Martin. Lili eta biok (IV)

Martin. Lili eta biok (IV) –

Zeren eta, bien bitartean, Martinek jakin baitu, kasualitatez, zein izan den bere amesgaizto errepikariaren, bizitzaren eta obraren oinarrian egon den gertaera traumatikoa. Psikoanalisiaren ildotik espero zitekeen, halaxe espero zuen Juliak bederen, sekretu hori desestalirikoan Martinen neurosia sendatuko zela. Ez haatik. Amesgaizto errepikari berri bat pairatzen hasiko da, hizkuntzari eta literaturari lotua. Amesgaizto berriak bultzatuta idazteari lagako diola jakinarazi, bere obra osoa erre eta, eskuzabalki, Lynn zaintzeari emango zaio; Abaituaren bisitak kontrolatuz hala ere, ez hain eskuzabalki.

Edozein gisaz, Martinek, idazteari utziko diola aldarrikatu arren, eta bere obraren erreketa teatral samarra gorabehera, Saizarbitoriak Martutene-n kontatutako gertaerak amaitu ostean idazteari berrekingo dio, eta Lili eta biok izango da berpizte horren lehenbiziko fruitua, traumaren eta transmisioaren arteko harremanari buruzko beste monumentu bat, hain zuzen.

Martin. Lili eta biok (IV)Zehazki, traumaren eta transmisio literarioaren arteko lotura argitu eta konplikatuko digu Lili eta biok eleberriak, Saizarbitoriaren obra osoari eragiten dion arazoa. Martutenen Martinek dio ez zaiola interesatzen traumari lotutako literatura baino. Aitzitik, Saizarbitoriak elkarrizketetan esan izan du barnetegi erlijiosoko egonaldi ankerrari buruz ez duela idatzi traumatikoegia izan zitzaiolako.

Lili eta biok-en berriro egingo dio aurre auziari, eta esango du barnetegiko bere traumez ez duela idatzi dagoeneko primeran jorratu delako gaia hainbat eleberri zein filmetan. Berarentzat edo hurbilekoentzat izan litezkeela esperientzia pertsonal haiek jakingarri eta hunkigarriak, baina irakurleari ez lioketela ganorazko ekarpenik egingo, ederki txertatuta baitaude antzeko pasadizoak oroimen sentimental kolektiboan. Eta Saizarbitoriari, idazteko orduan, barrua hustea edo mendeku gosea ez zaizkio aski motibagarri.

(Bide batez esanda, ez dira soilik traumaren transmisio literarioari loturikoak Hamaika pauso-ren eta Bihotz bi-ren arteko harremana eta Martutene-ren eta Lili eta biok-en artekoa pareko egiten dituzten arrazoiak.)

Martin. Lili eta biok (IV)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude