Udazkeneko Baserriko Uzta: ardoa eta Fermin Balentzia

Udazkeneko Baserriko Uzta: ardoa eta Fermin Balentzia –

Izena emateko: baserrikouzta@gmail.com

“Haizea ereiten duenak enbata jasotzen du”, dio atsotitz batek. Iazko udazkenean Baserriko Uzta ekimena abiatu genuenetik, erein ditugu agroekologia, euskara, musika eta Euskal Herria; eta bueltan jaso ditugu harremanak, ekoizle eta kontsumitzaileen arteko sareak eta kultura (latineko “cultivare”-tik datorren hitza, bidenabar). Ikasturte honetan EH Kolektiboak, ZuZeuk eta Enbor Kultur Elkarteak ereiten jarraitu nahi dugu uzta gehiago jasotzeko.

Biluztu berri diren mahasti artean egingo dugu aurtengo lehen ekimena, udazkeneko Baserriko Uzta, azaroaren 3an, Oibarren. Lehengaiak: ardoa eta Fermin Balentzia.

Mendiko 2001. urtean sorturiko familiarteko upategia da, eta Nafarroa jatorrizko izendapena duten ardo ekologikoak ekoizten dituzte. Mendi-Behera eskualdean dagoen Oibarko haranean 14 hektarea mahasti dituzte, Leireko monastegiaren, Xabierko gazteluaren eta Zangotza artean, aparteko parajean. Garnatxa, tempranillo, cavernet sauvignon eta syrah motako mahastiak sistema ekologikoen bidez zaintzen dituzte bertan.

Belaunaldiz-belaunaldi mantendu ziren lurraren lekukoa jaso zuen Victorino Ibero Martinezek. Umea zela bere aitari laguntzen zion etxeko behorrarekin batera mahastien zaintzan eta ustiapenean. Orduan jaso zuen egun darabilen ekoizpen eredua, duela 40 urte egiten zuten bezala, fitosanitariorik erabili gabe eta ongarri naturalak baliatuta. Mahastiak kontu handiz lantzen ditu, bere arbasoengandik ikasi zuen bezala; eta badira urteak bere seme Imanoli berdina irakatsi ziola.

Udazkeneko Baserriko Uzta: ardoa eta Fermin BalentziaUrtero 55000 eta 60000 litro tartean ekoizten dira, urtearen arabera; batazbeste 4000 kilo mahats biltzen dira hektareako. Ekoizpen kopurua murrizten dute fruitu hobeak lortzeko helburuarekin, eta hori kimaketa eredu berriak erabiliz lortzen dute. Nahiz eta lan geihago eskaini behar zaion, geroago lortzen duten ardoaren kalitateak merezi duela diote. Mahastien epe begetatiborako egokiak diren 232 egun daude lur gorri eta horixka hauetan.

Oibar inguruko lurrek haien berezitasunak dauzkate: lehorreko fruta arboladi eta zereal landaketak bizirik diraute, eta Mendi-Beheran olibondoak zonalde egokia aurkitu izan du betidanik. Urtaro bakoitzean eguzkiak kolore desberdinez estaltzen ditu lurrak,  eta hurrengo asteburuan mahasti gorrixkek emango digute ongietorria.

Udazkeneko Baserriko Uzta: ardoa eta Fermin BalentziaFermin Balentziaren musikaz gozatzeko parada ere izango dugu, bertako ardoa dastatu bitartean bertako melodiak entzunez. Printzipe izateko bozketa batera aurkeztu duten errepublikar honek ez du aparteko aurkezpenik behar (Bideko Mitxingorria elkarteak Vianako Printzipe izateko proposatu zuen), baina heldu dioezaiogun labur badaezpada: Getzen jaio zen 1948an, eta meatzaria izan zen Potasasen, frankismo garaian Nafarroan izan zen langile borrokaren erdiguneetako batean. Giro horretan heldu zion gitarrari, eta profesionalki horretan jardun ez arren, izan duen eragina itzelezkoa izan da.

Nafarroa osoak eta Euskal Herriaren puska handienak ezagutzen ditu bere sorkuntzak, eta jada hiru belaunaldi josi ditu bere abestiekin: Erriberako paloteoarekin abestiak idatzi ditu, jotak eta bertsoak konposatu, kopla, melodi eta kanta zaharrak berreskuratu… Eta hori guztia gutxi balitz, elementu garrantzitsuenetakoa: bidean euskara ikasi du, eta beraz, euskaraz abesten du ere orain. Juglare nafarrak ahots eta gitarra akordeekin gozatuko digu entzumena beraz, bere adiskide Jesus Ayesaren laguntzaz, Goiabe jantoki ekologikoko lagunek sabela bete aitzin.

Honakoa izango da eguneko plana: 10:30etan Mendiko upategiko Imanol eta Victorino aita-semeek beraien lanari buruzko azalpenak emango dizkigute; ondoren hamaiketakoaren garaia helduko da (tokiko produktu ekologikoekin egina, noski), jarraian kontzertua, eta amaitzeko bazkaria (tentu berdinarekin hautatako lehengaiekin, prefosta) eta bazkalosteko giroa. Dena 20€-ren truk.

Udazkena, ardo ona, Fermin Balentzia eta lagun giroa… Nahikoa eta sobera, ala?

Baserriko uzta


Iazko uzten kronikak:

Udazkeneko Baserriko Uzta: ardoa eta Fermin Balentzia Udazkeneko Baserriko Uzta: ardoa eta Fermin Balentzia Udazkeneko Baserriko Uzta: ardoa eta Fermin Balentzia
agroekologia, ardoa, Baserriko Uzta, EHKO, fermin balentzia, mendiko, oibar, udazkena, Udazkeneko Baserriko Uzta: ardoa eta Fermin Balentzia
Beñat Hach Embarek

Mairua naiz behelaino artean. Kolaborazioak GARAn; ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude