Pierra Lhande, Zuberoako odol beroa
Pierra Lhande, Zuberoako odol beroa –
Zuberoak edo Xiberoak (zubereraz) seme prestuak eman dizkio Ama Euskal Herriari, hainbat arlotan nabarmendu direnak. Horietako bat dugu Aita Lhande, Euskara-Frantsesa hiztegi famatuaren egilea, gaur egun oraindik, Iparraldeko euskaldunentzat ezinbesteko lan-tresna eta erreferentzia den hiztegi aberats eta sakona, Iparraldeko euskalki guztien berri ematen duena.
1.- Baina, nor zen Pierra Lhande?
Pierra Basagaitz Hegi, hauxe baita egiazko izena, Baionan sortu zen 1877ko uztailaren 9an eta Atarratzen zendu zen 1957ko apirilaren 17an. Familia zuberotarreko semea zen. Atarratzeko aitañi edo aitatxi txistulari ezagunak Allande izena zuen eta badirudi izen horrekin ezagutzen zutela familia guztia. Lhande Allande izenaren aldaera da, urteen poderioz, hor-hemenka zabaldu zena, eta azkenean, familiako senideentzat ezizen gisa erabiltzen zutena.
Pierra, sortzez baionarra bazen zen, jatorriz zuberotarra zen, eta zortzi urterekin, aita hil zitzaionean, amarekin batera Zalgizeko Aphatia izeneko etxera joan zen bizitzera. Ama, Montevideon jaioa zen. Bigarren Hezkuntzako ikasketak Maulen burutu ondoren Baionako Apezgaitegi handian sartu zen baina bota egin zuten, bere kezka nagusia euskara zelakoan. Orduan Okzitaniako Rodés-en, Jesusen Lagundian sartu zen. Kongregazioarekin Belgika (1901), Herbehereak (1903), Espainiako Puerto de Santa Marian eta berriro Belgikan egon zen eta azkenik, apez jesuita egin zen 1910eko agorrilean. Jesuita zela Hondarribian egon zen; 1922an espainiar estatutik bota zuten gobernuak euskaldunekiko zuen jarrera gaiztoa kritikatzeagatik. Geroxeago Paris inguruko langile-herrietan apaiz ibili zen, baita munduan zehar ibili ere, Ameriketan, Indian, Mozanbiken… Erlijio katolikoa irratien bidez zabaltzen aitzindaria izan zen. 1927ko urtarrilaren 2an lehen emanaldia burutu zuen. Radio Parisek igandero, eta 20 minutuz, Aita Lhanderen irrati-predikuak ematen zituen. 1934ko urtarrilaren 1ean Radio Paris nazionalizatu zutenez, eliza katolikoaren eta estatu frantsesaren banaketa dela medio, irratsaio horiek kendu zituzten. 1934ko apirilaren 8an, protesta handiak izan zirela eta, irratsaioak berriro onartu zituzten. Zuberoara gaixorik itzulirik, Atarratzen hil zen 1957an, Saint-Antoine izeneko etxean.
2.- Aita Pierra Lhanderen idazlanak
Idazle eta ikerle handia izan zen. Euskaraz eta frantsesez idatzi zuen. Narraziogintzan honako hauek nabarmen ditzakegu: Mirentxu (1914), Gure horma zaharra (1915), Yolanda (1921), Bilbilis (1926), Le moulin de Hernani (1936). Saiakeran honako hauek: Autour d’un foyer basque (1908), L´Emigration basque (1910), Le Pays basque à vol d’oiseau (1925), Le Poéte Pierre Topet dit Echahun et ses oeuvres (1946, Eskualtzaleen Biltzarra).
Baina ospe handia eman dion lana 1926an plazaratu zuen Euskara-Frantsesa hiztegia izan da, orduz geroztik Iparraldeko euskaldunentzat ezinbesteko erreferentzia izan dena. Horretaz gain, Pierra Lhande izan zen Zuberoak izan zuen lehen euskaltzaina, 1919ko irailaren 21ean kargu horretan izendatua.
3.- Lhanderi eskainitako bi pastoralak
Aita Pierra Lhande ezinbesteko erreferentzia dugu Iparraldeko euskalkien hitzak alderatzeko eta erabiltzeko. Gaur badira hiztegi berriagoak, jakina, euskara batuaren ortografiaz idatzitakoak, baina hala eta guztiz ere, Lhanderen Euskara-Frantsesa hiztegia oraino guztiz beharrezkoa da Iparraldeko euskaldunen artean, eta oraindik luzaz horrela izanen delakoan nago.
Jean-Louis Davant idazle eta euskaltzain zuberotarrak 2007an, Apphatia, Aita Pierre Lhanderen lanak izeneko trajeria plazaratu zuen Euskaltzaindiaren Euskera aldizkarian, zehazkiago erraiteko, 52. liburukiaren eranskin edo separata batean. Zoritxarrez inoiz ez da jokatua izan. 2015eko uztailaren 26ean eta agorrilaren 2an, berriz, Annick Coulon andereak idatziriko pastorala jokatu zuten Zalgize eta Iruriko herritarrek.
Bietan Pierra Lhanderen bizitza eta lanak gogoan harturik, zuberotar jesuitaren figura goraipatu eta zabaldu zuten.
Davantek bere pastoraleko lehen perediküan honela dio:
Eüskaldün famatü batek biltzen gütü heben egün,
Pierra Lhande izan beitzen mündü güzian ezagün.
Aita züan atharraztar, ama berriz mendikotar,
Baionan sortü zen eta gero handitü zalgiztar.
Loiolatar Lagündian sartürik apeztü beitzen
Gipuzkoako probintzian eskol-emaile sortü zen.
Hamalaueko gerlala gobernüak züan deitü
erizain bezala Pierrak Italian parte hartü.
Lehen eüskaltzainetarik izentatürik izan zen,
haren hiztegi handiaz orano gira baliatzen.
Espainiako gobernüak Hegoaldetik ohiltü,
izkiribüz eta mintzaldiz eüskaldünegi zela agertü.
Paris aldean izan zen Abbé Pierreren aitzinekoz
zernahi obra eginez jente xehen lagüntzeko.
Nôtre Damen eta irratiz peredikü harrigarriz
ebanjelioko mezüa hegatzen gainez ekarri.
Mündü güzitik zabilan misiolari lanean,
bereziki Ameriketan, Madagaskarren, Indian.
Eki kolpe batez goizik ezintürik agitü zen
eta ümilki bizia ützi züan Atharratzen.
4.- Zuberoako sorginen istorioa
1908an Autour d’un foyer basque izeneko liburu etnografikoa plazaratu zuen, 197ean Auñamendi argitaletxeak espainieraz argitaratu zuena. Zorigaitzez euskaraz ez dugu oraino. Liburu horretan Zuberoako euskal familia giristinoaren apologia sutsua egiten du, eta bukaera aldean bada, sorgin edo belar-egileei buruzko ipuin polit bat, nik orain jarraian euskaraz ezarri dudana. Izan dadila itzulpen xume hau, Aita Lhanderi egiten diodan omenalditxo ttipi baina bihotzekoa:
“Orain duela berrogeita hamar urte entzun nuen istorio bat kontatuko dizuet segidan. Bidabe zaharrak kontatu zidan. Aspaldian joan zitzaigun mundu honetatik. Bidabek, gaztea zelarik, ezkontzeko deliberoa hartu zuen. Bere emaztegaiak sorgin ospea zuen Zuberoa osoan, baina sorgina edo lamina izan, berdin zitzaion Bidaberi eta Kattalinarekin ezkondu nahi zuen, izugarri maite baitzuen.
Gau batez, Kattalina eta haren aita-amak ikustera joan zen. Opari gisa eskalapoi pare berri-berri bat eraman zion neskari. Hantxe ari izan ziren denak blagan eta kalakan, eta horrela ari zirela, ustekabean arratsa iritsi zitzaien. Gauaren beldur, etxeko nagusiek züzülüan lo egiteko erran zioten, eta Bidabek horrela egin zuen.
Gau erdiz, zarata batek iratzarri zuen Bidabe gaztea. Ez zen bere tokitik mugitu baina begiak zabaldu zituen. Horrela Kattalina supazterrera hurbiltzen ikusi ahal izan zuen. Neskak bertan atxikitzen zuen katilu bat hartu eta bertan zegoen ukenduaz gorputza igurtzi ondoren tximiniatik gora hegaka atera zen.
Orain badakit Kattalina egiazki sorgina dela! -pentsatu zuen Bidabek. Neskak erabilitako katilua hartu, barruan zegoen ukenduaz bere gorputza igurtzi eta tximiniatik goiti atera zen. Konturatu zenerako hegaka zihoan hango bazterren gainetik.
Halako batean pentze eder batean baratu zen. Pentze hartan bilkura eder bat egiten ari ziren. Baziren Bidabek ezagutzen zituen pertsona ainitz. Kattalina ere han zegoen, zeta gorrizko soineko batez jantzirik. Bidabe han zegoen, denon artean, isilik eta harriturik. Akelarre hartan gauza berri ainitz entzun eta ikasi zituen: hainbat egur erabilita egin daitezkeen tresnak, zuhaitzen ezaugarri ezezagunak, sator odolaz sendatzen diren eritasunak, pertsonak sarraila zuloetatik pasarazteko modua, sekretu handiak aurkitzeko bide egokia… eta abar, eta abar. Baina gauza horiek guztiak bere baitan atxiki behar zituen, inori deus kontatu gabe, bestela sorginek hil eginen baitzuten.
Bet-betan, akelarreko erregeari ohore egiteko tenorea iritsi zen. Bedabek ez zuen ezagutzen. Gizon sendoa zen, aurpegi beltzaranekoa, belarri handi-handiak zituen, aza hostoen antzerakoak, hortz zorrotzak, kopeta estua. Akelarrean ziren sorgin eta azti guztiek, banan-banan, oinetan pot eman behar zioten. Bidabek ez zuen horrelakorik egiteko asmorik. Sakelatik atera zuen gorderik zeraman sastakai ttipia eta zaaart!!! sorginen erregeari sabelean sartu zion. Gizonak garrasi lazgarria jaurti zuen eta momentu horretan akelarrean ziren sorgin eta azti guztiak desagertu ziren.
Bidabek ez du gehiago oroitzen. Bat-batean iratzarri zelarik, Kakuetako arroilan zegoen, elorri handiren artean. Zortzi egun ibili zen hortik atera nahian. Bitartean, Kattalinaren aita-amak ez ziren deusetaz harritu, pentsatu baitzuten bentara joan zela muturra berotzera Gilgorri izeneko begibakarrarekin batera.
Hortik ateratzen lortu zuelarik, Bidabe bi hilabetez egon zen ohean izugarri eri. Sendatu zenean, beste emaztegai bat bilatu zuen eta harekin ezkondu zen. Bidabek istorio hau kontatu zidanean, Maddi emaztea ez zela sorgina pentsatzen zuen. Hala ote?