Oroitzapen Kateatuak (Edo, Susmagarriak Diren Bi Aholkuren Kontra)

How dare you not be ni

1. Mundu zabalean aho batez onartutako egia da seme edo alaba txiki batekin dabilen gizonak nahitaez emaztekiren baten laguntza behar duela. Edo, behinik behin, horixe izan zen nire esperientzia: bi-hiru urteko haurrarekin pasieran ibiltzera ateratzen nintzen aldi oro –eta hori egunero izaten zen–, mota guzietako gomendio, ohar, iruzkin eta kritikak aditu behar izaten nituen hurbil suertatzen zitzaizkidan emaztekien ahotik. Umeak zapela gaizki zeramala ohartarazten zidan gurekin batera autobusaren esperoan zegoen andre batek; negar egiten bazuen, emaztekiren batek, egoera segundo batez aztertu ondotik, berehala azaltzen zidan zer dela-eta ari zen negarrez –goseak zegoen, tripako mina omen zuen, beroak zegoen–: nik baino hobeki zekien zein zen malkoen arrazoia, zeren, bistan da, nire gizontasunak, nonbait, traba egiten baitzidan haurraren negarraren motiboei igartzeko tenorean –eta, beraz, oker nenbilen uste banuen haur-kotxean ibili nahi ez eta besoetan eramatea nahi zuelako ari zela garrasika–.

Horri gehitzen badiogu semearekin Iruñean barna ibiltzen nintzela euskaraz solasean, biderkatu egiten ziren jende arrotzaren –asmo oneko– komentarioen jomuga bihurtzeko aukerak. Behin, billabesan, andre –ezezagun– bat saiatu zen haurrarekin hitz egiten, erdaraz: ordura artio hain solastuna izana zen mutiko haren erantzun falta ikusita, zera galdegin zidan: “zer, ez daki gaztelaniaz?”; “ez, oraindik ez”, nik; “bada, bietan irakatsi behar zaio; mundu honetan denetarik jakin behar baita”. Eta orduan, nire osabaz oroitu nintzen.

Osabak behin, hemeretzi urte nituelarik, putetxe batera eraman ninduen –errepide bazterreko putetxe kutre batera, hain zuzen ere–. Oraindik ez dakit zer asmorekin, jainkoari esker ez baitzidan eskaini ni eskainiko zidan beldur nintzen hori. Horren ordez, Londresen zer moduz galdegin zidan –Ingalaterran ibili berria bainintzen ingelesa ikasten, eta egun bat pasatua bainuen Londresen–. British Museum eta National Gallery bisitatuak nituela kontatu nion, baita Charing Cross-eko liburu-dendak ere. Serio begiratu eta “parrandarik ez?” erran zidan, “bada, dena ez da kultura, ezta?, mundu honetan denetarik egin behar da”. Eta orduan, dena kultura ez den arren eta akaso putetxe malapartatu hartan egokiena ez zen arren, Federico García Lorcaz oroitu nintzen.

1987an, Espainiako telebistan Lorca, muerte de un poeta telesaila eman zuten, inoiz ikusi ez nuena; bai ikusi nuen, ordea, pasarte labur bat: eszena horretan, García Lorca solasean ari da lagun batekin. Lagunak jakin nahi du ea Lorca benetan ez den inoiz emazteki batekin oheratu, eta, hori hala dela aditu ondoren, poetari leporatu dio harremanak soilik gizonekin izaten tematuz gizadiaren erdia baztertzen ari dela, denetarik ezagutu behar dela. Lorcak, normala den bezala, ihardetsi dio ea bera gizonen batekin oheratu den, gizadiaren erdia ez baztertze aldera. Iduri luke erantzunak ustekabean harrapatu zuela Lorcaren laguna.

Denetarik egin, jakin edo probatu beharra politikarien austeritatea edo elizaren bertutea bezalakoa da: hegemonia dutenek bertzeei ezartzen dieten zeregina. Erdaldun, ezjakin edota heterosexual hegemonikoek ongi dakite gainerakoak zer ari diren galtzen; ez dute uste, ordea, haiek berak deus galtzen ari direnik.

2. Aurten, erregeek liburu bat ekarri didate – bai, Olentzerok ere opariak ekarri zizkidan; eta bai, opariak jasotzeagatik, zernahi egiteko prest nago, baita monarkiko gisa azaltzeko ere–: Cine bizarro du izena, eta hain-txarra-da-ezen-ona-baita motako film arraro eta, oro har, xelebreen gida bat da. Horri esker, nire DVD bilduma hedatzen segitzen ahalko dut: helburua, halere, ez da film horiek baitezpada ikustea, baizik eta, noizbait erotu eta serieko hiltzaile bihurtuko banintz, poliziak eta prentsak izan dezatela zerekin osatua nire profil psikologiko interesgarri bat. Nolanahi ere, zenbaitetan film erromantikoak ere ikusten ditut, eta film horietan, maiz, pertsonaia batek, maiteminduta, bertze bati galdegiten dio zer egin beharko lukeen gustuko duen neska edo mutila liluratzeko. Erantzuna, maiz, hauxe izaten da: “Izan zaitez zu zeu, eta lasai, dena ongi aterako da”. Horrelakoetan, “izan zaitez zu zeu” aditzen dudan bakoitzean, Joaquín Reyesez oroitzen naiz beti.

Behin, Muchachada Nui saioan, komediante espainolak John Gallianoren parodia egin zuen. Saio hartan, Gallianok ere aholku hori ematen zigun –“jakina, zuk zu zeu izan behar duzu”–, baina ondoren, zera gaineratzen zuen: “gertatzen dena da, batzuk, haiek berak izanik, kaka zaharra direla, eta bertze batzuk jenialak garela”. Esketx hori anitzetan ikusten dut Interneten, eta ikusten dudan bakoitzean Homer Simpsonez oroitzen naiz.

Simpsondarren kapitulu batean, Marge-k Homer Simpson-en atorra zuria Bart-en galtza gorriekin batera bota zuen arropa garbigailura, eta, ondorioz, arropa zuria eta arropa koloreduna nahasten direlarik gertatzen dena gertatu zen orduan ere: Homerren atorra zuria atorra arrosa bihurtu zen, haren harridura eta desesperaziorako. Margek, halere, kolore berriko atorra hura janztea proposatu zion, akaso lantokira modako joera berri bat ekarriko zuelakoan; alta, Homerrek argi zeukan hori ez zela posible: “ez naiz aski popularra, atorra arrosa bat jantzita lanera joateko”.

Zu zeu izateko gomendatzen dutenak amodioan arrakasta dutenak edo parodiako John Galliano –eta, batek daki, beharbada egiazko John Galliano– bezalakoak dira: ez dakite zer den Homerren zalantzak izatea; horregatik, “zu zeu” izateko gomendatzen dizutenean, egiatan “izan zaitez ni neu” erraten dizute, “ni bainaiz gauza ororen neurria”. Soilik bere buruarekin kontent dagoenak gonbidatzen ahal zaitu “zu zeu” izatera, eredutzat baitu bere burua. Auskalo, apika denetarik egin behar dela ere erranen dizu.

Ni egunero saiatzen naiz –gero eta gehiago, gainera– ni neu ez izaten, eta, horretarako, badakit gauza batzuk alde batera utzi beharko ditudala, ezin dela denetarik egin; hartara, jendearen –betiere asmo oneko– gomendioen jomuga bihurtzen naiz frankotan. Berdin da: nik , haiek ez bezala, badakit zer galtzen ari naizen, baina baita zer irabazten ari naizen ere.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.