Sautrela 357. saioaren aurrerapena

Peru MagdalenaKrisi ekonomikoa denon ahotan dugu azken boladan. Literatura, ordea, halako auzi mundutarretatik at dagoela pentsatzeko joera egon ohi da; gizartearen egoera edozein delarik ere, sormena beti dela sormen, eta beraz, literaturan ez dutela eraginik arrisku sari, BPG, langabezi tasa eta enparauek.

Alabaina, benetan al da hori horrela? Kontu bat litzateke krisiak zelako eragina duen literatur lanetan beraietan, nola eragiten duen, demagun, nobeletako istorio edo idazkeran. Bestea, guk aste honetan aztertuko duguna, krisiak nola eragiten duen argitalpengintzan, industrian litzateke. Liburu salmentak jaitsi baldin badira, diru sarrerak oro har beheititu badira, izango al dugu aukerarik literatur lan berri eta askotarikoez gozatzeko aurrerantzean?

Gainera, literatur industriari dagokionez, berriki ezarian zabaltzen joan den liburu elektronikaren gaia aipa daiteke. Nola eragiten du gailu horren hedapenak euskal literaturako argitaletxeetako salmentetan? Zer espero dezakegu datozen urteetarako? Zenbatekoak dira liburuen argitaraldiak? Zenbat ale inprimatzen dira liburuko? Poesia bezalako literatur genero minoritarioak argitaratzea jasangarria al da? Galdera horiei eta beste zenbaiti erantzuten ahaleginduko gara aste honetako erreportajean.

Elkarrizketaren atalean Peru Magdalena (Berriz, 1980) izango dugu gurekin. Udaberrian argitaratu zuen bere azkeneko liburua, Egia esan nobela berezia, eta hari buruz mintzatzeko parada izango dugu. Magdalena idazle gaztea izanagatik bere ibilbidetxoa egina du euskal literaturan, aurretik plazaratutako narrazio liburu eta poema bilduma banarekin, ibilbide propio eta aski pertsonala izan ere. Egia esan aita eta seme baten arteko harremanean harilkatutako istorioa da. Askatasunaren eta konpromiso sozialaren arteko tentsioan, bidaia fisiko bezain emozional bat irakurtzen ahal dugu bertan.

BeƱat Sarasolak, aldiz, Arantxa Urretabizkaia-ren estreinako nobela ekarriko digu gogora, 1979ko Zergatik panpox? sonatu hura. Gerora film bat ere egin zen kontakizun harekin, eta garai horretako euskal literaturako mugarritzat jo izan da urte luzetan.

Hori guztia izango dugu, beraz, larunbatean 15.00etatik aurrera; betiko moduan, Sautrela bereizten duten taxukera, pitxi eta bestelakoekin.

Arantxa Urretabizkaia, argitaletxeak, Egia esan, krisia, Peru Magdalena, Sautrela, Zergatik Panpox

Zer duzu buruan “Sautrela 357. saioaren aurrerapena”-ri buruz

  • Gonzalo Etxague

    Saioa ikusteko irrikan! Bien bitartean, galdera batzuk ditut nik airean botatzeko: gaur egungo eredu editoriala egokia al da euskal literatura eta, orokorrean, euskarazko liburugintza sustatzeko? Euskaraz argitaratutako edozein liburuk 3000-5000 euroko inbertsio itsua behar al du ezinbestez? Eredu tradizional hori egokia al da gure beharrak asetzeko?
    *
    Eta zein dira gure beharrak, euskararenak, gure behar profanoenak? Corpusa osatzea, euskara estandarra bultzatzea, euskarazko irakurlego sendoa osatzea… esango nuke nik, besteak beste. Hala bada, “izan ala ez izan” ezbaia errentagarritasunak ebaztea luxu onartezina iruditzen zait; are onartezinagoa batez ere “opari-liburu” ereduan finkatutako errentagarritasuna delako, simulakroan, alegia. Izan ere, orain dela hogei urte baino gehiago irakurtzen al da gaur euskaraz? Ziur aski, bai, baina tartean egindako ahalegina kontuan hartuta, datuak etsigarriak begitantzen zaizkit.
    *
    Eta zer geratzen da kanpoan, eredu horretan lekurik ez izategatik? Sarreran poesia aipatu da, baina arazoa zabalagoa da, nire ustez, askoz ere zabalagoa. Argitaletxeek ere onartzen dute ezinbesteko aukeraketan, txarra ez ezik, ona ere kanpoan utzi behar dutela. Literatura unibertsala ere badaukagu baztertuen artean: urtean paperean hainbat itzulpen kaleratzea ez da nahikoa corpusik osatzeko. Dibulgazioan, beste horrenbeste.
    *
    Itzulpengintza garaikidea erabat kanpo geratzen da, noski: egile eta argitaratze eskubide garestiei aurre egin behar die, baina ez dauka osperik “opari-liburu” ereduan sartzeko. Durangon harrizko gonbidatua da, alegia. Agian, umeentzakoa salba liteke, baina zenbatek erosten du Paul Auster euskaraz, adibidez? Hemen arazoa bikoitza da: bezero nahikorik ez dago eta euskarak oraindik ere ez dauka osperik kanpokoa jasotzeko. Biak oso sintoma txarra dira.
    *
    Hortaz, oraingo ereduak beharrak asetzeko balio ez badu, eredua aldatu beharra dago, edo eredu alternatiboa osatu. Hausnarketa beharezkoa da, eta eragile guztiek egin behar dute: egileek, argitaletxeek, erakundeek, irakurleek…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude