Sabino gaizoa

Sabino gaizoa

Aberriaren aitapontekoa beti izan zen osasun kaxkarrekoa eta 38 urte zituela hil zen. Hori baino lehen, ordea, eduki zuen astia bazterrak nahasteko. Esate baterako, Kubako independentzia zela eta zoriontzeko Roosvelti bidali zion telegrama baten kariaz, bigarrenez eraman zuten espetxera 1902. urtean. Hurrengo urtean hilko zen 1903an.

sabino arana giltzarrapoa

Lehenago ere egona zen Larrinaga kartzelan, baina goiko argazkian ikus litekeenez, gizona ez zegoen giltzarrapo handiegiz loturik. Itxura batean, bazen norbait Espainia pitzatu nahi izan zuen karlistakume burgeskote hura. Bere zeldak ere bulego dotorea ematen zuen gehiago, beste ezer baino.

Sabino Arana

Baina janedan kontuez idazten duen honi, beste zerbaitek deitu dio arreta: hain zuzen ere, kartzelan eduki zuten lehen aldian zerbitzatu zioten Gabon Afariak. A ze oturuntza izang0 zen hura, lau lagunentzat Paulina arrebaren ardurapean prestatua, eta euren etxeko mirabeek uniforme eta guzti Larrinagako kartzela barnean zerbitzatua.

Hasten naiz irakurtzen eta zukuak dantzatzen zaizkit urdailean, listua bihurtzen zait ufal  aho bazterretan…

Jatekoak:

  • Olibak
  • Antxoilak
  • Ostrak
  • Txirla zopa
  • Indaba entsalada
  • Bakalaoa Bizkaiko eran
  • Angulak
  • Bixigua
  • Ezkailuak
  • Legatz frijitua
  • Barraskiloak Bizkaiko eran
  • Sagar konpota
  • Pastel suitzarra
  • Mazapanak
  • Turroiak (Jijona eta gorringodunak)

Edatekoak:

  • Aranburuzabalaneko ardoa
  • Txakolin zuria
  • Jerez-ardoa
  • Oporto-ardoa
  • Chartreuse likorea
  • Kafea

Horiek denak jan bazituzten, ez ziren goseak geratuko ez.

Esaten da Sabinok izen ona zeukala gainerako presoen artean. Haiek alfabetatzen eta katiximatzen saiatu zela eta abar, preso ukan zuten egunetan. Gabon-ohiturari segika, eseriko al zuen haietako norbait bere mahaira 1985ko Gabon Gau hartan? Ez dirudi.

Alabaina, menuari arreta handiagoz behatzen badiogu, beste kontu bat ere errepara diezaiokegu: ez da ageri okelarik, ez ehizarik edo hegaztirik, ez arrautzarik eta antzekorik…  Zergatik ote?

Ez zen izango hartarako dirurik ez zutelako Aranatarrek, edota Larrinagako hormetan barrura halako jakiak sartzeko gaitasunik ez zutelako. Zergatik, orduan?

Hemezortzi urte zituenean, gaitz arraro bat aurkitu ei zioten Sabinori. Addisonen gaitz beldurgarria. Gaisotasun horrexek hilko zuen 20 urte beranduago.

Addisonen gaitzak badu loturarik urdaileko gora beherekin eta, apika, horrexegatik izanen zen arina, Gabon Gaueko afari ospetsua.

Hori ere geuri gertatu behar, aberriaren aitapontekoak izatea mihia zorrotz, baina giltzurrinak ahul,  osasun kaskarrekoa, azken finean. Bestenaz izanen ginateke gaur,  espainiar ordez britainiar, esan nahi baita Britainia Handiaren Gibraltar berri moduko bat: la independencia de Euskadi, bajo la protección de Inglaterra, será un hecho en día no lejano…

Hala ere, ez dut irudikatzen ahal gure Sabino fish & chips xixtrin batzuk jaten Urdaibaiko bazterretan.

Aranaren afaria

Sabino gaizoa

Gehienetan janedan kontuez aritzen naiz, baina inor ez badago begira, lokatzatan etzaten naiz gustura

Zer duzu buruan “Sabino gaizoa”-ri buruz

  • Dirudienez horrelako otorduak normalak ziren Arana Goiritarren etxean. Izenburua gogoratzen ez dudan liburu batean (baliteke Jean Claude Larronderen “Luis Arana Goiri (1862-1951)” liburua izatea) Luis Aranaren azken urteetan ere horrelako jatorduak egin ohi zituzten etxean.