak baduela egundoko pribilegio bat; Izan ere, neurri handi batean sinbolikoa izanki, inspirazio altuenak zabaltzen ahal ditu haiek zapuztu egin gabe eta beharreztenkeriarik gabe bere aldetik. Horrenbestez, Londreseko mugimenduak, bere jaiotzatikako irrealitatearengatik beretik -abiarazi duten jendeen hasierako isolamenduagatik- horretaz ongi badaki baliatzen, errealitate betetasun askoz handiagoa lor dezake.

«Eraginkortasuna ahultasunean perfektua bihurtzen da» zioen Jondoni Paulok. Hain aukera miragarriez beteriko egoera batean, harrigarrizko itsumendu batek du sorrarazi emigratuz osaturiko gobernu arrunt eta hitsaren estatusera beheititzeko nahia. Probidentziala izan da nahi hori asetu ez izana. Gainera, atzerrira begira, oraiko egoeraren abantailak antzekoak dira.

[Simone Weil] Erroztamendua IIIIzatez, 1789az geroz Frantziak nazioen artean badu posizio paregabea. Zerbait berria da egoera hau. 1789. urtea ez da urrun. Eta XIV. mendearen bukaeratik, Charles VI haurrak Flandriako eta Frantziako hirietan egindako errepresio basatien garaian, politika mailan, arrotzen begietan Frantziak ordezkatzen zituen absolutismoaren tirania eta bere biztanleek jopukeria. Du Bellayk idazten zuenean: «Frantzia, arteen, armen eta legeen ama» lege hitz hura soberan zegoen. Montesquieuk biziki ongi erakutsi zuen bezala, eta bera baino lehenagoan Retzek bere buru-argitasun genialarekin esplikatu zuen bezala, Charles VI. aren heriotzaz geroz ez zegoen inolako legerik Frantzian. Eta 1715etik 1789ra artio, Frantzia Ingalaterraren eskolan jarri zen umiltasunez beteriko suhar batekin. Iduri zuen orduko populazio esklaboen artean inglesek bakarrik zutela hiritar izena merezi. Baina 1792. urtearen ondotik, Frantziak, zapaldu guzien bihotza hunkiturik, Ingalaterrarekin gerlan aurkitu zenean, justiziaren eta askatasunaren ideien prestigio guza bere buruaren gainean jarri zen. Ondoko mendearen zehar, populu frantsesarentzat ondorioa izan zen suhartasun bat beste populuek ezagutu ez zutena eta zeinetik irrada bat jaso zuten. Gainera, Europako kontinente guzian, zorigaitzez gainera, Iraultza frantsesak eragin du iraganekiko haustura bat hain bortitza nun 1789 artinoko tradizio bat praktikoki antzinako tradizio baten parekoa bilakatu den.

1870ko gerlak erakutsi du zer zen Frantzia jende guzien begietan. Gerla horretan frantsesak ziren erasotzaileak Elms-eko mezuaren amarruagatik ere; gainera frantsesen amarru horrek berak frogatzen du erasoaldia frantsesen aldetik zetorrela. Alemanek, Napoleonen oroitzapenagatik oraindik ikaratuak zirenek, eta haien artean bateratu ezinik, inbasioa goaitatzen zuten. Harrituak izan ziren Frantzian gurinean bezala sartzen lortu zutenean. Baina oraindik harrituagoak izan ziren ikustean Europarrek populu higingarritzat hartzen zituztela, haien hoben bakarra zelarik beren burua arrakastarekin defendatu izana. Baina garaitua izan zena Frantzia zen; eta Napoleonek denboran egindakoagatik ere, 1789. urteko ospea oraindik nahikoa zen Frantziaren kontrako garaileak higingarri ager zaitezen.

[Simone Weil] Erroztamendua III

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

Zer duzu buruan “[Simone Weil] Erroztamendua III”-ri buruz

  • Benat Castorene 2022-04-18 11:17

    Politika garaikidea pensatzeko SWek etengabe hara hunatak egiten ditu oraia eta iraganaren artean. Meditatzen du gertakari historikoen esperientzia baita, pasarte honetan beriziki, iraganeko pentsalari handiek akzio politikoaz eraiki zuten kontzepzioa.
    Tropa kolonialen eta aliatuen Indar militarraren gainean nausiki oinarritzen zen De Gaullen errealismo politikotik SW bereizten zen eta proposatzen zuen beste metodo politiko bat populuaren erresistentziaren eta inspirazioaren teoria baten gainean oinarritzen zena.
    De gaullek SWen ideiak egotzi zituen baina guk ezin dugu harek bezala kontatu tropa kolonialen eta aliatuen indarraren gainean.