Tony Montana San Mamés barrian

Noizbait gertatuko zela bagenekien ere, ez genuen hain goiz etorriko zenik espero. Denok uste genuen igande honetan ohorea ostuko zigutela eta hiru puntuak Bilbotik joango zirela lehendabizikoz, Don Juan batek eramana. Oker geunden, bada, asteazkenean Madrilgo Atléticok San Mamés Barriko birjintasuna estatu zapaltzailearen kapitalera eraman baitzuen, sari gisa. Nola ez, gure arreba txikitzat maite ez dugun gizon maltzurra, Tony Montana nazkagarri bat, hau da Diego Costa, izan zen bigarren gol erabakigarria sartu zuen gizontxoa. Akabo, zelango desohorea izeko!!!

Hasieratik, Costak isildu nahi gintuen, kontu pertsonala balitz bezala eta, sutu baino ez gintuen arren, errealitatera bultzatu gintuen zartako batez, izan ere denok dakigu arreba txikiak maitatzeko eskubidea dutela eta berandu baino lehen gertatuko dela. Hori bai, ez dugu batere maite maitalea, are eta gutxiago Toni Montana izanik, geure arreba txikia heldu jolasetan aritzeko gazteegia ei delako beti. Izan ere, Don Juanak bere xarma dauka; liluragarria, profydent irribarrea, diruduna eta testuingurua bere alde dauka; gu ere engainatzera ailegatu arte. Aitzitik, Tony Montanak geure leinu orbangabea baino ez du zikintzen, arbaso zaharren izenak irainduz, Levantek San Mames zaharreko azken hiru puntuak eraman zituela ahaztu bagenu lez.

Dena den, atzoko San Mamés Barriak geure mutilak bultzatu bazituen ere, oso urrun zegoen “hain eredugarria” ei zen zelaitik. Adibidez, irainari ekin zion Madrilgo Atlético hartzeko, San Mames barria futbol zelai arrunt bat bailitzan. “Ole, Ole, Ole, Puto Simeone” edo “Diego Costa hijo de…” ez dira edukazio oneko oihuak, are eta desegokiagoak Katedral berria bihurtu nahi duelarik. Inork horrelakoak entzun ditu apezpiku baten ahotik? Nik ez, behintzat. Beraz, ez nau batere harritu Tony Montanak bere helburua burutu orduko, sari potoloa eskuan duela gogoratu izana, are eta gutxiago, neba zaharron irainak jasanez gero. Bada, zer egingo genukeen guk maitalearen tokian?

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.